Marta Rovira bihar itzuliko da Kataluniara
Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak aste hasieran erabaki zuten Tsunami auzia artxibatzea. Horiek hala, erbestetik Kataluniara itzultzeko moduan dira ikertuetako ugari. Hala egingo dute bihar Marta Rovira ERCko idazkari nagusi ohiak, Ruben Wagensberg alderdikideak, Oleguer Serra Omniumeko presidenteordeak, Josep Campmajo ekintzaileak eta Jesus Rodriguez kazetariak. Suitzatik Kataluniarako bidea egiten ari dira horiek, eta Cantallopsen egingo dituzte adierazpenak goizean, Rosellotik Gironara igaro berritan. Cantallops udalerria da Junquerako muga pasabidetik gertuen dagoen herria, eta, azaldu dutenez, Wagensbergek familia du han. Han harrera egingo diete, eta besteak beste, ERCko presidente ohi Oriol Junqueras eta Marta Molina alderdikidea bertaratuko dira; azken hori ere Tsunami auzian ikertutakoen artean zen. Eguerdirako, berriz, ekitaldi bat antolatu du Omnium Culturalek Bartzelonan, eta arratsaldean ekitaldiak egingo dituzte Bartzelonako Sants auzoan eta Gironan ere. Wagensbergek, Serrak, Campmajok eta Rodriguezek urtebete baino gehiago zeramaten Suitzan. Rovirak, berriz, sei urte egin ditu herrialde hartan. Hain zuzen, hura izan zen Kataluniara itzultzeko asmoa zuela esan zuen lehena, larunbatean ERCko emakumeek egingo duten batzarrean parte hartzekoa zela adierazita. Rovira eta Wagensberg, elkarri eskua ematen, Kataluniarantz abiatu aurretik. ERC Haien kontrako auziaren oinarria 2019ko urrian Tsunami Demokratikoa mugimenduak egindako protesta ekintzak dira. Mugimendu hark zenbait ekintza egin zituen Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako espetxe zigorren kontra. Auzitegi Nazionalaren arabera, Tsunami «istiluak» eragiteko eta «independentziaren aldeko» egoera bat sortzeko eratu zen, eta Garcia Castellon ikertzen ari zen ea ekintza haien artean «terrorismo» deliturik egon zen. Auzian hamar lagun zeuden ikertu gisa Auzitegi Nazionalean: Rovira, Serra, Campmajo, Rodriguez, Molina, Josep Lluis Alay Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemonten bulegoko zuzendaria, Oriol Soler enpresaria, Jaume Cabani informatikaria, Xavier Vendrell ERCko kontseilari ohia eta Nicola Flogia italiarra. Eta beste bi Auzitegi Gorenean: Puigdemont eta Wagensberg. Puigdemont, oraindik ez Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak, baina, aste hasieran ebatzi zuen Tsunami auziko instrukzioaren luzapenak legez kontra onartu zituela Manuel Garcia Castellon instrukzio epaileak, eta, ondorioz, bertan behera utzi behar zirela 2021eko uztailaren 29tik aurrera egindako ikerketa lanak. Horiek hala, Garcia Castellonek auzia artxibatzea erabaki zuen, eta horren berri eman zion Auzitegi Goreneko Bigarren Zigor Salari. Horren berri izan ostean, Susana Polo instrukzio epaileak ere artxibatu egin zuen auzia; haren esku egon da Wagensbergen eta Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemonten kontrako auzia. Puigdemonti dagokionez, haren kontrako beste bi auzi ere badaude oraindik irekita. Batetik, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak uko egin dio bere aurkako atxilotze agindua erretiratzeari, funts publikoak bidegabe erabiltzearen delituagatik. Bestetik, Gorenak berak erabaki beharko du Joaquin Aguirre epailea ikertzen aritu den auziaren inguruan —Errusiako Gobernuak Kataluniako independentzia prozesuan ustez izandako esku hartzea du ardatz—. Puigdemont ere ikertzen ari dira hartan.