Espainiak Frantzia garaitu du eta Eurokopako lehen finalista da
Sendo aritu da defentsan Frantziako selekzioa, baina ez da nahikoa izan Espainiaren erasoa geldiarazteko. 2-1 irabazi du Espainiako selekzioak gaur Municheko (Alemania) Allianz Arenan jokatutako finalerdietako partida. Frantziarrek hartu dute aurrea, baina azkar erantzun dio Espainiak eta bitan sartu dute baloia frantziarren atean. Bigarren zatian, markagailuari eustera mugatu da Luis de la Fuenteren taldea eta Didier Deschamps baionarrak zuzendatutako mutilek ezin izan dute Unai Simonen atea gainditu. Horrela, datorren igandeko finala jokatuko du Espainiak Berlingo olinpiar estadioan. Intentsitate handikoa izan da neurketaren lehen zatia. Espainia hasi da agintzen, baina Frantziak egin du lehen gola. Bederatzigarren minutuan Kilian Mbape taldeko izarrari iritsi zaio baloia; honek bikain erdiratu, eta buruz egin du lehena Kolo Muanik. Unai Simon Athleticeko atezainak ezin izan du ezer ere egin gola saihesteko. Frantziak azkar eraso egiten jarraitu du. Hori da Deschampsen taldearen jokatzeko modua: Defentsan sendo mantentzen dira eta, baloia berreskuratu ostean, azkar egiten dute aurrera. Halere, De la Fuenteren selekzioa behin baino gehiagotan gerturatu da Frantziaren zelaira. Horietako batean, 21. minutuan, berdindu dute partida. Lamine Yamali iritsi zaio baloia. Larunbatean 17 urte beteko dituen gazteak Frantziako atzelariei izkin egin, areaz kanpotik jaurti eta, zutoina jo ostean, Mike Maignanen atean sartu da baloia. Berdinketaren ostean, hazi egin da Espainia eta, lau minutura, bigarrena egin du. Jesus Navasek erdiratu eta Frantziako atzelari batek jo ostean, Dani Olmori iritsi zaio baloia. Honek indartsu jaurti du eta Jules Kounderen oinean jota sareetara bidali du baloia. Koundek sartu badu ere, Olmori eman diote gola, frantziarrak ukitu ez balu ere baloia barrura baitzioan. Gol horren ondoren partida lasaitu egin da. Ordura arte, Espainia aritu da, batez ere, erasoan. Erraz heldu dira frantziarren zelaira, baina horiek defentsa sendoa erakutsi dute. Eta erasoko aukera bakoitza baliatu dute jokaldi arriskutsuak sortzeko. Atsedenaldiaren ondoren ere joera bera mantendu dute. Espainiak zertxobait lasaitu du jokoa eta baloia alde batetik bestera mugituz jardun dute. Frantziak, berriz, une arriskutsuak sortu ditu. Mbapek eta Ousmane Dembelek lanak zaildu dizkiete Espainiako atzelariei. Deschampesek erasoa indartu du Antoine Griezmann, Eduardo Camavinga, Bradley Barcola eta Oliver Giroud zelairatuta. Eta 85. minutuan eduki dute partida berdintzeko aukera argiena. Mbape Simonen ate aurrera iritsi da, baina frantziarrak gora jaurti du baloia. Bitartean, De la Fuentek ere egin ditu aldaketak, taldea fresko mantendu eta Frantziarren erasoari aurre egin ahal izateko. Martin Zubimendi, Mikel Merino, Mikel Oiartzabal, Dani Vivian eta Ferran Torres sartu ditu partidaren azken zatian. Epaileak bost minutu gehitu dizkio partidari, baina Espainiako selekzioak baloia mantentzen asmatu du eta Frantziak ezin izan du berdindu. Txapelketan jokatu dituen sei partidak irabazi ditu Espainiako selekzioak eta bosgarrenez jokatuko du Eurokopako finala. Aurrez jokatu dituen lau finaletatik hiru irabazi ditu. Bigarren finalerdia, bihar Igandean Espainairen aurka nork jokatuko duen bihar argituko da. Ingalaterra eta Herbehereak arituko dira aurrez aurre. Ingalaterra da finalera iristeko hautagai nagusia. Izen handiak dituen taldea da, baina Eurokopa honetan ez da esperotaklo maila ematen ari. Halere, Suitzaren aurkako final-laurdenetako partidan itxura hobea eman zuen multzokako fasean baino. Bestetik, Herebehereetako selekzioa ere talde indartsua da, nahiz eta, multzokako fasetik juxtu-juxtu egin zuen aurrera. Dortmundeko (Alemania) BVB estadioan jokatuko dute neurketa, 21:00etan (La1 eta TF1).