Biniam Girmay nagusitu da Turinen, Frantziako Tourreko lehen esprintean
Aurtengo Tourreko gizonik azkarrenen zerrenda gutxitan ageri zen Biniam Girmay (Intermarche). Esprintean amaitu den lehen etapan, ordea, bera nagusitu da. Horrela, Frantziako Tourrean etapa garaipena lortu duen laugarren afrikarra izan da, baita lehen beltza ere. Helmugaratzea Jasper Stuyvenek (Lidl) bideratu du, bere gurpilean zituen Mads Pedersen taldekidea eta Arnaud de Lie (Lotto). Pedersenek, ohi bezala, esprint luzea egin du, baina haren eskuinaldetik agertu da Girmay. Lidleko txirrindulariaren eta babes hesien artetik bidea ireki, eta eskuak jasota zeharkatu du eritrearrak helmuga lerroa. Bigarren postuan, berriz, azkenaldian nahiko itzalita zegoen esprinter bat sartu da: Fernando Gaviria (Movistar). Hirugarren izan da Pedersen, eta laugarren De Lie. Dylan Groenewegen (Jayco) kexu iritsi da helmugara, bosgarren postuan; De Liek eskuinera egin du azken metroetan, eta Jaycokoak ezin izan du aurrera jarraitu. Ziklista gutxi batzuk jokatu ahal izan dute etapa garaipena, helmugarako hiru kilometro falta zirela eroriko bat gertatu baita. Eroriko horren ondorioz, ezin izan da esprintean sartu hautagai nagusia zen Jaspen Philipsenek (Alpecin); ezta Wout Van Aertek (Visma) ere. Eta orduantxe geratu dira atzean Remco Evenepoel (Soudal), Jonas Vingegaard (Visma) eta Tadej Pogacar (UAE) ere. Hiru horiek zeuden sailkapen nagusiko lehen hiru postuetan. Ez dute denborarik galdu, erorikoa segurtasun eremuaren barruan gertatu delako, hots, azken bost kilometroetan, —gaur sartu da indarrean neurri berria, orain arte azken hiru kilometroak hartzen ziren kontuan—. Denborarik ez, baina Pogacarrek elastiko horia galdu du. Atzo berak jantzi zuen, baina denbora berean geratu ziren bera, Vingegaard, Evenepoel eta Richard Carapaz (Education First). Ziklistak denbora berean sartuz gero, etapa bakoitzean lortutako postuak batzen dira maillota nork jantziko duen erabakitzeko. Gaur, Carapaz hamalaugarren iritsi da, eta, horrela, Frantziako Tourreko maillot horia jantzi duen lehen ekuadortarra izan da. Richard Carapaz, elastiko horia soinean duela. GUILLAUME HORCAJUELO/EFE Aurtengo Tourreko etaparik luzeenari Piacenzatik ekin diote, Giorgia Bronziniren jaioterritik. Brozini aurreko hamarkadako txirrindularirik azkarrenetako bat izan zen. Era berean, ibilbideko 230 kilometroetan, txirrindularitzarekin lotura duten bestelako tokiak ere igaro dituzte. Hala nola eguneko lehen mendateari Tortone-Fausto Coppi izena eman diote. Herri horretan zendu baitzen, besteak beste, bost Giro eta bi Tour irabazi zituen txirrindularia. Gero, laugarren mailako beste bi mendate igaro dituzte Turingo helmugara irirtsi aurretik. Laugarren aldia izan da Frantziako Tourreko etapa bat hiri horretan amaitzen zena. Amaiera bizia izan bada ere, gainontzean, nahiko etapa lasaia osatu dute. Ihesaldi handirik ez da egon, eta tropelak osorik egin ditu eguneko kilometro gehienak. Tarteko helmugan, bai, egon da lehia. Elastiko berdearen sailkapenerako puntuak eskuratu nahian aritu dira gizonik azkarrenak. Pedersenek bildu ditu puntu gehien, Philipsen eta Bryan Coquarden (Cofidis) aurretik. Tarteko helmugatik aurrera, Fabien Grellier (Total) izan da talde nagusitik ihes egiten ahalegindu den bakarra. Helmugarako 65 kilometro falta zirela jo du erasoa, eta lasterketa buruari eutsi dio helmugarako 28 kilometro falta izan diren arte. Esprinterren taldeek soka motzean lotu dute Grellier, eta inoiz ere ez du alde handia irekitzea lortu. Abrahamsenen bilakaera Mendateetan ere ez da norgehiagoka handirik egon. Eguneko lehen muino puntuagarrian, Jonas Abrahamsen (UnoX) igaro da lehen