Artolak hamar tantotan utzi du Ezkurdia
Buruz Buruko Txapelketako ligaxkari ezin hobeto ekin dio Iñaki Artolak: 22-10 irabazi dio Joseba Ezkurdiari Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa). Arbizukoak sakez min egin dio alegiarrak, eta aurreko koadroetan ere fin ibili da. Artolak neurketa ona jokatu du, baina, egiari zor, Ezkurdiak ere ez du bere maila eman. Segurtasun gutxirekin jardun da Aspekoa, eta erabaki txar gehiegi hartu ditu. Beregan ohikoak ez diren akats ugari egin ditu. Horiek baliatzen jakin du Artolak, eta hasieratik amaieraraino izan du norgehiagoka kontrolpean. Azken bederatzi tantoak segidan egin ditu. Gaur hamar tanto soilik egin izanak asko baldintzatu dezake Ezkurdiaren txapelketa. Multzo gogorra dute Elordirekin eta Zabalarekin batera, eta litekeena da sailkapena estua izatea. Egungo txapeldunak 22-20 irabazi du lehen jardunaldian. Datorren asteburuan Elordi-Artola eta Ezkurdia-Zabala partidak jokatuko dira. Final-laurdenen fasea maiatzaren 12an amaituko da, eta hil bereko 18an hasiko dira finalerdietako partidekin. Final handia ekainaren 2an izango da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.