Turistek EAEko hoteletan egindako egonaldiak % 4,4 hazi ziren 2024ko otsailean, Eustaten datuen arabera. Opor garaian kenduta, sektoreak hazteko duen joera erakusten dute datuok. Sarreren herena atzerritik etorri dira, iazko sasoi berean baino % 8 gehiago.
2023. urteak ikuspegi feministatik eta subiranistatik utzitako ondorioak aurkeztu ditu gaur arratsaldean Talaia Feministak Donostian, eta, horietan oinarrituta, gomendio batzuk ere plazaratu ditu, iaz gertatutakoek emakumeengan izandako eragina aztertze aldera. Urtarrilean aurkeztu zuen lehen txostena Talaiak, «Euskal Herriaren egoera feminismotik irakurtzeko», eta ordutik aritu dira eztabaidatzen eta ekarpenak jasotzen. Sei gai jorratu dituzte lehen txosten horretan: klima krisia, greba feminista orokorra, indarkeria matxista, bizitza garestitzea, euskararen aurkako oldarraldia eta abaia soinekoaren debekua. Gai horietan egindako diagnostikoei begira iritsi dira ondorioetara. Negatiboak: «Ongizatea pribatizatzea, indarkeria dimentsio orotan eta krisi ekologiko geldiezina». Positiboak: «Feminismoaren hegemonia soziala; emakumeen auto-antolaketarako eta askotariko konfluentzietarako gaitasuna; ekonomia, gobernantza, politika eta beste hainbat arlo feminismotik eraldatzea xede duten alternatibak». Prozesuaren amaieran, gomendio batzuk ere egin dituzte. Batetik, gizarteari galdegin diote «ekitea eta erantzukizunak exijitzea», ongizatearen pribatizazioak eta emakumeen bizi baldintzak okertzeak eragindako «biolentzia kolektiboaren» kontra. Eragile sozialei dagokienez, «begirada berrien premia» aitortu du Talaiak, egungo arazoei erantzun «integralak» emate aldera. Eta, azkenik, erakunde publikoen jarduna salatu dute, askok sustatu dutelako emakumeen gain erortzea bizitzari eusteko lanak, baina eskaerak ere bideratu dizkiete: eskubide kolektiboak bermatzeko berehalako neurriak hartzea, eragile sozialei entzunez; indarkeria matxistaren aurkako protokolo eta politika integralak lantzea; euskararako eskubidea bermatzea… Azkenik, dei berezia egin diete gizonezkoei: «Ardurak hartzea eta euren buruak berraztertzea, indarkeriaren eguneroko berreraikuntzan duten rolari eta zaintzetan erantzukizunik ez hartzeari arreta jarriz».
11 egun eta hamar gau. 24 orduz. Geldiezina da Korrika: martxan botatzen diote erregaia furgonetei, gidariek furgonetetan egin dituzte otorduak… Hain zuzen, Korrikak etengabe beti aurrera egin dezan, ezinbestekoa da furgoneta gidarien lana. Errazak dira identifikatzen: soinean txaleko moreak daramatzaten horiek dira. Aurrera eta atzera dabiltzanak. Furgonetatik igo eta jaitsi. Edo furgonetaren alboetako helduleku batetik zintzilik daudenak. Naiara Fajol da horietako bat, eta, esan duenez, beren lana ez da Korrikako bi furgonetak —aurrekoa eta atzekoa— gidatzea bakarrik: «Mikroan aritzen gara, baina eskualdeetako esatariak ere etortzen zaizkigu laguntzera; edo pankarta batzen eta ipintzen dugu; lekukoari esaten diogu aurrean egon dadila; argazkiak ateratzen ditugu; sare sozialetan aritzen gara… Hamaika telebistako lankide bat ere badaramagu, eta batzuetan kamerarekin laguntzen diogu, berak ere atseden hartzeko». «Badaude momentu oso politak, momentu oso kaotiko eta estresagarriak, baina kristoren lagunak egin ditut furgonetan». ARRATE BERSTAIN