ELA sindikatuak salatu duenez, 2021tik 12 langile hil dira basogintzaren sektorean. Azken heriotza hau salatzeko, elkarretaratzea deitu dute biharko Zallan.
Gaurko partidarako faborito zergatik zen erakutsi du Jokin Altunak: Jose Javier Zabaletari nagusitasunez irabazi dio beste behin (22-6) eta, gaurkoarekin, 11 neurketa daramatza Eibarko (Gipuzkoa) Astelenan galdu gabe, bi urte pasatxo. Pasa den astean gaizki jokatu zuen Lasoren aurka, baina erakutsi du egun txar bat besterik ez zela izan. Altuna ere hezur-haragizkoa da. Txapelketan bizirik segitzen du. Datorren astean, Astelenan bertan, neurketa erabakiorra jokatuko dute Dariok eta biek: irabazten duena sailkatuko da finalaurrekoetarako. Gaurko emaitzarekin, Lasok ziurtatu du jada lehen postua; atzo 22-11 irabazi zion Errioxakoari. Zabaleta, berriz, aukerarik gabe geratu da. Gaurko lehiak ez du kontatzeko askorik utzi. Zabaleta 0-3 irabazten hasi da, baina Altuna geldiezina izan da sakea berreskuratu duenean (13-3). Nahi zuen moduan ibili da Amezketakoa, eta Zabaleta, berriz, kantxan bere tokia topatu ezinda. Altunak kontrolatu ditu tantoak, eta ia uneoro airez defendatzera behartu du aurkaria. Helburu bikoitza bete du gaur, beraz: irabaztea eta horren gaizki ez dagoela erakustea.
Hirugarren porrota jarraian jaso du Osasunak, azken sei partidetan bosgarrena. Jagoba Arrasateren agurreko denboraldiaren amaiera gazi-gozoa izaten ari da; Lehen Mailan jarraitzea bermatua du taldeak, ezer gutxi du jokoan, baina gaur bezain irudi eskasa ematea ez da gustagarria. 3-0 irabazi dio maila matematikoki galtzeko gutxi falta zaion Granadak. Atzealdean bereziki ahul ibili dira gorritxoak. Lehen minutu motel batzuen ostean, etxekoek gola egin dute Osasunaren atera jaurti duten lehenengo aldian. Bikaina izan da Pellistriren errematea area ertzetik. Golari esker zertxobait esnatu dira nafarrak, eta atsedenaldiaren aurretik bi gol aukera on izan ditu Raul Garciak. Bat Batallak gelditu dio, eta bestea zutinera bidali du. Atsedenalditik, ordea, lo itzuli da Arrasateren taldea, eta hori baliatu du Uzunik 48. minutuan etxekoen bigarrena egiteko. Hortik aurrera Osasunako jokalari bakarra nabarmendu da: Sergio Herrera atezaina. Hargatik ez balitz, are egur handiagoa jasoko zuten bisitariek. Baloi jabetza izan dute, baina Granada eroso zebilen baloia berreskuratzen zuen bakoitzean kontraerasoak egiten. Lucas Boyek azken minutuan sartu du hiru eta hutsekoa. Sailkapen nagusian 11. postuan da Osasuna 39 punturekin. Datorren jardunaldian Betis jasoko du Sadarren.
