2022an baino % 16,9 hipoteka gutxiago sinatu ziren iaz Euskadin. Guztira, 19.181 hipoteka sinatu eta 3.045 milioi euro mailegatu ziren, 2023an. Batez beste, 159.000 euroko mailegua eskatu zuen sinatzaile horietako bakoitzak.
Isaac Newtonek zioen erraldoi baten sorbaldara igotzeak aukera eman ziola haratago joateko eta ikuspuntua zabaltzeko. Iñaki Zabaleta Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia Saileko irakaslearen ustez, pentsalari handi orok du beste pentsalari bat atzean. Wilhem von Humboldt da, Zabaletaren ustez, atzean egoten diren pentsalari horietako bat. Hainbat liburu atera izan ditu haren pentsaera aztergai hartuta, eta lan horietan berriena da, hain zuzen, Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan. EHUko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin fundazioak elkarlanean sortutako Ur Jauzia bildumako laugarren liburua da. Pentsalari humanista horren ideietan nazioak eta hizkuntzak duten lekuaz hitz egiten du saiakerak. Ur Jauzia bildumak euskal pentsamendu garaikidearen inguruko lanak biltzea du helburu. Hura sortzeko ideia Joan Mari Torrealdaik izan zuen. Izena, ordea, Joxe Azurmendik berak behin azaldutako kontzeptu batetik dator. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak kontatu duenez, Azurmendiri egin zion elkarrizketa batean azaldu zuen pentsalariak zer zen berarentzat kontzeptu hori: «Ur jauziaren sisteman sinesten zuela kontatu zidan; hau da, norbaitek berak idatzitakoa irakurri, eta bere ideia propioak eraikitzeko erabili zezakeela; jakinduria ur jauzi bat izango balitz bezala». Azurmendik uste du bere ideiak ez direla soilik bereak, beste baten ideiak martxan jartzeko balio baitute. Bildumaren helburua da haren obra zabaldu eta abiapuntu gisa erabiltzea, Agirreren esanetan, «hortik abiatuta kritikatu, eraiki eta ikertu» dadin. Gizakia oinarri Humboldt Prusian sortua zen, eta bitan izan zen Euskal Herrian —1799an eta 1801ean—, euskaldunen, euskararen eta euskal nazioaren inguruan ikertzen. Zabaletak lanaren oinarrian izan duen galdera honakoa izan da: Zergatik ezaugarritzen zituen Humboldtek euskaldunak nazio gisan, eta zegatik ikusten zuen euskara euskaldunen hizkuntza nazional gisa? Nazioa hizkuntza komunitate bat zela uste zuen pentsalariak. «Kontzeptu hori ulertu eta barneratu behar izan zuen, eta pixkanaka joan zen bere ikerketan aurrerapausoak eginez». Gainera, gaian oso inplikatuta egon zela kontatu du Zabaletak. Hiru ataletan banatuta dago liburua, Humboldten bizitzako hiru etapa nagusien arabera. Lehen atalean, pentsalari gisa hasi zeneko garaiak azaltzen dira. Humanista izanda, gizakia izan zuen ardatz beti, baina ohartu zen gizabanakoa ulertu ahal izateko gizataldea ere ikertu behar zuela. Immanuel Kant filosofoaren eragin handia izan zuen, eta haren izaera nazionala hartu zuen abiapuntu gisa. Frantziara joan zen hango izaera nazionala ezagutzera, baita Espainiara ere. Geroago heldu zen Euskal Herrira, eta «bi estatutan banatutako nazio bat» topatu zuela azaldu zuen bere idazkietan. «Orduan jabetu zen zein garrantzitsua den hizkuntza nazioa osatu eta ezagutu ahal izateko», esan du Zabaletak. «Hizkuntzak barru-barrutik lotzen ditu gizakiak». IÑAKI ZABALETA EHUko Filosofia irakaslea Hamazazpi urtez izan zen politikari Humboldt, eta ibilbide hori aipatzen da lanaren bigarren atalean. Hirugarren eta azken atala haren bizitzako azken hamabost urteen ingurukoa da. Politika alde batera utzi, eta hizkuntzaren alorrean jarri zuen begirada. Nazioaren eta hizkuntzaren arteko harremana landu zuen, eta nazio bat desagertzeak hizkuntza bat desagertzea dakarrela ondorioztatu. Zabaletak aitortu du Humboldt aspaldiko pentsalaria dela, eta agian jendeari «aspaldikoegia» egingo zaiola. Hala ere, uste du gaur egungo hainbat auzi hobeto uler daitezkeela duela hainbat urte egindako gogoeta horiek abiapuntu hartuta: «Erakutsiko digu zer den beharrezkoa eta zer ez». Azken gogoeta bat ere egin du: «Hizkuntzak barru-barrutik lotzen ditu gizakiak».
