Mondragoneko kooperatibek 593 milioiko irabaziak izan dituzte 2023an. Gainera, salmentak 11.000 milioitik gorakoak izan ziren, eta 4,4 % igo dira 2024ko lehen lau hilabeteetan.
Kaleratzeak Stop elkarteak salatu duenez, Goiak euren kontrako “jazarpen” kanpaina. Rosa Garcia bozeramaileak azaldu duenez, xedea ez da “boikota”, etxebizitza babestuen kopurua handitzea baizik.
Bi mezu nagusitu dira Hego Euskal Herrian abiatu den Europako hauteskundeen kanpainan. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu dute EAJk eta EH Bilduk, eta aldarri hori Europara eramango dutela. Eskuin muturraren gorakadaz ohartarazi dute, bestetik, PPk ez beste guztiek, eta horri galga jartzera deitu dute. Dozenaka lagun elkartu ditu EH BIlduk Bilbon eta Iruñean, kanpaina hasieran. Pernando Barrena Orain Errepublika aliantzaren bigarren zerrendakidea izan da hizlari, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiarekin eta Idurre Bideguren senatariarekin batera. Iruñean izan da, berriz, Bakartxo Ruiz, dozenaka alderdikidez inguratuta. Gogoratu dute azken hauteskunde zikloan EH Bilduk izan duen gorakada, eta erronka gisa dute hauteskunde hauetan ekainaren 9ko hauteskundeetan EH Bildu izatea Hegoaldean boto gehien lortuko dituen alderdia. Barrenak esan du aldarrikatuko dutela Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela, eta irtenbide baketsu eta demokratikoak emateko eskatuko dutela. Bestalde, ohartarazi du eskuin muturraren indarraz, eta ideia bat azpimarratu du: «Antifaxistak gara». Gatazka giroa ere izan du mintzagai: «Ezin da Palestina estatu gisa onartu eta Israeli armak saltzen segitu». Gatazken konponbidea elkarrizketaren eta diplomaziaren eskutik etorri behar dela esan du. Ohartarazi du gastu militarraren igoera iragartzen ari dela eskuina, eta hori eskubide sozialen galererako izango dela, «ez dugu onartuko. Oraindik gogoan dugu 2008ko krisiak eragin zuen masakre soziala». Boto antifaxista, antibelizista eta eskubide sozialen aldekoa eskatu du, eta deitu du mobilizatzera. Estaturik gabeko nazioen eskubideak «inoiz baino ozenago» aldarrikatzeko tenorea dela esan du Bakartxo Ruizek EH Bilduren laugarren zerrendakideak, Iruñean, Gaztelu plazan. Ruizek aitortu du Europako bozak urrunekoak ikusten dituela gizarteak eta «panorama beltza» dela, eskuin muturraren eta militarizazioaren gorakadaren ondorioz. Hain zuzen, horregatik jo du inoiz baino garrantzitsuago hauteskunde horietan parte hartzea, «injustiziei aurre egiteko» eta estaturik gabeko nazioen aitortza aldarrikatzeko, «betikoek betikoa erabaki ez dezaten», eta aldarrikatzeko, ezkerretik eta subiranotasunetik beste Europa bat posible dela. Oihane Agirregoitia, Hondarribin, kanpaina hasieran. LUIS TEJIDO / EFE EAJk nazio aldarria eta eskuin muturrari galga jartzeko deia egin du EAJk Bidasoa ibaiaren alboan hasi du Europako hauteskundeetako kanpaina. Haien esanetan, bi arrazoiengatik: batetik, Bidasoa delako hego aldeko eta ipar aldeko euskal herritarrak batzen dituen ibaia, eta bestetik alderdi jelkidea delako alderdi bakarra Euskal Herri osoan aurkeztuko dena. Dozenaka lagun elkartu dituzte kanpaina hasierako ekitaldian, Hondarribin, Gipuzkoan. Oihane Agirregoitia zerrendaburuarekin batera izan dira Jean Tellechea, Aitana Agirre, Rakel Molina, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakaria. Agirregoitiak bozen garrantzia nabarmendu du. Argudiatu du «muturreko populismoak» goranzko