EAEk 1.091 atzerritar gehiago zenbatu ditu martxoan Gizarte Segurantzan afiliatuta; Nafarroak, ordea, 232 galdu ditu, Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioak emandako datuen arabera.
Osasunak atzerapausoa eman du zazpigarren postuan sailkatu eta Konferentzia liga jokatzeko helburuan. 0-1 galdu du gaur gauean Sadarren Valentziaren aurka. Gehiago merezi izan du, aurkaria baino gehiago izan baita. Baina ez du asmatu ate aurrean, eta garesti ordaindu du partidan egin duen huts bakarra. Hori gutxi ez, eta 97. minutuan aukera izan du gutxienez berdintzeko, baina Ante Budimirrek penaltia huts egin du. Gaur galdu eta gero, talde gorritxoari izugarri zaildu zaio liga zazpigarren postuan amaitzea. Zazpi jardunaldi falta direlarik, Valentzia dago postu horretan, 47 punturekin. Osasuna, berriz, 11. postuan dago, zortzi puntu gutxiagorekin: 39. Balentria handia egin beharko lukete nafarrek bigarren urtez jarraian Europarako sailkatzeko. Igarri egin da Osasunak hilabete zeramala Sadarren jokatu gabe, baita lehen partida zela etxean Jagoba Arrasatek sasoi amaieran kluba utziko duela jakinarazi zuenetik ere. Taldeak eta zaleek gogotsu ekin diote partidari. Baina, berehala, izan dute lehen sustoa, hamalaugarren minutuan. Sergio Herrera gaizki irten da, eta Hugo Duro bakarrik geratu da atearen aurrean hura hutsik zegoela. Gorritxoen zorionerako, Jorge Herrando oso azkar ibili da, eta baloia kendu dio Valentziako aurrelariari. Baina bisitariek ez dute barkatu handik gutxira, hemezortzigarren minutuan. Bizi irten dira kontraerasoan, Osasunako atzelariek huts egin dute, eta bakarrik utzi dute Andre Almeida, hark eskuinkada ederraz gola sar dezan. Golak jota utzi ditu etxekoak, eta garesti ordaintzekotan egon dira, Valentziak aukera bat baino gehiago izan baitu hurrengo minutuetan bigarren gola sartzeko. Baina, zaleen animoei esker, pixkanaka suspertu egin dira Arrasatek entrenatutakoak. Lehenbizi, aginte-makila hartu dute; eta, gero, lehen aldiz arriskua sortzen hasi dira. Moi Gomezek izan du aukerarik garbiena lehen zatian, 39. minutuan, baina haren jaurtiketak zutoina jo du baloiak Javi Guerra ukitu eta gero. Jokaldi horrek hauspotu egin ditu etxekoak, eta lehen zatia aurkaria estu hartzen bukatu dute. Hala ere, ez dute lortu gola sartzea. Ekinean jarraitu dute bigarren zatian, baina asmatu ezinik aritu dira. Budimirrek izan du lehen aukera, 64. minutuan, baina aurrelari kroaziarrak gaizki errematatu du Ruben Garciak eskuin hegaletik egindako erdiraketa. Budimirrek izan du beste gol aukera bat, 75. minutuan, baina haren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Herrando ere gola sartzear egon da, buruz, 88. minutuan. Eraso betean ari zen Osasuna, eta 93. minutuan, Hugo Guillamonek ostikoa eman dio Budimirri area barruan. Epaileak ez du ezer adierazi, baina penaltia adierazi du jokaldia telebistan ikusi eta gero. Budimir joan da botatzera, baina jaurtitzear zela, nahastu egin da, eta mantso eta Giorgi Mamardaxviliren eskuetara bota du baloia. 97. minutua zen. Ez da gehiagorako astirik izan. Modurik krudelenean amaitu da partida.