postuan. Bigarrengoan, aldiz, bere jaioterritik gertu zegonez, Matteo Sobrerok (Bora) igaro nahi izan du aurrena. Eta, hirugarrengoan, Grellier ihes eginda zihoan. Halere, Abrahamsenek lehen postuan jarraitzen du mendiko sailkapenean; baita puntuenean ere. Tourreko lehen etapetan, nabarmentzen ari da norvegiarra; atzo, bigarren iristsi zen helmugara. Bihar, ostera, zailagoa izango du bi elastikoei eustea. Izan ere, ez da igotzaile petoa. Txirrindularien artean joera dago ahalik eta arinenak izaten saiatzera, igoeretan eta sailkapen nagusietan ondo moldatu ahal izateko. Bada, Abrahamsenek bestelako bidea hartu zuen. Duela bizpahiru urte 60 kilo inguru pisatzen zuen, eta muskulu gehiago lortzearen alde egin zuen. Egun, 80 kilotik gertu dago, baina mendateetara «lehengo maila berean» igotzen dela adierazi du Domestique agerkari digitalean. Orain, txirrindulari gisa «aukera gehiago» dituela uste du; taldeko igotzaileei lagundu diezaiekeela, baita esprintetan eta ihesaldietan sartu ere. Jonas Abrahamsen, mendiko liderraren maillotarekin. KIM LUDBROOK/EFE Gaur ere saiatu da eguneko ihesaldia sortzen. Bere taldekide Johannes Kulsetekin —Tourreko txirrindulari gazteena— batera egin du alde etapako lehen zatian. Zenbait kilometro tropelaren aurretik egin eta beste inor batu ez zaiela ikusita, ordea, hanka altxatzea erabaki dute. Tourra hasi aurretik, Abrahamsen bera zen denboraldi honetan tropelaren aurretik kilometro gehien eginak zituen txirrindularia. Jarrera erasokor hori berresten ari da Tourreko lehen egunetan ere. Bihar, Galibier Biharkoa 2024ko Tourreko goi-mendiko aurreneko etapa izango da. Larunbatekoa gorabeheratsua izan bazen ere, bihar egingo dute lehen mendate luzeetan gora. Pinerolotik (Italia) abiatuko dira ziklistak, eta, etaparen erdialdera, Frantzian sartuko dira. Ia 140 kilometroko ibilbidean, bigarren mailako bi igoera gainditu beharko dituzte —Sestrieres zein Montgenevre—, eta maila bereziko bat —Galibier—. Helmugarako 20 kilometro falta direla igaroko dute azken hori, Galibier. 23 kilometroko aldapa da, %5eko batez besteko pendiza duena; eta gailurra 2.600 metrotik gora dago. Gainera, bertatik aurrena igarotzen denak zortzi segundoren gainsaria lortuko du. Gailurretik jaitsiera luzea izango dute Valloiren kokaturiko helmugaraino. Lehia bizia egongo da lehen kilometroetatik. Eguneko ihesaldia hartu nahiko dute txirrindulari askok, mendiko puntu ugari egongo baita jokoan, eta helmugara iristeko aukera ere izan dezake. Bestalde, azken mendatean sailkapen nagusikoen arteko borroka ere espero da. Atzo, Pogacarrek ez zuen lortu Vingegaard atzean uztea; bihar, beste aukera bat izango du. Orain arte indartsu agertu dira Evenopoel eta Carapaz, eta horiek ere erakutsi nahiko dute Nizako podiumerako hautagaiak direla. Eta orain arte ezkutuan ibili diren Primoz Roglic (Bora) zein Ineos taldekoak ere gailentzen saiatuko dira. Etapako sailkapena 1. Biniam Girmay (Intermarche) 5.26.48 2. Fernando Gaviria (Movistar) d.b. 3. Arnaud de Lie (Lotto) d.b. 4. Mads Pedersen (Lidl) d.b. 5. Dylan Groenewgen (Jayco) d.b. 22. Oier Lazkano (Movistar) d.b. 33. Alex Aranburu (Movistar) d.b. 36. Pello Bilbao (Bahrain) d.b. 102. Mikel Landa (Soudal) d.b. 147. Ion Izagirre (Cofidis) d.b. 170. J. Castroviejo (Ineos) d.b. Sailkapen nagusia 1. Richard Carapaz (Education First) 15.20.18 2. Tadej Pogacar (UAE) d.b. 3. Remco Evenepoel (Soudal) d.b. 4. Jonas Vingegaard (Visma) d.b. 5. Romain Bardet (DSM) 00.06ra 6. Pello Bilbao (Bahrain) 00.21ra 20. Mikel Landa (Soudal) 00.21ra 54. Alex Aranburu (Movistar) 15.50ra 75. Ion Izagirre (Cofidis) 27.28ra 98. J. Castroviejo (Ineos) 36.43ra 133. Oier Lazkano (Movistar) 47.11ra