Hizkuntza gutxituetan ikasteko eskubidea aldarrikatu dute ikasleek Parisen
Baxoa euskaraz pankarta eskuetan zutela, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aitzinean protesta egin du Seaskako ikasleen ordezkaritza batek Parisen. Ondoan zituzten Okzitania, Korsika, Bretainia eta Alsaziako beste ikasle batzuk ere. Arratsaldean bilkura egin dute Frantziako Asanblean, hizkuntza gutxituen gaia lantzeko ikerketa taldeko diputatuekin. «Bakoitzak dituen zailtasunak erakustea da helburua», Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak esplikatu duenez. «Izan publikoan, pribatuan ala murgiltzean, gero eta zailtasun gehiago ditugu azken urteetan. Publikoan baliabide gehiago behar dituzte, eta murgiltzen aitortza falta dugu». Azterketen gaia ere presente izan da: brebetan eta baxoan izan duten eskubide murrizketa salatu dute ikasleekin. Ez dugu sekula amore emanen!#AzterketakEuskarazIraultza pic.twitter.com/0kWRP8Q7Bx — Selaurua Betez (@selauruabetez) February 7, 2024 Santi Laskarai Lagan izan da diputatuen aitzinean mintzatzeko hautatua izan den Euskal Herriko ordezkaria. «Biziki untsa hartuak izan gara: gure aitzinean zirenek gure egoera ezagutzen dute, eta osoki defendatzen gintuzten; sostengua adierazi digute», esplikatu du bilkuraren ondotik. Nazio zapaldu bakoitzeko ordezkariek banaka hartu dute hitza, bere burua aurkeztu eta nahi zituen aldarrikapenak adierazteko. Laskaraik Nazioarteko eta Europako legeak aipatu ditu, esplikatzeko hizkuntza gutxituen eskubideak defendatzen dituztela. «Giza eskubide bat da», nabarmendu du. «Galdegin didate ea murgiltzean sartzeko hautua naturalki egin nuen, eta ea euskarazko irakaskuntza oztopo bat izan den frantsesa ikasteko orduan. Ezetz erantzun diet: osoki elebidunak garela, egiazki elebidunak, eta gutxi gorabehera maila berdina dugula bi hizkuntzetan. Eta horrek laguntza bat ematen digula beste hizkuntzak ikasteko ere». Haren ondotik, Paul Molac diputatua gaineratu du egin diren ikerketek ere erakusten dutela hizkuntza gutxituetan ikasteak ez diola ikasleen mailari eragiten. Laskarai gustura atera da izandako solasalditik, diputatuengandik «entzunak» izan direla iruditu zaiolako. «Gauza bat da mintzatzea. Orain ikusiko horrekin zer eginen duten eta zer segida emanen dioten». «Euskara zapaldua da» Luma Urteaga Bernat Etxepare lizeoko ikaslea eta Naroa Urrizaga Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikaslea Euskal Herritik Frantziako hiriburura joandako ordezkaritzaren parte dira. Diputatuei ikasleen testigantzak ematearen aitzakian, hizkuntza gutxituen gaia Parisera eramatearen garrantzia azpimarratu dute. Izan ere, hainbat komunikabiderekin elkarrizketak egiteko ere baliatu dute momentua. Horrez gain, beste herrialdeetako gazteekin elkartu eta bakoitzaren bizipenak ezagutzeko parada dela erran dute. «Azkenean, denen borroka berdina da: beste hizkuntza baten menpe bizi gara; gure hizkuntza ez da errespetatua: euskara zapaldua da», adierazi du Urrizagak. «Iritsi garenean, elkarrizketan hasi gara beste lekuetako ikasleekin, ezagutzeko zein den bakoitzaren egoera, nola baliatzen duten hizkuntza. Parada da ohartzeko zertan den besteen hizkuntza», gaineratu du Urteagak. Parisen egindako ekintza txikia zabaltzearen garrantzia azpimarratu du Urteagak, eta azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde mobilizatu badira ere, aldarrikapen zabalago baten parte dela esplikatu du: «Gure hizkuntza eskubideak zailtasunetan dira. Azterketena sinbolo bat da: gure eskubideak ez dira errespetatuak». Frantziako Asanbleako Ikerketa taldea 39 kide ditu «eskualdeko hizkuntzak eta kulturak» lantzeko Frantziako Asanbleako ikerketa taldeak. Paul Molac Bretainiako diputatua eta Karine Lebon Reunion uharteko diputatua ditu presidente. Ipar Euskal Herriko hiru diputatuek ere parte hartzen dute. Frantziako Asanblean ordezkaritza duten talde politiko guzietako kideak daude ikerketa taldean.