PSGko 12 ultra atxilotu dituzte realzaleak erasotzera zihoazelakoan
Eskuin muturrarekin lotura luketen PSGko hamabi jarraitzaile atxilotu zituen atzo gauean Frantziako Poliziak Parisen, hainbat realzaleri eraso egin nahi zietelakoan. Txapeldunen Ligako final zortzirenetako lehia dute Reala eta PSGk asteazken arrats honetan. Poliziaren iturriak aipatuta AFP agentziak adierazi duenez, hainbat realzale Parisko Les Halles auzoko taberna batean zeuden tragoak hartzen. Handik gertu, burua lepoko beltzez estalia zuten hainbat gizabanako identifikatu zituzten, eskuin muturrarekin lotzen dituztenak. Parisko Polizia Prefeturako informazio zerbitzuen arabera bi klubetako jarraitzaileen artean istiluak gertatzeko arriskua identifikatua zuten.