Foruzaingoak 83 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizean Labion (Aranguren, Nafarroa), bere 55 urteko semea tiroz hil duelako. Hiru tiro jo dizkio ehizarako eskopeta bat baliatuta. Euren etxean hil du, goizean, 8:15ean. Bizilagun batek eman du abisua, hiltzaileak berak gertatutakoa kontatu dionean. Orduan joan da Polizia, eta inguruak itxi ditu. Lehen informazioen arabera, gauean zehar eztabaidan ibili dira aita-semeak. Dirudienez, semeak zenbait alditan mehatxatu du aita labana batekin; dirua ematea nahi zuen. Horren aurrean, aitak eskopeta hartu eta hiru tiro jo dizkio. Bertan hil da semea. Gorpua 11:45 aldera altxa eta Iruñera eraman dute auzitegi medikuak autopsia egiteko. Hiltzailea, berriz, atxilotu eta Foruzaingoaren egoitza nagusira eraman dute. Han izango dute atxikita epailearen aurretik pasa arte. VILLAR LOPEZ / EFE
Uretatik atera ezinda jarraitzen du Athleticek. Lau hamarkadaren ondoren titulu bat irabazi eta gabarra atera ondoren, gozo ibili ziren jokalari zuri-gorriak Bilboko uretan, baina geroztik bururik altxatu ezinda dabiltza. Bi berdinketa zeramatzan orain arte, Vila-realen eta Granadaren kontra, hurrenez hurren, eta gaur galdu egin dute, Atletico Madrilen zelaian (3-1). Txapeldunen Ligako helburuaren bila, partida erabakigarria izan du Ernesto Valverderen taldeak, eta kale egin du. Ongi lehiatu da lehen zatian, eta Nico Williamsen golari esker bana erretiratu da atsedenaldira, baina bigarren zatian pikutara bidali du ordura arteko lana. Sendotasunik gabe ibili dira jokalariak, eta erasoan ere ez dute aparteko mehatxurik egin. Freskotasuna falta izan zaie. Gauzak hala, liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla, sei puntura urrundu zaio Txapeldunen Ligarako sailkapena, eta gol aldea ere kontra jarri zaio. Hasierako hamaikakoari dagokionez, defentsako lerroan zituen hutsuneak aintzat hartuta, jakin mina bazegoen noren aldeko apustua egingo zuen Valverdek, eta haren erabakiak ustekabea eragin du Athleticeko zale askoren artean. Izan ere, Vivian zelairatu du eskuin hegalean, Yeray eta Paredes erdian, eta Lekue ezkerrean. Erabakiak izan du zentzua, besteak beste, Samu Linoren abiadurari aurre egin izan nahi baitio zuri-gorrien teknikariak. Eta apustuak funtzionatu dio hastapeneko minutuetan. Bi taldeak nor baino nor gehiago aritu dira lehian, eta elkarri errespetu handia erakutsi diote. Bistakoa izan da jokoan asko zutela. Baina, halako partida hotzetara inor baino hobeto egokitu ohi da Atletico Madril, eta espero baino lehenago jaso du saria: 14. minutuan. Erdiraketa soil bat gaizki urrundu du Lekuek, eta aldaratzean gola egin du De Paulek, haren jaurtiketak Ruiz de Galarretaren gorputzean jo ondoren. Zorte txarra izan du Athleticek, eta golak ez dio batere mesederik egin. Irain arrazistak Nico Williamsi Kolpeari erantzun ezinda ibili dira zuri-gorriak, nahi eta ezin. Zelaiaren hiru laurdenetan inspiraziorik eta sakontasunik ez dute topatu, eta aski eroso sentitu da etxeko taldea. Athleticen aldeko korner batean, irain arrazistak jaso ditu Nico Williamsek harmailetatik, eta haren kexak ez ditu bazterrera utzi epaileak. Atletico Madrileko zelaiko arduradunarekin harremanetan jarri da, eta bozgoragailuen bidez errespetua eskatu da. Behin hori bermatuta, partida martxan jarri da berriro. Bada, handik aurrera hobeto aritu da Bilboko taldea. Baloia oinetan izan du, eta lehenbiziko abisua Sancetek eman du. Kanpora alde egin du haren jaurtiketak. Gol aukera garbirik sortu ez arren, konfiantzaz jokatzen jarraitu du Atleticek, eta atsedenaldiaren atarian jaso du saria. Jokaldi ero baten ondoren, Guruzetaren oinetara iritsi da baloia, eta haren pasea ederki baliatu du Williams anaietan gazteenak, banakoa egiteko. Ate aurrean dotore aritu da golegilea. Bigarren zatiari begira, berdinketaren golak emandako konfiantzarekin zelairatu da Athletic, baina berriz ere aparteko arriskurik ez zuen jokaldi batean aurrea hartu du Atletico Madrilek. Sancetek toki txarrean galdu du baloia, eta Kokek defentsaren bizkarrera emandako pasea ez du alferrik galdu Correak, 52. minutuan. Unai Simoni iskin eginda, 2-1ekoa sartu du aurrelariak. Egoera ikusirik, sekula baino azkarrago astindu du aulkia Valverdek, eta aldaketa hirukoitza egin du. Muniain, Herrera eta Berenguer zelairatu ditu Sanceten, Yerayren eta Guruzetaren ordez. Aldaketek ez dute zuhaitzik astindu. Sendo jokatu du Atletico Madrilek, eta ederki egin du ondoen egiten dakiena: ezertara jokatu ez. Minutu luzez ez da ezertxo gertatu zelaian. Athleticek ahalegina egin du hegaletatik, Nico Williamsen eta Berenguerren bidez, baina sendo agertu da etxekoen defentsako lerroa. Hori ikusirik, Raul Garcia prestu izan du Valverdek zelairatzeko, baina orduantxe iritsi da 3-1ekoa, berriz ere zorte txarraren eraginez. Samu Linok jaurtiketa egin, baloiak zutoinean jo eta aldaratzean sareetara bidali du baloia Unai Simonek. Hortxe bukatu da lehia. Raul Garciak zelairako bidea hartu du txalo atean, baina ezin izan du ezer egin. Gaur galdu eta gero, lanean jarraitu beste erremediorik ez du izango Athleticek, baina izugarri zail izango du lehen lau postuetan sailkatzea. Hurrengo partida Getaferen zelaian jokatuko du, datorren ostiralean.
