KPIa % 2,8an kokatu da uztailean, sei hamarren behera eginda, argindarraren eta elikagaien merkatzea tarteko. Bestalde, azpiko inflazioa bi hamarren jaitsi da uztailean, % 2,8raino.
Hirugarren eguna du lehiaketa olinpiarrak, eta gaur, astelehena, euskal kirolariek ez dute apenas parte hartzerik izango. Sebastien Guerrero estreinatuko da: 09:00etan du hitzordua, tiro olinpikoan, hobi olinpikoko kategorian. Surfean, berriz, Joan Duruk jokatuko du gauean, 20:48 aldera, eta Nadia Erostarbe bihar goizaldean lehiatuko da, Euskal Herrian 02:12 inguru direnean. Eskubaloian, berriz, Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola Espainiako selekzioarekin arituko dira, Suediaren aurka, 16:00etan. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Surfa Joan Duru surflari baionarra final-laurdenetan arituko da. Epaileek bederatzi puntu baino gehiago eman dizkiote hartu dituen olatuetatik bitan. Horrela, 18.13ko puntuazioa lortuta, Alan Cleland mexikarra gainditu du —15.17—. Bihar, 19:36an jokatuko du final-laurdenetako proba. Finalerdietara sailkatzeko Kauli Vaast garaitu beharko du bere etxean. Tahitikoa (Polinesia Frantsesa) da Vaast eta bertan ari dira lehiatzen aurtengo olinpiar Jokoetako surfeko probak. Bestetik, Janire Gonzalez eta Andy Criere lehiaketatik kanpo gelditu ziren bart. Larunbatean ekin zioten lehiari, eta lehen txandan kanpoan gelditu ziren, eta atzo, bigarren jardunaldian, ez zuten lortu aurrera egiteko behar adina puntu. Nadia Erostarbek lehiaketan jarraitzen du: gauerditik aurrera izango du bere proba. Tiroa Sebastien Guerrerok oso zaila du hobi olinpikoan finalean aritzea. Baionarrak lehen hiru txandak jokatu ditu gaur, eta 70 puntu lortu ditu 75etik. Lehen seiak sailkatuko dira, eta 73 ditu seigarrenak; alde handia da hori. Guerrero bihar ariko da azken bi txandetan (09:00). Finalerako sailkatuko balitz, 15:30ean lehiatuko litzateke. Eskubaloia Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola ari dira Espainiako selekzioan, eta galdu egin dute gaur ligaxkako bigarren partidan: 29-26 Suediaren aurka. Gartziandiak gol bat sartu du, Odriozolak batere ez, eta Hernandez ez da sartu deialdian.
3 urteko ume bat igerileku batera erori da gaur 14:00ak baino pixka bat lehenago, Tarnoseko etxe batean (Landak, Okzitania). Ia ito egin da. Istripuaren lekuko batek lortu du bihotza eta birikak geldirik zituen umea suspertzea. Larrialdi zerbitzuak eta Baionako suhiltzaileak joan dira istripuaren lekura, eta haurra hil ala biziko egoeran eraman dute Baionako ospitalera. Gero, familiak hala eskatuta, Donostiakora eraman dute, Sud Ouest egunkariak zehaztu duenez. Familia oporrak pasatzen ari zen Tarnosen.
Maiatzeko hauteskundeen emaitzek agerian utzi zuten Kataluniako Gobernuan aldaketa bat egongo zela —edo hauteskundeak berriz egingo zirela—. Indar subiranistek gehiengoa galdu, eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak eskuratu zuen. Horiek horrela, PSCko hautagai Salvador Illa zen faboritoa ERC Esquerra Republicanako Pere Aragonesen lekua hartu eta Kataluniako presidente bihurtzeko. Horretarako, baina, Aragonesen alderdiaren babesa behar du; gaur, azken-aurreko urratsa egin du hori erdiesteko: ERCko zuzendaritzak Illa presidente egiteko akordioa hitzartu du sozialistekin. Pausoa garrantzitsua den arren, ez da behin betikoa. Izan ere, erabakia oraindik ez da loteslea. Aurreakordioa akordio bihurtu eta PSCri Generalitateko giltzak emateko, indar subiranistaren oinarriek onartu behar dute lehenengo. Alderdiko 8.700 kideek ostiralean bozkatuko dute aurreakordioari baiezkoa eman eta Illa izendatu, edo ezezkoaren alde egin. Azken hori gertatuko balitz, negoziazioak «bukatutzat» emango dituztela nabarmendu du alderdi subiranistaren bozeramaile Raquel Sansek. Eta zuzendaritzak oniritzia eman arren, ERC barruan denak ez daude alde. Espainiako Parlamentuko diputatu Pilar Vallugera, esaterako, Illa presidente egitearen aurka agertu da gaur, akordioa ezagutarazi aurretik. Hainbat hedabidek azken egunetan argitaratu dutenaren arabera —bi alderdien iturriak aipatuta—, ERCk «subiranotasun nazionala» deritzonean zegoen negoziazioaren muina. Hau da, orain arte Espainiako Estatuak biltzen zituen zergak Kataluniako Generalitateak biltzea. Sansek aurreakordioaren berri ematean azaldu duenez, Kataluniarako «kontzertu ekonomiko solidario bat» sortzea da Illa presidente egiteko hitzarmenaren ardatzetako bat. Sansek gaur egindako agerraldian xehetasunik azaldu ez duen arren, azken egunetan argitaratutakoaren arabera ERCk nahi duen zerga sistema horretan garrantzi berezia