Ekaineko arratsalde bat; ekainaren 27koa, hain zuzen. Donostia, 1960. Jesusa Ibarrolak erosketa batzuk egin behar ditu, eta, horren aitzakian, 20 hilabeteko alaba izebaren kargu utzi du. Begoña Urroz da haurraren izena, eta Amarako tren geltokian geratu da Soledad izebarekin batera; geltokiko kontsignan egiten du lan hark. Bat-batean, bertan dagoen maleta batek leher egin, eta haurra larri zauritu da. Hurrengo egunean hil zen Begoña Urroz —1960ko ekainaren 28an—, zaurien larritasuna zela-eta. Atentatu baten biktima izan zen haurra, baina nork egindako edo antolatutako atentatuarena? Urte askoan esan zen ETA izan zela, eta talde armatu horren lehen biktimatzat hartu zuten. Baina ez zen hala izan egiaz, DRIL (Askapenerako Iberiar Direktorio Iraultzailea) taldeko kide bat izan baitzen: Guillermo Santoro. Muerte en Amara dokumentalak atentatu horren argi-ilunak azaltzen ditu, benetako istorioa eta egiletza agerian utziz. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian emango dituzten filmetako bat da. Azken txanpan sartuta dago jada jaialdia, eta, zehazki, bihar estreinatuko dute dokumentala, 17:00etan, Viktoria Eugenia antzokian. Lehiaketatik kanpo dago. Ikertu beharra Nerea Garcia izan da dokumentalaren produktorea, eta Aitor Gonzalez zuzendari eta gidoilaria. Ez batak, ez besteak ez zuten Begoña Urrozen istorioaren berri, harik eta Gaizka Fernandez ikerlariak kontatu zien arte. Horren inguruko ikerketa zabala egindakoa zen Fernandez, Manuel Aguilar TVEko dokumentalistarekin batera. 2016an hitzaldi bat eman zuen Aguilarrek, eta ikerlaria hura entzutera joan zen. Bertan, dokumentalistak aipatu zuen Amarako atentatuaren egilea ez zela ETA izan, eta DRIL taldeari egotzi zion atentatua. Nolanahi ere, lehenagotik ere jakina zen Urrozen hilketaren atzean DRIL taldea zegoela. Ainhoa Oiartzabal BERRIAko kazetariak kontatu zuen, 2011n, Igandea gehigarrian argitaratutako erreportaje zabalean, zenbait historialariren iritziak bilduta. Lan harengatik Rikardo Arregi saria jaso zuen Oiartzabalek. Urte batzuk geroago, 2013an, Xavier Montanya kazetariak (Bartzelona, 1961) BERRIAn eta Villaweb-en argitaratu zituen polizia txostenak. «Jakin nahi genuen benetan zer gertatu zen, eta zein zen egilea, historia behar bezala kontatzeko». GAIZKA FERNANDEZ Ikertzailea DRIL 1960ko hamarkadan sortu zen, eta Espainiako eta Portugalgo gaztez osatuta zegoen. Francisco Francoren eta Antonio Salazarren —Portugalgo diktadorea— diktadurak deuseztatzea zuten helburu. Ideologia askotako jendea zegoen taldean, eta horrek, sarritan, desadostasunak sortzen zituen kideen artean. Amarako leherketa ez zen taldeak egun hartan egin zuen bakarra. Bartzelonan eta Madrilen ere izan ziren leherketak, baina ez zen inor zauritu. 