J Mascis, elektrizitate neurtuan
Urteak daramatza J Mascis musikari beteranoak (Amherst, AEB, 1965) Dinosaur Jr. taldetik kanpoko bakarkako ibilbide sendoa osatzen. 2007an berpiztu zenetik, Mascisek Lou Barlow eta Patrick Murphy Murph-ekin osatzen duen hirukoteak gitarra sutsuetan eta erritmo oinarri pisutsuetan ardaztutako disko interesgarri ugari argitaratu ditu —Beyond (2007), I Bet on Sky (2012), Sweep it Into Space (2021), baina hori ez da oztopo izan taldeko buruarentzat bestelako proiektuetan murgiltzeko. Elastic Days (2018) bere azken-aurreko diskoa atera zuenetik sei urtera itzuli da, hain zuzen ere, What Do We Do Now bakarkako lan berriarekin. Dinosaur Jr. 1984an sortu zuten Mascisek, Barlowk eta Murphek, eta hasieran euren arteko harremana ona bazen ere —You’re Living All Over Me (1987) eta Bug (1988) AEBetako rock independentearen disko ezinbestekoak osatu zituzten hiruren artean—, pixkanaka Mascisen agintea nagusituz joan zen, eta taldekideek korrika alde egin zuten, nekatuta eta abeslariaren protagonismoarekin akituta. Barlowk Sebadoh proiektua abian jartzen zuen bitartean, Mascisek Dinosaur Jr. markari eutsi zion 1997ra arte, nahiz eta ordurako taldea bakarkako proiektua zen. Iritsi zen une bat zeinetan Mascisek berak ez zion zentzu handirik ikusi taldearen izena erabiltzeari, eta J Mascis & The Fog gisa itzuli zen More Light diskoarekin (2000). Dena dela, talde baten izenpean iritsi arren, Mascisek ia dena jotzen zuen lan hartan. Orduz geroztik, eta Dinosaur Jr. berpiztuta eta garai bateko indarra berreskuratuta itzuli bada ere, kantari eta gitarristak ez dio utzi bakarkako lanak argitaratzeari, dinosauroen tentsio elektrikoa pixka bat apaldu nahian. Kantuen indarra What Do We Do Now-k ez dakar sorpresa handirik Mascisen orain arteko ibilbidea ezagutzen duenarentzat. Hor dira kantariaren ahots nagia —indie-rockaren belaunaldi oso batentzako erreferentzia izan dena—, ohiko gitarra pasarte luzeak, eta baita melodia gogoangarriak ere. Diskoak baditu, nolanahi ere, Dinosaur Jr.-en moldeetatik aldentzen diren elementuak ere. Hala, kantu batzuk piano konponketez jantziak datoz (What Do We Do Now bera, I Can’t Find You), steel gitarra batek apaindua dago You Don’t Understand Me triste bezain ederra, eta kantu askok dute oinarri akustiko bat, nahiz eta elektrizitate eztandak han eta hemen azaltzen diren. Sorpresarik gabe, Mascisek kantuetan beraietan jarri du indarra, eta What Do We Do Now ez dago pieza nabarmenen faltan Can’t Believe We’re Here single politarekin hasi eta End is Gettin Shaky sentikorrarekin amaitzen den arte.