Valverdek eta Garcia Plazak kontratua berritu dute
Ernesto Valverderen ibilbideak aurrera jarraituko du Athleticen. Egungo entrenatzailea da lehen taldea zuzendutako neurketa kopuruan historiako lehena eta Kopako txapelduna; bada, beste denboraldi baterako luzatu du klubarekiko lotura. Bederatzigarren denboraldia beteko du modu horretan zuri-gorriak gidatzen, eta hirugarrena Jon Uriarteren lehendakaritzapean. Talde teknikoaren jarraipena barne hartzen duen akordioa ostiral arratsaldean sinatu dute, San Mamesen. Gasteiztarrak seigarren aldiz sailkatu du kluba Europarako, eta bosgarren aldiz zuzenduko ditu lehoiak Europako txapelketetan. Hala, 400 partida ofizial baino gehiago jokatuko ditu Athleticekin hurrengo denboraldian, 397 norgehiagokarekin geratuko baita aurtengo sasoiaren amaieran. Aurrelari gisa jokatu zituen neurketak gehituz gero, 585 partida lirateke, eta kopuru hori Jose Angel Iribar (668) eta Piru Gainzaren (636) moduko mitoek soilik gainditzen dute. Orotara, 21 urte daramatza klubaren zerbitzuan. Haren datuetatik eta emaitza ukaezinetatik harago, klubak esan du «Valverderen meritu nagusia» izan dela gaur egungo Athletic «San Mamesen erasorako anbizio eta indar handiko talde bihurtzea». Bilbon, porrot bakarra izan du taldeak 21 partidatan, Real Madril txapeldunaren aurkakoa, lehen jardunaldian. Hala, gizonezkoen lehen taldeak «esku onenetan» segituko duela uste du zuzendaritzak, lau lehiaketa izango dituen hurrengo denboraldiari begira. Hurbileko helburua ligako bosgarren postuari eustea da azken txanpan. Luis Garcia Plaza ere bai Luis Garcia Plazak Alavesen jarraituko du datorren urtean. Hala baieztatu du Arabako taldeak ohar ofizial baten bidez. Azaldu dutenez, entrenatzaile madrildarrak beste bi urtez luzatu du Alavesekin duen kontratua, eta, Lehen Mailan gelditzea lortu ostean, bertan zuzenduko du taldea datorren denboraldian. Garcia Plaza duela bi denboraldi iritsi zen Gasteizera, taldea Bigarren Mailara jaitsi ostean. Lehen urtean Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Kanporaketak gainditu behar izan zituzten horretarako; Eibar garaitu zuten lehendabizi, eta Levante ondoren. Arabarren historiara pasatuko da azken neurketa hori. Azken minutuan eta penaltiz lortu baitzuten igoera, Villalibrek gola sartuta. Alavesek sasoi bikaina osatu du aurten. Urte osoa egin du jaitsiera postuetatik kanpo, eta larritasun handirik gabe lortu du Lehen Mailan gelditzea. Alavesek Getaferen aurka jokatuko du bihar, eta Mendizorrotzan sasoi honetan jokatuko duen azken partida izango da. Festa handia espero da. Badute nahikoa motibo ospatzeko. Entrenatzaile arabarra Alavesen dagoenetik, taldeak 90 partida jokatu ditu, horietako 36 Lehen Mailan. Guztira, 38 partida irabazi, 25 berdindu eta 27 galdu dituzte. Alavesek plazaratutako bideoan, Madrilgo teknikariak esan du «oso pozik» dagoela. Kontratua berritzea «helburuak lortzearen ondorio» dela nabarmendu du. «Alavesen pareko klub batek gizakiak behar ditu. Ezin dugu beti nahi beste fitxatu, baina giza balioa oso garrantzitsua da niretzat. Esperientzia handia dut, eta badakit noiz dagoen jende ona eta giro ona aldagelan», gaineratu du. Bestalde, klubak gaur jakinarazi du Andoni Gorosabelek ez duela Gasteizen jarraituko datorren urtean. Iaz Reala utzi, eta urtebeteko kontratua sinatu zuen udan Alavesekin. Kontratua amaitzear dela, bi aldeek adierazi dute ez dutela berrituko.