Julian Assange kazetariaren etorkizuna kolokan dago, Erresuma Batuko Victoria Sharp eta Jeremy Johnson magistratuen esku. Atzo eta gaur bitarte, Assangeren defentsaren argudioak eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuarenak entzun dituzte, eta erabaki bat hartu behar dute orain: kazetaria estraditatzea onartu edo haren kasua berriz aztertzeko aukera eman. AEBetara bidaliz gero, kazetariari 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete, espioitzagatik eta intrusio informatikoagatik. Gaur amaitu da epaiketa eta auzitegiak lehenbailehen erabakiko du, baina ez du datarik zehaztu. Epaileek denbora bat hartuko dute hausnartzeko eta datozen egunetan emango dute horren berri. Epaiketak iraun duen bi egunetan, Assange ez da epaitegian azaldu, osasun arazoak argudiatuta. Assangeren abokatu Ed Fitzgeraldek atzo hitz egin zuen epaileen aurrean, eta prozesu judizialak «motibazio politikoa» duela salatu hasieratik: «Assangek ekintza kriminal larriak aurkeztu zituen iritzi publikoaren aurrean, eta kazetaritzako ohiko praktika batengatik jazarri zaizkio: egiazkoa eta interes publikokoa zen informazio sailkatua lortu eta argitaratzeagatik». Abokatuak iritzi dio estradizioa eskatzea «gehiegikeria» dela. Bestalde, Clair Dobbin abokatuak, AEBetako justiziaren izenean, ukatu egin du prozesu judizialak motibazio politikoak dituela. «Baliteke errekurtsogilearen akusazioa aurrekaririk gabea izatea, baina egin zuenak ez zuen aurrekaririk. Bereizi gabe eta zertan ari zen jakinda argitaratu zituen munduan AEBetarako informazio iturri izan ziren pertsonen izenak». 175 Kartzela zigor eskaera AEBetara estraditatuz gero, kazetariari 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. AEBek espioitza eta intrusio informatikoko hemezortzi delitu leporatu dizkio Assangeri, Wikileaks atarian sekretuko informazioa emategatik, 2010. eta 2011. urteetan AEBek Irakeko eta Afganistango gatazketan egindako ustezko gerra krimenak zabaltzeagatik. Akusazioak gaur adierazi duenaren arabera, kazetariak Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen, hark herrialde horretako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan, ondoren bere Interneteko atarian argitaratzeko. Defentsak ukatu egin ditu salaketak, eta erran du Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri, hain justu leporatzen baitiote AEBen informatzaileak arriskuan jartzea. AEBetako Gobernuak kazetariaren bizitzaren inguruan eskaintzen dituen bermeen ideiari ere kontra egin dio defentsak, argudiatuta 2017an kazetaria hiltzen saiatu zirela, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan zegoen bitartean. Haren erranetan, AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak kudeatu zuen ekintza hura: «Planak behea jo zuen agintari britainiarrek nahigabea agertu zutenean Londresko kaleetan tiroketa bat izan zitekeelako ideiarekin». Stella Assange, kazetariaren emaztea, antzera mintzatu da gaur, eta, adierazi duenez, «pentsaezina» da kazetaria bere «erailketa prestatu» zuen herrialdera estraditatzea. Iritzi dio prozesu judiziala «amaitu