joeran diren garaiotan, EAJk «proposamen erreal eta zehatzak» aurkezten dituela. Haren esanetan, «euskal lobby-a» izan nahi dute EBn, eta batasunaren «gizarte eredua» defendatu, «Txinako eta AEBetako ereduen aurrean». Horrek, era berean, «herrien Europa» indartzea eskatzen duela zehaztu du. Horiek hala, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari Iñigo Urkulluk azaldu du «garapenaren, elkartasunaren, herrien Europa» defendatzen duela EAJk. Hala, EBn hartzen diren erabakietan «Euskadiren ahotsa» islatu nahi dutela zehaztu du: «Euskadi defendatzeko eta Euskaditik Europa gehiagorako ekarpenak egiteko». Haren esanetan, «Euskadiren herri erronkek dimentsio europarra» baitute. Ortuzarrek abisua eman du: «Korronte antieuroparra hedatu da, eta Europa galbidera eraman nahi dute». EAJk eskubideen alde egingo duela esan du. Bestetik, bi aldarri Europara eramango dituztela azpimarratu du: Euskal Herria nazioa dela eta euskara Europako hizkuntza dela. Idoia Mendia, kanpaina hasierako ekitaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE Eskuin muturrari erantzuteko deia egin du Alderdi Sozialistak Alderdi Sozialistak Iruñean eta Bilbon egin ditu kanpaina hasierako ekitaldiak. Santos Cerdan antolakuntza idazkaria, Maria Txibite lehendakaria eta Elena Sancho Alderdi Sozialistako hemeretzigarren zerrendakideek hartu dute hitza. Cerdanek esan du eskuinak barrutik hautsi nahi duela Europa, «Troiako zaldi bat bezala». Txibitek ere ohartarazi du atzerakadarako dagoen «arriskuaz»: «Une erabakigarrian gaude: aurrera egitea edo atzera egitea dago jokoan». Sanchok ere deitu du etenik gabe lana egitera, «demokrazia gehiago eta hobea eraikitzeko, agenda berdea indartzeko, berdintasuna eta ongizatea indartzeko». Orain arte eraikitako guztia arriskuan egon daitekeela uste du, «eraikitako guztia eraitsi nahi dute matxismoz, negazionismoz eta gorrotoz betetako mezuekin». Eskuin muturraren arriskuaz ohartarazi du Idoia Mendak ere, Bilbon. Alderdi Sozialistako bosgarrena da zerrendan, eta Bilbon ireki dute kanpaina, Areatzan. «Eskuin horrek, PP horrek, kanpaina hasi du Mileirekin. PPren bazkideek motozerra hartzen dute eskuan, murrizketa bortitzak txalotzen dituzte, gutxien duenaren gutxiespena sustatzen dute. Hori da Alderdi Popularrak babesten duen eredu berria. Eta horiek dira lortutako guztia arriskuan jar dezaketenak. Hautetsontzietan aurre egin diezaiekegu Alderdi Sozialista bozkatuta». Uste du Europako eredua demokraziarentzat «itsasargi» bat dela, kohesio soziala eta bizikidetzaren eredu bat. Eta iruditzen zaio hori defendatu behar dela. «Hauteskunde hauek ez doaz nazionalismoaz», haren ustetan, «Alderdi Sozialistaren eskutik etorritako aurrerapenei bultzada emateaz, baizik». Eneko Andueza lehendakarigaia alboan izan du Mendiak. Azpimarratu nahi izan du hauteskunde hauen garrantzia: «Ezin dugu utzi Europa berde, sozial, abegikor eta berdinzalea iraganeko garai beldurgarrietara eramaten gaituen eskuinaren esku». «Irabazleentzako» botoa eskatu du PPk Europako alderdi popularraren olatura igo eta euskal herritarren ordezkaritza egokiena Alderdi Popularra dela esanez hasi du kanpaina Javier de Andres EAEko PPko buruak, Bilbon. Carlos Iturgaitz eta Javier Zarzalejos izan ditu alboan. Esan dute Europan kale egiten duten politikak sozialistenak eta nazionalistenak direla. «Irabazleei» botoa emateko eskatu dute. Antonio Lopez-Isturiz Nafarroko