Ayusok Sanchez kritikatu, “manipulazioa” salatu, eta Ogasunak zor diola dirua bikotekideari adierazi du. Sanchezek Ayusoren dimisioa eskatu du Fiskaltzak bere bikotekidearen aurka jarritako salaketagatik, bi zerga-iruzur delitu eta merkataritza-dokumentu faltsutze bat egin izana egotzita.
Nafarroan pil-pilean dauden politika, kirol nahiz kultur albisteak jarri izan ditu LKN artistak bere irudien ardatzean, eta kalea izan du orain arte bere lanen erakustoki ohikoena. Egunotan, baina, haren hogei marrazki ikusgai daude Galar zendeako (Nafarroa) Morea saltokian ere. Apirilaren 7ra arte hantxe izango zirela hitzartu zuten artistak eta saltokiak, baina ez dela hala izango salatu du orain sortzaileak: adostutakoa baino lehen erretiratuko dituzte; hilaren 22an, hain justu ere. Arrazoia ere eman du: «Erakusketarekin bat ez zetorren talde batengatik egin dute hori, esku hartzea eta kexak aurkeztea erabaki baitzuen arrazoi erlijiosoak zirela medio». Sare sozialetan argitaratutako ohar baten bidez salatu du artistak gertatutakoa, eta EFE albiste agentziarekin ere mintzatu da. Azaldu dionez, saltokitik harekin harremanetan jarri ziren, azaltzeko hainbat pertsonaren mezu elektronikoak eta deiak jasotzen ari zirela, kexaka, marrazkietan irudi erlijiosoak profanatzen zirelakoan. Osasunako jokalari bat Jesu Kristo gisa karakterizatzeagatik, edota sexu bereko beste pertsona batzuk elkar musukatzen agertzeagatik ei ziren kexa horiek, artistari azaldu ziotenez. Hala, jakinarazi zioten erakusketa aurreikusitakoa baino bi aste lehenago erretiratzea erabaki zutela. «Obren helburua ez da inor iraintzea, inondik ere, baizik eta nire ikuspegi artistikoa eta hainbat arlotako jendeari diodan miresmena adieraztea, azken bost urteotan egin dudan bezala. Askotariko iritziak eta sinesmenak egoteak aberasgarria izan beharko luke 2024an, eta ez zatitzeko arrazoia, oraingo honetan gertatu den bezala», adierazi du artistak, sare sozialetan zabaldutako oharrean. Era berean, sortzaileak eskertu egin du bere lanak erakusteko saltokiak emandako aukera, eta erakusketak egunotan izan duen harrera. Gertatutakoak sortzen jarraitzeko gogoa areagotu baino ez diola egiten gaineratu du. Eta aldarri batekin amaitu du oharra: «Artea baloratua eta errespetatua izan dadila munduan. Adierazpen askatasuna egia izan dadila, eta ez utopia bat».
Harrabotsa sortzen jarraitzen du Espainiako etxebizitza legeak. Gaur jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Eusko Jaurlaritzak legeari jarritako helegitea. Autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituelakoan ipini zuen helegitea Jaurlaritzak. Hain zuzen, Jaurlaritzak otsailaren amaieran eman zuen bere erabakiaren berri. Zehazki, argudiatu zuen zazpi artikuluk, xedapen iragankor batek, xedapen gehigarri batek eta azken bi xedapenek ez dituztela errespetatzen Jaurlaritzaren eskumenak, ezta EAEko etxebizitza legea ere. Banaketa izan zen Jaurlaritzan: PSE-EEko hiru kideak erabakiaren aurka agertu ziren. Helegitea jarritako artikuluak eta xedapenak 3. artikulua. Zenbait definizio egiten dira; bestek beste, etxebizitza zer den. Zehazten da definizio horiek ezingo dutela kontraesanik izan «etxebizitzaren arloan eskumena duten administrazioek araututakoekin», eta, hala balitz, haiek lehenetsiko dituztela. 10.2 artikulua. Horren arabera, «etxebizitza gaietan eskumena duten administrazioei» dagokie etxebizitza jabetzaren eskubideak erabat erabiltzen direla zaintzea. Horretarako, zenbait neurri hartzeko aukera ematen du; besteak beste, diru laguntzak ematea eta pizgarri fiskalak jartzea. 15.1 artikuluko d atala. Puntu horretan jasota dagoenez, babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzetarako gordetako lurzoruaren gutxienez erdia bideratu beharko da alokairuko babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzara. 15.1 artikuluko e atala. Atal horretan dioenez, tentsio handiko eremuetan Lurzoruari eta Hiriak Birgaitzeari Buruzko Legeak ezarritako betebeharrak betez lortutako lurzorua etxebizitza sozialak eta zerbitzuetarako etxeak eraikitzeko eta kudeatzeko erabili beharko da, «interes sozialeko» beste kontu batzuetarako erabili behar dela justifikatu ezean behintzat. 