Realak Montjuicen galdu du, eta zazpigarren postura jaitsi da
Realak garaipen historikoa lortu zuen iaz Nou Campen. Bartzelonaren zelaian irabazita, aspaldiko bolada txarra eten, eta urrats ia erabakigarria egin zuen hamar urteren ostean Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Gaur, ordea, Europarako sailkatzeko bidean urratsa egin ezinik geratu da Bartzelonan. 2-0 galdu du Montjuicen Xavi Hernandezek entrenatutako taldearen aurka, Espainiako Lehen Mailako 35. jardunaldiko azkeneko partidan. Horren ondorioz, zazpi jardunaldiz jarraian sailkapeneko seigarren postuan egon eta gero, koska bat egin du behera, zazpigarrenera. Betisek hartu dio aurre. 55 puntu ditu Espainiako taldeak, eta bat gutxiago Imanol Alguacilek entrenatutakoak: 54 puntu. Hau da, liga gaur amaituko balitz, Betisek Europa liga jokatuko luke datorren denboraldian, eta, Realak, Konferentzia liga. Baina, hiru jardunaldi falta dira jokatzeko, eta itxura du azkeneko partidaraino ariko direla Betis eta Reala Europa ligan aritzeko azkeneko tokia bereganatzeko lehian. Buruz buruko estu horretan erabakigarria izan daiteke igande honetan Sevillan (Espainia) bi taldeek jokatuko duten neurketa. Anoetan, hutsean berdindu zuten. Baliteke Betis zein Reala Europarako sailkatuta egotea igandera iritsi aurretik. Txuri-urdinek nahikoa dute ostegunean Anoetan Valentziari irabaztea. Hori eginda, bosgarrenez jarraian sailkatuko lirateke Europarako. Gutxienez, Konferentzia ligan ariko lirateke. Berdintzeak ere balioko lieke, baldin eta bihar Vila-realek Gironan (Herrialde Katalanak) irabazten ez badu. Betisek Realaren egun berean jokatuko du, Las Palmasen (Espainia). 19:30ean hasiko da partida hori, eta 22:00etan Realarena. Beraz, aurkari nagusiak egin duena jakinda ariko dira txuri-urdinak. Goitik behera Bi egun pasatxo dituzte hurrengo partida bete-betean prestatzeko. Berehala ahaztu behar dute gaurko neurketa. Oraingoan, ez dute ezustean hartu Bartzelona. Iaz, liga irabazia zuen Kataluniako taldeak Realaren aurka jokatu zuenerako, eta ez zen bete-betean aritu. Baina, egungo egoerak ez du inolako antzik ordukoarekin. Denboraldi eskasa egin eta gero, ligan bigarren geratzea da Bartzelonaren lehentasuna. Horregatik aritu da gaur bete-betean. Gironak berdindu izana baliatu nahi zuen bigarren postura jauzi egiteko. Nahi, eta lortu. Imanolek 5-4-1 sistemaren alde egin du: Traore, Pacheco, Le Normand, Aritz Elustondo eta Aramburu zelairatu ditu defentsan; Brais Mendez, Merino, Turrientes eta Oiartzabal zelai erdian; eta Becker aurrean. Apustua ondo irten zaio lehen 25 minutuetan, nagusi izan baita. Gutxigatik ez du saria jaso. Beckerrek sortu du arrisku gehien: bosgarren minutuan, gutxigatik bota du baloia langa gainetik; hemeretzigarrenean, bakarrik geratu da Ter Stegenen aurrean, baina epaileak jokaldia baliogabetu du, Realeko aurrelariak Cubarsiri falta egin diolakoan; eta 22.ean, gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin dio, jokoz kanpo zegoelakoan. Ondo ari ziren txuri-urdinak. Bartzelona, aldiz, deseroso zegoen. Baina, pixkanaka, etxeko taldeak gora egin du, eta arriskua sortzen hasi da. Lamine Yamalek eman du lehen abisua, eta 26. minutuan gutxigatik bota du baloia kanpora. Aukera argiagoa izan du Rapinhak 38. minutuan, haren jaurtiketa zutoinera joan baita. Gundoganek gutxigatik ez du gola sartu aldaratzean. Hurrengo jokaldian, ordea, Lamine Yamalek ez du barkatu, eta bikain biribildu du Lewandowskik eta Gundoganek bideratutako kontraerasoa. 1-0. 40. minutua zen. Horrela amaitu da lehen zatia. Bi zati ezberdin izan ditu: aurrenekoan, Reala gailendu da, eta, bigarrengoan, Bartzelona. Baina etxekoek bakarrik asmatu dute gola sartzen. Bigarren zatiaren hasiera aurreko minutuen joera beretik joan da. Rapinhak bitan jarri du estutasun handitan Remiro urrutitik: 48. minutuan, gutxigatik joan zaio baloia langa gainetik; 65.ean, berriz, Realeko atezainak geldiketa bikaina egin dio. Baina etxekoak gehien estutzen ari zirenean, txuri-urdinek aukera oso argia izan dute. 67. minutuan, Gundoganek pase txarra eman du bere area inguruan, Brais Mendezek jaso du baloia, arean sartu da, eta haren jaurtiketa oso gutxigatik joan da kanpora. Partidako aukera garbiena izan da. Hor izan du Realak banakoa. Imanolek aldaketak egin ditu 70. minutuan; hiru kolpe batez: Tierney, Barrenetxea eta Kubo zelairatu ditu Pachecoren, Arambururen eta Beckerren ordez. 5-4-1 sistema 4-3-3koagatik aldatu du. Erasokor jokatu nahi zuen. Eta lortu du. Kubok jaurtiketa arriskutsua egin du irten berritan, baina Ter Stegenek ondo gelditu du baloia. Geldiketa oraindik eta hobeagoa egin dio Remirok 77. minutuan Ferran Torresi. 2-0koa zen. Imanolek azkeneko bi aldaketak egin ditu 79. minutuan: Odriozola zelairatu du Traoreren ordez, eta Zakharian, Brais Mendezen ordez. Aldaketek ez dute ezer aldatu. Are gehiago, Odriozola zoritxarreko protagonista izan da. 89. minutuan, Rapinhak botakako faltak atzelariaren eskuan jo du. Epaileak ez du penaltia adierazi, baina erabakia aldatu du jokaldia telebistan ikusi eta gero. Rapinhak berak bota du penaltia 94. minutuan, eta bigarren gola sartu du. Hortxe amaitu da partida.