Ehun urte bete ditu gaur Mendizorrotzak, eta opari ederra egin dio Alavesek: garaipen ikusgarria lortu du Celtaren aurka, hiru golen aldeaz irabazita. Erabakigarria ere bada, arabarrek guztiz bideratuta utzi baitute mailari eusteko helburua. 38 puntu dituzte honezkero; lasai egon daitezke. Sosegua lortzeko, erritmo frenetikoan jokatu dute gaur. Celtari ez diote inolako aukerarik eman. Nagusi izan dira, hasi eta bukatu. Baloia bizi mugitu, eta behin eta berriz erdiratu dute. Lehen zatian, hori bai, ez dute golik sartu, oso aukera garbiak izanagatik. Alabaina, ezintasuna eraginkortasun bilakatu dute aldageletatik bueltan, eta hiru bider zulatu dute Celtaren atea. San Prudentzio egunaren bezperan, ospakizun biribila izan da Mendizorrotzan. Esanahi sinboliko handia zuen partidak, eta horren erakusgarri izan dira harmailak. Zaleek pankarta erraldoi batekin eta 20.000 banderatxorekin egin diote harrera taldeari. Berdegunean, berriz, dantzari talde batek aurreskua dantzatu du lehiari ekin aurretik. Jokalariek, ezinbestean, grinaz beterik abiatu dute neurketa. Presio itogarria egiten saiatu dira, eta hala jarraitu dute minutu luzez. Begiz jota izan dute beti Celtaren atea. Bizi aritu dira aurkariaren aldean, eta gol aukera garbirik ez diote sortu lehen zati osoan. Galiziarrek arriskua sortu duten aldi bakanetako batean, erasoan falta egin du Carles Perezek, eta Duarteri ostikoa emateko keinua egin du. Txartel gorria atera dio epaileak. Atzera egin du gero, errepikapena ikusi ostean. Gauza gehienak zelaiaren beste muturrean gertatu dira. Joko zuzen eta zorrotza egin dute etxekoek, baloia alderik alde mugituta. Erdiraketen bidez saiatu dira jokaldiak bukatzen, eta aukera paregabeak izan dituzte lehen gola sartzeko. Lehenik, Kike Garciak burukada gurutzatua egin du korner batean, eta oso gutxigatik joan zaio kanpora. Hurrena Carlos Vicente izan da gola hatz mamiz ukitu duena, beste korner batean. Estrategia jokaldi ia biribila izan da arabarrentzat; Guaita gainditzea falta izan zaie bakarrik. Gauza bera gertatu da hortik gutxira, Benavidezek areara pase zehatza egin ondotik. Gorosabelek Kikeri eman dio, baina aurrelariak ez du asmatu atezainaren aurrean. Saiatu arren, txorrota itxita zuen Alavesek. Bada, golak turrustan iritsi dira atsedenetik bueltan. Kike area barruan sartu da 47. minutuan, gogor borrokatu ondoren, eta pasea eman dio Giuliano Simeoneri. Argentinarrak ez du barkatu. Sasoi honetan sartu duen lehen gola izan da. Guridik ere aurrenekoz asmatu du ate aurrean, zazpi minutu geroago. Simeonek Minguezaren akatsa behartu du, eta baloia Guridik jaso. Behingoz, sareratzeko gai izan da. Arindua hartuko zuen erdilariak, sasoi osoa eman baitu golekin etsaituta. Mendizorrotzak, berriz, gozatua hartu du. Festa piztu da harmailetan. Jokalariak, berriz, ez dira bertan goxo gelditu. Gehiago nahi zuten, eta hurbil ibili dira. Guridik zutoinera jaurti du. Eta azkenean, Benavidezek jarri du ginga, 86. minutuan, falta bat buruz errematatuta. Irudi ederra ikusi da bukaeran, zale guztiek bufandak erakutsi dituztenean.
