Urkulluk orain uste du litekeena dela Urdaibaiko Guggenheimek «bat…
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Urdaibaiko Guggenheimen inguruko bi urteko hausnarketa epe bat iragarri eta haren «bideragarritasuna» hizpide hartu izanak «nahasmena» eragin dute biosfera erreserban egin nahi den proiektu horren inguruan, EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek azaldu duenez. Hala, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioa baliatu dute koalizio subiranistak eta Elkarrekin Podemos-IUk Urkulluri eskatzeko argitu dezala Jaurlaritzak zer ikuspegi duen proiektuaz. «Urdaibairi eta Busturialdeari benetako bultzada bat ematearen aldekoa» dela erantzun du lehendakariak, eta gehitu Urdaibaiko Guggenheim horretarako baliagarria izan daitekeela. Urkulluk garrantzia kendu die urtarrilaren 22an egin zituen adierazpenei. Hau da, Urdaibaiko Guggenheimen «bideragarritasuna» aztertu behar dela esan izanari, eta argudiatu du abendutik ez dela aldaketarik izan museo hori eraikitzearen inguruko planetan. Hala, beste gai bat hartu nahi izan du ardatz: EAJk eta PSE-EEk Busturialdea suspertzeko plan bat gauzatzeari buruzko legez besteko proposamen bat aurkeztu izana. Urtarrilaren 26an aurkeztu zuten, gaiaren inguruko eztabaida betean. Testu hark industriari, lehen sektoreari zein saneamenduari eta ur hornidurari erreparatzen die, baina baita «kultur sektorearen dibertsifikazioari» ere, nahiz eta ez duen hortik harago jotzen. Hain zuzen, urtarrileko agerraldi hartan, Urkulluk azken arlo horri ere erreparatu zion, Guggenheimen inguruan galdetuta, eta museo hartatik harago jo beharra zegoela adierazi zuen, eta kontuan hartu behar direla beste baliabide batzuk ere: Santimamiñeko koba, Urdaibai dorrea, Gernikako Batzar Nagusiak… Gaurkoan, baina, ukatu egin du hitz haiekin museoaren bideragarritasuna kolokan jarri izana, eta adierazi du hark «bat egin» dezakeela suspertze planarekin: «Nik ez dut ez baieztatu, ez ezeztatu, ez zalantzan jarri». Beraz, Urkulluk azaldu du bi erakunde horiek helburu bikoitza dutela gaiaren inguruan. Batetik, «2024ko errealitateari atxikitako» plangintza estrategiko bat osatzea da, Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamena onartu ostean abiatuko dutena, haren esanetan: «Uste dugu biosfera erreserba bat izanik, berariaz landutako plangintza bat behar duela». Bestetik, Bilboko Guggenheim museoko patronatuak ─haren parte dira Jaurlaritza eta aldundia─ onartutako 2024-2025erako plan estrategikoa betetzea. Hain zuzen, Urkulluk azaldu du plan hartan eta Jaurlaritzak onartutako Kultura 2028 plan estrategikoan jasotakoek markatuko dutela bidea. Hau da, museoa zabaltzearen inguruko gogoetan jarraitu eta «egitasmoaren oinarri zehatzak jartzea». Horiek hala, Urkulluk azaldu du orain «analisi konpartitu bat» osatzeko abagunea dela. Analisi hori, baina, modu zabalagoan planteatu du. EAJren eta PSE-EEren proposamenaren bidetik, «ekonomia eta industria dinamizatzea eta dibertsifikatzea», «nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza baliabideen aprobetxamendu iraunkorra bermatzea» eta «turismoaren kontrola eramatea» jarri ditu helburutzat. Hori bai, esan du litekeena dela Urdaibaiko Guggenheim egotea plan hori garatzeko «trakzio lana» egin dezaketen proiektuen artean. Etorkizuna jokoan Aferaz oso bestelako ikuspegia dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Agirrek adierazi du Busturialdea «amatatzen» ari dela, EAJ eta hark gidatutako instituzioak Guggenheimera so dauden bitartean. Salatu du «industria galtzen eta enpresak ixten» ari