Zaldibarko luizia gertatu zenetik lau urte beteko dira bihar. Eitzagako zabortegiaren (Zaldibar, Bizkaia) amiltzeak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen heriotzak eragin zituen, eta ingurumenean ondorio larriak izan zituen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaborraren eta zabortegien kudeaketa ere ezbaian jarri zuen. Orain urtebete eskatu zion Eusko Jaurlaritzak Verter Recyclingi Zaldibarko zabortegia behin betiko zigilatzeko, mantentze lanik ezaren ondorioz lurraren egonkortasun baldintzek okerrera egin baitzuten. Baina urrian, Jaurlaritzak bere gain hartu zuen subsidiarioki zabortegia zigilatzeko ardura, Verter Recycling egin beharrekoa betetzen ari ez zela ikusita. Behin-behineko zigilatze lanak egiten ari da Eusko Jaurlaritza: polietilenozko oihalak jartzen ari dira, eta, behin horiek soldatuta, zabortegia estaliko dute. Arantxa Tapia buru duen Ingurumen Sailaren planen arabera, behin-behineko zigilatzea maiatzerako amaituta egongo da. Jarduketa horrek «gutxienez bost edo sei urtez» lurra egonkortzeko bermea eskainiko duela zehaztu du. Materiala trinkotu eta egonkortu eta gero ekingo diete behin betiko zigilatze lanei. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du zehaztu nola egingo duen. Lan «kritikoenekin» hasi dira: zabortegiaren malda handiena duen eta diketik gertuen dagoen eremuko oihalak soldatzen ari dira, eta espero dute martxoan amaitzea fase hori. Ondoren, goiko aldea lotzea faltako zaie. Hala, espero dute euri ura ez dela iragaziko eta, ondorioz, hondakin masaren pisua ez dela handituko. Lurraren egonkortasuna bermatu nahi dute horrela. Soldatze makinek polietilenozko oihalen muturrak lotu ahal izateko, beharrezkoa da inolako hezetasunik ez egotea. Hortaz, eguraldiak baldintzatuko du lanek zenbat irauten duten; oraingoz, eguraldia lagun dute. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, zabortegiko isurketa-ontziaren bi lekutan maila freatikoaren —lurpean pilatutako uraren maila— jarraipena egiten ari dira, baita lixibiatuaren irteera emariarena ere, isurketa-ontziak behar bezala drainatzen duela ziurtatzeko. Lanak urrian hasi zituzten, eta espero dute maiatzean amaitzea, Ingurumen Sailaren planean ezarritakoa baino bi urte geroago. Kalkulatu dute 2,6 milioi euroko gastua izango dutela. Lanak amaitutakoan, zabortegia itxi ondorengo ebazpena aginduko da, gunea gutxienez 30 urtez kontrolpean edukitzeko. Espedientea Verterri Lur eta zabor luizia gertatu zenean zabortegiaren egonkortasun baldintzak desegokiak zirela jakinarazi zuen txosten tekniko batek, eta luizia mantentze lanik ez egiteagatik gertatu zela ere ziurtatu zuen. Hortaz, iazko urrian Verter Recycling enpresari zehapen espedientea ireki zion Jaurlaritzak, zabortegia behar bezala mantentzeko beharrezko neurriak ez hartzeagatik. Verter Recyclingek 31,2 milioi euroko zorra du orain, behin-behineko zigilatze lanen kostua gehituko baitzaio aurretik enpresak zuen 28,6 milioi euroko zorrari. Izan ere, Verter Recyclingek bere eginbeharrak betetzen ez zituela ikusita, Eusko Jaurlaritzak hartu du bere gain behin-behineko zigilatze lana, baina horren aurretik ere beste lan batzuk ere eginak ditu: langileen gorpuen bilaketa lana eta instalazioa trinkotzeko eta mantentzeko hainbat lan. Jaurlaritzaren iritzian, lan horiek atzeratzeak arrisku gehiago ekar zitzakeen. Sololuze eta Beltrani omenaldia Igandean senide eta lagunek Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratu zituzten, duela lau urte zabortegia behera erori zenean hil ziren bi langileak. Zaldibar Argitu elkarteak antolatu zuen ekitaldia, hondamendia oroitzeko eraiki zen eskulturaren ondoan. Elkarteak gogorarazi du prozesu penala itxi bada ere ingurumenaren aurkako delituen auzian dutela «itxaropena» orain. Dena dela, instrukzio fasean dago oraindik, lau urte geroago. Era berean, erantzukizunak argitu gabe daudela salatu zuten.