eurodiputatuak Iruñean egin du ekitaldia, eta ildo beretik eign du. Europan eskuinak irabaz dezakeela esan du, eta UPNren zaleei ere eskatu die botoa, «Europan bezala, Nafarroan eta Espainian eskuinak irabaz dezan». Sumarrek botoa eskatu du «atzerakada demokratikoa geratzeko» Carlos Guzmanek Iruñean egin du kanpaina hasierako ekitaldia. Nafarroako Ezker Batuko koordinatzailea da, eta hemezortzigarrena Sumarren zerrendan. Eskatu dio botoa Nafarroa feminista, ekologista eta bakezaleari. Esan du Sumar dela bermea Europa neoliberalari eta kapitalistari aurre egiteko. Ohartarazi du eskuin muturraren eta eskuin kontserbadorearen eskutik «atzerakada demokratikoa» gerta litekeela Europan. Horri galga jartzeko eskatu du botoa Sumarrentzat. Ildo beretik egin du Andeka Larrea Sumar Euskadiko zerrendakideak, Bilbon. Han abiatu du kanpaina, alderdikideekin egindako batzar batean. 35. doa zerrendan. Larrearen ustez, «balio aurrerakoiak» daude jokoan. Horregatik iruditzen zaio garrantzitsua bultza egitea «Europa sozialago baten alde, demokratikoagoaren alde, gutxiengoan daudenen mesedetan lana egingo duenaren alde». Ipar Euskal Herrian kanpainako afixak ofizialki astelehenean hasiko dira jartzen.
Herbehereetako Toxicowatch ikerketa zentroa 2019an hasi zen toxikotasuna neurtzen Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) eragin eremuan, erraustegia bera piztu aurretik. Ordutik hona, urtero aritu dira inguruko oiloen arrautzetan, hainbat motatako zuhaitzetan, sedimentuetan, uretan eta amen esnean laginak hartzen, eta ondorioztatu dute erraustegia martxan jarri zenetik nabarmen handitu dela hainbat toxikoren proportzioa lagin horietan. Erakunde independente horretako bi buruek —Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman— eman dituzte emaitzak, Hernanin: Arkenbouten arabera, arrautzetan eta hainbat landaretan «dioxina kantitate handia» topatu dute 2022an eta 2023an, 2019. urtearekin alderatuta. Toxicowatchen emaitzak, baina, oso ezberdinak dira Biogipuzkoak egindako ikerketarenekin alderatuta —Osakidetzaren menpekoa da erakunde hori—; duela bi aste adierazi zuten ikerketa horren arabera ez dutela ikusi epe motzeko eraginik osasunari dagokionez. Arrautzei dagokionez, dioxina kantitatea nabarmen igo da 2019tik, Herbehereetako ikerlarien arabera: hamar leku baino gehiagotako arrautzak ikertu dituzte —batzuk erraustegitik hurbilago daude besteak baino—, eta lau urtean izugarri handitu da dioxina kantitatea. Erraustegitik 2,5 kilometro ingurura dagoen baserri bateko arrautzetan, adibidez, 4,7tik 11ra igo da dioxina kantitatea, eta bost kilometrora dagoen Hernaniko baserri batean 7,6tik 35era (ia lehen halako bost). Erraustegiaz gain bestelako aldagaiak ere hartu dituzte kontuan: trafikoa, egur industria, industria kimikoa… Landarediari dagokionez, erraustegitik metro gutxira dagoen leku bateko goroldioan 0,13tik 29,38ra igo zen dioxina kantitatea (226 bider gehiago). Pinuen arantzetan ere antzeman dute mota guztietako dioxinek gora egin dutela, baita gorostietan ere. 2019an detektatu ezin ziren kutsagarri batzuk ere detektatu dituzte 2022an eta 2023an, PAHak eta PFASak. Erraustegitik gertu dagoen Arkaitzerrekako bi gunetan hartu zituzten ur laginak: batean litroko 63 nanogramo eta bestean 140 nanogramo PFOA topatu zituzten 2021ean. Datu horiek Herbehereetan duten mugarekin —litroko 0,3 nanogramo— alderatu dituzte: «Zubietan muga hori 210 eta 466 