beharreko faltsukeria bat» dela, bortz urte kartzelan egon eta gero aske izan behar lukeelako. Izan ere, Assange 2019ko apirilaren 11n atxilotu zuten, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan. Han zegoen babestua 2012tik, baina, Ekuadorko gobernu aldaketarekin —Lenin Moreno bilakatu zen presidente, 2017an—, konfiantza hautsiz joan zen, eta, azkenean, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa ukatu zioten. Jeremy Corbyn Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buruzagi ohiak ere adierazpenak egin zituen atzoko saioan, «eskandalagarria» iruditzen baitzaio Assange AEBetako Espioitza Legea urratzeaz akusatzea: «Auzitegi honek Assangeri aukera ematen ahal dio bere auzia entzuna izateko, justizia egin dadin eta, azkenean, gizon askea izan dadin». Interes publikoaren alde Bien bitartean, Assange babesten dutela erakusteko, ehunka lagun bildu dira egunotan Londresen, Justizia Auzitegi Nagusiaren eraikinaren kanpoko aldean. Rebecca Vincent, erraterako, Assange askatzearen aldeko kanpainaren arduraduna, han egon zen atzo, eta adierazi zuen auzi hori ez dela epaitegietan argitu beharrekoa. «2010ean Wikileaksen dokumentu klasifikatuak argitaratzeak interes publikoaren aldeko kazetaritza sortu zuen mundu osoan. Badakigu gerra krimenak eta giza eskubideen urraketak plazaratu zituela. Eta hori guztia argitaratzeko baimena eman zuen gizona bakarrik auzipetu dute. AEBetara estraditatzen badute, aurrekari oso arriskutsua izanen da informazio klasifikatuarekin lan egiten duen edozein kazetari edo kazetaritza erakunderentzat», azaldu zuen. Bide beretik solastatu da Sofie Marhaug, Norvegiako Alderdi Komunistako kidea, eta erran du kazetaria Bakearen Nobel sarirako hautagai gisa proposatu duela. Haren hitzetan, Assangek Mendebaldeko «gerrako krimenak» erakutsi ditu, eta, beraz, bakearen alde lan egin. «Assangeren kontrako saioak presiopean jartzen ditu prentsa eta adierazpen askatasuna bera, eta, jakina, arazo demokratiko handia da hori». 2022ko ekainean onartu zuten Assange estraditatzea. Zehazki, Priti Patel Erresuma Batuko Barne ministroak eman zion baiezkoa erabakiari, urte bereko apirilean Westminsterko Magistratuen Auzitegiak agindua igorri eta gero. Barne Ministerioak erran zuenez, Assange AEBetara bidaltzea ez litzateke «bateraezina giza eskubideekin», eta herrialde horretan «egoki tratatuko» lukete. Arrazoiak, geroago Oraindik ez dago argi zer erabakiko duten bi magistratuek. Erabakiaren berri laster emanda ere, baliteke hari lotutako arrazoiak geroago argitaratzea, kazetariaren estradizio prozesua bizkortzeko. Kontrara, Assangeren alde eginez gero, Erresuma Batuko justiziak berriz aztertuko luke estradizioa legezkoa den ala ez. Badago beste aukera bat epaileen erabakia kontrakoa baldin bada: Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea. Kazetariaren emazteak adierazi du 24 ordu soilik izanen lituzketela errekurtsoa jartzeko, eta aurrera egiteko aukera gutxi. «Hau da azkeneko aukera Britainia Handiko auzitegietan. Pasatzen den egun bakoitzeko, Julianen bizia are arrisku handiagoan dago».