1993koa da eskola publikoetako jangelak arautzen dituen dekretua Nafarroan, eta araudi berri bat egiteko prozesua martxan da: dekretu proiektu bat argitaratu du Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Gobernuaren gardentasun atarian. «Eskolan bertan» sukaldea izateko jangela eredurako bidean aurrerabideak egin nahi ditu departamentuak araudi berriaren bitartez. Eskolen «autonomia» ardatz hartuta egin nahi du bide hori, eta jakien kalitatearen alde eginda: «Elikagai freskoak, garaian garaikoak eta gertukoak erabilita». Beste helburu bat ere bada dekretuaren muinean: jangelako orduak ere «ikaskuntza» orduak dira eskola umeentzat, eta jangelen izaera hezitzailea aintzat hartu behar da. Jangelarako laguntzak ere ugaritu nahi dituzte araudi berriarekin; zabaldu egin nahi dituzte, eta, premia ekonomikoa duten familientzat ez ezik, populazio urriko herrietan bizi diren ikasleentzat ere emango dituzte laguntzak: «Herri txikietako ikastetxeek irauteko bermeak indartu nahi direla horrela». Dekretua aurkezteko zabaldu duen oharrean, beste aldaketa bat ere nabarmendu du Nafarroako Gobernuak: jangelarako «eskubidea» lehen aldiz zabalduko da ikasturte hasierako eta amaierako hilabeteetara: irailera eta ekainera. Halaber, eskolaldi jarraitua edo zatitua izan, kasu guztietan izango da laguntzak jasotzeko era. Eta aintzat hartu dituzte zaintza partekatuaren ondorioz bizileku batean baino gehiagotan egoten diren haurren beharrak ere. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoetako jangelak arautuko ditu dekretuak; DBHko ikasleentzat ere izango da, baldin eta ikasle gazteagoekin garraio publikoa partekatu eta haien ordutegiak bete behar badituzte. Hezkuntza Departamentuak «itunak» hitzartu ahal izango ditu eskola jangelen ardura beren gain hartu nahi duten tokiko erakundeekin. Testuan propio aipatzen bada ere eskolan bertan sukaldea izatearen aldeko hautua sustatzea, ematen dira aukera gehiago gertuko sukaldeetan jakiak prestatu eta gero ikastetxeetako jangeletara «garraiatu» ahal izateko eta jangelako martxa horrela antolatzeko ere. Menu hautatuak Dekretu proiektuaren arabera, eskoletarako menuak «nutrizioan eta dietetikan» adituak diren profesionalek egingo dituzte: «Elikadura osasuntsua sustatuko da, iraunkorra eta inklusiboa». Xedeetako bat haurren gizentasunaren kontra egitea izango da, eta horretarako ohitura osasuntsu batzuk irakastea ikasleei. Nafarroako Gobernuak esan du dekretu hau hilabete askoko lanaren emaitza dela; azaldu du hezkuntza eta osasun eragile askoren iritziak txertatuta idatzi dutela, eta azken ekarpenak jasoko dituztela orain. Gaiari hainbat ikuskeratatik erreparatu diote, zeharkakotasuna ardatz hartuta, eta mahai baten bueltan haurrek ikas ditzaketen gauza asko hartu dituzte aintzakotzat: garbitasuna, nutrizioa, portaera egokia, hezkidetza…