aldiz gainditu da», azaldu du Boumanek. Ikertzen jarraitu beharra Herbehereetako bi zientzialariek ondorioztatu dute Zubietako erraustegia piztu zenetik handitu egin dela hainbat gai kutsatzaileren presentzia, baina gaineratu dute gutxienez 2025era arte jarraituko dutela ikertzen. Izan ere, Zero Waste Europe sareak zazpi erraustegi ikertuko ditu zer-nolako eragina duten jakiteko, eta tartean da Zubietako erraustegia; Madrilgoa, Pariskoa, Belgikako bat, Txekiako bat, Lituaniako bat eta Herbehereetako bat ere ikertuko dituzte. Zubietako erraustegiaren kasuan, 2019an hainbat amaren esnearen laginak ere hartu zituzten, baina gerora ez dute lortu gauza bera egitea; Boumanek eskerrak eman dizkie orduan parte hartu zuten emakumeei, eta nabarmendu lanean jarraituko dutela 2025ean halako beste laginketa bat egin ahal izateko.
Elkar fundazioak aitortza egin nahi izan die AEKri eta hark antolatutako Korrika ekinaldiari, eta haientzat izan da aurtengo Ibilbidearen Elkar saria. Elkar fundazioko idazkari Jon Jakaren arabera, Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz «eroso bizitzea» da AEKren helburua, eta, hizkuntzaren normalizazioa xede hartuta, esparru guztietan egiten du lan: ezagutzan, erabileran eta sustapenean. Hala, orain arte egindako bidea saritu dute: «Ez duzue lan makala egin». Esker onez hartu dute saria AEK-ko Artezkaritza taldeko kide Aitziber Balantzategik, Bixente Claveriek, Xabier Gartziak, Lurdes Etxezarretak eta Aize Otañok, baita Korrikako koordinatzaile Ane Elordik ere. Jakak azpimarratu du AEK-k milaka lagun euskaldundu dituela, eta beste hainbat hurbildu direla euskarara erakunde horri esker. Egitasmo batean jarri du azpimarra: Korrikan. «Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere». Korrikako koordinatzaileak ere hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie 1980. urtetik hona Korrika antolatzen aritu diren AEK-ko kideei, eragileei eta norbanako guztiei. «Denok egiten dugu Korrika, eta denok gara Korrika». Nabarmendu du Korrikak 23 aldiz zeharkatu duela Euskal Herria, eta ordutik, ehunka mila lagunek parte hartu dutela lasterketan: «Hizkuntza berreskuratzearen aldeko hautua egin dute den-denek. Azken Korrikan ere, kalera atera gara, plazak hartu ditugu, errepideak bete. Eta argi adierazi dugu bagarela nor, euskararen aldeko adostasun zabala dagoela». Orain arteko bidetik jarraituko dutela ziurtatu du, «euskararen aldeko kontzientzia suspertzen». Era berean, Balantzategik esan du argi izan dutela beti zein den asmoa eta iparra: Euskal Herri euskalduna erdiestea. «Urte hauetan guztietan, hamaika erronkaren eta oztoporen gainetik, zubiak eraikitzeko eta aurrera egiteko bideak topatu ditugu». Elkarlanean aurrera segituko dutela esan du, «garen horretaz eta egiten dugunaz harro gaudelako». Agintari, eragile eta euskaltzale ugari bildu dira sari banaketan, eta txalo artean hartu dituzte saridunak. Horren ondoren, poesia irakurraldi musikatua egin dute Oihane Jakak eta Xabier Zeberiok. Joseba Jaka beka, Josu Goikoetxearentzat Ibilbidearen Elkar saria banatzeko ez ezik, Joseba Jaka beka emateko ere aprobetxatu dute ekitaldia. Josu Goikoetxearentzat izan da beka: 10.000 euroko laguntza izango du, eta urtebeteko epea, Hiltzailea eta beste ipuin batzuk proiektua garatzeko. Aurkeztu diren hamabost lanen artean, Goikoetxearena hautatu du epaimahaiak, laginean aurkezturiko «ipuinen kalitatea» azpimarratuta.