16. artikulua. Etxebizitza babestuei buruzko artikulua da. Jasotzen du, besteak beste, etxebizitza horiek ohiko bizilekua izan beharko dutela, eta saldu ahal izateko baldintzak ezartzen ditu. 17. artikulua. «Sustatutako etxebizitza eskuragarriei» buruzko artikulua da. Azaltzen du «botere publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan», gisa horretako etxebizitzak egotea bultzatu ahal izango dutela. 18. artikulua. Tentsio handiko eremuen izendatzea arautzen duen artikulua da. «Eskumenak dituzten administrazioen» eginbeharra dela dio. Bigarren xedapen iragankorreko lehen puntua. Horren arabera, legea indarrean jarri eta urtebetera «eskumenak dituzten lurralde administrazioek» bestelako eperik jarri ezean, hogei urteren buruan etxebizitzen %20k gutxienez parke publikokoak izan beharko dute. Hirugarren xedapen gehigarria. Jasotzen du eremu bat tentsio handiko izendatzeko baldintzak berrikusi egingo dituztela legea indarrean sartu eta hiru urtera, «etxebizitzaren arloan eskumena duten administrazioekiko lankidetza oinarri hartuta». Lehenengo azken xedapenaren lehen, hirugarren eta seigarren atalak. Alokairuaren prezioak mugatzeari buruzkoa da. Laugarren azken xedapena. Lurzoruari eta Hiriak Birgaitzeari Buruzko Legearen zati bat aldatzen du. Hain zuzen, aipatzen du lurzoruaren zati proportzional bat babes publikoko araubide bati atxikitako etxebizitzetarako erreserbatu beharko dela eta erreserba hori lurralde eta hirigintza antolamenduari buruzko legeriak zehaztuko duela. Jaurlaritzak ohar bidez azaldu zuenez, lege berriarekin Madrilek arautzen ditu «euskal legedian araututa ez dauden baina Euskadiren eskumenekoak diren gai zehatzak»: «Uste dugu estatuari ez dagozkion eta eskumen autonomiko esklusibokoak diren alderdietan sartzen dela». Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkideak ere ziurtatu zuen «eskumenen markoarekiko errespetuagatik» jarri ziotela helegitea, eta ez legearen edukiengatik. Alabaina, Oihana Etxebarrieta EH Bilduren hauteskunde kanpainako batzordearen bozeramaileak EAJren jarrera gaitzetsi zuen. Izan ere, haren hitzetan, etxebizitzaren auzia arautzea da EAJri gustatzen ez zaiona. Hilabeteetako tentsioa Hilabeteak egin behar da atzera auziaren ernamuinera jotzeko. Espainiako Diputatuen Kongresuaren gehiengoak 2023ko apirilaren amaieran onartu zuen Espainiako etxebizitza lege proiektua. EAJk hasieratik bertatik egin zuen legearen kontra, «eskumenetan eginiko inbasio bat» zela iruditzen zitzaielako; EH Bilduk, berriz, alde bozkatu zuen. Nabarmendu zuten alokairuen igoera mugatzeko modua emango zuela eta ez zuela egiten erkidegoek eta udalek gaia arautzeko dituzten eskumenekin talkarik. Espainiako Senatuaren onespena jasota, handik hilabete eskasera sartu zen indarrean legea. Legearen berritasun nagusietako bat da tentsio handiko eremuak ezartzeko aukera irekitzea. Eremu horietako etxeen jabeek alokairua %3 igo ahalko dute gehienez aurten, eta 2025eko indizea erabakitzeko badago ere, KPIaren azpitik egon beharko du. Jaurlaritzak hasiera batean zehaztu zuenez, Arabako bi udalek, Bizkaiko hemeretzik eta Gipuzkoako hogeik izango dute aukera beren herria tentsio handiko eremu gisa izendatzea eskatzeko. Baina, gerora, horretarako baldintzak malgutu zituen, eta beste hamahiru udalerriri eman zien aukera. Besteak beste, Donostia, Bilbo eta Gasteiz osorik tentsio handiko eremu izendatzeko era eman zuen. Errenteria (Gipuzkoa) izan zen pausoa eman eta tentsio handiko eremutzat hartzeko eskatu duen lehen herria. Orain, ikusteko dago zer gertatuko den legearekin. Izan ere, dagoeneko zortzi helegite jarri dizkiote legeari —besteak beste, Kataluniako Generalitateak eeta Galiziako Xuntak—. Horietako bi erabakitzeke dauzkate, baina gainerako guztiak tramiterako onartuta daude jada.
