Bilera erronda abiatu dute gaur eta soilik EH Bildu eta Sumar joan dira hitzordura. EAJk uko egin dio eta, Podemosek, PPk eta PSE-EEk “ez dute erantzun ere egin”, sindikatuek azaldu dutenez.
Abu Dhabiko inbertsio funts batek, Mubadala Investment Companyk, Tubacexek Arabiar Emirerri Batuetan duen filialaren % 49 erosi du ia 138 milioi euroren truke.
Ez zegoen gauza askorik jokoan, baina Osasunak jipoi ederra eman dio Aletico Madrili haren etxean: 1-4. Osasunak ziurtatuta zuen lehen mailan jarraitzea, baina, nolabait ere, agur jaia antolatu nahi izan dio Jagoba Arrasate entrenatzaileari. Ezer ez zegoenez jokoan, tentsio handirik gabe hasi da partida. Espainiarrek ziurtatuta zuten Txapeldunen Ligarako postua, eta bazirudien bi taldeak ligaren sasoia amaitzeko desiatzen zeudela. Baina, orduan, gola sartu du Raul Garciak. Gorritxoengan ilusioa piztu du horrek, eta, banan-bana gol zerrenda handitzen joan dira Aimar, Garcia (bigarrenez) eta Torro. Osasunak bigarrena sartuta zuenean, Moratak egin zuen madrildarren gol bakarra, baina ez da nahikoa izan etxekoak pizteko. Nola ez, Arrasate entrenatzailea pozik zegoen amaieran, halako garaipena Osasunarekin eginiko ibilbidea amaitzeko «modurik onena» zelakoan. «Sei urte bikain izan ditut Osasunan. Horietan helburuak bete ditugu, eta primerakoa da hori amaitzea Atletico Madril menpean hartuta». Ekainaren 30ean utziko du Arrasatek Osasuna. Madrilgo taldearen aurka jokatutako azken bederatzi partidak galdu egin zituzten gorritxoek, eta beste bi aldiz galdu zuen Arrasatek haiekin, Reala zuzentzen zuenean. «Denera, 11 porrot Atleticoren aurka. Lehenengo garaipena dut hau». Osasunaren zuzendaritzarekin hitzartu zuen helburu nagusia beteta joango dela gaineratu du: taldea zaleekin konektatzea.
Sevillaren kontrako partidura helburu jakin batekin heldu da gaur Athletic. Ez da ligako postua hobetzeagatik borrokatzea izan, jada ziurtatuta baitauka bostgarren geratuko dela, ezta hurrengo denboraldian Europa Leaguen jokatzea ere, kopa irabazteagatik lortua baitzuen eskubidea taldeak apiriletik. Helburua San Mames gotorleku bihurtzea izan da, aurtengo denboraldian behin bakarrik galdu baitite etxean, eta marka horrekin amaitu nahi zuten sasoia. Oso modu berezian lortu du, Sevillari 2-0 irabazita. Lehoiek lehen zatian egindako presio gogorrak fruituak eman ditu, eta 2-0 agertu da markagailuan lehen hogei minutuak bete baino lehen. Handik aurrera partida ez da moteldu, dena den, Williams anaien konbinaketak eta Raulen buru golegile nagusiak izan baitituzte hainbat aukera bi zatietan, baina hirugarren gola ez da gauzatu azkenean. Sevillak atea hainbatetan jo arren, Julen Agirrezabala atezainak ez du hutsik egin, eta zeroan amaitu du Espainiako taldeak. Unai Simonek, merezitako deskantsua hartzeaz gain, Zamora saria ziurtatu du azkeneko partiduetan ez jokatuta. Golegileak San Mamesen etxeko taldearekin azkeneko partida jokatu dute Muniainek eta Raulek, eta haiek izan dira gaur protagonista handienak, ia elkarren segidan sartu baitituzte golak. Lehena Raulek sartu du 17. minutuan, buruz, De Marcosen erdiratze bikain baten ostean. Bigarrena bi minutura iritsi da, Muniainek Nico Williamsen pasea segadaz jota sartuta. Partidaren ostean omenaldia egin diete bi jokalariei, ez soilik denboraldi bikain onetako hemezortzigarren partida irabazteko ahalegina egiteagatik, baizik eta bakoitzak talde osoari urtetan eta urtetan emandakoagatik. Hunkituta agurtu dituzte partida ondoren athleticzaleak.