1962an, talde armatua gain behera hasi zen, eta handik pare bat urtera desagertu zen. Aguilarren hitzaldiak interesa piztu zion Fernandezi, eta harekin batera ikerketa bat abiatzea erabaki zuen. «Jakin nahi genuen benetan zer gertatu zen, eta zein izan zen egilea, historia zen bezala kontatzeko». 2019an kaleratu zuten ikerketa, eta, bertan DRILeko kide ziren izen batzuk aipatzen baziren ere, ezin izan zuten egilearen izena guztiz ziurtatu. Ikerketa plazaratzearen harira, ordea, dokumentazio berria jaso zuten, eta egilea baieztatu ahal izan zuten. «Dokumentalean lehen aldiz esan dugu egilea Guillermo Santoro izan zela, ikerketan ezin izan baikenuen esan», azaldu du Fernandezek. «Sarritan oso zaila da hedatuta dagoen bertsio bat baztertzea, nahi ezta bertsio berria benetan egiazkoa izan». AITOR GONZALEZ Dokumentalaren zuzendaria eta gidoilaria Garciaren hitzetan, egia historikoa plazaratzea izan da proiektuaren helburuetako bat, familiari nolabaiteko omenaldia eginez. «Ikerketari garrantzia eman nahi izan diogu, baina baita alde emozionalari ere». Gonzalezentzat, gertaera historiko «zurrun» hori ikuslearentzat erakargarri egitea izan da erronka: «Ikusleak erakarri nahi izan ditugu; gaiaren inguruan euren kabuz gehiago jakitera eraman». Zuzendari eta gidoilaria historialaria ere bada, eta historialarien lana aldarrikatu du: «Sarritan oso zaila da hedatuta dagoen bertsio bat baztertzea, nahiz eta bertsio berria izan egiazkoa benetan». Espero du publikoarengan izpiritu kritikoa garatzea dokumentalari esker. Ikerketa hartu dute erreferentziatzat dokumentala egituratzeko orduan. «Ikerketaren prozesua izan dugu kontuan, urte hauetan guztietan zer jakin den eta zer ez den jakin erakutsiz». Horrela, ikusleak, dokumentalak aurrera egin ahala, egia zein den ikusi ahal izango du. Fernandezi «erakargarria» egin zaio egileen planteamendua: «Ikerketa akademiko batetik dibulgaziorako produktu on bat ateratzea lortu dute».
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak bilaketa operazio zabala antolatu dute gaur goizean Bilboko Indautxu auzoko banku batean lapurtu duen gizona aurkitzeko. Lapurreta goizeko 08:30etan izan da, Bancoa-Abanca bankuak Areiltza Doktorearen kalean duen bulegoan. Bulegoa ireki aurretik jazo da gertakaria. Lapurra pistola batekin sartu eta ordu laurdenez atxiki ditu langileak. Dena oso bizkor gertatu da eta alboko denda eta tabrenetako langileek esan dute ez direla konturatu. Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, bere ihesean lapurra auto batera igo da eta Basurtura eramatera behartu du. Autoa utzi duenean ehun euro eman dizkio gidariari. Poliziak lapurrak zeraman berokia aurkitu du Basurtuko ospitaleko komunetako batean. Banku bulegotik Basurturako bidean Bilboko autobus geltokia dago, eta goizeko lehen orduan ertzainek hainbat autobus arakatu dituzte lapurraren bila. Ordu erdi inguru iraun duen dispositibo bat izan da eta hainbat ibilgailu arakatu dituzte. Poliziak oraindik ez du lapurra aurkitu eta ikerketak zabalik jarraizten du eguerdian.
Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta EHNEk aukera baliatu du Carrefour salatzeko. Fermin Gorraiz eta Patxiku Irisarri sindikatuko kideek jakinarazi dute Frantziako multinazionalak Europako legedia urratzen duela eta etiketatze irregularra egiten duela: guztiz landare jatorrikoak diren produktuak saltzen ditu «haragia balira bezala». Hori frogatzeko, Carrefourren Iruñeko supermerkatu nagusian erositako hainbat ekoizkin aurkeztu dizkiete komunikabideei: hanburgesa bat —ingelesez jartzen du «landareekin egina» dela—, etiketan «txorizo originala» jartzen duen elikagai bat, frantsesez urdaiazpiko begetal gisa saltzen den beste produktu bat… Irisarriren eta Gorraizen arabera, hori «debekatuta» dago, «Europako eta Espainiako legediak urratzen baititu». Orduan, zergatik jarraitzen dute produktu horiek saltzen? EHNEko kideen arabera, merkataritza arloko enpresek zerbitzu juridiko onak dituzte, eta legearen zirrikituak «ederki» baliatzen dituzte debekuei izkin egiteko. Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatu diote Italiaren eta Frantziaren bidetik jotzeko eta legea gogortzeko. Italian, kasurako, pentsu sintetikoak saltzea galarazita dago. Frantziako Gobernuak, berriz, Europako Batasunari jakinarazi dio dekretu bat lantzen ari dela landare jatorriko ekoizkinetan haragiari erreferentziarik ez egiteko. Zehazki, haragiarekin zerikusia duten hitzak erabiltzea debekatu nahi dute: hala nola xerra, barbakoa, saiheskia, azpizuna, txuleta… EHNEren arabera, «funtsezkoa da» herritarrek informazio argia izatea, bakoitzak nahi duen hori aske aukeratzeko modua izan dezan. Kontsumitzaileei azaldu diete gaur egun bi eredu dituztela aurrez aurre Euskal Herrian bertan. Batetik, tokiko eta gertuko produktuak ekoizten dituzten laborariena. «Bestea egun hauetan Bilbon ospatzen ari den Food 4 Future azokan islatutakoa da. Berrikuntzaz jantzitako ekitaldi bat izango da, eta, foodtech, robotika eta automatizazioa bezalako kontzeptuak erabiliz, elikadura segurtasuna eta elikagaien industriako segmentuak prozesatzeko eta ontziratzeko teknikak aurkeztuko dira, nonbait». Eredu horren barruan «mehatxurik larriena» haragia ekoizten dituzten laborategiak direla deritzote. «Mehatxua oso gertu dago, Donostian. Han, atmosfera kontrolatutako laborategian haragia ekoizteko pabiloi bat eraikitzen ari dira». EHNEk ohartarazi du alor horretan aritzen diren enpresek helburu gisa jarri dutela 2035erako «abeltzainek ekoitzitako haragiaren zati handi bat» ordezkatzea. Behien kutsaduraren aurkako kanpainen atzean egotea aurpegiratu diete. Nazioarteko egunari begira, EHNEk gogorarazi du lehen sektorea borrokan ari dela oraindik ere. Subiranotasunaren aldeko deialdia Iruñeko Geltokin, nekazaritzako hainbat elkartek prentsaurreko bat egin dute — Baztango Zaporeak, Belardi, Habelarte, Plazara, Etxalde, EHKOlektiboa, Bizilur Nafarroa, Hazialdeko eta Ekoalde—. Elikagai subiranotasunaren alde apirilaren 27an egingo den mobilizazioarekin bat egitera deitu diete herritarrei. Deialdiak kontsumo arduratsuko eragileen, talde feministen, sindikatuen eta gizarte arloko beste hainbat erakunderen babesa jaso dut. Guztira, ehun inguru. Nazioarteko egunaren testuinguruan, adierazi dute azken hogei urteetan lehen sektorea erdira murriztu dela. «2.300 nekazari baino gutxiago ditugu gaur egun. Desagertze horrek, funtsean, gure ekoizpen ereduari eragin dio, hau da, ekoizpenik txikienei, dibertsifikatuagoei eta lurraldeari lotuago daudenei». Kezkagarritzat jo dute abeltzaintza estentsiboa desagertzen ari dela eta haren ordez makroetxaldeen eredua indartzen ari dela. «Eredu intentsibo horrek ondorio larriak eragiten ditu landa eremuan, ingurunean, baliabide naturaletan», gogorarazi dute.
Bilboko Udalak ziurtatu du hiru hilabeteren buruan baliogabetuko duela enpresa emakidadunarekin duen kontratua, eta greba mugagabea bertan behera uzteko eskatu du. Langileen ordezkariek uko egin diote aukera horri.
