Realak azken uneko gol bati esker irabazi du Mallorcan
Garaipen beharrean zegoen Reala. Txuriurdinek Mallorcan jokatu dute gaur eta gogotik lan eginda poltsikoratu dituzte hiru puntuak. Etxeko taldeak neurketa gogorra jokatzera behartu ditu. Mallorcak, bigarren zati osoan bat gutxiagorekin jokatu duen arren, ia lortu du puntu bat. Azkenean, Mikel Merino izan da heroia: 92. minutuan buruz errematatu du Pachecoren erdiraketa bat, markagailuan 1-2ko emaitza ezartzeko. Zoroa izan da lehen zatia. Mallorca intentsitate gehiagorekin zelairatu da, eta esnatu denerako jaso du gola Realak. Hirugarren minutua zen, eta Antonio Sanchezek ezkerrez jo du area ertzean zegoen baloi bat. Gol bikaina izan da. Minutuek aurrera egin ahala hobera egin du Realak, eta lehia bizian ibili dira bi taldeetako jokalariak. Epaileak ez ditu falta gehiegi adierazi, eta etxeko taldearen eta zaleen haserrea eragin du horrek. Falta eskatu duten jokaldi horietako batean heldu da bisitarien gola: Zubeldiak kendu dio baloia Muriqiri, Kubori eman dio, eta hortik aurrerako guztia japoniarrak egin du. Baloia gidatu, errematatu eta gola sartu. Merino heroia Atsedenaldiaren aurretik Raillo Mallorcako kapitaina kaleratu du epaileak, protestan aritzeagatik. Egundokoa izan da entzun behar izan duen txistualdia. Bigarren zatian, jokalari bat gutxiagorekin, atzean sartu da etxeko taldea. Realak ahaleginak egin ditu arriskua sortzeko, baina ez du batere asmatu azken metroetan. Batzuetan erabaki okerrak hartu dituztelako, eta besteetan erremateak txarrak izan direlako, txuriurdinek ez diote lan askorik eman Rajkovic atezainari. Horrela amaituko zela zirudienean egin du hegan Merinok. Sailkapen nagusian seigarren postuan dago Reala 40 punturekin.