Albiste bikaina realzaleentzat. Talde donostiarrak Sevillan irabazi dio Betisi, eta, horri esker, ziurtatu egin du seigarren postua Espainiako ligan eta Europako Ligan jokatzea. Zalantzarik utzi ez duen emaitza: 0-2. Brais Mendezek sartu du lehena, eta Mikel Merinok bigarrena. Biak lehenengo zatian. Ez du egun ona izan Betisek. Penaldi bat huts egin dute, eta gol bat baliogabetu diete. Lehia handiko partida zen: bi taldeek nahi zuten seigarren postua eskuratu. Azkenean, Realak punto bat gehiago izango du, datorren astean jokatuko de azken jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela. Ez zen, printzipioz, erronka erraza Realarentzat. Izan ere, txuri-urdinek ez zioten Betisi irabazten 2020. urtetik. Gainera, jokalari falta zituelako taldeak, besteak beste Martin Zubimendi, Javi Galan eta Igor Zubeldia. Denbora alde izan dute donostiarrek. Lehenengo gola 5. minutuan sartu du Mendezek, falta bat jaurtita. Golak akuilatu egin du Betis, eta sartzeko zorian egon da 40. minutuan. Baina Alex Remiro atezainak baloia desbideratu du, eta zurtoinean jo du. Edonola ere, Realak bigarren gola lortu du atsedenaldira joan aurretik. Bigarren zatian, markagailua berreskuratzera atera da Betis, baina ez da ondo antolatu. Hamari Traoreri eskua erabiltzea egotzi dio epaileak, eta Realaren kontrako penaltia ebatzi du. Ez Abde saiatu da orduan Remiro engainatzen, baina alferrik. Eskua eskuaren truke gertatu da orduan. 79 minutuan gola sartu du Ayoze Perezek, baina epaileak kamerekin kontsultatu ostean, erabaki du jokalariak eskua erabili duela jaurtiketa egin aurretik. Ondoren, Realak emaitza sendo defendatu du.
Itsaso urdina eta apar zuria. Zurituz joan den zeru urdina, eta Nestor Basterretxearen Bakearen usoa; zuria, noski. Eta Realaren zaleen kamiseta txuri-urdinak. Donostiako Saguesko zabalgunean bi kolore nabarmendu dira gaur: zuria eta urdina. Realak Espainiako Kopako finalean jokatu du Bartzelonaren aurka, eta Zaragozako (Espainia) Romaredan egon ezin izan diren realzaleek Sagues bete dute, talde txuri-urdinari gorazarre egiteko, lelo batekin: «Aupa neskak!». Dena den, txuri-urdinak zaleak baino ez dira izan 17:00etatik finala hasi den arte, 19:00etan. Izan ere, barra-barra egin du euria. Horrek ez ditu izutu zaleak, eta barra-barra egon dira karpa azpian eta inguruko tabernetan, Realaren partida hasi baino lehenago. «Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, Real!», egin dute oihu zaleek, banderak astinduz, partida pantaila handi batean ikusten hasi direnean. Bi ordu lehenago, ordea, zenbaketa beste bat izan da: «Bat, bi, hiru, lau, Goazen». ETBko telesail ezaguneko aktoreak oholtza gainean izan dira, eta zale txuri-urdin gazteenek gogotik abestu dute. Karaokean izan dira Aiora Arrese eta Saioa Murillo, baina beste lehentasun bat dute: «Irrikan gaude finala ikusteko. Gora Reala!». Denetariko jendea egon da Saguesen, baina familiak nabarmendu dira. Nerea Mitxelena eta Gotzon Urtizberea, esku batekin seme-alabei eta bestearekin pare bat garagardori helduta, gogotsu egon dira finala ikusteko. «Bakearen usoa hemen dugu, eta ematen du Bartzelonak gerra emango