Eusko Jaurlaritzak, Eudelekin batera, Poliziarako laugarren LEP lan eskaintza publikoa iragarri du gaur, Bilbon. LEP horrek 280 postu ditu, eta etzi zabalduko da eskaerak egiteko epea. Legealdi honetako laugarren eskaintza da, eta batera egin duten zortzigarrena. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak eman ditu deialdiaren xehetasunak: 280 postu horietatik 225 ertzain izateko izango dira, eta 55 udaltzain izateko, 22 herritan. Ertzaintzaren barruan, bost postu oinarrizko eskalakoak izango dira, 140 Ikerketa Kriminala espezialitatekoak eta 80 Bide Segurtasuna espezialitatekoak. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 225 postu horietatik 181ek daukate B2 mailako hizkuntza eskakizuna. Poliziaren «euskalduntze prozesua» nabarmendu du Erkorekak: «Ertzaintzaren euskalduntzea areagotzen ari da, hezkuntza sistemak prestatuta datozen belaunaldi berriek linguistikoki gaitasun handiagoa dute, eta baldintza hobeagoak dituzte zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan eskaintzeko». Esther Apraiz Eudeleko lehendakariak esan du udaltzaingoa duten 98 herrietatik 64 sartuko direla lan poltsa horretan. Izan ere, udalek autonomia dute lan poltsa horretan sartzeko edo eurena sortzeko. Apraizen ustez, «oso baliagarria» da: «Segurtasunaren alorrean, hobetzeko modu bat, nola ez, udaltzainen lantalde egonkorrak edukitzea da. Neurri egokiko lantaldeak, berdintasunezko lantaldeak, egituratuak, prestatuak, eta jakina, ondo hautatuak ere bai». Lan eskaintza publikoarekin bat egiten ez duten herriek, hala ere, badute aukera euren lan poltsak osatzeko. Halaxe egin zuten Lea-Artibain: Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udalek (Bizkaia) LEP bateratua aurkeztu zuten, tokiko beharretara egokitutako zerbitzua eskaini ahal izateko. Berdintasuna polizian Erkorekaren esanetan, aurrerapauso handiak eman dira emakumeak Ertzaintzan sartzeari dagokion konpromisoan. Segurtasun sailburuak azaldu du berdintasuna bermatzeko gertu daudela: «Arlo honetan, jauzi kualitatiboa eman dugula baieztatu daiteke. Orain akademian sartzen diren promozioetan, emakumeen presentzia %37 inguruan dago, eta, jakina denez, berdintasuna dagoela baieztatu ahal izateko, %40koa izan behar du».
Gasteizko Mercedes lantegiak ekoizpena geldituko du martxoaren 1ean, 4an eta 5ean, eskarien jaitsieragatik. Arrazoi beragatik bost egunez gelditu dute ekoizpena otsailean. Horrez gain, Pazko astea ez da lan astea izango.
