Azken unean lortu du berdinketa Athleticek Osasunaren aurkako derbian
Azken jokaldian lortu du berdinketaren gola Athleticek Osasunaren aurkako partidan. 0-2 aurreratu dira nafarrak San Mamesen, Raul Garcia de Haroren eta Ruben Garciaren gol banari esker. Baina Iñaki Williamsek aldea murriztu du neurketaren ordubetea igaro denean, eta Osasunaren garaipenak ziurra zirudienean berdindu du neurketa Asier Villalibrek. Berdinketarekin amaitu da denboraldiko azken euskal derbia. Raul Garciak jokalarien zein zaleen beroa jaso du neurketa hasi aurretik. Osasunako harrobian hezitako jokalaria Athleticen ari da aspaldian, eta bere ibilbide profesionalari amaiera jarri aurretik omenaldia jaso du bi taldeen eskutik. Besteak beste, Patxi Puñal Osasunaren historian partida gehien jokatu dituen jokalari ohia jaitsi da San Mameseko berdegunean egindako omenaldira. Neurketa hasi orduko, ordea, lehia izan da nagusi. Gogo biziz hasi dute neurketa bi taldeek, eta gol bana baliogabetu die epaileak; jokoz kanpoagatik biak ere. Iñaki Williamsek eta Raul Garcia de Harok lortu dute ateak zulatzea, baina haiek errematean bezain fin aritu dira bi marrazainak banderatxoa altxatzerako orduan. Aurrez, gertu izan zuen gola Ruben Garcia gorritxoak. Baina Unai Simonen aurrean bakarrik zela, ederki gurutzatu zitzaion Iñigo Lekue errematea egin behar zuenean. Atsedenaldiaren aurretik poza aulki batetik bestera joan da poztasuna minutu eskasean. Muniainek gola egin du Alex Berenguerren pase bat baliatuz. Nafarraren azken minutuan dira elastiko zuri-gorriarekin, eta festak eztanda egin du San Mamesen kapitainaren golarekin. Epaileak, ordea, baliogabe utzi du hori ere, Berenguer jokoz kanpo baitzegoen baloia iritsi zaionean. Zuri-gorriak oraindik penatuta zeudela iritsi da Osasunaren gola, hurrengo jokaldian. Hala nola iritsi da baloia zuri-gorrien areara, eta Johan Mojicaren erdiraketa Raul Garcia de Harok bidali du sareetara. Oina jartzearekin bakarrik desbideratu du baloia sareetara. 0-1ekoarekin joan da neurketa atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala handitu du aldea Osasunak. Huts egite galanta egin dute Athleticeko atzelariek zelai erdian. Osasunak baloia urrundu du bere area inguruan, eta Athleticeko jokalariak bata besteari begira gelditu dira. Ruben Garcia izan da azkarrena, eta lasterraldi luze baten ostean sareetara bidali du baloia. Azti ibili da Xativako aurrelaria. Mutu gelditu da San Mames, gutxitan bezala. Baina jokalariek ez dute etsi, eta handik hamar minutura murriztu dute aldea. Iñaki Williams izan da gol egilea. Mojicak toki txarrean galdu du baloia. Williams anaietan zaharrenari iritsi zaio, eta horrek, sareetara bidali du baloia erremate bortitz batekin: 1-2 60. minutuan. Azken unean, berdinketa Osasunari luze egin zaio partida handik amaierara bitarte, baina ondo egin du defentsan egin beharreko lana. Athleticek bizpahiru aukera izan ditu partida berdintzeko, baina Dani Vivianen burukada kanpora joan da, eta Asier Villalibrerena Sergio Herrerak atera du atepean. Osasunaren garaipenak ziurra zirudien, baina azken unean iritsi da Athleticen berdintzeko gola. Oscar de Marcosen erdiraketa Sergio Herrerak jaso behar zuen, baina ihes egin dio baloiak, eta atzelari baten gorputzean jo ostean, oinetara iritsi zaio Villalibreri. Gernikako aurrelariak ez du hutsik egin. Hurrengo jokaldian hirugarrena egiteko aukera izan du Villalibrek berak, baina 2-2 amaitu da neurketa.