digula, baina itxaropena ez dugu galtzen!». Elkartean ere bai Euritik babesteko mila modu izan dituzte zale txuri-urdinek. Izan dira Reala elkarte gastronomikoetan babestu dutenak ere. «Erreala aleee, Erreala aleee, Erreala ale, Erreala ale, Erreala aleee». Hori da Saguesko Antxeta elkartera sartu bezain pronto entzun daitekeen melodia. Mahai baten bueltan gazte kuadrilla bat dago, Realeko kamisetak soinean. Nerea Ramirez, Maialen San Sebastian eta Uxue Lestuzzi dira gazte horietako hiru. Badute kexa bat. «Umeentzako gauza asko jartzen dituzte, eta ondo dago. Baina uste dut emakumeen kirola pixka bat infantilizatzen dutela», esan du Letuzzik. «Gizonen partidetan beste ekitaldi batzuk ere egiten dituzte. Adibidez, Realeko eta Athleticeko gizonen arteko derbian Bulego taldeak jo zuen, elektrotxaranga egon zen…», segitu du San Sebastianek. «Umeentzako gauzak egotea ez dago gaizki, baina gazteentzat ere egon beharko lirateke», laburbildu du Ramirezek. Haien beste lagun bat, Beñat Urra, berera dago, baina mezu hau «nahitaez» helarazi nahi izan du: «Nire jokalari gustukoena Nora Sarriegi da. Sei urtez egon gara elkarrekin lanean Aratz aisialdi taldean, eta futbolean dena ematen ari da. Beraz, ni haren alde. E! Gainera, 2024ko FIFA jokoan bere jokalariarekin jokatu dut. Hori ilusioa!». Partida hasteko gutxi falta denean, euriak bakea eman die zaleei, eta oholtzaren aurrean jarri dira, partida ikusteko prest. Oholtza gainetik jaitsi da Nahia Sillero, ETBko Irabazi arte telesaileko aktorea. Gustura egin ditu aurkezle lanak, eta Realeko neskak goraipatu ditu: «Elkarlana, ahizpatasuna eta feminismoa transmititzen ditu emakumeen kirolak. Jokalariak eredu dira, eta ez kirolagatik bakarrik: borrokagatik eta pasioagatik ere bai». Gertatuko dena gertatuko dela, gogotsu ekin diete txuri-urdinek Realeko neskei txalo egiteari. Txalo egiten ari direnetako bat da Jon Garaño zinema zuzendaria, eta izan du beta futbolaren eta zinemaren arteko paralelismo bat egiteko: «Batzuetan, film txikiak gai dira film handiek baino oihartzun eta kritika hobeak izateko. Ea horrelako zerbait gertatzen den!».
Kirolak gozotik izaten du batzuetan, baina baita krudeletik eta gogorretik ere. Eta txanponaren beste aldea bizi izan dute gaur Realeko jokalariek eta zaleek Romaredan, Espainiako Kopako finalean. Jakina zen Bartzelona munduko talderik onenetakoa dela, txikitu egiten dituela aurkariak muturreraino. Gaur, beste behin egin du, bere bertsiorik aseezinenean, gainera. 8-0 hartu du mendean Reala. Talde txuri-urdina ezinean aritu da, intentsitaterik gabe eta bigun defentsako lanean, nortasunik gabe. Ez du askorik lagundu bosgarren minuturako Bartzelonak gola sartu izanak. Finalaren aurretik, bigarren Kopa irabaztearekin amesten zuten zaleen artean. Baina ametsa amesgaizto bihurtu da. Paralluelo, Mariona, Graham, Pina eta enparauak arduratu dira horretaz. Zaragozak oroitzapen onak ekartzen zizkien zale txuri-urdinei, han Kopako titulu bat irabazi baitzuen gizonezkoen taldeak. Baina oraingo honetan gazia izango da oroitzapena. Bai, behintzat, partidarena. Partidaren aurretik bizitakoarekin geratu beharko