Euskara sustatzeko neurri administratiboen kontrako oldarraldi judizial betean, Eusko Jaurlaritzak prest du sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu berria. Gaur ziren testua gobernu kontseiluan onartzekoak, baina bilera hori bertan behera geratu da, Iñigo Urkullu lehendakariak ama larri zuelako —arratsaldean hil da—. Atzeratu egin behar izan dute, horregatik, dekretuaren onespena. Behin betiko testua, ordea, prest dago. Jaurlaritzako iturrien arabera, lege irizpide guztiak konplitzen ditu dekretuak, eta propio idatzita dago kontrako auzibideak saihesteko. Berritasunen artean, horra: modua emango du hautaketa prozesuak euskaraz eginda hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko. «Malgutasuna» eta «progresibotasuna». Dekretua lantzeko prozesuan, kontzeptu horiek usu aipatu dituzte Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunek, eta adierazi dute ez dela asmoa inor kanpoan uztea; hizkuntza eskubideak ardatz, esan dute aintzat hartu behar direla euskaraz oraindik ez dakiten langileen beharrak, euskara ikasteko prozesuan daudenenak, eta jada ezagutza egiaztatuta dutenenak. Horrexek ekarri du, hein handi batean, dekretu hau egiteko prozesua hala luzatzea. 2018an Eusko Legebiltzarrak egindako eske bati erantzunez dator, baina elkarrizketa eta kontraste asko egin behar izan dira bidean. Jaurlaritzak behin baino gehiagotan argudiatu du «kontsentsua» ezinbestekoa zela, eta oinarri sendoekin atera nahi zuela dekretu hau. IRAKURRI GEHIAGO Euskalgintzaren Kontseilua: «Ez da euskararen normalizazioak behar duen dekretua» Baina testu honen beharra ere askotan argudiatu dute. Aurreko dekretua 1997koa da, erruz aldatu da gizartea urteotan, errealitate soziolinguistikoa ere bai, digitalizazioak erronka eta bide berri ugari ekarri ditu, eta horiek guztiak kontuan hartu nahi izan dira. Testu osoa ez da argitaratu oraindik, ez dute eskura jarri. Baina aurrera daitezke dekretuak dakartzan berritasun nagusiak: 1 Sektore publiko osora begira Dekretu honek zabaldu egin du aurrekoaren jarduera eremua. Aurreko dekretuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio osora begira, ez zituen aintzat hartzen hezkuntza arloa, osasun arloa, Ertzaintza eta justiziaren eremua. Beren kabuz ari ziren horiek euskara planak-eta lantzen. Orain, arlo horietan guztietan ari diren langileek ere dekretu honen irizpideak bete beharko dituzte. Era berean, funtzio publikoan diharduten fundazio, partzuergo eta antzeko erakundeek ere bai. Apurka, euskararen erabileran normalizazioa planifikatzen joan beharko dute horiek ere, jendaurrean arreta ematen duten langileen hizkuntza eskakizunei begira, bereziki. 140.000 langile inguru izango dira guztira, Jaurlaritzaren arabera, orain dekretuaren araberako irizpideetan sartzen hasi beharko dutenak. Eremu berri horietako asko erraz moldatuko direla uste dute; hain zuzen ere, ez dira arrotzak praktika horiek orain arte dekretutik kanpo egon arren funtzio publikoan ari diren erakunde askotan. Dekretu honen azken helburua sektore publikoko normalizazio prozesu guztia koordinatzea da. Ebatzia dute noiz nahi duten erakunde guztien bateratze horren abiaburua: 2033ko urtarrilaren 1erako. Hortik aurrera, bost urteko planen bidez funtzionatuko da. 2 Enpresa pribatuetarako ere bai Sektore publikoan ari diren enpresa pribatuak ere hartzen ditu kontuak dekretuak. Enpresa horiek ematen dituzten zerbitzu publikoetan ari diren langile subrogatuak, zehazki. Langile horiek, orain arte ez bezala, egun funtzionarioek dituzten laguntzak eta baliabideak izango dituzte euskalduntzeko. Jendaurreko arreta ematen duten langileei begirakoak izango dira hor ere eskakizunak. Administrazio publikoak hartuko du bere gain langile horien euskalduntzea: enpresek ez dute pagatu beharko. Era berean, ordezkapenak-eta egiten direnerako, euskara planak-eta lantzen hasi beharko dute enpresa horiek, eta administrazioak laguntza emango die horretan. 