Unai Lasok adi-adi ikusiko du bihar Jose Javier Zabaletak eta Jokin Altunak Eibarko Astelena frontoian (Gipuzkoa) jokatuko duten partida. Lana bikain egin izanak ematen duen lasaitasunarekin ikusiko du. Bi partida jokatu ditu Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkan, eta biak irabazi ditu nagusitasunez. Duela astebete, 22-7 hartu zuen mendean Altuna III.a, Bilbon, eta, gaur, beste horrenbeste egin du Iruñean, Dario Gomezekin: 22-11 gailendu zaio. Bitik bi irabazita, bakarrik dago B multzoaren buruan. Hain ondo egin ditu lanak, non bihar bertan sailka daitekeen finalerdietarako. Hauxe behar du: Altuna III.ak Zabaletari irabaztea. Hori gertatzen bada, sailkatuta egongo da, eta Iñaki Artola enpresakideari batuko zaio finalerdietan. Zabaletak Altuna III.ari irabazten badio, berriz, bi astez itxaron beharko du, azken jardunaldira. Hala ere, handia gertatu beharko luke Bizkarreta-Gerendiaingo (Nafarroa) aurrelaria kanpoan geratzeko. Inoiz ez da gertatu pilotari batek final-laurdenetako ligaxkako lehen bi partidak irabazi ondoren ez aritzea gero finalerdietan. Aurten, Artola sailkatu da horrela; iaz, Altuna III.a eta Dario; eta duela bi urte, Joseba Ezkurdia eta Laso bera. Gainera, Lasori hemezortzi tanto besterik ez dizkiote egin bi partidetan. Beraz, oso litekeena da azken neurketa galduta ere sailkatzea. Nagusi da. Sakea, erabakigarria Gaur, ordea, ez da aritu Altuna III.aren aurka bezain distiratsu. Zerbait ondo egin badu, sakatu egin du ondo: hamar tanto lortu ditu. Horrek bere onetik atera du Dario; batez ere, bigarren zatian, ordura arte berdinduta egon baitira: 9-9. Baina sakearekin Lasok izandako eraginkortasunak desorekatu egin du lehia. Dariok ere adi-adi erreparatuko dio bihar gertatzen denari, itxuraz, irabazlearen aurka lehiatuko baita sailkatzeko. Galtzaileak, berriz, ia ez du aukerarik izango. Altuna III.a da faborito: batetik, nagusitasun handiz irabazi dio Zabaletari buruz buru aritu diren bi aldietan (22-8 eta 22-5); eta, bestetik, hamar partida daramatza Astelenan galdu gabe, bi urte pasatxo. Multzoko azken jardunaldian, Laso eta Zabaleta Labriten ariko dira, eta Dario eta Altuna III.a, Astelenan.
Tokiko ekoizle txikiek eredu aldaketa eskatu dute Nafarroan elikadura burujabetza lortzeko. Iruñean egin duten manifestazioan parte hartu duten elkarteen izenean, Miriam Otxotorena artzainak aldarrikatu du “nekazaritza eredu berri bat” posible dela.
