Pello Bilbaok, Alex Aranburuk, eta Usoa Ostolazak etapa bana…
Euskal txirrindularitzaren astroak lerrokatu egin dira, eta hiru garaipen eskuratu dituzte hiru txirrindularik, prestigio handiko txapelketetan. Pello Bilbaok (Bahrain-Victorious) Esloveniako Tourreko etapa nagusia irabazi du, Alex Aranburuk (Movistar) Belgikako Tourreko etapa nagusia irabazi du, eta Usoa Ostolazak (Laboral Kutxa) Pirinioetako Tourreko bigarren etapa irabazi du. Pello Bilbaok Suitzako Itzulian aritzeari uko egin behar izan zion osasun arazoengatik, eta Esloveniako Tourra aukeratu zuen horren ordez. Gaur, laugarren etapa irabazi du bertan. Bizkaitarra azkarrena izan da Skofljica herriaren eta Krvavec lehen mailako eski estazioaren arteko 147 kilometroko jardunaldian. Garaipen horrekin, sailkapen nagusiko bigarren postuan dago, Giovanni Aleotti (Bora-Hansgrohe) liderrarengandik hamabi segundora. Gainera, duela urtebete zendu zen Gino Mader taldekidea omendu du lortutako garaipenarekin. Alex Aranburuk Belgikako Itzuliko laugarren etapa irabazi du. Azkarrena eta trebeena izan da, esprintean aurrea hartu du eta Pierre Gautherat frantziarra hartu du mendean. Ezkiotarrak gogotik ospatu du garaipena; izan ere, garaipenik gabeko 22 hilabeteko bolada eten du. Aranburu hirugarren da sailkapen nagusian, Wærenskjoldetik (Uno-X) sei segundora, igandeko etaparen faltan. Usoa Ostolazak Aubisqueko gainean lortu du garaipena, Pirinioetako Tourreko bigarren etapan. Zarauztarra lasterketako lider berria da, eta bihar defendatuko du lidergoa, azken etapan. Lasterketako hirugarrena, eta baita sailkapen nagusikoa ere, Yurani Blanco da, Ostolazaren taldekidea Laboral Kutxan.