dute, eta taldeak denboraldi honetan egin duen Koparekin, finalera iristea lorpen handia baita. Espero bezala, Natalia Arroyok bosteko atzealde baten alde egin du. Hegaletan Emma Ramirez eta Bernabe aritu dira, eta erdian Vanegas, Aparicio eta Iris Arnaiz. Bartzelonak, nahiz eta datorren larunbatean Txapeldunen Ligako finala eduki, ohiko hamaikakoa zelairatu du, eta Rolfo baino ez du utzi aulkian Jonathan Giraldezek. Jokalariek eta Arroyok berak adierazi zuten garrantzitsua izango zela lehen minutuetan eustea, baina ez da posible izan. Ametsa hasi orduko zapuztu da. Are, amesgaizto bihurtu da. Gogorra eta krudela izan da Realeko jokalariek zelaian bizi izan dutena. Izan ere, Bartzelona bete-betean hasi da, eta 12. minuturako 2-0 zegoen aurretik. Lehen gola Batllek egin du. Haren erdiraketa bat ez du ondo aldendu Elene Letek, eta aldaratzea baliatu du gola sartzeko; 12. minutuan, berriz, Paralluelok sartu du bigarrena. Marionak eskuin hegaletik erdiratu, eta buruz sartu du gola bigarren zutoinean. Kolpea txuri-urdinentzat. Hasi eta berehala finala maldan gora zuten. Bartzelonaren nagusitasuna erabatekoa zen. Realak ezin baloia eduki, eta kataluniarrak nahieran aritu dira, baloia alde batetik bestera mugituz. 18. minutuan iritsi da hirugarren gola. Grahamek sartu du. Letek ez du ondo aldendu Parallueloren errematea, eta aurrelariak ez du barkatu. Reala atzean sartuta zegoen, eta, aurrera egiten saiatu denean, berehala galdu du baloia. Orduan, Bartzelonak baloi luzeekin egin du min. Horrela asko sufritu dute txuri-urdinek, bigun aritu baitira defentsako lanean. Franssik egin du Natalia Arroyoren taldearen lehen errematea. Gutxigatik joan da kanpora. Baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako. Jonathan Giraldezek zuzentzen duen taldeak ez du erritmoa apaldu. Beste behin, aseezina dela erakutsi du. Presio estua egiten jarraitu du, eta atsedenaldia baino lehen beste bitan urratu du Leteren atea. Hansen eta Battle izan dira berriro golegileak, 26. eta 33. minutuetan. Bartzelonak lehen zatiko azken txanpan baino ez du leundu erritmoa. Baina finala ebatzita zegoen. Berehala beste bi Burua altxatu beharra zuen Realak bigarren zatiari heltzeko, beste itxura bat emateko. Baina gauzak ez dira aldatu. Hasi eta berehala, Bartzelonak beste bi gol sartu baititu, Marionak eta Claudia Pinak. Kataluniako taldeak behin eta berriz zigortu ditu Realaren baloi galerak. Ez ditu apurrak ere utzi, eta modu berean iritsi da zortzigarrena. Marionak sartu du. Kolpea oso gogorra izan da. Realaren zaleek ez dute taldea bakarrik utzi. Eta gogotik animatzen jarraitu dute, erakusteko ez zeudela bakarrik, eta babestuta sentiarazteko. Bartzelonak orduan utzi dio Realari apur bat baloia edukitzen eta Pañosen atera gerturatzen, baina ez dute estu hartu. Natalia Arroyoren taldeak orduan atera ditu partidako bi kornerrak. Minutuak bata bestearen atzetik igaro dira. Horietako bakoitza sufrikarioa izan da jokalari txuri-urdinentzat. Partida amaieran eskertu baino ez dute egin zaleen babesa. Horrek arinduko du gaurko mina, baina zalantzarik gabe, jokalariei kosta egingo zaie lo hartzea.