Ekonomia ministroaren arabera, Gobernuak kezka du “lehia eraginkorraren balizko murrizketaren eraginaren eta kontzentrazioaren” gainean, eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (BMBN) edo Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (MLBN) baimenen zain dago erabaki bat hartzeko.
Aiaraldeko Komunikabideak jakinarazi du 6.000 euroko laguntza kendu diola Amurrioko Udalak. «Gertaera oso larria eta onartezina zaigu, eta egoera bideratzeko eskatzen diogu tokiko erakundeari», adierazi dute. Halaber, gaineratu dute udalak ez diola erantzun egoeraren larritasuna aztertzeko eginiko bilera eskaerari. Gogora ekarri du Aiara eskualdean euskarazko komunikabide bakarra direla, eta Laudio, Urduña, Aiara, Okondo, Artziniega, Orozko, Arrakundiaga-Zollo eta Arakaldoko udalen babesa jasotzen dutela. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako Foru Diputazioak sustatzen eta finantzatzen dute. Bi erakundeen plan estrategikoetan azpimarratzen da euskarazko komunikabideen garrantzia estrategikoa, baina Amurrioko Udalak hori kontuan ez duela izan azaldu dute. Komunikabidea «itotzeko saiakera» Euren esanetan, «inolako jakinarazpenik eman gabe» izan dute erabakiaren berri, eta euskarazko komunikabide bakarra «itotzeko saiakera» dela deritzote. «Euskara biziberritzearen aurka hartu dituen erabakien azken mugarria da», aipatu du komunikabideak eta aurrekariak zerrendatu ditu. Adibidez, iazko hauteskunde kanpainan Kontseiluarekin biltzeari muzin egin zion udalak euskalgintzaren erakundeak euskararen inguruko konpromisoak hartzeko proposamenaren aurrean. Uztailean euskararen teknikari lanpostua udal langileen zerrendatik kendu zuen. Urtarrilean, Amurriko kiroldegiko lizitazio publikoan bertako langileen euskararen profil derrigortasuna kendu zuen. 2016tik Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin hitzarmena «izoztuta dago»… Horren aurrean behar-beharrezkotzat jo dute komunikabidearen eta udalaren artean biltzea. Gainera, eskatu diote diru laguntza berrezartzeko «lehenbailehen». Euskararen aurkako eraso guztiak eten ditzala galdegin diote udalari. Euskararen biziberritzean oztopo izateari uzteko eskatu diote. Aiaraldea Komunikabidea duela hamalau urte abiatu zen. Herritarren hauspoa izan du hasieratik eta hari bultzada eman diote eskualdeko udalek eta alderdi politiko guztiek.
