Portugalek erakutsi du hautagai sendoa dela
Portugalek gorriak ikusi behar izan zituen lehen jardunaldian Txekiako Errepublika garaitzeko. Markagailua iraulita eta inongo apaindurarik gabe eskuratu zituen puntuak. Txekiarren harresian kostata aurkitu zituen arrakalak. Bada, askoz ere errazago menderatu du gaur Turkia, norbere talentuari eta aurkariaren hutsei esker. Hori horrela, orain arte irudi ona eman duten hautagaien multzoan sartu da. Espainia eta Alemania nabarmendu dira gehien orain arte. Haiekin batera, jada final-zortzirenetan dago Portugal ere. Espainiak bezala, ziurtaturik dauka lehen postua. Lehen jardunaldiaren aldean, taldea modu naturalagoan antolatu du Roberto Martinezek. Joao Cancelo erdigunetik eskuin hegalera mugitu du, eta Palinha ipini du aingura lanetan. Turkiari dagokionez, berriz, harrigarria izan da Arda Guler aulkian ikustea. Hasieran, turkiarrek ez dute sumatu harribitxiaren falta. Bizi zelairatu dira, eta gertu izan dute lehen gola, Akturkogluren eskutik. Arrapaladan jokatu nahi zuten, baina Portugalek sosegatu egin du egoera. Baloia pazientziaz mugitu du, eta 21. minutuan jaso du saria: Nuno Mendesek ezkerretik erdiraketa egin, eta Bernardo Silvak sareetara bidali du baloia. Hortik gutxira, txapelketako golik inozoena hartu du Turkiak. Ronaldo haserre zegoen taldekide batek ez diolako baloia pasatu, eta bien bitartean, Akaydinek atezainarekin jokatu du, hari begiratu gabe eta baloia aterantz bideratuta. Egoerak ez zuen batere arriskurik, baina bukaera tragikoa izan du turkiarrentzat. Taldekidearen hutsa konpontzen saiatu da Celik, baina berandu iritsi da. Norbere atean sartutako beste gol bat; Eurokopa honetan sei izan dira jada. Turkiak sufritzen jarraitu du defentsan, areago lerroak aurreratu eta atzean hutsuneak utzi ahala. 55. minutuan, Ronaldo bakarrik gelditu da atezainaren aurrean, eta eskuzabal jokatu du: gola Bruno Fernandesi oparitu dio. Modu horretan, partida guztiz erabakita utzi dute portugaldarrek. Harresia ate azpian Georgiak eta Txekiako Errepublikak jokatu dute F multzoko beste neurketa. Txekiarrak erasokor aritu dira, faborito izaera beren gain hartuta. Georgiaren zelaian jokatu dute minutu luzez, eta aukera ugari sortu; batzuk jokaldi ehunduen bidez, eta gehienak, Coufalen erdiraketez baliatuta. Alabaina, behin eta berriz topo egin dute Giorgi Mamardaxvili atezainarekin: 12 geldiketa egin dizkie guztira. Hari esker eutsi du zutik Georgiak. Era anarkikoan jokatu du zenbaitetan, eta Khvitxa Kvaratskhelia, taldeko izar nagusia, nahiko oharkabean igaro da. Haatik, georgiarrek aurre egin diote logikari, eta markagailuan aurrea hartu dute atsedena ate joka zela. Eurokopako baloiak txip bat dauka eskuarekin jo duten ala ez jakiteko, eta biziki mesedegarria izan zaio hori Georgiari: epaileak baliorik gabe utzi du txekiarrek 23. minutuan eginiko gola, Hlozekek baloia eskuarekin sareratu duelako; eta gero, penaltia adierazi dio Hranac atzelariari. Mikautadzek ez du huts egin. 58. minutuan iritsi da txekiarren erantzuna, Schicken bitartez, eta, banakoa lortuta, gora egin dute. Alabaina, Georgiak izan du gertuen garaipenerako gola, partidako azken jokaldian. Hiru aurrelari zeuden atzelari bakar baten aurka, baina errematea gora joan zaio Lobjanidzeri. Horiek hala, bizirik diraute bai Georgiak eta bai Txekiako Errepublikak. Asteazkenean Turkia eta Alemania izango dituzte aurkari, hurrenez hurren. Bihar hasiko da azken jardunaldia, Eskozia-Hungaria eta Suitza-Alemania partidekin (21:00etan jokatuko dira biak). Alemania sailkatuta dago jada, eta Suitzak puntu bakarra aski du. Eskozia eta Hungaria, berriz, irabazi beharrean dira.