Egun ona izan da taldekako kiroletan aritu direnentzat (euskal…
Bosgarren lehia eguna dute gaur, asteazkena, Parisko Olinpiar Jokoetan, eta Miren Lazkano da bakarka ariko den euskal kirolari bakarra. Finalerdietarako sailkatu zen atzo, piraguismoko C1 atalean, eta 15:30ean jokatuko du; finalerako sailkatuko balitz, gaur bertan erabakiko da, 17:25ean. Taldekako kiroletan ere lehiatuko dira euskal kirolariak: Imanol Gartziandia eta Kauldi Odriozola izango dira lehiatzen lehenak, eskubaloian (14:00). 17:00etan futbolaren txanda izango da. Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta eta Irene Paredes Brasilen aurka lehiatuko dira. Belar hockeyan 19:45ean ariko dira Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga, Hegoafrikaren aurka. Eta, azkenik, 3×3 saskibaloian elkarren aurka jokatuko dute Gracia Alonso de Armiñok eta Hortense Limouzinek (21:00). Surfean, astearteko jardunaldia atzeratu zuten. Baldintza meteorologikoek baimentzen badute, bihar arituko dira Nadia Erostarbe eta Joan Duru. Euskal Herriko ordu txikietan (02:24) ahaleginduko da Erostarbe final-laurdenetarako txartela lortzen. Duruk bihar arratsaldean izango du final-laurdenetako proba (19:36). Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Eskubaloia Imanol Gartziandia eta Kauldi Odriozola protagonistak izan dira Espainia eta Japoniaren arteko eskubaloi partidan. Espainiak lortu du garaipena, 37-33. Hiru gol egin ditu Gartziandiak eta sei, Odriozolak. Bera izan da Espainiako selekzioan gol gehien egin dituen jokalaria. Sergei Hernandezek ez du jokatu. Partida guztian zehar aurretik ibili da Espainia, baina alde txikiarekin beti. Azkenean lau goleko abantailarekin irabazi du. Piraguismoa Miren Lazkanok hamargarren postuan amaitu du C1 mailako eslalom lehiketa. Finalerako sailkatu da hamargarren denbora onena eginda —hamabi sailkatzen ziren—, eta finalean berriz ere bederatzi izan ditu aurretik. Azken proban finalerdian baino azkarrago osatu du jaitsiera Lazkanok, baina hiru ate jo ditu —finalerdian, bi—. Azkenean, 116.97ko denbora egin du, Jessica Fox irabazleak baino ia hamasei segundo gehiago. Futbola Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Irene Paredes final-laurdenetarako sailkatu dira. Espainiak 2-0 irabazi dio Brasilgo selekzioari eta multzoko lehen postuan igaro dira final-laurdenetara. Gaur lau euskal herritarretako batek ere ez du jokatu. Multzokako faseko hiru partidak irabazi ditu Espainiak eta urrezko domina irabazteko hautagai sendoa da. Belar hockeya Urrats garrantzitsua eman du Jose Maria Basterraren eta Rafael Villalongaren taldeak. Espainiako selekzioak 3-0 garaitu du Hegoafrika eta final-laurdenetara sailkatzetik gertu dago. 23. minutura arte bi taldeetako bat ere ez du golik egin. Orduan iritsi da Espainiaren lehengoa, Marc reynek sartu du. Basterrak egin du bigarrena, partidaren hirugarren zatian. Eta, azkena, 53. minutuan egin du berriz ere Reynek. 3X3 Saskibaloia Bi euskal herritarrek jokatzen dute 3×3 saskibaloian, eta, gaurkoan, ezinezkoa zen biek irabaztea. Gracia Alonso de Armiñok Espainiako selekzioarekin jokatzen du eta Hortense Limouzinek Frantziakoarekin. Gaur elkarren aurka aritu dira eta Alonso de Armiñoren taldea nagusitu da. 17-12 irabazi dio Espainiak Frantziari.