Oposizioak Azpiazu kritikatu du aurrekontuen negoziazioari ateak ixteagatik
Oposizioak Azpiazu kritikatu du aurrekontuen negoziazioari ateak ixteagatik
Azalpenak atzo eman zituen, konpainiaren urteko emaitzen aurkezpenenean, eta nabarmendu zuen negozio eolikoak taldearen errentagarritasuna zamatu duela. Siemens Energyk 4.588 milioi euro galdu ditu iazko urritik irailera bitartean, eta Siemens Gamesak 4.400 milioi euroren galera izan du epe horretan. Azken asteetan zabaldutako informazioekin bat dator datu hori.
Municheko (Alemania) egoitza nagusian egin zuen agerraldia, eta Bruchek berretsi zuen asteartean emango dutela etorkizunera begirako asmoen berri, kapital merkatuen egunean hain zuzen. Xehetasun horiek ezagutu zain, presidentearen hitzek baikortasun puntu bat eragin dezakete Hego Euskal Herrian dituen lantokietan: Zamudion, Mungian (Bizkaia), Sarrigurenen (Nafarroa) eta Asteasun (Gipuzkoa), alegia. 2.800 langile ditu guztira.
Galerak handiak izan arren, ez dute asmorik sektore eolikoa uzteko. «Konbentzituta gaude egoerari buelta eman diezaiokegula. Ez gara korrika aterako», aurreratu zuen. Hori bai, egoeraren ondorioz, Siemens Gamesa errentagarri egiteko helburua bi urte atzeratu dute, 2024tik 2026ra. Haren esanetan, lurreko zein itsasoko haize erroten estrategia berrikusi beharra dago.
Hala, ikusi nahi dute zer eremutan egotea den «zentzuzkoa», zer produktu den hobe egitea, non murriztu ditzaketen kostuak… Europa eta Amerikako Estatu Batuak «merkatu nagusiak» izango dira aurrerantzean ere. Bruchen arabera, azterketa horretan merkatuz merkatu erabaki behar dute inbertsioak merezi ote dien, Txinako lehiakideei aurre egiteko moduan diren…
Taldearen bi heren errentagarri izan arren, hazkundearekin jarraitzeko arazoak ditu Siemens Energyk. Izan ere, 112.000 milioi euroren eskariak ditu guztira, eta horietatik %45 azken urtean lortu ditu. Inbertsio horrek guztiak, baina, bermeak behar ditu: «Gure sektorean ohikoa da bezeroen erreklamazioei aurre egiteko bermeak izatea». Bruchen arabera, bankuek eurek eskaintzen dituzte, eta enpresek tasa bat ordaintzen diete trukean. Inbertsioaren arriskua estaltzeko tresnok, baina, «oso gutxitan» aktibatzen dira; kasuen %0,2tan.
Alta, galera handien erruz, konpainiak arazoak izan ditu azkenaldian bermeak lortzeko, eta horrek «hazkundearen erritmoari eustea» eragotzi dio. Horregatik jo du Alemaniako Gobernuarengana eta bankuengana. Bankuek 12.500 milioi euroren bermeak eskaini dituzte, eta gobernuak, 7.500 milioi eurorenak. Presidenteak, halere, zehaztu zuen ez dela erreskatea: «Zergadunei ez zaie ezer kostatuko. Alderantziz, ongi badoa, diru sarrerak izango dira, eta gobernuak kobratuko du, aseguru etxe baten gisan».
Akordioaren hirugarren hanka Siemens bera da, Siemens Energyren %25aren jabea. Filialak Indiako negozioaren %18 saldu dio Siemensi, merkatuko prezioan baino %5 merkeago. 2.100 milioi euro lortu ditu horrela. Maria Ferrero finantza zuzendariaren arabera, garrantzitsuena ez da prezioa, «likidezia lortzea» baizik, eta diru sarrera horrek balantzea hobetuko duela.
Halaber, saldutako partaidetzaren %5 bermeen operaziorako erabiliko du taldeak: 1.000 milioi euro inguru. «Aseguru moduko bat izango da gobernuarentzat eta bankuentzat, haietara jotzeko %0,2ko arrisku urrun horri aurre egiteko». Alemaniakoaz gain, Siemens Energy «beste gobernuekin» negoziatzen ari da. Horietako bat izango da Espainiakoa. Industria Ministerioko iturriek baieztatu dute Berlinekin eta bankuekin negoziatzen ari direla bermeak jartzeko.
Turbinen azterketa
Siemens Energyk ekainean onartu zuen lurreko haize erroten bi turbinekin —4.x eta 5.x modeloak— arazo teknikoak zituela, eta gerora jakinarazi zuen kalte ordainei eta konponketa lanei aurre egiteko 1.600 milioi euroren hornidurak egin beharko zituela. Urteko balantzean Bruchek zehaztu zuen talde barruko zein kanpoko adituek azterketa lanak amaitzear dituztela eta ez dutela arazo berririk atzeman bi modeloetan. Hala ere, 5.x turbinaren merkaturatzea eten egin dute, eta ez zuen argitu noiz arte.