Euroguneko inflazioa bi hamarren moteldu da martxoan, % 2,4ra arte. Beheranzko joera horrek erakusten du euroguneko inflazioa Europako Banku Zentralak lortu nahi duen % 2ko helburura hurbiltzen ari dela, eta interes-tasen lehen jaitsiera gerturatzen ari dela.
Jostailu bat haur baten eskuetan nola, hala erabili du Maccabik Baskonia. Lehen aukera zuen Baskoniak Euroligako final-laurdenetara sailkatzeko, eta huts egin du. Porrota bera baino mingarriagoa izan da nola galdu duen. Kantxan kolore bakarra ikusi da hasi eta buka: Maccabiren horia. Erasoan ideiarik gabe, eta defentsan zuloak edonon utzita, burumakur joan dira aldagelara. 113-85 amaitu da neurketa. Aterkirik gabe harrapatu du ekaitzak Baskonia. Orain, baina, ezin da marrantatu. Ostiralean izango du kanporaketetara sailkatzeko bigarren eta azken aukera, Buesa Arenan. Zaleak arduratu beharko dira giro hotz hori berotzeaz. Albiste txarrak bata bestearen atzetik jaso ditu Baskoniak. Lehenik, nola ez, erakutsitako joko eskasa eta markagailua. Baina, hala ere, are mingarriagoa izan da Chima Monekeren lesioa. Nigeriarrak min hartu du ezker orkatilean, eta aulkian eseri ostean ez du gehiago jokatu. Ikusiko da ostiralerako prest egongo den edo ez, baina ez dauka itxura onik. Belgrade Arenan jokatu da neurketa, Israelgo egoeragatik. Zalerik gabe jokatu ditu Maccabik orain arteko etxeko neurketak, baina gaurkoan ehun zale inguru izan dira harmailetan. Israelgo banderak eta Israelen aldeko leloak jasotzen zituzten oihalak edonon ikusgai. Giroa, baina, hotza zen, eta partida ere hala hasi du Baskoniak. Lehen hiru minutuetan hiru baloi galdu ditu –bost guztira lehen laurdenean–, eta Lorenzo Brown gidari hartuta, lehen abantaila lortu du Maccabik: 13-8. Alde hori, ordea, areagotuz joan da pixkanaka-pixkanaka. Baskoniak asko sufritu du defentsan. Galdutako baloiek trantsizio azkarrak egiteko aukera eman diote Maccabiri, eta, gainera, lan kaxkarra egin dute gasteiztarrek defentsako errebotean. Asko zigortu du hori Maccabik, Euroligan errebote gehien biltzen duen taldeak. Bere akatsen biktima izaten ari zen Dusko Ivanovicen taldea: 28-15 lehen laurdenaren amaieran. Nahi bezala jokatzen ari zen Maccabi, eta Baskonia, aldiz, ezinean, defentsan batez ere. Eta hutsak konpondu ez ezik, areagotu egin ditu. Bigarren laurdenaren hasieran eguzki izpi bat ikusi dute gasteiztarrek Nikos Rogkavopoulosen bi saskiratzerekin, eta berehala gelditu du partida Oded Kattash prestatzaile israeldarrak. Eguzki izpiaren ostean, baina, ekaitza beste behin: Etxekoek 12-0eko partziala egin, eta hogeita bi punturen aldea lortu dute. Atsedenaldira 55-36 joan da neurketa. Ameskeria Aldageletatik bueltan sentsazio positiboen bila kantxaratu da Baskonia. Buruz buruko jokaldiekin izan bada ere, asmatu egin dute lehen erasoetan, eta horrek hauspotu egin ditu arabarrak. Baina ameskeria hutsa izan da. Arriskatu beharra zeukaten defentsan, eta oldarkorrago aritu dira baloia zeukan jokalaria defendatzeko orduan, batez ere blokeo zuzenetan. Baina mantak ezin izaten du gorputz osoa tapatu, eta defentsa horrekin zuloak utzi dituzte kantxaren beste alde batzuetan. Patxadaz mugitu du baloia Maccabik, jaurtiketa erosoenaren bila, eta hiruko marratik gurutziltzatu du Ivanovicen taldea –19 hiruko sartu dituzte guztira–. 31 puntu sartu ditu Maccabik hirugarren laurdenean, eta 27 azkenekoan. Hainbeste puntu jasota, ezinezkoa da lehiatzea, aurkaria edozein dela ere. Zaparrada amaitu arte itxarotea, besterik ez zaio gelditu Baskoniari. Dolua azkar pasatu beharko du, ordea. Lehen aukera galduta, ostiralean izango baitu bigarren eta azken aukera kanporaketetan egon nahi badu. Zaleen bultzada izango du horretarako, Buesa Arenan jokatuko baitu.