Urte hasieran auto elektrikoen salerosketak izan zuen beherakada ez zen une bateko kontua izan. Europako Batasuneko lehen lau hilabeteetako datuak bildu ditu ACEA Automobil Ekoizleen Europako Elkarteak, eta baieztatu du ez direla betetzen ari hazkunde etengabearen espektatibak. ACEAren arabera, aurtengo apirilean 108.552 auto elektriko berri matrikulatu ziren EBn, iazkoan baino %14,8 gehiago. Merkatu osoak, ordea, antzeko hazkundea izan du (+%13,7), eta horrek eragin du auto elektrikoen kuotan ia ez dela aldaketarik izan: %11,8 iazko apirilean, eta %12 aurtengoan —hori da urtarriletik apirilerako kuota ere—. 2023an azpitik hasi ziren salmentak, eta, urteak aurrera egin ahala, gora egin zuten. Horrela, 2023ko urtarrilean %9,5 izan ziren auto elektrikoak, eta %18raino iritsi ziren abenduan. Baina azken datu horretan bada faktore bat kontuan hartu behar dena: Alemanian orduan amaitu ziren auto elektrikoak erosteko laguntzak, eta horrek erosle asko erakarri zituen. Laguntzak amaituta, jaitsi egin da auto elektrikoen salmenta Alemanian: iazko lehen lau hilabeteetan %14,3 izan ziren, eta %11,8 aurten. Antzeko zerbait gertatzen ari da beste merkatu nagusi batean, Italian: %3,7 izan ziren iaz apirilera arte, eta %2,8 aurten. Espainian ere ez da erritmoa hartzen ari: %6,1 izan ziren iaz, eta %6,2 aurten. Antzeko zerbait gertatzen da Hego Euskal Herrian, Nafarroari esker kuota pixka bat handiagoa den arren. %6,6 Hegoaldeko kuota. Hego Euskal Herrian 686 auto elektriko matrikulatu dira urtarriletik apirilera, iaz baino sei gehiago baino ez. Merkatu kuota %6,8tik %6,6ra jaitsi da, baina askoz txikiagoa zatekeen Nafarroarengatik izan ez balitz. Lurralde horretan, zerga kenkariak tarteko, kuota %9,1etik %10,6ra handitzen ari da. Baina herrialde guztietan ez da gauza bera gertatzen ari. Auto elektrikoen salmentak bultzada handia izan du Frantzian (+%45,2) eta Belgikan (+%41,6), eta kontinenteko iparraldean auto elektrikoak dira gehien salduak: %41,7 Danimarkan, %30,9 Suedian eta %30 Herbehereetan. Bruselaren erabakia Auto elektrikoen arrakasta apalaren faktoreetako bat da errekuntzakoak baino garestiagoak direla. Arazo hori konpon dezake Txinako auto merkeagoen inportazioak, baina irtenbide horrek beste problema bat sortuko luke: EBko auto industria, kontinenteko industriarik garrantzitsuena, ahuldu egingo luke, gaur egun ezin delako preziotan lehiatu Txinatik iristen hasi diren autoekin. Bi aukeren artean, Bruselak Joe Biden AEBetako presidentearen bidea har dezake, eta muga zergak handitu Txinako auto inportazioei —%15eko tarifa dute gaur egun—. Joan den irailean, inportazio horiei buruzko ikerketa bat ireki zuen Batzordeak, diru laguntza publiko «handiegiak» jaso ote zituzten jakin nahian, eta ekainaren 5ean da ixtekoa. %48,9 Errekuntzako motorren kuota. Auto guztiz elektrikoen salmentak goranzko joerari utzi izanak ez du esan nahi ibilgailuen elektrifikazioa eten denik. Kontsumitzaileak tarteko motorrak hautatzen ari dira, eta errekuntza motorrekoen kuota jada erditik behera jaitsi da: %48,5 urteko lehen lau hilabeteetan. Gasolina autoak dira oraindik gehien salduak (%35,6), baina gertu dituzte auto hibridoak (%29). Alemaniako autogile handiak (VW, Mercedes eta BMW) muga zergak handitzearen aurka azaldu dira, beldur direlako Txinak antzeko neurriekin erantzungo duela, eta, hortaz, kalte egingo diela herrialde hartan dituzten negozio oparoei —VW taldeak han saltzen ditu hiru autotik bat—. Talde horretara batu da Europako talderik handienetan bigarrena, Stellantis. Peugeot, Citroen, Fiat, Opel, Jeep eta beste hainbat biltzen dituen enpresako kontseilari ordezkariak, Carlos Tavaresek, «tranpatzat» jo du Txinako autogileei muga zergen bitartez aurre egiteko aukera. Reutersek antolatutako ekitaldi batean, Tavaresek ziurtatu du tarifek inflazioa handituko dutela, eta horrek kalte egingo diela EBko eta AEBetako autogileei ere. [articles:2125251] Tavaresek onartu du Txinako autogileek «oso lehia gogorra» egingo dietela europarrei, batez beste %30 merkeago ekoizteko gai direlako, eta merkatuaren zati handi bat jango dietela, %10ekoa edo. Horrek «kostu sozialak» izango dituela ohartarazi du, hau da, fabrika batzuk itxiko direla eta autogintzako lan baldintzak kaskartuko direla. «Europako gobernuek ez diote errealitate horri aurre egin nahi», gaineratu du. «Une darwinista batean gaude».