Europako beste ekoizleek ere galera handiak dituzte gaur egun, baina Siemens Gamesaren kasuan berezko beste arazo batzuk gehitu behar zaizkie sektorearen zailtasun orokorrei. Horregatik, are zulo sakonagoan murgilduta dago behinola Hego Euskal Herrian sektoreko enpresa aitzindari izandakoa. Azken belaunaldiko turbinekin gertatutakoak islatzen du argien hori.
Ekainaren 17an, Siemens Energyk iragarri zuen hutsegiteak atzeman zituztela lurreko haize erroten osagaietan: zimurrak palen errotoreetan, eta «zehaztu gabeko partikulak» errodamenduetan. Turbinek dar-dar egiten dute, eta apurtu egin daitezke. Taldearen arabera, X.4 motako 2.100 gailu eta X.5 motako beste 800 berrikusi beharko dituzte, baina hutsegitea «ez dago horietan guztietan».
«Uste baino okerragoa»
Hasierako kolpe latza leuntzeko asmoz, Siemens Energyk iragarri zuen batzorde berezi bat sortu zutela akatsak konpontzeko eta kalitate sistemak berregiteko. Ekainean egindako lehen estimazioen arabera, mila milioi euroko zuloa eragin zezakeen, baina Christian Bruch taldeko presidenteak onartu zuen «goizegi» zela, eta azterketaren azken emaitza «uste baino okerragoa» izango zela.
Gerora, abuztuaren 7an, hirugarren hiruhilekoko emaitzen aurkezpenean, iragarri zen 1.600 milioi eurokoa izango zela zuloa eta «2024ko eta 2025eko kontuetan islatuko» zela gehienbat. Ikusteko dago, beraz, biharko emaitzetan datu hori handituko ote den. Kezkagarria da jakitea akats horiek hurrengo bi urteetako kontuak ere zamatuko dituztela, berez jada oso latza den egoera batean.
Siemens Gamesaren izen onari larriki egin zaio min, eta hori ezin da neurtu oraintxe. Bezeroek kalte ordainak erreklamatuko dituzte, eta turbina guztiak berrikusteko exijitu dezakete; horrez gain, arazoak aurrera begirako kontratuak lortzea zaildu dezake, eta haien baldintzak gogortu.
Turbinen zurrunbiloa bestelako krisi baten sintoma da. Haize erroten krisia lehertu zenean, Bruchek onartu zuen «kultur arazo erabakigarri bati» aurre egin behar zitzaiola eta bi enpresen arteko harremana birpentsatu behar zela. «Ez naiz ari nazionalitateaz, baizik eta hutsegiteei aurre egiteko moduaz», zehaztu zuen.
2017an Siemensek Gamesaren akzioen %57 erosi zuenetik, Municheko egoitza nagusian hartzen dira erabakiak. Sei urteotan, talka bat egon da barruan.
Azken asteetan Alemaniako komunikabideetan zabaldu denez, Siemens Energyk bere finantza arazoen erantzule egiten du Siemens Gamesa. Euskal Herritik oso bestela ikusten dira gauzak, langileek uste baitute alemaniarrek ez dutela behar bezala ulertu sektore eolikoaren funtzionamendua. Bat egitearen aurretik, Gamesa errentagarria zen.
Desadostasuna kudeaketan islatu da. Jada ez da geratzen Gamesaren garaiko goi agintaririk, eta Siemens Energyk gidaritza hartu duenetik ez du egonkortasunik izan. 2017an, Markus Tackek ordezkatu zuen Ignacio Martin kontseilari ordezkari gisa, eta ordutik beste hiru presidente eta bi kontseilari ordezkari izan ditu. Aurpegi aldaketek ez dute emaitzetan onurarik ekarri; guztiz alderantziz baizik. 2018tik galerak izan ditu, eta aurtengoa marka historikoa izango da.
Tamainaren ajeak
Sektoreko ekoizleen artean lehia teknologikoa dago parke txikiagoak baina gero eta potentzia eta tamaina handiagoko haize errotak egiteko. Lasterketa horren presioaren pean, hutsegite teknikoak sor daitezke. Besteak beste, Vestasi eta General Electric-i gertatu zaie, baina goiz detektatzeko gai izan dira.
Siemens Gamesaren kasuan, 4.X turbina Gamesak garatutako plataformaren bilakaera bat izan da, eta 5.X modeloari Siemens Energyren teknologia aplikatu diote. Sindikatuek salatu dute bi plataformen arteko «koordinazio arazoak» egon direla. Maiz, kanpoko aholkularitza etxe bat kontratatu dute arazoak bideratzeko, eta aurrera jo dute. Alta, orain arazoa azaleratu denean, milaka milioi euroren hornidurak jarri beharko dituzte.
Azaroaren 21ean jakingo da ea sektorearen krisiak eta turbinen zurrunbiloak ez duten Gamesa berekin eramaten.