Egunkarien faltan, sakelako telefonoko bilatzailetik albisteak irakurtzen esnatu da eguna, kafea hoztu eta usaina galdu duen arte. Pareko eraikinaren etxe aurreko leihoek sakelako telefonoen pantailak dirudite. Urtean bitan bada ere, lehenago garbitzen dira etxeko leihoak, ganbarari hautsa kendu baino. Salbuespenak salbuespen, besteek lehen kolpean ikusiko duten hori gehiago zaindu izan da. Baita futbol taldeek ere, Realaren webguneko futbol taldeen azpi-menuan lehen taldea eta emakumeak bereizten dituen arren. Hona etorri diren zaleentzat, ordea, zein izango da lehen taldea? Hirugarren pertsona plurala erabiliko al dute emakumeen taldeaz ari direnean? Irabazi dute ala irabazi dugu? «Irabazi dugu», ziurrenik. Baina galdu? Espainia plaza, 10:00ak. Gaur jokatuko dena Espainiako Kopako finala da: Bartzelona – Reala. Txapelketa monarkikoa. Erreginarena, zehazki. Ikusten diren zaleetatik zenbat izango dira espainiarrak? Zenbat monarkikoak? 2019an, Realak irabazi zuen finala. Letizia Espainiako erreginak eman zion kopa Sandra Ramajo Realeko kapitain ohiari. Ordutik, ez da final gehiagotan izan eta kasik partidaren pronostikoa bezainbeste entzuten da erreginaren ingurukoa, egongo den ala ez. «Aurten etorriko dela esan dute». GIF edo meme bihurtu ohi den argazkia da eguneko lehena. Familia bat. Ametako bat txuri-urdinez, beste biak gorri eta urdin. Hirurak elkarrekin Romaredarantz bidea egiten. 2-1. Atzetik Orioko lagun kuadrilla bat, ardi beltza Bartzelonaren elastikoarekin. 1-4. Familia bat, 1-2. Maria Leonen kamiseta lagun batek, Nerea Eizagirrerena besteak. 1-1. «Emaitza hori primeran legoke» Realzale bat eta Bartzelonaren bi zale Zaragozan, paseoan. OLI ARTOLA APEZTEGIA 11:30ak. Zaila da Pilarreko plaza betetzea, 24.000 metro koadro baititu; bi futbol zelairen zabalera eta zortziren luzera. Azkenekoz, hemen, Voxen mitin bat zegoen. Militante baino espainiar bandera gehiago zeuden. Paparrean jarrita batzuk, arropan brodatuta besteak, eta airean beste hainbeste. Gaur kamiseta zuri-urdinak ikusten dira, bandera eta ikurrinaren bat edo beste. Ez da marea bat, baina badira 5.000 tanta. Giroa epel dago, baina ez da epelkeriarik. «Aupa neskak!», eta irribarre konplizeak tarteka. Eguzkiak leun goxatzen du. Zertarako, baina, are fanatismo gehiago? «Zaragozak jokatuko du, ala?», gizon batek emazteari. Fanatismoak, nork bereak. Eta aldamenean eseri zaizkigu, fanak nola, beren ikuskerei ipurdian zulorik ikusten ez eta gainontzekoei hutsak bakarrik ikusten dizkieten hiru lagun. Zaplaztekoak banatu dituzte nonahi. Baina emakumeen futboleko hainbat errealitatek ere eman dizkiete zaplaztekoak: nola jokalari bat ama izan daitekeen, eta haren bikotekidea emakumea, Bartzelonako emakumeen taldeak gizonezkoenak baino kaudimen handiagoa duela… Belarriak gorritu zaizkie, baina, hala ere, ez dute ahoa itxi. Kontrasteak kontraste, egunak aurrera egin ahala, jendartea homogeneizatuz joan da. Ez dago look aniztasunik. Nerabezaroan lagunartean nola, hala daude zale guztiak, ia berdin jantzita. Zapatilak, galtza bakeroak eta kamiseta marraduna. Kuadrilla egun binario bat dirudi. Giroa ere, antzerakoa: multzoak inoiz baino identifikatuago egon arren, beste kuadrillakoekin sekula baino gehiago hitz egiten eta nahasten da. «Zuek hurrengo astekoa irabazi, eta guk gaurkoa!» Soinez soin dabiltza parez pare egongo diren bi taldeen zaleak. Estadio kanpoan elkarrekin «Visca Catalunya!» eta «Gora Euskal Herria!» oihuka. Gutxitan ikusi daiteke (pentsa futbolaren testuinguruan) emakume talde bat mikrofonoa eta bozgorailua eskuetan, Palestinaren bandera soinean, zaletu taldearen koru zuzendari. Gero, haur bati utzi diote mikrofonoa. Keinuak. Bat etorri dira Espainiako ereserkia jarri dutenean ere. Txistu egin dute guztiek. Epaileak ere bai, partidari hasiera emateko. «Ea irabazten dugun!». Inor gutxi joan zen Granadara eta etorri da Zaragozara Reala kopa altxatzen ikustera; eta, ia guztiak, taldea animatzera. Badago aldea, ezta?