Furgoneta gidaria Beraz, gidariak dira, baita animatzaileak, argazkilariak… ere bai. Antolaketa eskatzen du beren jardunak. Fajolek azaldu duenez, bi taldetan banatzen dira, bakoitza 11 kidekoa —horietako bat Hamaika telebistakoa da, zuzeneko emankizunaz arduratzen dena—. Eta txandaka aritzen dira: «Hamalau orduko txandak egiten ditugu; batzuk lasterketan dauden bitartean, besteak atseden hartzen egoten dira». Furgonetetako kideen egun baten adibidea eman du: «02:00etan hasten bagara, hamalau ordu gehitu behar zaizkio horri, eta 16:00etan utziko genuke lasterketa. Beste lantaldea 16:00etan sartuko litzateke, 06:00ak arte. Horrela eginda, lasterketa eguneko momentu guztietan bizi dezakegu». Baina zergatik erabakitzen dute furgonetetako boluntarioek horrelako lan bat hartzea? Hiru Korrika daramatza furgoneta gidari Arrate Beristainek: «Hasi nintzen lagun batek esan zidalako Euskal Herria ezagutzeko beste modu bat dela: euskararen egoera, jende eta paisaia desberdinak ezagutu ditzakezu, eta horregatik animatu nintzen». Hori eta gehiago eman dio Korrikak, ordea: «Topatu nuen bilatzen nuena eta gehiago. 11 egunez 24 orduz beste hainbat lagunekin egotea…. Badaude momentu oso politak, momentu oso kaotikoak eta estresagarriak, baina kristoren lagunak egin ditut; asko zaintzen dugu elkar». Eta lana lana bada ere, horrek «bete» egiten duela nabarmendu du: «Euskararen alde egiten dugu, eta pasatzen garenean kaleak irribarrez betetzen dira, euskaraz betetzen dira. Horrek guztiak asebetetzen nau». «Hamalau orduko txandak ditugu; batzuk lasterketan dauden bitartean, besteak atseden hartzen daude». NAIARA FAJOL Furgoneta gidaria Korrika bada euskararen alde etorbide eta hiri handiak betetzea, baina estuguneetatik ere igaro behar izaten du: zubiak, tunelak, herri bateko kale estu bat… Puntu beltzak deitzen diete. Furgoneta gidariak prest egoten dira horietarako ere, Gorka Elgoibarrek esan duenez: «Demagun leku batean ezin dela furgoneta handia pasatu. Orduan, aurrean joaten den furgonetak ezingo du segitu. Beraz, Korrikaren atzeko furgoneta aldez aurretik bidaltzen dugu puntu beltz horren beste alderaino». Korrika puntu beltzera iristen da, eta korrikalariek auto baten atzetik egiten dute ibilbidea. Puntu beltzaren amaieran izaten dute zain normalean Korrikaren atzean joaten den furgoneta: «Gero, poliki-poliki berrantolatu egiten gara, bakoitza bere lekuan jarrita». Egindakoaren isla Gaur ere, besteak beste furgonetako kideen lanari esker, aurrera jarraitu du Korrikak. Araban hasi du eguna, Nafarroan jarraitu eta Gipuzkoan amaitu. Agurain, Araia… igarota, Nafarroarako bidea hartu du Korrikak, eta egon da Altsasun, Etxarri Aranatzen, Lekunberrin, Leitzan, Goizuetan… Bete egin ditu guztiak, goraino bete ere: ehunka lagunek hartu dituzte, adibidez, Lekunberri eta Leitzako kaleak, baina herri batetik besterako bideetan ere etengabea izan da jendearen joan-etorria. Berezia izan da Goizuetako momentua, dozena bat urte inguru bazirelako Korrika ez zela herritik pasatzen. Hain zuzen, Goizuetatik barna sartu da Korrika Gipuzkoara iluntzean, eta herri gutxi batzuetan egon da: Hernanin, Urnietan, Lasarte-Orian eta Usurbilen. Bihar, berriz, Gipuzkoako kostaldean ibiliko da Korrika; arratsaldean, Bizkaian sartuko da lehenengoz.
