Txalo artean hartu dituzte Frantziako ezkerreko alderdietako ordezkariak Parisen, EELV Europa Ekologia – Berdeak alderdiaren egoitzatik atera direnean. Hainbat egunetako negoziazioen ondotik akordio batera iritsi dira. Hautagaitza bateratuak aurkeztuko dituzte heldu den ekainaren 30eko eta uztailaren 7ko Frantziako Asanblearako hauteskundeetan, eta gobernu programa bat adostu dute. 🔴 Déclaration commune : une page de l’Histoire de France s’écrit avec le #NouveauFrontPopulaire pic.twitter.com/DH2LjdL0jJ — Parti socialiste (@partisocialiste) June 13, 2024 Agiri bateratua publikatu, aspaldi ikusi gabeko frente komun zabalena iragartzeko. Ezker muturretik zentro ezkerreraino batuko dira, «Frantziako historiaren orrialde berri bat» idazteko. «Gaurtik aitzina, Frantzia guzian, batasun hau zabaltzeari ekingo diogu, gure ideiekin bat egiten duten herritar, elkarte, sindikatu, alderdi politiko, eta eztabaida publikoan inplikatuak diren pertsona ezagunekin», adierazi dute. «Frantziako gizartea» ordezkatzeko gaitasun izanen duten hautagaiak izanen dituztela erran dute, eta Frantziako Asanblean gehiengoa lortuta, Frantziako Gobernua hartzeko prest agertu dira. «Hausturan» oinarritzen den programa politiko bat osatu dute, agintaldiaren lehen ehun egunetarako neurriak zehaztu dituena. «Proposamen konkretu eta errealistak, frantziarren bizitza aldatu dadin, zinez». Lortu duten akordioari esker, baieztatu dute Batasun Nazionala boterera iristea ez dela «halabehar» bat. «Altxa zaitezte, eta batu Fronte Popularrera. Esperantza bertan da». Parisen akordioa lortuta, ikusteke dago horrek zer eragin izanen duen tokian toki. Ipar Euskal Herrian, EH Bai prest agertu zen Frantziako ezkerrak osatuko zuen batasun horretan parte hartzeko. Oraindik ez da jakina nor izanen diren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituzten hiru hautesbarrutietako hautagaiak, baina aukera bat da horietako batzuk ezkerreko abertzaleak izatea.
Mendizale batek ezbeharra izan du Mugarra mendian (Bizkaia) gaur, eta bertan hil da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erori egin da. 66 urteko gizon bat da. Haren familiak SOS Deietara deitu du 18:00 aldera, eta abisua eman: goizean mendira abiatu da, eta ordutik ez zuten haren berri. Senitartekoek azaldu dute kokatzeko gailua zeramala soinean, bi orduz ez dela mugitu, eta, gainera, ez zuela telefonoa hartzen. Suhiltzaileak eta Ertzaintzaren erreskate taldea mendizalea zegoen ingurura abiatu dira abisua jaso ondoren, eta 19:00ak baino lehen aurkitu dute, hilik. Gorpua helikopteroz eraman dute Iurretara, eta handik autopsia egitera eramango dute.
Bira espazioak, Berbaizu eta Zenbat Gara elkarteek, Bilboko auzoetako euskara taldeek, euskaltegiek, jaietako eragileek, haur eta gazteen aisialdi taldeek, mugimendu sozialetako aktibistek, Euskal Herri osoko euskalgintzako kideek eta tokiko proiektu komunikatiboetako hainbat kidek osatu dute Guka mugimendua. «Gu gara, Guka gara!»; aldarrikapen artean batu dira Bilboko adin guzietako euskalgintzako kideak gaur iluntzean. Ibai ertzean eta musika gora emanik hasi dute mugimenduaren aurkezpena. Euskaraz eroso aritzeko mezua zabaldu dute. Horretarako, euskarak «boterea» behar duela adierazi dute banatu dituzten eskuorrietan. Euskara estetika kontuetatik kanpo ere nahi dute utzi eta hizkuntzaren biziraupena jokoan dagoela erran dute: «Ez gara ari estetika konkretu batzuk bultzatzeaz, salbazioa gatazkan dago». Bertzalde, euskararen aldeko borroka bertze borrokekin uztartzea proposatu dute, euskalgintzak «bere» eginez gainerateko borrokak, borroka emantzipatzaileak «euskaratik» eraikiz. Komunitate menderatu baten «defentsa» eraman nahi dute «beharrezkoa» baita «hiztun oso eta duin gisa bizitzeko aukera ematea». Finean, euskararen kontrako oldarraldi «ideologiko, politiko eta juridiko» betean, «sakabanatuta» lanean ari ziren Bilboko euskalgintzako kideak batu dira herri mugimendu horretan. Gaur egin dute aurkezpena, Erripa kaian, udaletxetik hurbil, eta Oihana Bartrak, Liher Barrantesek, Olatz Silvak eta Maialen Gagok hartu dute hitza. Adierazi dutenez, luzaroan aritzeko sorturiko mugimendua da Guka. Bilboko euskaltzaleen «plaza askea» dela nabarmendu dute, jadanik lanean hasiak direla, eta kanpaina bat abiatu dutela Bilboko jai herrikoietan euskara sustatzeko eta euskal hiztunen eskubideak aldarrikatzeko. Aldarrikapenen artean, bigarren mailako hiztun izateari uko egin diote, eta adierazi hiriak «euskaldunon alde egitea» nahi dutela. Argudiatu dute euskararen egoera ez dela bakarrik «arrazoi sentimentala» baizik eta «justizia kontua» dela. Horretarako, zehaztu dute komunitate gisa hedatu, sendotu, ahaldundu eta aktibatu behar dutela, gaurko gizarteak dituen erronkei aurre egiteko. Bi lan ildo Bilboko euskalgintzak «behar» duen prozesua irudikatu eta gauzatzeko, euskaltzaleen plazak bi ildo izanen ditu. Batetik, lan «eratzailea» eramanen du, eta Bilbon jadanik euskaraz ari diren tokiak indartu eta beste batzuk eratzea bultzatuko du. Azken finean, euskararen arnasguneak indartu eta halako gehiago sortu nahi dituzte. Adierazi dutenez, proiektu pilotuak abiaraziko dituzte, proiektu erreferenteak sustatzeko eta egitasmo berriak bultzatzeko. Bertzalde, aldarrikapenerako tartea ere zabaldu dute antolatzaileek. Hausnarketa «ideologikoa» eginen dutela erran dute: euskararen aldeko mugimenduaren nondik norakoak, zergatiak, helburuak eta zabalpena izanen dituzte ardatz. Gainerateko mugimenduekin lan egiten dutela eta proiektuak elkarlanean eginen dituztela esplikatu dute. Hain zuzen ere, hainbat eragin eremu identifikatu dituzte euskararen zabalpenerako beharren arabera. Batik bat, aintzat hartu dituzte haur eta gazteen aisialdia, kultura, helduen euskalduntzea, merkataritza eta zerbitzuak.
Zordun zaurgarrien etxegabetzeak 2028 arte etetea onartu du, aho batez, Diputatuen Kongresuak. Gaur, baina, hamarkada bat baino gehiagoz luzapenak kateatzen dituen neurri hau iraunkor egiteko aukerak hartu du eztabaida.
Epai hau Europako Justizia Auzitegiak joan den otsailean argitaratu zuenaren ildo beretik doa. Kasu honetan, urteetan aldi baterako kontratuak izan dituzten Kataluniako hiru langile publikoren salaketak aztertu ondoren eman da irizpena.
Espainiako Estatuari dagokionez, urte arteko inflazioa % 3,6an kokatu da, hiru hamarren gora eginda. Bestalde, azpiko inflazioak ere gora egin du pixka bat, eta % 3,0an dago orain.
Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketek maldizio kutsua dute Eibarrentzat. Hirutan jokatu ditu, azken hiru urteetan, eta beti geratu da erdibidean. Bakar batean ez da gai izan finalerdiak gainditu eta finala jokatzeko. Guztiek izan dute amaiera bera, kolpe latza, baita ondorio bera ere: beste urtebetez Bigarren Mailan aritzea. Eibarren (Gipuzkoa) sinetsita zeuden hirugarren ahalegina arrakastatsua izango zela. Baina ez da horrela izan, eta ustela izan da beste behin. Joseba Etxeberriak entrenatutako taldeak aukera ederra zuen lehen aldiz finalerako sailkatzeko. Nahikoa zuen gaur Oviedorekin berdintzea, hutsean berdindu baitzuten joanekoan, Oviedon (Espainia), eta, ligan, aurretik sailkatu baitzen. Alferrik, ez da gai izan abantaila horri etekina ateratzeko, eta galdu egin du Ipuruan: 0-2. Akabo berriz ere onenekin aritzeko ametsa. Egungo futbolean funtsezkoa da bi areatan asmatzea: norberarenean eta aurkariarenean. Horretan egin du huts Eibarrek gaur. Aukera garbiak izan ditu partidako lehen gola sartzeko, baina ez Corpasek, ez Aketxek ez dute lortu Leo Roman Oviedoko atezaina gainditzea. Erasoan eskas, eta, defentsan, samur. Bisitariak, ordea, oso eraginkor aritu dira, eta ezin hobeto baliatu dituzte haien aukerak. 59. minutuan, Alemaok buruz sartu du gola. Golak jota utzi ditu etxekoak, eta nola edo hala suspertzen hasi direnean, bigarren gola sartu du Oviedok. Sebas Moyanok egin du, 79. minutuan, Borja Bastonek Anaitz Arbillari baloia kendu eta erdiratu ondoren. Gol horrek azkena eman dio Eibarri. Partida amaieran, tristura eta etsipena nagusitu da Ipuruan. Gutxienez, beste urtebetez itxaron beharko dute. Luzea egiten ari da itxaronaldia.
Bederatzi urte, 50 bilera baino gehiago eta, tartean, milaka eta milaka isun. Anitz izan dira Herritarren Segurtasunerako Legea –mozal legea deitua– baliogabetzeko saiakerak; halere, indarrean dago oraindik, eta badago egunero