Merezi ez arren, Realak esku hutsik amaitu du Real Madrilen aurkako partida: 0-1. Hala, Anoetan daraman emaitza bolada txarra alde batera utzi ezinda segitzen du. Azken zortzi partidetatik bakarra irabazi du. Talde txuri-urdina saiatu da, partida ona jokatu du tekniko-taktikoki, jokoaren ekimena izan du eta gol aukerak izan ditu neurketa irabazteko. Baina ez du asmatu. Real Madrilek, ordea, bai, izan duen aukera ia bakarrean. Arda Guler izan da txuri-urdinen borreroa, lehen zatiko ordu erdia betetzear zela. Futbolean horrek balio du. Realak hirugarren partida kateatu du hiru puntuak batu gabe, Igandean Betisek Sevillari irabaziz gero, Reala zazpigarren jarriko da, Konferentzia Ligako postuan. Burua jaso, ondo egindakoari balioa eman, eta ekinean jarraitu beharko du Imanol Alguacilen taldeak geratzen diren bost jardunaldietan, helburua Europako ligarako sailkatzea baita. Hamaikakoari dagokionez, Getaferen aurkako partidarekin alderatuz, Zubeldia eta Zubimendi bueltatu dira, zigorra bete ostean. Imanolek, gainera, Odriozola jarri du eskuin hegaleko atzealdean, min hartutako Traoreren ordez; Turrientesek jokatu du Zakharianen tokian zelai erdian, eta, Kubok, Beckerrenean aurrean. Real Madrilek, berriz, txandakatze asko egin ditu, kontuan hartuta datorren astean Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partida jokatuko duela Bayern Munichen kontra. Reala hasieratik izan da nagusi. Baloiaren jabetzea izan du, eta patxadaz jokatu du, buruarekin, jokaldiak ondo landuz. Horretarako funtsezkoa izan da zelai erdian izan duen nagusitasuna. Lehen 25 minutuetako abagune argienak talde txuri-urdinentzat izan dira. Bata Kubok izan du, 15. minutuan. Japoniarrak erremate ona egin du, baina eskuin eskua ondo atera du Kepa Arrizabalagak. Bestea 28 minutuan iritsi da, Turrientesen urrutiko jaurtiketa batean. Gutxigatik joan da kanpora beasaindarrari errematea. Baina Real Madrilek gutxi behar du gola egiteko, eta 29 minutuan aurretik jarri da. Carvajalek erdiraketa ona egin du, Zubieldiak eta Le Normadek ez dute baloia aldentzen asmatu, eta bigarren zutoinean bakarrik iritsi da Guler gola sartzeko. Merezi ez zuen kolpea izan da txuri-urdinentzat. Realak, hala ere, ondo erantzun du, eta Oiartzabalek aukera ona izan du. Baina ez du gola egitea lortu. Biziak izan dira minutu horiek. Realak gola egin du 32. minutuan, Kubori esker. Hasiera batean Munuera Montero epaileak ontzat eman du, baina VARean begiratu ostean, baliorik gabe utzi du, baloia berreskuratzean Barrenetxeak Tchoaumeniri falta egin diolako. Lehen zatiko azken minutuetan Realak ekinean jarraitu du, nahiz eta Real Madrilek apur bat gehiago izan duen baloia. Dena den, emaitza ez da aldatu, eta atzetik joan da talde txuri-urdina atsedenaldira: 0-1. Real Madril, patxadaz Bigarren zatia hasi eta berehala sortu du Realak berdindu ahal izateko lehen aukera. Baina Turrientesek area ertzetik egindako errematea kornerrera bidali du Kepak. Jokoa ez da horren bizi hasi. Real Madril ondo egon da jarrita berdegunean, gehiago izan du baloia hasierako minutu horietan- Patxadaz jokatu nahi izan du, aurretik zihoala baliatuz. Reala ondo egon da, hala ere. Kubo eta Barrenetxea jokoan gehiago sartzea falta izan zaio, hegaletik min gehiago egiteko eta abiadura gehiagorekin aritzeko erasoan. Lerro arteko jokoa bilatu asmoz, Imanolek Zakharian zelairatu du, Turrientesen ordez. 63. minutuan izan da aldaketa. Izan ere, ez zuen arriskurik sortzen. Irten eta berehala errusiarrak erremate on bat egin du, baina gora joan zaio. Handik hamar minutura Realak berriz gola egin du, baina Oiartzabal jokoz kanpo zegoen errematea egin duenean. Kapitaina nezaekin aritu da beste behin aurrealdean, eta berak izan du, hain zuzen ere, gola egiteko aukerarik argiena bigarren zati horretan. Bi erdiko atzelarien erditik sartu da pase luze baten ostean. Ondo loratu dio baloia Kepari, baina gutxigatik joan da kanpora. Aukera horrek are gehiago suspertu du talde txuri-urdina, eta hiru korner atera ditu erreskadan. Becker ere ahalegin da, baina kanpora jaurti du. Atzean sartu du Real Madril norgehiagokaren azken txanpan. Imanolek berak Le Normad kendu eta Andre Silva zelairatu du golaren bila. Ez du lortu, ordea. Nahiz eta modu guztietara saiatu den, eta gutxienez berdinketa merezi. Partidako azken jokaldian, hala ere, Camavinga gola egitear egon da, baina Remirok ondo geratu du errematea. 0-1 amaitu da partida.