Jagoba Arrasatek egin du lehen deialdia euskal selekzioko hautatzaile gisa, eta berrikuntza asko daude tartean. Euskal Herritik kanpo ari diren bost jokalari deitu ditu larunbatean San Mamesen Uruguairen aurka jokatzeko: Ivan Martin Gironatik (Herrialde Katalanak); Oier Zarraga Udinesetik (Italia); Martin Agirregabiria Famaliçaotik (Portugal); Alvaro Djalo Sporting Bragatik (Portugal); eta Roberto Torres Gol Gohar Sirjanetik (Iran). Bost horiekin batera, Espainiako Lehen Mailako lau euskal taldeetan ari diren hamabost jokalari sartu ditu deialdian Arrasatek. Athleticekoak dira gehienak, sei; beste hiru Realekoak dira, Osasunakoak beste hiru, eta Alavesekoak beste hiru. Arrasatek ezin izan ditu deitu hainbat jokalari, selekzioen partidak jokatuko baitira datozen egunetan, baita Espainiako Bigarren Mailakoak ere. Uruguaik ere eman du deialdiaren berri, eta Marcelo Bielsak multzo indartsua osatu du larunbateko partidarako. Besteak beste, deialdian dira Ronald Araujo, Facundo Pellistri, Fede Valverde, Lucas Olaza, Manuel Ugarte eta Giorgian de Arrascaeta. EUSKAL SELEKZIOAREN DEIALDIA Atezainak: Aitor Fernandez (Osasuna) eta Julen Agirrezabala (Athletic). Atzelariak: Andoni Gorosabel (Alaves), Martin Agirregabiria (Famaliçao), Aritz Elustondo, Jon Pacheco (Reala), Unai Garcia (Osasuna) eta Imanol Garcia de Albeniz (Athletic), Erdilariak: Dani Garcia, Mikel Vesga, Adu Ares (Athletic), Jon Moncayola (Osasuna), Ander Gebara, Alex Sola (Alaves), Jon Ander Olasagasti (Reala), Oier Zarraga (Udinese), Ivan Martin (Girona) eta Roberto Torres (Gol Gohar Sirjan). Aurrelariak: Alvaro Djalo (Sporting Braga) eta Asier Villalibre (Athletic).
Euskotrenen eta Bizkaibusen grebak % 80-90eko babesa lortu du, sindikatuen arabera. Euskotreneko eta Bizkaibuseko plantillek bitarteko eta baliabide gehiago eskatu dizkiete erakundeei azken hilabeteotan jasaten ari diren erasoak geldiarazteko.
Traktoreekin protesta gaur, 2024ko martxoaren 19an, Gasteizen, nazioarteko jardunaldi batzuk baliatuta. Goizean Europa Biltzar Jauregiaren aurrean bilduko dira, Familia Nekazaritzari buruzko VIII. Mundu Konferentzia bertan egingo dutela baliatuta.
Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolari baimena emango diote gaur egun dituen lurrak beste urtebetean erabili ahal izateko. Hala erabaki du herriko kontseiluaren gehiengoak, eta Seaskari eta ikastolako gurasoei hitzarmen berri bat aurkeztuko dietela erran dute. Erabakia hartu eta berehala, Fabienne Aiensa auzapezak iragarri du dimisioa aurkeztu diola Pirinio Atlantikoetako prefetari. Hauteskundeak deitu beharko dituzte, eta auzapez berri bat izendatu. Abenduaren 18ko herriko kontseiluan, orain arte eskura izan zituzten lurrak erabiltzeko baimenik gabe utzi zuten ikastola. Orain, urtebeteko arnasa izanen du. Herriko kontseiluan proposatutako ebazpenaren arabera, 2025eko uztaila arteko epean gaur egun dituzten lurrak erabiltzea baimenduko dien hitzarmena aurkeztuko diote ikastolari. Orain arte bezala, 355 euroko alokairua izanen dute, urte guzirako. Ikastolarekin abiatutako gatazkari bukaera emateko borondatea aipatu zuen Aiensa auzapezak ebazpena aurkezteko momentuan. Hamabi hautetsik babestu dute erabakia, lau agertu dira kontra, eta bat abstenitu egin da. Baikor agertu da Julen Jauregi ikastolako gurasoa herriko etxearen