«Oraindik ez daukat iritzi argirik». June Fernandez kazetari eta idazleak Aingeruak eta neskameak saiakera idatzi du, helburu batekin: haurdunaldi subrogatuari buruzko eztabaida garatzeko, «diskurtso feminista kolektibo plurala» ahalbidetzea eta zabaltzea. Haurdunaldi subrogatuari buruzko liburu bat da, beraz, Susa argitaletxearen Lisipe bildumako hamalaugarren zenbakia. Fernandez kazetaria da, eta nabaritzen da liburuaren metodologian. Erantzunak eman baino gehiago, galderak egin ditu: «Liburuaren funtsa nire zalantzak, kontraesanak eta dilemak dira». Alor desberdinetako adituek eta arituek —feministak, denak— eman dizkioten erantzunak dira liburuaren oinarria. «Esloganek errealitatea sinplifikatu egiten dute», adierazi du, eta horregatik saiatu da hain gai konplexuaren inguruko eztabaidak duen polarizaziotik harago joaten. Gaur aurkeztu du liburua, Donostiako udaletxe zaharrean. Kazetaria eta idazlea izateaz gain, eragile feminista transmaribibolloa ere bada Fernandez. Pikara Magazine aldizkaria sortu zuen, 2010ean, eta hura koordinatzen pasatu du hamarkada bat. Kazetari autonomo gisa egiten du lan gaur egun, eta gaur aurkeztutako liburua du bosgarrena. «Ez da ohiko liburu bat», esan du Fernandezi editore lanak egin dizkion politologo feministak, Jule Goikoetxeak. «Ez du bere iritzia jorratu eta azaldu, baizik eta eremu desberdinetako emakumeak hartu ditu —gizon pare bat ere bai—, eta galdetu egin die. Ahots horiek jaso ditu, lotu eta elkarrizketan jarri liburuan zehar». Hain zuzen ere, zazpi ikuspegi baliatuta heldu dio Fernandezek haurdunaldi subrogatuaren gaiari: filosofia, kultura, gizarte zientziak, ikuspegi antirrazista, ikuspegi perinatala, familia aniztasuna eta legegintza. Eztabaida horretan dagoen polarizazioaz jabetzeko, harentzat «mugarri» izan zen une bat azaldu du. Iaz Bilboko Azkuna zentroan haurdunaldi subrogatuaren bidez guraso izandakoek kongresu bat antolatu zuten, eta kanpoan zeuden Itaia emakume talde sozialista eta Las Criadas izeneko talde feminista abolizionista; sare sozialetan, Bilgune Feminista eta EHGAM. «Korronte desberdinetako lau eragile zeuden, eta, hala ere, haien diskurtsoaren funtsa antzekoa zen: ugalketaren merkantilizazioaren aurka daude, alokairuzko sabelak indarkeria erreproduktiboa dira, umeen merkantilizazioa eta emakumeen esplotazioa». Azaldu du «deigarria» izan zela beretzat, eta eztabaidak duen «konplexutasuna onartzeko beharra» ikusi zuen: «Feministegia sentitzen nintzen hor barruan egoteko, baina erlatibistegia kanpoan egoteko. Gustatzen zait hori: hitz egin dezagun argi-itzalez». Batetik zein bestetik urrun Izan ere, Fernandez «urrun» sentitzen da batzuengandik zein besteengandik. Hala ere, liburuan zenbait iritzi argi utzi ditu: «Ez dut uste guraso izatea eskubidea denik. Ez dut uste gestante [haurdunaldi subrogatuaren testuinguruan besteentzat ernaltzen duten emakume] guztiak (ezta gehienak ere) esplotazioaren biktimak direnik. Oso kritikoa naiz ugalkortasunaren industriarekin. Oso kritikoa naiz feminismo abolizionistarekin». Hori