Ezustekoa gertatu da EAJk Barakaldon antolatutako hauteskunde ekitaldian. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar izan da parte hartu duen azkena, eta, hitzaldiaren hasieran iragarri duenez, Imanol Pradales lehendakarigaiari piperbeltz esprai batekin eraso diote aipatutako ekitaldian parte hartu ondoren. Ohi ez bezala, Pradales izan da Barakaldoko ekitaldiko lehen hizlaria, ETB2ko eztabaida prestatu behar baitzuen. Pradalesen ostean, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu dute, eta, gero, Ortuzar oholtzara igo denean, esan du «albiste txar bat» eman behar zuela. Orduan adierazi du Pradalesi eraso egin diotela. Esan duenez, hautagai jeltzalea Gurutzetako ospitalera eraman dute, begiak garbitzeko. «Ez larritzeko» aholkatu die bertaratutakoei, eta gertatutakoa gaitzetsi du. «Ez dakigu zertara datorren hau», esan du Ortuzarrek, «baina honen moduko gertaerek eraman behar gaituzte gizarte gisa gogoeta egitera: tentsioa eragitea, banaketa eta amorrua sorraraztea, bidea ote den gurea bezalako gizarte batentzat. EAJren iritziz, hau ez da bidea, ez da gure bidea». EAJk jakinarazi du pertsona bat atxilotu dutela erasoaren harira. Erasoaren berri izan eta berehala iritsi dira gainerako hautagaien erreakzioak sare sozialetan. EH Bilduko Pello Otxandianok «elkartasuna» adierazi dio Pradalesi, Sumarreko Alba Garciak esan du demokrazian erasoak ez direla «onargarriak», PSE-EEko Eneko Anduezak adierazi du «edozein indarkeria ekintza gaitzesteak arau» izan beharko lukeela demokrazian, eta Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik erasoa salatu du.