Lau urteren ostean, gertu dago euskal selekzioaren hurrengo partida. Euskadiko Futbol Federazioak martxoaren 23rako antolatu du euskal selekzioaren eta Uruguairen lagunarteko partida. Gu ere bai egitasmoko kideek «itxaropenez» hartu dute albistea, eta ofizialtasunaren alde lan egiten duten eragile guztiei dei egin diete hilaren 23an San Mamesera joan daitezen: «Abagune paregabea da herri bat garela eta gainerakoekin batera ofizialki lehiatu nahi dugula aldarrikatzeko». Dena den, deialdia egiteko orduan «serio» jarduteko eskatu diote Euskadiko Futbol Federazioari, eta kritika egin, ofizialtasunaren bidean azken urteetan erakutsitako pasibotasunagatik. Besteak beste, zaleekin eta haienaren pareko plataformekin hartu-emanik ez izatea leporatu diote. Euskal selekzioaren partida albiste pozgarritzat jo du zale askok, eta Gu ere bai ekinaldiak ere «itxaropenez» hartu du neurketa. Batetik, txalotu egin du entrenatzaile posturako Jagoba Arrasate hautatzea, Euskal Herrian maitatua delakoan. Ondoko aulkian Marcelo Bielsa egotea ere pozgarria iruditzen zaie, arrazoi beragatik. Bestetik, Uruguaiko selekzioaren mailako arerio bat aukeratzea mugarritzat dauka Gu ere bai ekinaldiak. Dena den, argi utzi nahi izan du lau urte partidarik jokatu gabe egotea «kaltegarria» izan dela, batez ere «ofizialtasunaren bidean». Lau urteko geldialdiaren ostean, poza nabarmentzen da beste ezeren gainetik, baina Gu ere bai ekinaldiak aukera probestu nahi izan du Euskadiko Futbol Federazioari kritika egiteko, urte hauetako hutsunearen «erantzule nagusietako bat» delakoan. Egitasmoko kideen ustetan, federazioak «aukera ugari» izan ditu aurrerapausoak egiteko. Besteak beste, 2018ko abenduan, Durangon, Euskadiko Futbol Federazioak batzar bat egin zuen erakusteko euskal futbolaren borondatea zein zen ofizialtasunaren bidean. Batzar hartan «aho batez onartu zena» ez dute bete, Gu ere bai-ren arabera: «Federazioak abagune franko izan ditu euskal futbolaren 2018ko batzarraren aginduak betetzeko, ofizialtasunaren aldeko taldeekin oraina eta etorkizuna lantzeko, euskal zaleen nahiak asetzeko eta, finean, aurreko Batzordearen urratsei jarraipena emateko». Gu ere bai plataformaren ustetan, baina, federazioak ez du urratsik egin nahi izan, eta, gainera, nazioartean hasitako bidea baztertu egin dute, «inolako azalpenik eman gabe». Hori bakarrik ez, Gu ere bai plataformak Euskadiko Futbol Federazioari leporatu dio bide eman izana Espainiako Federazioko presidente ohi Luis Rubialesen agintaldiko «beto eta harropuzkeriari». Plataformako partaideen hitzetan, Espainiako Federazioak dauka euskal selekzioaren egoeraren «erantzukizun osoa», ofizialtasunaren aurka jardun baitu. Eta, bide horretan, azpimarratu nahi izan dute Rubialesek eta Espainiako Federazioak «gure arteko agintari batzuen laguntza paregabea» izan dutela. Azkenik, oharrean, Euskadiko Futbol Federazioari eta euskal instituzioei adierazi diete prest daudela