Asteko lehen ekitaldi handiak Gipuzkoan egin dituzte EAJk eta EH Bilduk, eta bi kasuetan garrantzia berezia izan dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan batak zein besteak mahai gaineratu nahi duten ereduek. EAJk «fidagarritasunaren» eta «inposizioaren» artean aukeratu behar dela defendatu du. EH Bilduk, berriz, «esperantzaren» aldeko botoa eskatu du, «beldurra» zabaldu nahi dutenen aurrean. «Boto erabilgarria» EAJk Eibarren (Gipuzkoa) elkartu ditu Imanol Pradales lehendakarigaia, Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburua eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Horiek alderdikideei eskatu diete kanpainaren azken egunetan lanean jarraitzeko, batez ere, zalantzan dauden herritarren botoak eskuratzeko. Izan ere, Pradalesen esanetan, inkestek adierazten dute hautesleen %25 inguru oraindik ere zalantzan daudela, eta horiek «mugitu» eta «konbentzitu» behar dituzte. Hala, zuzenean egin die dei: «EAJk gobernatzea nahi bada, EAJ bozkatu behar da». Eta, bide beretik, Ortuzarrek: «Boto erabilgarri bakarra EAJrena da». Pradalesek bere hitzartzearen zati garrantzitsu bat baliatu du igandeko bozak bi ereduren artekoak direla azpimarratzeko: EAJrena eta EH Bildurena. Eurena, «Euskadi fidagarri, seguru, globalaren» aldekoa dela azaldu du. Koalizio subiranistarena, berriz, «inposizioaren» aldekoa: «Aurpegi zuriketa horren atzean betiko eredua dago, inposizioarena, kontrolarena». Hala, EH Bilduk polizia ereduaren, fiskalitatearen eta gizarte zerbitzuen alorretan egindako proposamenak txarretsi ditu. Tejeriak ere bi ereduen arteko talka horretan egin du indar: «Hauteskunde hauetan aukeratu egin behar dugu; ongizatean aurrera edo atzera egitea dago jokoan, herri gisa aurrera edo atzera egitea». Hala, EAJk «eduki zehatzak» proposatu dituela defendatu du, eta «elkarrizketarako eta akordioa lortzeko gaitasuna» duela argudiatu. EH Bilduren proposamena, berriz, «edukirik gabea» da, Tejeriaren esanetan. Ortuzarrek, berriz, egonkortasunaren defentsa egin du: «Egungo gobernu formula ona iruditzen bazaizu, zein da zalantza? EAJk gobernatzea nahi baduzu, igandean bozkatzera joan behar duzu, eta EAJ bozkatu». Argudiatu du beste edozein aukerak «desegonkortasuna» eragin dezakeela; adibide gisa jarri ditu Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritza, Martin Garitanoren Gipuzkoako Aldundia eta Javier Marotoren Gasteizko Udala. «Ereduak eta esperantza» Inkestei erreparatu die EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Nerea Kortajarenak ere, koalizioak Arrasaten (Gipuzkoa) egindako ekitaldian. Hark, baina, EH Bilduk bozak irabazteko dituen aukerak izan ditu hizpide: «Lehen aldi bat idazteko aukera irekitzen ari zaigu parez pare». Hori kontuan izanik, Kortajarenak bi kontzeptu hartu ditu hitzartzea osatzeko: «Ereduak eta esperantza». Lehena hizpide, Osakidetza aipatu du ereduen arteko talkaren adibide gisa. Izan ere, uste du osasungintza publikoak egun bizi duen egoera «politika egiteko modu baten isla» dela, eta horren aurrean, «herri anbizioa» berreskuratzeko deia egin du, Osakidetza «zutik» jartzeko: «Gertuko Osakidetza berreskuratuz, lan baldintza duinak bermatuz. Hori da gure eredua». Bestetik, Gipuzkoako zerrendaburuak azaldu du «beldurraren eta desesperantzaren mezuak» plazaratzen ari direla beste alderdi batzuk. Horien aurrean, baina, adierazi du «segurtasun berriak» eskaintzeko egin behar dela lan, «galdera berriei erantzun berriak» eskainiz, baita aliantza berrien bidez ere: «Betiko erantzunek ez dute dagoeneko balio». Hala, azaldu du apirilaren 22tik aurrera ezer ez dela berdina izango: «Beldur eta desesperantzaren mezuen aurrean, ilusio eta esperantzaren mezua ekarri nahi dugu». Arkaitz Rodriguez Gipuzkoako zerrendakideak, berriz, azaldu du Euskal Herria «loratzen» ari dela: «Indarberritzen ari da egitasmo nazional herritarra». Hala, argudiatu du horrek burujabetzaren bidean «jauzi handi bat» egiteko aukera zabaldu duela. Hori ezker independentistaren gorakadarekin ere lotu du Gipuzkoako