Aurreakordioa onartuta, Bilbobuseko langileak lanera itzuliko dira bihar
Ia laurogei egun greban eman ondoren, Bilbobuseko langileak lanera itzuliko dira bihar. UGT, CCOO eta LSB sindikatuek aurreakordioa lortu zuten atzo enpresarekin, eta hori onartu ala ez bozkatu dute gaur. 332 beharginek bozkatu dute hitzartutakoaren alde, eta 186k kontra. Hortaz, amaiera eman diote apirilaren 9an hasi zuten grebari. Enpresak eta langileek negoziazio mahaiaren azken bilera egin zuten atzo. Hartan, enpresak onartu egin zuen langileek egindako azken proposamena. Biobide enpresak kudeatzen du zerbitzua, eta, haren esanetan, langileek ez ezik Bilboko Udalak ere onartu beharko du. Sindikatu guztiak, baina, ez dira aurreakordioaren alde agertu. ELAk, LABek eta ESK-k greba mugagabean jarraitzearen alde egin zuten atzo, aurreakordioa baztertuta. Izan ere, ELAk eta LABek aurreakordioaren kontra bozkatzeko eskatu zieten langileei. Behin emaitza jakinda, ELAk ohar bidez adierazi du akordioa «atzerapausoa» izango dela «langileen eskubideetan», eta «zerbitzu publikoa okertuko» duela. Sindikatuaren ustez, akordioak ez du erosteko ahalmena bermatuko, «oso baldintza larriak» ezarriko ditu eta «kolektibo ahulenen prekarietatea betikotu egingo» du. «UGT-CCOO-USOk sinatutako akordioak agerian uzten du amore eman dutela erakundeen aurrea», gaineratu dute. Langileen «borroka eredugarria» nabarmendu du sindikatuak. Eta argi utzi du lanean jarraituko duela «Bilbobuseko langileen eskubideak zintzo eta garden» defendatzeko: «Lerro gorriak izango dira erosteko ahalmenari eustea, prekarietatea ezabatzea eta lan taldearen bizi-baldintzak hobetzea, Bilbobusen kalitatearen bermea baita». Gainera, ELAk gogoratu du ez dagoela alderik oraingo aurreakordioaren eta aurretik lortutakoaren artean. Izan ere, maiatzaren erdialdean beste asmo deklarazio bat bozkatu zuten langileek. Hori ere UGTk, CCOOk eta LSBk adostu zuten enpresarekin. Gehiengo zabalak, ordea, ez zuen onartu hitzartutakoa. Hain zuzen, 287k egin zuten asmo deklarazioaren kontra, eta 143k alde. Hau da, oraingoan 45 pertsona gehiagok bozkatu dute aurreakordioaren alde. Beste bozketa bat Maiatzeko asmo deklarazioa onartu ala ez erabaki bitartean, langileek bi egunez bertan behera utzi zuten greba mugagabea. Behin emaitza jakinda, lanera itzuli ziren maiatzaren 17an. Are, enpresa batzordeko presidenteak eta idazkariak (UGT) dimisioa eman zuten, eta ELAk hartu zuen gidaritza. Langileek beste bozketa bat egin zuten bi aste geroago, erabakitzeko udan grebarekin jarraitu ala ez. Emaitza ez zen aldatu: 266 beharginek erabaki zuten greba mugagabeari eustea; beste 194k adierazi zuten nahiago zutela astean egun bakarreko lanuzteak egin. Lan gatazka luzea izan du Bilbobusek. Bi urte daramatzate hitzarmenik gabe eta soldatak izoztuta. Apirilaren 9an greba mugagabeari hasiera eman bazioten ere, iazko urriaren 23tik ari dira lanuzteak egiten. Hilabete hauetan ugariak izan dira manifestazioak eta protestak ere. Izan ere, greba mugagabearen hasieran, argi utzi zuten ELA sindikatuko ordezkariek: «Gatazka honetan ikusgaitasuna ezin dugu galdu; presioa egin behar dugu, udalak esku hartzea erabaki dezan». Bestalde, Bilboko Udala hasia da urratsak egiten Biobide enpresarekin duen kontratua deuseztatzeko. Apirilaren amaieran jakinarazi zuten «errurik gabe kontratua ez betetzeagatik» etengo dutela hitzarmena, eta, hartara, udalak ez dio hogei milioi euroko kalte ordaina eman beharko Biobideri. Hiru hilabeteko epea ezarri zuen horretarako. Bilboko auzokideek ere erantzukizuna exijitu izan diote udalari. Izan ere, grebak eragin nabarmena izan du, bereziki, erdigunetik urrunen dauden auzoetan. Maiatzaren amaieran, Bilboko Auzo Elkarteetako Federazioak manifestaziora deitu zuen, eta hiru eskari plazaratu: «Langileen eskaerak entzun ditzatela, autobusen lineak berregituratu ditzatela eta zerbitzua publikoa izan dadila».