Natalia Arroyo Realeko entrenatzailea eta Nerea Eizagirre kapitaina baikor eta ilusioz agertu dira bihar talde txuri-urdinak Bartzelonaren aurka Zaragozan jokatuko duen Espainiako Kopako finalari begira. Teknikariak honela ikusi ditu jokalariak: «Prest daude, besoa luzatuta aukeratuak izan nahi dutelako. Guztien laguntza beharko dugu, hona iristeko behar izan dugun bezala». Onartu du «tortura bat» dela Bartzelonaren aurkako partidak prestatzea, oso zaila delako mendean hartzea. Baina denboraldi honetan Herritalde Katalanetako taldea estu hartu dute hainbat taldek: Chelseak, Levantek eta Benficak. Horien inguruan galdetuta, ondorengoa esan du. «Argi dago ez garela talde berdinak. Baina neurketa horietan izan diren hainbat egoera baliagarriak izan daitezke biharko finalari begira». Aurreko liga jardunaldian,Teneriferen aurka, emaitza bolada txarra eten ostean, baikor da. «Garaipen batetik gatoz, atea hutsean utzita, eta sendotasun sentsazioarekin. Hori garrantzitsua izango da, ziur, bihar ere sentsazio horiek beharko ditugulako Bartzelonaren aurka». Denboraldi amaieran utziko du taldea, lau denboraldiren ostean. Hori dela eta «barru-barrutik» bizi nahi du finala. «Atzera eginda, asko gogoratzen naiz Anoetako finalerdian nola gozatu nuen jendearekin. Huelvako neurketaz…. Partida horiek guztiak dastatzen saiatu naiz, bizitzen». Gaur gauean egingo duen azken gauzaz galdetuta, hauxe erantzun du: «Nire gertukoak bihar non egongo diren begiratuko dut. Eta, bihar, partida amaitzean, haiengana joango naiz, besarkada bat emateko, beti pozten baitute horrelakoek. Garbiñerekin finalera iritsi ginela ospatzeko eman nuena bezalakoa. Azkenean, egunero sufritzen zaituzten horiek besarkatzeak asko laguntzen du. Babesa eta arnasa horiek ematen dute». Nerea Eizagirrenk, bere aldetik, berretsi du «lasai eta gogoz» daudela. «Eta, zergatik ez, titulu bat etxera eramateko prest», Realak bost final jokatuko ditu azken bost urteetan, eta kapitainak nabarmendu «gauza handia» dela. «Halako egunak bizitzeko egiten gara futbolari. Lau urtean bost final jokatzeak esan nahi du Reala hazten ari dela, ondo ari dela egiten gauzak. Uste dut berezia dela Nataliarentzat azken finala izatea Realarekin. Etorri denetik taldearen identitatea eraiki du, joko estilo bat zehaztu du, jokalari askoren onena ateratzea lortu du, asko eman dio klubari. Guztiok eskertuta egon behar dugu. Harengatik ere are gehiago saiatu behar dugula uste dut. Baita datozen zaletu guztiengatik ere». Finala irabazteko gakotzat jo du partida hasieran ondo eustea.«Neurketa luzea izatea lortu behar dugu, eta atzean sendo, eta aurrean eraginkor egoten. Gainera, ilusioan ez gaitu inork irabaziko». Eizagirrek ere etxekoak izan ditu gogoan. «Nataliari bezala, niri ere asko gustatzen zait non dauden jakitea, partidan zehar ere uneren batean, behar badut, haien begiratua bilatzeko. Aste osoa gurasoen etxean pasatu dut. Data garrantzitsuetan hori egitea gustatzen zait, lasaitasuna eta konfiantza ematen baitidate».