Athleticek Kopako finala jokatuko du, beste behin
Beste behin. Espainiako Kopako finala jokatzeko sailkatu da Athletic, azken hamasei urteetan seigarren aldiz. Gol baten errentarekin iritsi dira bilbotarrak finalerdietako itzulerako partidara, eta berehala areagotu dute aldea. Williams anaiek gol bana egin dute lehen zatian, eta haien erritmoan egin dute dantzan Athleticek eta San Mamesek. Guruzetak hirugarren bat egin du, eta 3-0 amaitu da partida. Orru egin du lehoiak, eta beste urratsa besterik ez zaio falta orain, azkena: atzaparkada egitea. Sevillan izan beharko du horrek, datorren ekainaren 6an. Zain dauka Mallorca. Harmailak zuri gorriz tindatu dira egun handirako. Ez da gutxiagorako. Berrogei urte beteko dira Athleticek Espainiako Kopa azkenekoz irabazi zuenetik, eta finalerdiak irabazita, klubak gertu dauka lorpena errepikatzeko aukera. Zaleek ez dute huts egin, eta egun handian sua piztu da San Mamesen. Sua taldeari egindako harreran, sua harmailetan, baita soropilean ere. Atletico Madrid gogotsu zelairatu da, eta hegaletatik egindako erdiraketekin ahalegindu da min egiten. Horietako bizpahiru errematatu ere egin dituzte aurreneko hamar minutuetan, eta lan egitea egokitu zaio atezainari. Athletic ilunago aritu da lehen minutu horietan, baina lehen aukeran gola egin du, zaleen zoramenerako. Nico Williamsek bakarkako jokaldia egin du ezker hegaletik, eta honen erdiraketa boleaz bidali du Iñaki anaiak sareetara. Golarekin zapuztu dute zuri-gorriek madrildarren erauntsia. Bi golen errenta garrantzitsua zen Athleticentzat, eta albiste kaxkarra bisitarientzat. Nahi baino lehenago aldatu behar izan du partidako plana Simeonek, eta aurrera egitera behartuta ikusi du bere burua, atzelarien eta atezainaren tartean metro ugari utzita. Defentsako lana ondo egitea eta kontraerasoan hutsune horiek baliatzea. Hori zen Athleticen plana, eta gertu izan du bigarren gola ordu erdia bete gabe zegoenean. Williams anaien arteko jokaldi bera, baina kontrako erara. Iñaki izan da buruz buruko jokaldia egin duena, baina erremate gurutzatua kanpora joan zaio Nicori. Ordu laurden beranduago, ordea, ez du barkatu. Berriro ere jokaldi bera: Iñaki Williamsen korrikaldia hegaletik, eta anaiaren erdiraketa sareetara bidali zuen Nicok. Lehen golak min egin die bisitariei, eta zer esanik ez bigarrenak. Simeoneren taldea aspalditik dago ohituta arerioari baloia ematen, eta haien akatsak zigortzean oinarritzen zuten jokoa. Aurten, zertxobait aldatu du jokamoldea, baina iparrorratza falta izan zaie horretarako, Antoine Griezmann, eta iparra galduta aritu da Madrilgo aldea. Festa, goitik beherakoa Bigarren zatiak norabide bera izan du. Madrildarrak aurrera egitera behartuta zeuden, baina bila eta bila aritu arren, ez dute zirrikiturik aurkitu. Partida itzela egin dute Athleticen atzeko lerroko jokalariek, baina bereziki nabarmendu dira Dani Vivian eta Aitor Paredes; Itzal egin diete Atletico Madrileko aurrelariei. Bisitariek aurrera egiten zutenean zuloa uzten zuten atzealdean, eta jokaldi horietako bat zigortu du Athleticek hirugarrena egiteko. Guruzeta izan da golegilea, Oblaken aldaratze bat baliatuta. Ordurako piztuta zegoen festa San Mamesen, baina orduantxe ikusi dute euren burua finalean zale eszeptikoenek ere. Emaitza horrekin lasaitu egin da Athletic, eta aukera gehiago izan ditu Atletico Madrilek. Hala ere ez du atea zulatu. Agirrezabalak meritu handiko geldiketak egin ditu, eta hutsean utzi du atea. San Mamesek ere lana eskertu nahi izan dio, eta txalo zaparrada jaso du. Dena ondo bidean, errenteriarra izango da Sevillan ariko den atezaina, eta konfiantzaz beteko du horrek.