3 Desgaitasunen bat dutenentzat, atea zabalik Jaurlaritzak maiz nabarmendu du dekretu hau guztiz «inklusiboa» izango dela. Aparteko kezka izan dute desgaitasunen bat dutenek-eta usu ezintasunak izan dituztelako hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko, eta garrantzitsua delako horiek ere funtzio publikoan aritzea. Dekretua ontzeko prozesuan, hartu-emanak izan dituzte ezintasun fisikoak eta kognitiboak dituztenen elkarteekin ere, eta hizkuntz eskakizun malguagoekin horien premiak aintzat hartzeko ahalegina egin dute. 4 Udal esparruetako irizpideak ardatz Udal esparruan finkatutako hizkuntza irizpideak sektore publiko osora zabalduko dira dekretu honekin. Hain justu ere, Tokiko Erakundeei Buruzko Dekretuan jasotako irizpideak hartuko dira aintzat. Justiziak auzitan jarri ditu EAEko udal legeak eta haren garapen dekretuak hizkuntza irizpideen inguruan zehaztutakoak , baina, Jaurlaritzako iturrien arabera, beren-beregi aintzat hartu dira kontrako sententzia horietan emandako argudioak dekretu hau ontzeko prozesuan, eta segurtasun juridikoa erabatekoa bilatu da. 5 Egiaztapen bide berriak Egungo egoera soziolinguistikoak ekarri dituen egoera «errealak» aintzat hartu nahi izan dira dekretuan: hori izan da helburuetako bat. Orain arte, hiru bide zeuden hizkuntza eskakizunak lortzeko: HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen bidez lortzea titulua, HABEren edo hizkuntza eskolen bidez, edota ikasketak euskaraz eginda. Horiek indarrean jarraituko dute. Baina orain, bide gehiago ere izango dira. Aukera izango da, adibidez, hautaketa prozesua euskaraz eginda euskarazko egiaztagiria lortzeko. Azterketa ez da edonolakoa izango; propio HAEEren oniritzia izan beharko du, eta prestatuta egongo da izangaiaren euskara gaitasuna neurtzeko. Egiaztagiria lortzeko beste bidea izango da lanean euskara modu frogagarrian erabiltzea. Bide berri horien bidez lortzen diren egiaztagiriak, orain artekoak bezala, betiko izango dira. 6 Hizkuntza eskakizun malguagoak Hizkuntza eskakizunak malguagoak izango dira. Hiru klasetakoak izango dira orain. Simetrikoak: lanpostu baterako gaitasun bera eskatuko da irakurmen-idazmenean eta entzumen-mintzamenean, orain arte bezala. Asimetrikoak: lanpostu jakin batzuetan eskakizunak ez dira igualak izango bi ezagutza eremuetan. Partzialak: gaitasun jakin bat egiaztatu ezin dutenentzat izango dira horiek, desgaitasunen bat-eta dutenentzat. Badira lanpostuak, esaterako, idazmena lantzea ia eskatzen ez dutenak, baina jendearekin tratu handia izatea eskatzen dutenak. Edo, alderantziz, idatzizko maila oso jasoa eskatzen dutenak, baina mintzamenera begira apalagoa. Eskakizun asimetrikoen bidez, halako egoeretarako egiaztagiriak eskatu eta esleituko dira, ahalik eta doienak. 7 Probak euskaraz egitea ebatz dezakete erakundeek Langileak hautatzeko prozesuak abiatzen dituztenean, euskaraz lan egiten duten erakundeek modua izango dute hautagaiei proba bat edo probaren zati bat euskaraz egiteko, gaztelaniarako biderik eman gabe. Estatuan dauden tankerako esperientzia ugariei erreparatuta ebatzi dute berritasun hori, guztiz egingarria dela iritzita. Dekretuan propio zera jartzen du: probak euskaraz egin «ahalko» direla. 8 Aldatzen ez direnak Derrigortasun indizea euskara nahitaezkoa den lanpostuen kopurua da, egungo sistemaren ardatzetako bat. Hori kalkulatzeko erak lehengoan jarraituko du, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta. Ondo funtzionatzen duela uste dute Jaurlaritzan, ondo erantzuten diela egungo premiei, eta malgutasuna ematen diela erakundeei egoera askotarikoei erantzuteko. Hizkuntza eskakizuna nahitaezkoa ez denean, merezimendu gisara baloratuko da, orain arteko proportzio berean. Bide berean, lehengo eran, 45 urtetik gorakoa izatea eta beste motibo batzuk salbuespenerako bide izango dira aurrerantzean ere, baldin eta langileek hala nahi badute.