zerrendakideak: «Dagoeneko ez du inork ukatzen ezkerreko inepdendentismoak igandeko hauteskundeak irabazi ditzakeela. Nork esan behar zuen hori duela bi urte eskas». Hala, bozak irabazteko lehian aritzea «garaipen bat» dela azaldu du: «Gure herriaren parte honetan aldaketa bat behar da, une honetan gobernuan dauden alderdien propagandak dionaren kontra, gauza batzuk ez doazelako ondo». Berdintasuna, «fronte guztietan» PSE-EEk gai zehatz batean zentratu nahi izan du eguneko ekitaldi nagusia: berdintasuna. Hala, Gasteizen hitza hartu dute Eneko Andueza lehendakarigaiak, Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak eta Patricia Campelo Bizkaiko zerrendakideak. Denek ere ezinbestekotzat jo dute indarkeria matxistarekin amaitu beharra, eta zehaztu berdintasuna sustatzea politika publiko ororen erdigunean kokatu behar dela. Horretarako, auzia «fronte guztietak» jorratzeko gizarte itun bat proposatu du Anduezak; hala nola, polizien arteko koordinazioa indartzea, biktimei arreta bermatzea eta Emakunde lehendakaritzara itzultzea. Jiletek adierazi igandeko bozetan du asko dagoela jokoan, baita berdintasun arloan ere, eta defendatu du eurek «eraldaketaren» alde egin nahi dutela: «Benetako berdintasuna printzipio ukaezina da sozialistontzat; feminismoa eta sozialismoa ezin direlako banandu». Hala, «egiturazko desparekotasunari» erantzun bat emateko beharra azaldu du; soldata arrakalari, zaintzari, «diskriminazio etengabeari» dagokionez. Patricia Campelo Bizkaiko zerrendakidearen esanetan, berriz, garrantzitsua da politikan emakumeak egotea, baina are garrantzitsuagoa emakume feministak egotea. Hala, azaldu du PSE-EEk berdintasuna bere proiektu politikoaren erdigunean kokatzen duela. Haren hitzartzean zaintzaz ere aritu da, PSE-EEk proposatutako Gizakidetza ekimena hizpide. Izan ere, argudiatu du zaintza feminizatua dagoela, eta «aitortza eza» eta «prekarizazioa» dituela ezaugarri. Horren aurrean, zaintzari «prestijioa» eman beharra nabarmendu du. Etxebizitza politika berri bat Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdea koalizioko kideak etxebizitza eskubideaz aritu dira Getxon (Bizkaia) egindako ekitaldian, eta helburu bezala jarri ditu prezioak mugatzea eta etxebizitza publikoen parkea handitzea. «Etxebizitza eskubidea da, ez merkatu ondasuna», zehaztu du Isa Gonzalez hautagaiak. Hala, adierazi du ez prezioa, ez eskaintza falta ezin direla izan aitzakia herritarrek etxebizitza bat izatea galaraztea. Izan ere, Arkaitz Gorritxo koalizioko hautagaiak azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.000 eurotik gertu dagoela metro karratua. Haren esanetan, uneotan, Espainiako Etxebizitza legea da alokairuen gorakada eteteko tresna bakarra. Beraz, Eusko Jaurlaritzari txarretsi dio haren aurka egin izana: «EAJk, PSErekin batera, ez du aplikatu nahi». Izan ere, uste du egun Jaurlaritzak ezartzen dituen neurriak «jabeen poltsikoak» betetzea dutela xede: «Euskadik etxebizitzaren prezioak mugatuko dituen etxebizitza politika bat behar du; etxebizitza babestuen parkea handitzea barne hartuko duen etxebizitza politika bat, batez ere alokairuarena». Hezkuntza, «sare bakarrean» Sumarren Gipuzkoako zerrendaburu Andeka Larrea hezkuntzaz aritu da Donostian. Ekitaldian, PSE-EEri leporatu dio EAEko Hezkuntza Legearekin «estatuko itunpeko hezkuntza sare handiena blindatzea», Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetan beste norabide bat hartu duenean. Horren aurrean, Sumarrek proposatu du ikastetxe pribatuak «borondatez» publiko egiteko bideari ekitea: «Badakigu eskola publikoa dela aukera berdintasunerako berme bakarra ikasle guztientzat». EAJren aurkako kritika, berriz, autogobernuarekin lotu du Larreak, argudiatuta ezin direla eskumen propioak defendatu eta «hezkuntzaren kudeaketa esku pribatuetan utzi». Hala, itunpeko hezkuntzaren kontra egin du, eta «sare bakar bat» ezartzea defendatu: «Eta eredu pribatu bat nahi duenak ez du funts publikorik aurkituko, eta bere gain hartu beharko ditu eredua aukeratzearen kostuak».
