Clarisa Navas: «Gure desirak eta afektuak ezin dira pentsatu…
«Oraintxe, erresistentzia ariketa bat da zinema egiten jarraitzea. Asmatu egin behar dugu nola egin, ez baitago horretarako baliabide eta aukerarik, baina jarraitu behar dugu. Eta queerrok oso presente dugu hori: espazio bat lortu ahal izateko beharrezkoa dela borrokatzea eta desiratzea». Zinemagintza ez ezik, eskubideak eta, are, existentzia bera ere mehatxupean deskribatu ditu Clarisa Navas zinemagileak (Corrientes, Argentina, 1989). «Erabat mehatxupean». Dioenez, 2023ko abenduan Javier Milei Argentinako presidente izendatu zutenetik nabarmen egin du okerrera herrialdearen egoera orokorrak, bai eta sorkuntzarenak ere. «Bizitza ezin da izan merkatu balio bat soilik. Des-irudimen totalitario horrek komunitate osoak desagerrarazten ditu mapatik, eta serieko heriotza antolatzen du. Ezin gara horretara ohitu». Ohorezko Saria eman dio Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, eta Bilbon izan da horregatik. «Klase eta genero ikuspegiko zinema garatzea» laudatu dio Alaitz Arenzana Zinegoak-eko zuzendariak, bai eta zinemarako «sorkuntza kolektiboko prozesuak sustatzea» ere, «eraldaketarako motor eta palanka gisa». Eta pozik onartu du saria Navasek. «Jakin nuenean, asko poztu nintzen», azaldu du; «sentitu nuen ez gaudela hain bakarrik, eta munduaren parte honetan ere badagoela jende talde bat halako zinema baloratzen duena». «Argentina ipar-ekialdean filmatu ahal izateko, asmatu edo berrasmatu egin behar izan genituen zinema egiteko irakatsi zizkiguten moduak» CLARISA NAVAS Zinemagilea Kultur adierazpide guztiak «suntsitzeko» plana du Mileiren gobernuak, Navasen hitzetan. «Herrialdearen erdiak gosea du, eta oso zaila da egoera horretan zinemak bete behar lukeen lekuari buruz gogoeta egitea. Egunero egin behar da borroka, kalera atera behar da, eta gobernuaren erantzuna errepresioa eta atxiloketa arbitrarioak dira». Navasen ustez, «bestelako etorkizun bat» irudikatzeko balio dezake zinemak. «Indar handia du, eta hain justu horregatik ari dira suntsitzen saiatzen». Kolektiboan sortzea Yagua Piru Cine kolektiboko kide da zinemagilea, eta nagusiki pluralean aritu da, horregatik, saria eskertzeko antolatutako prentsaurrekoan. Azaldu duenez, hamarkada bete baino gehiago daramate Argentina ipar-ekialdean eta Paraguai inguruan lan egiten, eta, azaldu duenez, hiriburutik urruntzeak eragin zuzena izan du beren zinemagintzan. «Asmatu edo berrasmatu egin behar izan genituen zinema egiteko irakatsi zizkiguten moduak», azaldu du lehenik, orokorrean, baina datu zehatz bat ere eman du gero: Buenos Airestik urrundu ahala, esate baterako, zaildu egiten da edozein ekipo alokatzea bera. «Zinemak sustatzen dituen logikak maiz logika kolonialak izaten dira, eta etengabe aritu gara hori guztia desegiten». Corrientes hiriko Las Mil izeneko auzoan jaio zen Navas, eta, hain justu, hari egiten dio keinu bere film ezagunenaren tituluak ere. Hoy partido a las 3 izan zen haren lehen fikziozko film luzea, eta sari eta aitortza andana jaso du, gerora, Las mil y una lanari esker. 2020. urtean estreinatu zuen lana, eta bi sari jaso zituen Donostiako Zinemaldian. Sail ofizialean proiektatu zuten filma, eta aipamen berezia ere jaso zuen Horizontes atalean, bai eta Latinoamerikako filmik onenaren saria ere, lehia ofizialetik kanpo. Iris izeneko pertsonaiaren nondik norakoak kontatzen ditu filmak. Eskolatik kaleratu dute, eta bere lagunik onenekin ematen ditu egunak, telefonoarekin jolasean edo kalean. Renata agertuko da orduan, eta berehala hasiko dira flirtean. Halako batean Renataren iraganari buruzko zurrumurruak hasiko dira, ordea. «Uste dut latitude batzuetatik eta gune pribilegiatuago batzuetatik egindako queer zinemak presentzia handia duela, baina disidentzia horiekin gune periferikoagoetan gertatzen dena ere mahaigaineratu behar da» CLARISA NAVAS Zinemagilea El príncipe de Nanawa izeneko filma du orain esku artean. Duela hamar urte hasi zuen proiektua, eta, herrialdea zer egoeratan dagoen ikusirik, laster bukatzeko asmoa azaldu du. Paraguaiko eta Argentinako mugan kasualitatez ezagutu zuen Angel izeneko haurraren istorioa kontatuko du lanak. «Beste gauza batzuk filmatzen ari nintzela ezagutu nuen, eta lotura estua sortu zen gure artean. Pertsona zoragarria da, eta filma egitea aitzakia moduko bat ere izan da bizitza hain zaila den leku batean elkarrekin egon ahal izateko, inguru hura ahaztua baitute bi herrialdeek. Ea aurten bukatzerik dugun». Hain zuzen ere, filmeko protagonistari buruzkoak izan dira Navasen hitzik argitsuenak. «Estatuak eta gobernuak erori daitezke, eta hondamena izan daiteke inguruko guztia, baina maitasun horretan eta lotura horretan badago zerbait irauten duena, eta hori da geratzen zaigun azken erresistentzia esparrua». Klase ikuspegia Klase ikuspegiari ere erreparatzearen garrantzia nabarmendu du Navasek. «Gure desirak eta afektuak ezin dira pentsatu kapitalaren logikaren arabera. Eta klasearekin erabat lotuta daude gure pelikulak ere. Uste dut latitude batzuetatik eta gune pribilegiatuago batzuetatik egindako queer zinemak presentzia handia duela, baina disidentzia horiekin gune periferikoagoetan gertatzen dena ere mahaigaineratu behar da». Queertopiak izango da aurtengo Zinegoak jaialdiaren leloa, eta 50 jarduera baino gehiago eskainiko ditu uztailaren 1era arte. Hamabost film luze eta 30 film labur proiektatuko dituzte, bai eta hitzaldiak, tailerrak eta antzerki ikuskizunak ere.