direla, eta lehen sektorean ere lanpostuak galdu direla: «Gai delikatua da, alderdikerien gainetik, euren etorkizuna dagoelako jokoan». Horiek hala, Agirrek adierazi du «aspalditik» datorren arazo bat dela eskualde hark duena, eta «berehalako» erantzun bat behar duela. Aspaldiko arazoa, Agirreren esanetan, Urdaibaiko biosfera erreserba babesteko eta antolatzeko legea 1989an onartu zelako, eta hark ezarri arren bi urteko epean onartu behar zela eskualdeko jarduera sozioekonomikoak garatzeko programa, hura ez zelako iritsi 1998ra arte. Eta ordutik ere, «ezer gutxi» egin dela salatu du legebiltzarkideak. Hala, haren ustez, orain EAJk eta PSE-EEk legez besteko proposamen bat aurkeztu izanak «herritarren begirada beste nonbaitera» zuzentzeko helburu bati erantzuten dio, eta ez eskualdea suspertzekoari: «Ke hutsa da?» Horren ordez, 1998an ezarritako bideari berrekitearen alde egin du, «hasieratik» ekiteko beharrik gabe. Hori bai, zehaztu du beste modu batera egin behar direla gauzak, herritarrak kontuan hartuta: «Ezinean ari zarete. Zuen gobernatzeko ereduak pot egin du. Zaharra da, iraungita dago, eta herritarrak hori ordaintzen ari gara». Informazio falta Gorrotxategiren esanetan, berriz, EAJk adituek eta herritarrek esanak entzun gabe egin nahi du aurrera Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko proiektuarekin, modu «ez-demokratiko» batean egin ere: «Informazioa ukatzen eta ezkutatzen da». Hala, proiektuaren aurka egiteko argudioak zerrendatu ditu. Gogoratu du babes bereziko biosfera erreserba batean museo bat eta jatetxe bat eraikitze hutsak eremuan «eragin larria» izan dezakeela. Era berean, proiektuaren eskaintza kulturala eta ekonomikoa kritikatu ditu. Lehenari dagokionez, azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan badirela halako proposamenak eskain ditzaketen beste proiektu batzuk; hala nola Bilboko Guggenheim bera. Alde ekonomikoari so, berriz, adierazi du eskualde hark badituela beste premia batzuk ─«arrantzaren egoera, garraio sare eskasa…»─, diru publikoa «masa turismoa sustatzeko» bideratzea baino garrantzitsuagoak direnak. Ez da «erraza» Urkulluk eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak urtarrilaren 22an egindako prentsaurrekoak adierazpen andana eragin ditu azken asteetan. Egun hartan bi politikariek azaldu zutenez, Busturialdeak «garapen sozioekonomikorako eredu propio» baterako beharra du, eta, jarraian, kazetarien galderei erantzunez, hor Guggenheim museoak izan dezakeen lekuaz aritu ziren. Zehazki, azaldu zuten bi urteko «hausnarketa» epe bat irekiko zuela Bilboko Guggenheim museoko patronatuak. Horrekin batera, baina, Urkulluk proiektuaren bideragarritasuna izan zuen hizpide. «Bere bideragarritasuna aztertu behar da, balioan jarri behar dira egindako azterketak, ea egingarria den ala ez», esan zuen, hitzez hitz. Eta ez behin bakarrik: «Aztertu behar da ideiaren bideragarritasuna, proiektua egingarria ote den». Azkenik, adierazi zuen ez dela «erraza» aferaren inguruko jarrera jakin bat izatea, ez dituelako ezagutzen «eraikuntza proiektua» eta haren kudeaketarako asmoak. Horrek EAJko kideen erreakzio sorta ekarri zuen. Besteak beste, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, Itxaso Atutxa BBBko buruak eta Imanol Pradales EAJren lehendakarigai eta Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura diputatuak adierazi zuten proiektuaren alde daudela. Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko eledunak, berriz, adierazi zuen Urkulluk berak eman beharko lituzkeela bere esanen inguruko «azalpenak». Gaurkoan hala egin du.