Elkarteen elkarte bat da Bizipoza. Sare bat. Aldarrikapenak eta eskaerak elkarrekin egiteko tresna bat. Gaur egun, Euskal Herri luze-zabaleko haurren eta familien 38 elkartek osatzen dute. Askotariko gaiak lantzen dituzte: gaixotasunak, sindromeak, familia ereduak, kultur aniztasuna… Hala azaldu du Bizipozako koordinatzaile Leire Elizegik: «Guztiek izaera bereziko gaiak lantzen dituzte, eta oraindik hainbat eskubide betetzeko dituzten haurrek eta familiek osatzen dituzte». Gorriz margotuta daukate egun bat egutegian: Bizipoza jaia egingo dute hilaren 27an, Hernanin (Gipuzkoa). Gaur aurkeztu dituzte jaiaren xehetasunak, herrian bertan. Baina urte osoan aritzen dira lanean elkarteak. Elizegiren hitzetan, helburu bat dute ortzi mugan: «Denona eta denontzat behar lukeen Euskal Herri inklusiboa eraiki nahi dugu, euskaratik eta euskaraz». Eta batuta bakarrik baino indartsuago sentitzen dira, Joseba Labakaren hitzetan. Labaka SuperH elkarteko kidea eta Bizipozako lehendakaria da, eta nabarmendu du Bizipoza baliagarria dela, esaterako, dibulgaziorako eta bozgorailu lanak egiteko. «Jaia denok elkartzeko momentu bat da, eta gure errealitatea erakusteko aprobetxatzen dugu momentu hori». JOSEBA LABAKA Bizipozako lehendakaria Azkenaldian proiektu batean murgilduta ibili dira: Bizipoza eskola aurkeztu zuten 2023 amaieran. Hain zuzen, orain arte egindako lanak www.bizipozaeskola.eus webgunean batu dituzte. Hiru eremutara bideratutako materiala da: hezkuntza arautura, hezkuntza ez-arautura eta herrigintzara. «Gai hauek lantzeko materiala ez zegoen antolatua eta euskaraz, eta Bizipozatik urteetan sortutako guztia eta elkarteek urte hauetan guztietan sortu dutena batu dugu», azaldu du Elizegik. Horrek izan ditzakeen onuren adibide bat jarri du Labakak: «Ikastetxean esklerosia zeukan ume bat bazeukaten, irakasleek lan handia egin behar zuten materiala aurkitzeko. Zer egin dugun guk? Dena filtratu eta bildu». Jaiari begira Urte osoan komunikazio joria badute ere, Bizipozako elkarteek badute batzeko eta aldarrikatzeko egun bat: Bizipoza jaia. «Jaian protagonistak elkarteak dira, baina ez gara elkarteetara bakarrik mugatzen», azaldu du Markel Oiartzabal Bizipoza jaiaren arduradunak. Alegia, Hernaniko eragileak ere batuko dira festara: «Komunitateko jaialdi bat da. Egitarau oso aberatsa daukagu, bai Bizipozaren aldetik eta bai hernaniarron artetik». Jaia elkarteentzat bozgorailu bat dela nabarmendu du Labakak: «Denok elkartzeko momentu bat da, eta gure errealitatea erakusteko aprobetxatzen dugu momentu hori». Aurrera begirako bidea ere marraztuta dauka Bizipozak. Bi norabidetan eman nahi dituzte pausoak, eta eragitea izango dute xede. Batetik, Elizegik azaldu duenez, Bizipoza eskolaren bidez eragiten jarraitu nahi dute. Bestetik, «administrazio publikoaren eskutik helduta» ere eragin nahi dute. «Oraindik betetzeko dauden eskubideez hitz egiten ari gara». EGITARAUA ATSEGINDEGI PLAZA 10:30-14:30: Bizipozako elkarteen gunea. 10:30-14:30: Bizipoza jolasa. 10:30-14:30: Euskal tonbola, Dobera euskara elkarteak antolatuta. 11:00: Go!azen-en ikuskizuna. 11:30: Hernaniko erraldoien eta buruhandien konpartsa herrian. 11:45: Ttarla dantza taldearen dantza emanaldia. 12:30: Hernaniko musika eskolako trikitilariak herrian. 12:45: Bizipozako elkarteei eskertza eta aitortza ekitaldia. 13:30-15:30: Paella jatea, Pausoka elkartearen eskutik. 16:00: Zapotxinekin, Porrotxekin eta Marimotosekin irri, kantu eta dantza. 17:30: Merienda. 18:00: Itzal taldearen erromeria. URBIETA KALEA 10:30-14:30: Kanika aisialdi taldearen, Aratz ikastolaren eta gaztelekuaren tailerrak. 12:00: Hernaniko boleibol taldearen Hartubol erakustaldia. BITERIKO PLAZA 10:30-14:30: Bizipozako elkarteen tailerrak. 12:15-14:30: Hernani burujaberen altxorraren bila.