Eusko Jaurlaritzak tentsio handiko eremuak izendatzeko irizpideak malgutu ditu, eta, horri esker, Donostia, Bilbo eta Gasteiz osorik izendatu ahalko dira etxebizitzaren merkatua zorrotzago arautzeko eremu. Lehenago, Donostiako distritu guztiak izenda zitezkeen, bi izan ezik; Bilbon, zortzitik zazpi; eta Gasteizen, seitik bost. «Albiste ona» dela nabarmendu du gaur Eneko Goia Donostiako alkateak. 2025eko urtarrilaren 1ean udalerri bat tentsio handiko eremu izendatua izan dadin, aurten eskatu behar diote udalek Jaurlaritzari. Goiak adierazi du epe horien barruan «mugitzen» ari dela Donostiako Udala. Etxebizitzaren merkatua zorrotzago arautzen dute eremu horietan, eta ondorioak ditu bai maizterrengan bai jabeengan. Zenbait udalerrik ja egina dute eskaria; Errenteriakoak (Gipuzkoa), esaterako. Iazko maiatzean Espainiako Gorteek onartutako Etxebizitza Legeak jarri zituen mahai gainean tentsio handiko eremuak, eta Eusko Jaurlaritzak abenduan aurkeztu zuen udalerriak hala izendatzeko prozedura. Orduan, Jaurlaritzak jakinarazi zuen zein udalerri eta zein distritu izenda zitezkeen tentsio handiko eremu. Paradoxa bat gertatu zen: Euskal Herriko errentarik handienetakoa duten herri batzuk zerrendatik kanpo geratu ziren; Getxo eta Donostiako auzo batzuk, esaterako. Hala ere, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak udalerriak osorik aztertu ditu, eta ondorioztatu du beste hainbat udalerri tentsio handiko eremu bihurtu ahal izango direla; esaterako, Donostia. «Txosten honek baieztatzen du udalerri osoaren analisia egiteak aukera ematen duela tentsio eremu partzial gisa sailkatutako udalerri batzuk tentsio eremu oso gisa sailkatzeko», dio atzo argitaratutako txostenean. Hala, tentsio handiko eremu izendatu ahalko dira, osorik, udalerri hauek: Araban, Gasteiz; Gipuzkoan, Arrasate, Azkoitia, Donostia, Soraluze eta Tolosa; eta Bizkaian, Balmaseda, Bilbo, Erandio, Gernika-Lumo, Ortuella, Portugalete eta Trapagaran. Eusko Jaurlaritzak bi irizpide erabili ditu udalak tentsio handiko eremu izendatzeko. Bietakoren bat betez gero, tentsio handiko eremu izenda daiteke: bata, alokairuen prezioen igoera, kasu honetan %17koa baino handiagoa izan bada (KPI + hiru puntu); bestea, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak…) etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa bada. Udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeak ondorioak ditu maizterrentzat eta etxeak errentan jartzen dituztenentzat. Kontratua amaitzen zaien maizterrek aparteko luzapena izan dezakete, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Urtez urteko luzapenak, gehienez hiru. Maizter berrien kasuan, alokairuaren prezioa aurreko kontratuaren parekoa izango da, urteko eguneratze klausula batekin. Etxe bat bost urtean alokatu gabe egon bada, prezioak muga bat izango du: erreferentziazko prezioen indizeen sistema aplikatuta ezarritakoa. Tentsio handiko eremuetan etxejabe handitzat hartuko dira bost etxe edo gehiago dituztenak —bestela, hamar etxe edo gehiago dituztenak dira—.