Sud Ouest egunkariak argitaratu duenez, emazte bat larriki zauriturik da ospitalean, hil ala bizi, igandean Ziburuko eraikin batetik (Lapurdi) erori ondoan. Egunkari horrek dioenez, Baionako prokuradoretzak AFP agentziari baieztatu dio emakumearen bikotea atxilotu dutela geroztik, eta galdekatzen ari direla. Sud Ouest-ek polizia iturri batzuk aipatzen ditu, bestalde, eta, horien arabera, gizona jadanik «begitan» zuten indarkeria matxistagatik. Erran dutenez, ikerketak abiatuak dituzte «zer gertatu den jakiteko». Biktima 30 bat urtekoa dela ere jakinarazi dute, eta zauri larriak dituela, besteak beste gerrialdean. Medikuek koma artifizialean daukate, garuneko kalteetatik babesteko.
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berriak urtebete egin du, eta lehen 12 hilabeteotan, indarkeria matxistaren 600 biktima baino gehiago babestea lortu du. Izan ere, biktimek ez dute hiru urteko gutxieneko erroldaren baldintza bete behar, eta hala, igo egin da babestutakoen kopurua.
LABek Iruñean egingo duen manifestazio eta jaialdi nazionalarekin ospatuko du Maiatzaren Lehena. Iruñean, eta egun osoko egitaraua prestatu dute (manifestazioa, ekitaldia, bazkaria eta kontzertuak). Halaber, LAB sindikatua Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko da.
Athleticek Gabarran igota segiko zuela zirudien. Gutxi falta zen San Mameseko partida amaitzeko, zuri-gorriak 1-0 irabazten ari ziren eta eskura zituzten Txapeldunen Ligara sailkatzeko oso garrantzitsuak ziren hiru puntu. Baina, zigortzeko modukorik inork ikusi ez duen jokaldi batean, VAR-ak muturra sartu du eta penaltia adierazi du protagonista izan den Cuadra Fernandez epaileak. Aldaratze batean Yuriren eskuan jo du baloiak, baina eztabaidarako emango du kontuak. Parejok bikain errematatu du, eta 95. minutuan berdindu du Vila-Realek. Norgehiagoka amaitutakoan entzun dira «txapeldunak! txapeldunak!» oihu batzuk, baina sekulakoa zen jokalarien zein zaleen haserrea. Bi puntuk eskuetatik egin diote ihes Athletici. «Egia esan, ez dut ezer ulertzen. Urtero ematen dizkigute hitzaldiak, eta gauza bera esaten digute: errebote batean baloiak eskuan jotzen badigu, ez dela penalti. Jaurtiketa ez zihoan atera ere. Errespetatu beharko dugu, baina inork ulertzen ez duen erabaki batengatik joan zaizkigu puntuak», adierazi du Oihan Sancet golegileak lehia amaitutakoan. Partidaren hasieran ere izan du penalti bat alde kanpoko taldeak, baina zutoinera bidali du Gerard Morenok. Athletic indartsu zelairatu da, baina lehen zatian hobeak izan dira bisitariak. Etxekoen alde ere izan da erabaki polemiko bat: 45. minutuan epaileak txartel gorria erakutsi dio Santi Comesañari, Prados nahigabe zapaltzeagatik. Neurketa eskuetatik joan zaio erabat. Muniain eta De Marcos Athleticeko kapitainak koparekin, gaur, partida aurretik. RAUL BOGAJO / FOKU Bigarren zatian, bat gehiagorekin, dena alde jarri zaio Athletici. Jokaldi eder batean heldu da gola, 65. minutuan. Ander Herrerak erdiratu du baloia, Guruzetak, buruz, atzean utzi du baloia, eta zetorkion moduan, oinaren kanpoko aldearekin, zoragarri errematatu du Sancetek. Azken egunetako zoramen kolektiboan segitzen zuten zuri-gorriek. Azken minutuetan hiru aurrelarirekin jokatu du Vila-Realek, estutu du, eta heldu zaio saria. Athleticek 57 puntu ditu, eta lau puntura du laugarren sailkatua, Atletico Madril. Amaitu da festa, momentuz.