erabakiarekin, baina hitzarmena ezagutu arte zuhurtziaz egonen direla erran du: «ikus eta sinets». Azken asteetan, bilkura bat baino gehiago izan dituzte ikastolako gurasoek hainbat hautetsirekin, eta horien ondorioa da herriko etxearen erabakia. «Ikusi dugu hamabi boto izan direla gure alde, bada zerbait. Baina ikusi nahi dugu zer baden hitzarmenean». Beraien haurren geroa segurtatzeari eman zion lehentasuna, eta horretarako hautetsiekin elkarrizketan segitzeko beharra azpimarratu zuen. Orain dela bi urte lehertu zen herriko etxea eta ikastolaren arteko gatazka. 2013tik prefabrikatuetan den eskolari eraikin sendo bat emateko proiektua aurkeztu zuen Seaskak, baina eraikitzeko baimena ukatu zion herriko etxeak. Aiensa buru zuen hautetsi taldeak aurkeztu dituzten proiektu guziak errefusatu dizkiela salatu dute maiz gurasoek, eta ikastola hau kopurua mugatu nahi duelako oztopoak ematea leporatu diote. Gorabehera eta tentsio anitz izan dira, bi aldeen arteko elkarrizketa erabat mozteraino. Hauteskundeak laster Ikastolari buruzko erabakia ez da izan gaueko sorpresa bakarra. Prefetari dimisioa aurkeztu diola iragarri du Aiensa auzapezak, bere osasun egoera eta azken hilabeteetan jasandako presioa aipatuta. Azken hilabeteetan, beste hiru hautetsik ere dimititu dute ikastolaren aferaren ondorioz. Horiek horrela, hauteskunde partzialak egiteko data jarri beharko du prefeturak; baina dimisio gehiago izanen balitz, posible da hauteskunde orokorrak ere izatea. Edozein gisaz, auzapez berria izanen du Beskoitzek. «Badu hemezortzi urte hemen naizela. Aurkeztu ginenean bakarrik ginen. Kritikatzeko hor izan direnek har dezatela erreleboa nahi badute».
Trebiñun, eskola colegio da, eta Guardia Zibilak zabaltzen dio bidea Korrikari. Baina hori baino askoz gehiago da. Ofizialtasunik ez duen hizkuntza bat ikasten eta transmititzen duen herri bat ere bada. Euskal herritarra izatea bera ere ukatzen dioten arren, ahotsa behin eta berriro ozendu eta arabarra dela dioen herri bat. Hain zuzen, Korrikak gaur goizaldean salto egin du Nafarroatik Arabara, eta Arabako Errioxan ibili da goizean. Eguerdian iritsi da Trebiñura. Hara bidean eta bertan, aldarrikapenak izan dira nagusi errepide bazterretan eta kalean. Guztien artean, bat gailendu da: «Trebiñu Araba da». Euskarak inguru horretan bizi duenaren erakusgarri, furgonetako mikrofonotik emandako datua: azken sei urteetan Korrika ezin izan da pasatu herriko plazatik; gaur, aldiz, bai. «Garrantzitsua da mugimendu euskaltzale sendoa edukitzea, hiztun aktiboak ere behar baititu euskarak». IRATI IZIAR Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria Dozenaka herritar batu zaizkio Korrikari, haurrak eta gazteak gehienak: bertakoak asko, baina Euskal Herriko beste zenbait herritatik ere joan dira eskola umeak goiz-pasa. Gure Esku-k ere egin du kilometroa Argantzondik Langraizera bidean. «Astelehenak biharamun», dio Gozategiren kantuak, baina gaur astelehena izanik ere, ez zaio biharamunik sumatu Korrikari. Biharamunik ez Gasteizen ere. Euskararen aldeko martxa arratsaldean sartu da Arabako hiriburura, eta jendez lepo aurkitu ditu etorbide zabal eta kale estuak. Bertan hartu dute lekukoa, esaterako, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariek. Lanak baditu emaitzak Gasteiz gero eta euskaldunagoa da: 20.000 euskaldun