Nafarroako kirolariek Palestinan genozidioa amaitzeko eskatu dute
Hainbat kirolari nafarrek elkartasuna adierazi nahi izan diote Palestinako herriari, eta, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak kirolari ezagunen ahotsak batu ditu Gazan genozidioa amaitzea eskatzeko. Nafarroako kirol klub nagusietako jokalariak, Nafarroako nazioarteko atletak, pilotariak, harri-jasotzaileak, piraguistak… X sare sozialean Yala plataformak argitaratu duen bideo batean bildu dituzte haien adierazpen solidarioak. Oier Sanjurjo, Abel Barriola, Mai Garde, Juan Martinez de Irujo, Maideri Irisarri, Marta Mendia, Irati Etxarri, Naiara Irigoien, Iñaki Perurena, Unai Laso, Oinatz Bengoetxea, Iñigo Monreal, Fernando Goñi, Anne Senosiain, Maika Iraizoz, Dani Saldise, Koldo Aldaz, Nerea Pena eta Juan Iribarren dira Gazan berehalako su etena eskatzen duten kirolarietako batzuk. «Gazako su etenaren eta Palestinaren genozidioaren amaieraren alde nago», «Palestinako genozidioaren aurka nago», edo «bakearen alde nago», izan dira gehien errepikatu diren mezuak. Kirolari ezagun horiek ez ezik, Beti Onak eta La Unica taldeek ere bat egin dute, «Palestina askatu» mezupean. Yala plataforma Abenduan aurkeztu zuten Yala Nafarroa Palestinarekin plataforma, Nafarroan zenbait GKE, sindikatu eta alderdi politiko batu dituen plataforma. Ola Arafat ikertzaile farmazeutiko eta enpresari gazatarrak azaldu zuenez, «plataforma honek indarrak batu nahi ditu foru erkidegoan, Gazan jasaten ari diren sarraskia salatzeko». Maitane Melero atleta nafar eta ingeniari agronomoa izan da plataformaren ahotsetako bat hura aurkeztu zenetik, eta nabarmendu izan du hasieratik zer nahi izan duten: «nafar bakoitza» mugimendu plural honen «protagonista» izatea. «Hori dela eta, kirolariak, kazetariak, sanitarioak eta komunitate musulmanak batu gara, Nafarroako aniztasuna biltzen saiatzeko».