lankidetzan aritzeko, «bidea egiteko» baldin bada, betiere. Horregatik, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mahaia osatzeko eskatu dute: federazioak, instituzioetako ordezkariak, klubak, jokalariak eta selekzioen aldeko eragileak batuko lirateke hartan, «ofizialtasunaren aldeko bide orria elkarrekin diseinatzeko eta lantzeko». Iñigo Cabacas Herri Harmaila, aurka Iñigo Cabacas Herri Harmailak adierazi du ez duela babestuko euskal selekzioaren eta Uruguairen arteko neurketa. Haien esanetan, partidak helburu bakarra dauka: «Agintari ustelen kudeaketa ilun eta interesatua zuritzea». Herri Harmailaren ustez, ez da kasualitatea neurketa 2024an egitea, eta, are, oharrean nabarmendu dute aurtengo hauteskundeen aitzakian antolatu dela. Haiek ere kritika egin diote federazioari: besteak beste, adierazi dute «herriarekiko eta gizartearekiko sentsibilitate falta» agerikoa izan dela lau urte hauetan. Horregatik, euskal gizarteari dei egin diote, «ofizialtasunaren aldeko benetako pausoak ematea bultzatuko duen aldarriarekin» bat egiteko. Herri Harmaila da, oraingoz, neurketa babestuko ez duela esan duen animazio talde bakarra. Beste hainbat euskal taldek Bilbora joateko deia egin baitzuten iragan larunbatean, Euskal zaleen agiria-ren bidez. Agiri hori sinatu zutenen artean daude Indar Gorri, Bultzada, Iraultza 1921, Herri Norte taldea, Indar Horibeltz eta Indar Baskonia. Sarrerak saltzeko zailtasunak Euskadiko Futbol Federazioak otsailaren 26an eman zuen neurketaren berri, eta, pixkanaka-pixkanaka bada ere, sarrerak saltzen ari dira. Federazioak berak sareetan adierazi zuenaren arabera, azken asteburu honetan 20.000 sarreraren langa pasatu dute. Kontuan hartu behar da San Mamesen 53.000 ikusle baino gehiago sartzen direla. Hortaz, gutxi gorabehera sarreren %40 saldu dira oraingoz. Lau urteren ostean neurketa bat jokatzeko aukera izatea albiste pozgarria izan da, ziur, zale gehienentzat. Baina neurketaren egunean bertan hainbat ekitaldi egingo dira Euskal Herrian, arlo bertsukoak gehienak. Asteburu horretan geldialdia dago gizonezkoen gorengo mailetan, selekzioek jokatzen baitute. Emakumezkoen liga, ordea, ez da geldituko, eta Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute 18:00etan, Anoetan. Hortaz, zaleek aukeratu egin beharko dute Anoetara edo San Mamesera joan. Gainera, Korrikaren azken kilometroak izango dira. Egun horretan Gipuzkoan sartuko da euskararen aldeko ekinaldirik jendetsuena, eta Euskal Selekzioaren neurketa hasi baino ordu erdi lehenago ailegatuko da Donostiara, hain zuzen. Biharamunean iritsiko da Korrika helmugara, Baionara. Hortaz, zaleek aukeratu egin beharko dute.
EAEko langile publikoak grebara deituta daude gaur, martxoak 12. ELA, LAB, CC.OO., ESK eta Steilas sindikatuek (sektoreko ordezkaritza sindikalaren % 80 osatzen dute) deitu dute grebara, urriaren 25ean eta abenduaren 19an kolektibo beraren artean egindako greben ondoren.