inguru irabazi ditu hamar urtean. Baina beste zenbait lekutan bezala, erabileran dago erronka nagusia: kaleko elkarrizketen %4 inguru dira euskaraz. Mitxel Elortza da euskara sustatzen ari direnetako bat, hezkuntza formalean eta informalean. Nabarmendu duenez, oraindik orain nekeza da Gasteizen euskalduna izatea: «Gasteizen euskaraz bizitzea posible da, baina gogorra ere bada. Lehen berba leku guztietan euskaraz egiten duzunean, zenbaitetan aurpegi txarra jartzen dizute oraindik; administrazioan ez da beti bermatzen euskarazko arta jasotzeko eskubidea, Udaltzaingoan edo Ertzaintzan, adibidez; liburutegira goazenean, gazteleraz liburu gehiago daude euskaraz baino… Egoera asko hobetu daiteke oraindik». Horretarako ari da lanean Elortza. Zabalganeko euskara taldeko kidea da, baita San Martin eskola publikoko irakaslea ere. Sarri aipatu izan da eskolak haurren euskalduntzean duen garrantzia, baina, azkenaldian, gero eta gehiago erreparatzen zaio aisialdiari ere. Hezkuntza formalean eta informalean aritzen da Lakuntza. Arlo formalari dagokionez, Gasteizen zer-nolako segregazioa dagoen ikusita, uste du eskola publikoak funtsezko lana egiten duela haurren euskalduntzean: «Aurten lanean ari naizen eskola publikoan, adibidez, ehuneko handi bat atzerritar jatorriko familiek osatzen dute: ia ez dago bertako ikaslerik. Ikasle horientzat, euskarazko input bakarra eskola da». Gisa horretako ikasleak eskola jakin batzuetara soilik joateak ondorioak ditu, nabarmendu duenez: «Ikasle horiekin lanketa egitea askoz zailagoa da, zeren ez daukate euskararekiko atxikimendurik, eta euskara maila ere askoz apalagoa da». Gainera, aipatu du bere semearen eskola publikoan ere, Zabalgana auzoan, euskararen alde lanean dihardutela. Adibidez, doako euskara eskolak eskaintzen dizkiete euskaraz ez dakiten familiei. Hezkuntza informalari dagokionez, bestalde, adin guztietako jendearentzako eskaintza prestatzen dute Zabalganeko euskara taldean: Parkean Euskaraz ekinaldia antolatzen dute umeentzat, Euskararen Astea, kontzertuak… Euskaldunen topaleku izatea dute xede: «30.000 biztanle gara, auzo gaztea da, euskaldun asko gaude, baina sakabanatuta. Azkenean, euskaldun horiek biltzea erronka handia da, eta hori da gure helburu nagusietako bat». Euskaltzaleen topaguneko lehendakari Irati Iziarrek, berriz, Araba osoko egoeraren argazkia atera du: «Arabarrok sinesten dugu euskaldunak, euskaltzaleak eta aktiboak izan gaitezkeela; ahalduntzen ari gara, periferiatik». Badituzte horretarako arrazoiak, Iziarren irudiko: «Datuak ikusita, sorpresa moduan hartu da azken urteetako hizkuntza politikek eman dituzten emaitzak, ezagutza zein zabaldua dagoen eta erabilerak ere nola egin duen gora. Guk ere sentitu dugu Araba ez dela zazpigarren alaba». Halere, oro har Euskal Herriari erreparatuta, nabarmendu du ezinbestekoa dela «akordio sozial zabal eta sendoak» edukitzea, baita euskararen aldeko hizkuntza politika «sendoak» egitea ere. Eta ez hori bakarrik: «Garrantzitsua da mugimendu euskaltzale sendo bat edukitzea, hiztun ahaldundu eta aktiboak ere behar baititu euskarak aurrera jarraitzeko». Gaur Araba igarota, Nafarroara joko du berriro Korrikak, oraingoan ipar-mendebaldera. Besteak beste, Altsasutik pasatuko da goizean, eta Leitzatik arratsaldean. Gipuzkoan sartuko da gero, Hernanin barna.