«Heterodoxoa» izan zen Gorka Setien idazlearen hasiera (Barcelona, Venezuela, 1958), Igor Estankona kritikariak Argia aldizkarian idatzita utzi zuenez. Ramon Agirre, Eneko Olasagasti eta Maripi Solbesekin batera idatzi eta argitaratu zuen bere lehen lan kolektiboa, Susa argitaletxearekin: Eta zergatik ez… Sigrid?. 1983an izan zen hori, eta, gutxienez, haren beste lau liburu gehiago ere badakartza Armiarma proiektuaren Zubitegia atariak. 1985ean eman zuen argitara Ez sinkronia, hura ere Susa argitaletxearekin, eta 21 urteko etenaldiaren ostean heldu ziren haren hurrengo lanak: Aparkalekuko felizidadia (2006), Paperzaleak Elkarteak argitaratua; Ertzetako inkomunukazioak (2008, egilea editore) eta Naufragoen altzoa (2019, egilea editore), azkenik. Bart hil da, 65 urterekin. 2011n bere irudi eta testuz osatutako erakusketa bat ere zabaldu zuen Hernanin (Gipuzkoa), Erre produkzioak titulupean. Eta egilearen ondorengo gogoetak bildu zituen orduan Hitzen Uberan atariak. «Hausnarketa bat egin nahi izan dut bizitza kuartelero honetara nola iritsi garen bilatzeko, eta bilaketa pertsonal honen emaitzetako batek dio emakumeak eta umeak suntsitzea duela helburu patriarkatuak hasiera hasieratik». «Zertarako da poeta bat» Erakusketa hartan topa zitekeen ondorengo poema ere bildu zuten albistera: «zertarako da poeta bat/ ez bada matxinadaren hitz bilakatzen/ poetak egin behar luke lurrean eseri / eta jainkoak hil/ mendeku hartu/ haragi adimentsua sentittu/ goxo eta zalantzarik gabe/ maitasunaren alde egin/ izpiritualtasunari barre egin behar lioke/ poetak, zertarako balio du poeta batek bestela?». Hainbat urtez elikatu zuen bere iritziak biltzen zituen blog bat, eta Independentea webgunea ere lagundu zuen hasiera-hasieratik. Bertan eman dute albistearen berri. Azken astean beherakada handia egin ostean, bart hil dela zehaztu dute. Hernaniko Orbegozo tanatorioan izango dira lagun eta senideak gaur eta bihar goizean goiz, eta bihar 11:00etan egingo dute errausketa, Donostiako Polloe hilerrian.
Traktoradak daude deituta Nafarroan, Araban eta Bizkaian. Ekoizpen prezioak bermatzea, merkataritza askeko akordioen negoziazioak etetea, edo burokrazia arintzea dira kalera aterako dituzten aldarri nagusiak.
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako familiek otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako deituta dauden grebak “berehala” bertan behera uzteko eskatu diete sindikatuei.
Iaz aseguru etxeek 10,5 milioi ordaindu zizkieten EAEeko nekazariei kalte ordainetan, lehorteagatik gehien bat. 6,9 milioi euro laboreen ekoizleek jaso dituzte (neguko eta udaberriko zerealak, olioa, lekaleak, arroza), euri faltagatik eta txingorragatik.