Europako Batasunak Uber, Glovo eta enparauetako langileen eskubideak jasotzen dituen direktiba bat izango du. Lau urte baino gehiagoko bidearen ostean, lan ministroek azken saiakeran onartu dute gaur elkarlaneko ekonomiaren inguruko zuzentaraua. Oso testu malgua da, baina balioko du EBko herrialde guztiek gaiaren gaineko legedi bat izan dezaten. Frantzia eta Alemania izan dira baiezkoa eman ez dioten bakarrak. Otsailaren 16ko bozketan abstenitu egin ziren Estonia eta Grezia ere, baina azken orduan aldatu dute jarrera. Baten baiezkoa nahikoa zen Europako Batzordearen proposamenak aurrera egiteko. Ez dago argi zerk bultzatu dituen iritzia aldatzera. Estoniako Lan ministroak adierazi du «konpromisoaren espirituarekin» bozkatu dutela baiezkoa. Ezezkoak zentzua zuen; izan ere, Baltikoko herrialdean plataformek eragin handia dute, eta Bolt, Europako handienetako bat, hangoa da. [articles:2122047] Frantziak zuzentaraua ez onartzeko ahaleginak egin ditu prozesu guztian zehar. Hori salatu du Leila Chaibi Frantzia Intsumisoko europarlamentariak, eta Emmanuel Macroni mintzatu zaio. «Presidenteak Uberren lobby lanak egin ditu azkenera arte, testua sabotatzeko. Irabazi diogu! Milioika autonomo soldatapekoak izango dira aurrerantzean», ospatu du. Hubertus Heil Alemaniako Lan ministroaren arabera, sozialdemokratak gobernu koalizioan dituzten desadostasunengatik abstenitu dira, nahiz eta berak uste duen «Europa sozialarentzako aurrerapauso handi bat» izango dela zuzentaraua. Espainiako Yolanda Diazek, berriz, aitortu du ez dagoela «liluratuta» azken proposamenarekin, baina «aurrerapauso txiki bat» dela. Ludovic Boet ESK Europako Sindikatuen Konfederazioko idazkaria pozarren agertu da: «Irabazi dugu. Bazen garaia. Presazkoa da zuzentaraua indarrean sartzea langileek eskubideak izan ditzaten». Eskubiderik ez Orain arte, talde komunitarioa osatzen duten herrialde askok ez dute izan gaiaren inguruko araudirik. Rider gehienak autonomo faltsuak dira, nahiz eta gehienetan enpresa horiek ordutegiak eta lan kargak inposatzen dizkieten. Ondorioz, ez dute gutxiengo soldatarik jasotzen, ez dute gaixo baimenak eta oporrak hartzeko eskubiderik eta ez dute gizarte segurantzan kotizatzen. Direktibaren helburu nagusia da autonomoak erregularizatzea, eta, horretarako, lan ikuskarien esku utziko du beharginak enpresako kide diren edo ez erabakitzea. Besteak beste, algoritmoen erabilera eta langileen datu pertsonalen erabilera ere arautuko ditu. 28,5 Langile kopurua, milioitan. Europako Kontseiluaren arabera, gaur egun 28,5 milioi lagun ari dira plataformetan lanean Europako Batasunean. Bide luzea egin ostean heldu da baiezkoa. 2019an, Ursula von der Leyenek, Europako Batzordeko presidente izendatu berritan, esan zuen mugarri izango zen direktiba bat onartu nahi zutela, aitzindaria nazioartean. Lehen zirriborroa 2021. urteko azaroan aurkeztu zuten, eta, ordutik, eredua hedatu egin da; jada ez da gidariei eta banatzaileei soilik eragiten dien fenomeno bat. Hori da direktibak ezarriko dituen berrikuntza nagusietako bat: plataformetako behargin guztiak hartuko ditu aintzat, ez rider-ak bakarrik. Espainiako legeak, esaterako, bizikletako banatzaileei soilik eragiten die. Europar Kontseiluak emandako datuen arabera, gaur egun EBn 28,5 milioi lagun ari dira plataformetan lanean, eta kopurua goraka ari da. Atzokoa azken aukeratzat zuten askok. Europako Parlamentuak berretsi beharko du orain, baina onartutakoa bi aldeek otsailaren 8an adostutako testu batean oinarritzen da. Karaktereak: 3360 | Hitzak: 432 | Paragrafoak: 13 | Lerroak: 117 />99 | Zutabeak: 3 Glovok atzeratu egin du 67 milioi euroren balioa duten isunen ordainketa Isunak ordaindu ezinda dabil Glovo. Azarotik urtarrilera bitartean, Espainiako Auzitegi Nazionalak kautelaz bertan behera utzi ditu enpresa horrek ordaindu behar zituen hamabi isun, denera 67,3 milioi euroren balioa dutenak. Epaileek argudiatu dutenez, zailtasun ekonomikoak ditu, eta kopuru hori berehala ordaindu behar izateak larritu egingo luke egoera. Aurrerago, %10eko interesekin pagatu beharko ditu. Espainian rider-en legea onartu zen arren, enpresak autonomo faltsuak kontratatzen segitu du. Lan Ikuskaritzak horregatik ezarri dizkio zigorrak. Plataformak defentsarako argudio moduan erabili ditu azken urteetako galerak: 2023an 209 milioi eurorenak izan ziren, 2022an 412 milioirenak eta 2021ean 496 milioirenak. Gehitu du Espainiako bankuek jada ez diotela krediturik ematen. Glovoren jabeak, Alemaniako Delivery Hero-k, azaroan iragarri zuen hiruhileko bakoitzean 30 eta 45 milioi euro artean erabiliko dituela Katalunian sortutako enpresari ezartzen dizkioten isunak ordaintzeko. Motxila horiak kezka iturri dira.