Iraupen luzeko matxen artean aspaldikoena (mende bat aurki) eta entzutetsuena bueltan da: Tolosako 14 Orduko Ibilaldia. Beste behin, tradizioak, naturak eta mendizaletasunak bat egingo dute Tolosan abiatu eta Tolosan bukatu, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat mendi, herri eta bide lotzen dituen txango honetan. Lau urtez behin egin ohi da mendi martxa, baina pandemia tarteko, 2020. urtean ezin izan zen egin, eta, beraz, zortzi urteko etenaren ondoren, maiatzaren 19an izango da aurtengoa. Gaur aurkeztu dute Tolosako Udalean. 1925. urtean 14 mendizalek egin zuten lehenbizikoz ibilaldi hau: Tolosatik Gaztelu aldera abiatu, Ulizarrera igo, Merkutik barna Gorritira, handik Lekunberrira, Iribastik Atako bailaran gora San Migelera iritsi, handik Guardetxera eta Igaratzara, Arritzagako meatzeetatik Amezketara eta handik berriro Tolosara, 68 kilometro osatu zituzten. 1926an egin zen bigarren edizioa, 1943an hirugarrena eta 1967. urtetik hona lau urtean behin egin izan da ibilaldia, Joko Olinpiarrekin bat etorriz. Gaurko aurkezpenean, Aralarko Adiskideak elkarteko antolatzaileek azpimarratu dute ez dela lasterketa bat, mendi ibilaldi bat baizik: «14 orduetan parte hartu eta amaitzea garaipen bat da bere horretan. Mendiaz gozatzea eta erronka mendizaleekin partekatzea da saria, ingurune paregabean». Izaera horri eutsi izanari esker, «14 Orduko Ibilaldia mendizaletasunare ikur» bihurtu dela azpimarratu du Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak: «Behin baino gehiagotan parte hartu dut mendizale modura, eta esperientzia paregabea da, gozamena; baina atzetik boluntario askoren lana ere badago, eta udalaren izenean eskertu nahi ditut guztiak». Antolatzaileak eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea (erdian), gaurko aurkezpenean. TOLOSAKO UDALA Natura zaintzeko deia Ingurumena babesteko eta autosufizientzia sustatzeko neurriak hartzen jarraitzen dute antolatzaileek. Hori horrela, aurreko edizioetan egin bezala, anoa guneetan ura bakarrik banatuko da. Hortaz, parte hartzaileek gainean eraman beharko dute jan-edana. Aurten beste proba bat egingo dute, gainera: sareko ura iturri anitzeko hodi batera lotuko dute Gorritin, eta mendizaleek hortik hartu ahal izango dute, beren botila edo kantinploretan. «Plastiko edo beirazko hondakin gutxiago sortu nahi ditugu horrela. Aurten ondo ateraz gero, ikusiko dugu beste puntu gehiagotara eraman ote daitekeen», diote. Era berean, mendizaleen laguntza eskatu dute antolatzaileek eta udalak, ibilbidea txukun mantentzeko: «2000 mendizale bide beretik joatean gauzak behar bezala egiten ez badira, ingurumenerako karga da. Errespetuz jokatzeko dei egiten dugu; horregatik, ibilbidean zehar sortzen den zaborra modu egokian kudeatzea eskatzen dugu, horretarako prestatuta dauden tokiak erabiliz, ondo sailkatuz edota ez dagoenean, gainean eramanez». 68 kilometro, 17 udalerri zeharkatuz Ibilbidea Tolosan hasi eta amaitzen da, eta guztira 17 udalerri zeharkatzen dira bidean, Gipuzkoako 10 eta Nafarroako beste 7. Hauxe da ibilbidea: Tolosa – Gaztelu – Uli – Merku – Gorriti – Azpirotz – Lekunberri – Burnigurutze – San Miguel – Guardetxe – Igaratza – Arritzagako meatzeak – Amezketa – Alegia – Tolosa. Azken edizioarekin alderatuta, bada aldaketa bat: aurten ez da Zarateko lepotik egiteko aukera izango. Bestalde, aurten ere doako autobus zerbitzua jarriko da Tolosatik Amezketara, laguntzaileen eta parte hartzaileen joan-etorria errazteko, eta trafikoan ahalik eta eragin txikiena izateko. 16:00etan hasiko dira irteten autobusak, eta orduerdio izango da zerbitzua, 20:00ak arte. Ibilibidean egunsentia eta ilunabarra ikus daitezke. Izan ere, mendi martxa goizeko 05:00etan abiatzen da, minuturo 80 pertsona, eta 17:00-21:00 bitartean amaitu. Ibilbidea ordu horien barruan amaitzen duten pertsona guztiek 14 orduko txangoa bete dutela jasotzen duen ziurtagiri bat jasoko dute. Ziurtagiri hori lortzeko, ordea, ezinbestekoa da bidean zehar dauden kontrol-gune guztietatik pasatzea. Izen ematea, bihartik aurrera Izena emateko epea bihar, martxoak 19, zabalduko da, gauerdian, Zirkuituaren webgunean eta ibilaldiaren beraren webgunean. 25 euroko kostua du, eta diru hori antolakuntza gastuak betetzeko eta ekitaldiaren kalitatea eta parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko bideratuko da. Parte hartzaileek, gainera, kamiseta eta kantinplora bana jasoko dute opari. Horiek maiatzaren 1etik aurrera jaso ahal izango dituzte.