Marxa Beret probaren 44. aldia jokatu da gaur goizean Pla de Bereteko pistetan (Val d’Aran, Katalunia), iraupen eskiko erreferentziazko lasterketa, herrikoia eta goi-mailakoa aldi berean. 700 eskiatzaile aritu dira lehian. Elur faltagatik Montgarrira jaistea ezinezkoa zenez, Pla de Bereteko lautadan moldatu behar izan dituzte ibilbideak antolatzaileek, eta, ondorioz, murriztu egin dituzte distantziak. Hala, 42 kilometroko proba nagusia 32 kilometrora mugatu dute, eta tarteko distantzia (21 km), 18,5 kilometrora. Ibilbide laburrak (10 eta 5 km), osorik egin ahal izan dira. 2 urtetik 84 urtera arteko eskiatzaileak aritu dira 700 partaideen artean. RFEDI Egun asko izan dira tenperatura altuekin, prezipitaziorik gabe eta gauez izotzik egin gabe. Elur askorik ez zegoen Bereteko zelaigunean, baina partaide guztiek estazioak egindako lan eskerga goraipatu dute eta elurra eskiatzeko “bikain” zegoela nabarmendu dute. Hala, beste behin, iraupen eskiaren festa herrikoia izan da Marxa Beret. Proba nagusian, gizonezkoetan, nagusitasun osoz lortu du garaipena Imanol Rojok. Eskiatzaile tolosarrak 1:08:32an osatu du 32 kilometroko ibilbidea, eta sei minutuko aldea atera dio bigarrenari, Sadurni Betriu kataluniarrari. Hirugarren, Betriurekin lehia estuan ibili ondoren, Irrintzi taldeko Lander Martin nafarra izan da, kataluniarraren denbora berean. Proba ikusgarria egin du Beorburukoak. Jurgi Irureta Urdaburu taldekoa bederatzigarren izan da. Imanol Rojok nabarmendu du beretzat beti dela «berezia» Marxa Bereten parte hartzea, eta «etxean bezala» sentitzen dela. «Baldintzak kontutan hartuta, zirkuitua oso txukun zegoen, batez ere gainerako estazioekin alderatuta. Gainera, oso entrenamendu ona izan da nire etorkizuneko probei begira». Imanol Rojo, ahalegin betean. RFEDI Nesketan, Irati Cuadrado nafarra gailendu da proba nagusian. Irrintzi taldeko eskiatzailea hamabigarren helmugaratu da partaide guztien artean. Hala adierazi du Cuadradok helmugan: «Oso pozik nago; izan ere, elur baldintzak direla eta, oso negu gogorra izaten ari da, baina lasterketa hau ondo egin ahal izan da. Hirugarren aldia nuen hemen: Marta [Cester] eta biok elkarrekin joan gara azken itzulira arte, eta hor erritmoa pixka bat bizitu egin dut. Jada esan dezaket irabazi dudala Marxa Beret entzutetsua». Peio Añarbe tarteko distantzian Tarteko distantzian, Peio Añarbe gaztea izan da irabazle. Gasteiztarrak hil honetan beteko ditu 18 urte, baina aise hartu die aurre gainerako partaide guztiei. Añarbek 42 minutu eta 43 segundotan osatu du 18,5 kilometroko ibilbidea, eta minutu bateko aldea atera dio Pablo Moreno bigarrenari eta bi minutukoa Pau Molins hirugarrenari. Bosgarren izan da Hodei Juaristi, Tolosako Uzturre taldeko kidea. Elur askorik ez, baina zegoena baldintza onetan izan dute 2024ko Marxa Bereten. RFEDI Hamar kilometroko distantzian, nabarmentzekoa June Aranburu gaztetxoaren (Tolosa, 2009) hirugarren postua, Joana Puig kataluniarraren eta Cordonnier Roman frantziarraren atzetik. Mutiletan, laugarren izan da Ibai Letona eta bosgarren Aitor Maeztu, Irrintzi taldekoak biak. Sailkapen guztiak hemen.
Siemens Gamesak Aratzurin duen lantegiko langileek greba egingo dute otsailaren 5etik aurrera, Nafarroako beste zentroetako baldintzekin pareka ditzatela eskatzeko.
71 urteko mendizale bat hil da gaur arratsaldean Harpea leizetik gertu, Ezterenzubin (Nafarroa Beherea). Burgosako harpea ere deitzen zaio. Taldean zihoan, eta 13:45 aldera 150 metroko alturatik erori da, eta bertan zendu. Donibane Garaziko Gendarmeria eta suhiltzaileak bertaratu dira, baina larrialdi zerbitzuek haren heriotza besterik ezin izan dute baieztatu.