argi utzita, bi helburu ditu liburuak. Baga: «Haurdunaldi subrogatuaren alde daudenek uler ditzatela kritika feminista, antikapitalista eta antikolonialak». Biga: «Alokairuzko sabelen kontra daudenek findu dezatela diskurtsoa». Polarizazio diskurtsibo hori gainditzeko helburuarekin jorratu du gaia Fernandezek, zazpi ertzetatik. Liburuan landu duen lehena filosofia da. Tere Maldonado filosofoari eta Josebe Iturrioz militante transfeministari galderak eginez landu du ertz filosofikoa. Planteamendu filosofiko desberdinak plazaratzeaz gain, altruismoaren ideiari heldu dio Fernandezek. Argi du andreak diziplinatzeko modu bat dela: «Zergatik da zilegiago ni nire koinatarentzat ernaltzea, oso eskuzabala naizelako, irtenbide ekonomiko batengatik egitea baino?». Kulturaren ertzari Katixa Agirre idazlearen eta Irantzu Varela kazetariaren laguntzarekin heldu dio Fernandezek, eta iritzi publikoari erreparatu diote. Gizarte Zientziei dagokienez, Amaia Perez Orozko ekonomialaria, Elixabete Imaz antropologoa eta Jule Goikoetxea izan dira elkarrizketatuak. Industriaren, merkatuen eta deslokalizazioaren rolaz, burujabetzaz eta familia eta ugalketa ereduez hausnartu dute. Ikuspegi perinatalaz, zera: «Asmoa zen Ana Mendia emaginaren eta Estitxu Fernandez Maritxalar psikologo perinatalaren eskutik ulertzea zertan datzan haurdunaldia, besteak beste». Familia aniztasunari ertz askotatik heldu dio Fernandezek, Ianire de la Calva FeministAldeko kidearekin, Borja Muñoz EHGAMeko kidearekin eta Iosune Centeno antropologoarekin hitz eginda: «Abiapuntu bat da galdetzea ea familia eredu hau ez-normatiboa den, ala, kontrara, familia heterosexual nuklearra betikotzeko modu berri bat ote den». Zer egin? Horri erantzuten dio azken atalak, legegintzarenak. Itziar Alkorta legelaria, Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkidea eta Miren Ortubai abokatua izan ditu bidelagun Fernandezek alor horretan: «Legeztatzen badugu, baina bakarrik modu altruista batean, zein korapilo agertuko dira? Ilegalizatzen badugu guztiz, zein korapilo agertuko dira?». «Patxadaz hausnartzeko grinarekin» egin du liburua Fernandezek: «Kontrakoek uler ditzatela ñabardurak, eta aldekoek uler ditzatela kritika sozialak. Hor erdian gaude ni bezalako asko, pil-pilean dagoen gai honetaz diskurtsoa garatu nahian, baina pixka bat galduta». Gauza berari deitzeko, zein izen erabili? June Fernandezek, Aingeruak eta neskameak liburuan, haurdunaldi subrogatu kontzeptua erabili badu ere, kontzepturik zehatzena ordezkapen bidezko ernalketa dela iruditzen zaio. «Hori da Sara Lafuente Funesek gomendatzen duena, bere ikuspegia erabat kritikoa bada ere», dio liburuan. Zergatik erabili du, ordea, haurdunaldi subrogatu? Euskaraz «ulerterrazagoa» iruditzen zaiolako, nahiz eta anglizismo hori «hutsa» den bere horretan. Gauza berari deitzeko, ez ditu erabili amatasun subrogatu —«iruditzen zait gestanteei ama kategoria inposatzea haien autodeterminazioaren kontrakoa dela»—, ezta alokairuzko sabela ere, nahiz eta hainbat elkarrizketatuk erabili duten.