izango luke PPEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergak, hori bildu eta kudeatzeko eskumena Bartzelonak izango bailuke (13.000 milioi euro inguru). EAE Euskal Autonomia Erkidegoan dagoenaren antzeko sistema bat ezartzea zen subiranisten planteamendua, baina PSC —eta PSOE Espainiako Alderdi Sozialista, batez ere— ez da inoiz bat etorri ideia horrekin. Are gehiago, Espainiako presidenteorde Maria Jesus Monterok zalantza oro uxatu nahi izan du behin baino gehiagotan: «Katalunian ez da kontzertu ekonomikorik egongo». Beraz, ikusteko dago nolakoa izango den aurreakordioan hitzartutako «kontzertu ekonomiko solidarioa» baldin eta Espainiako Gobernuak ez badu asmorik halakorik onartzeko. Lau ardatz Azken egunetan aurreakordioaren alderdi ekonomikoak bereganatu duen arren titular gehien, gaur hitzartutakoak lau ardatz nagusi dituela adierazi du Sansek. «Katalanaren aldeko apustua» egitea aurreikusten du: «Hizkuntzarik gabe ez dago naziorik». Beste bi oinarriak hauek dira: gatazka politikoa konpontzeari dagokiona eta gizarte gaiekin lotura estuagoa duena. Aurreakordioaren xehetasunak oinarrien esku jarriko dituztela adierazi du Sansek. Aurreakordioak oinarrien oniritzia lortuz gero, abuztuko aurreneko bi asteetan egingo dute inbestidura saioa. Hala adierazi izan dute egunotan, behintzat, Kataluniako zenbait hedabidek. Horiek horrela, eta alderdi subiranistaren eta sozialisten arteko akordioa gertu egon zitekeela jakinda, herenegun Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontek —Espainiako Auzitegi Gorenak amnistia legea saihesten ari da, eta, hortaz, oraindik atxilotu dezakete— adierazi zuen inbestidura saioa egiten bada erbestetik itzuli eta Bartzelonan egongo dela.
Patronalak eta sindikatuek, ELAk izan ezik, Bizkaiko esku-hartze sozialerako hitzarmena sinatu dute. CCOOk, LABek, ESK-k eta UGTk hitzartutakoak % 24ko soldata igoera eta lanaldiaren murrizeta ekarriko du.
Europak arrazoia eman dio, hortaz, UGTri, eta bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina ez dela disuasiozkoa eta ez duela langilea babesten ondorioztatu du. Espainiako Exekutiboarentzat irizpena loteslea ez bada ere, ate garrantzitsua irekitzen du epaileek norabide horretan erabakiak har ditzaten.
Finalean egotearekin konformatu behar. Azken hiru Olinpiar Jokoetan domina lortu eta gero, Maialen Chourrautek ez du balentria hori errepikatuko Parisen. Ez, behintzat, eslalomean. Finalera ozta-ozta sailkatu ostean, jaitsiera erabakigarrian indartsu hasi da, baina berriro ere bigarren atea trabatu zaio. Atzokoan ate hori bera jo zuen bigarren jaitsieran, eta bi segundoren zigorra jaso zuen. Oraingo honetan, ez du ate hori pasatu, eta zigorra handiagoa izan da: 50 segundokoa. Jaitsiera hasi bezain laster zapuztu zaio, beraz, domina lortzeko aukera. Gainera, bidean beste ate bat ere jo du, zortzigarrena, eta beste bi segundorekin zigortu dute. Azkenean 157.67 izan da haren denbora, eta urruti geratu da dominengandik, azkena izan baita finalean. Baina amaieran zaleen aldetik jasotako txaloek agerian utzi dute Chourraut txapeldun handi bat dela. Hiru olinpiar dominak ditu, eta gaurkoarekin laugarren finala zuen jarraian Olinpiar Joko batzuetan. Gutxiren esku dago halako zerbait lortzea. Halaber, oraindik ere bizirik dirau laugarren domina olinpikoa lortzeko ametsak. Izan ere, kayak kross modalitatean ere lehiatutako da. Hain zuzen ere, horixe izan da Chourrauten beste motibazioetako da Jokoetan egoteko. Amaieran hausnarketa hau egin du Chourrautek egin duen lanaz. «Berriro ere jaitsieraz-jaitsiera joan nahi izan dut. Baina beste behin bigarren atea trabatu egin zait. Egia esan, ez da ate konplikatua, baina gurutzatu egin zait. Ez bakarrik lehiaketan, entrenamenduetan ere hala izaten zen. Horri buelta emango niola uste nuen, baina ez da posible izan. Bizkor joatekoa gustatzen zait, eta ez dut lortu. Ezin izan dut nire onena eman. Pena da, baina kirola horrelakoa da». Azken egunetan esana zuen, domina lortzen ez bazuen ere, ondo lehiatuz gero gustura itzuliko zela etxera. Baina bi egun hauetan ez du lortu. «Ez zen ate konplikatua, baina trabatu egin zait; ez bakarrik lehiaketan, baita entrenamenduetan ere. Pena da, baina kirola horrelakoa da» MAIALEN CHOURRAUT Piraguista Eskertuta mintzatu da, amaieran zaleen aldetik jaso duen babesarengatik. «Oso harro nago piraguismoaren familiako parte izateagatik, eta halako ikuskizuna eman duten kirolari batzuekin buruz buru lehiatzeagatik». Euskal Herrian haren jarduna jarraitzen aritu direnak ere izan ditu gogoan: «Batez ere urte hauetan guztietan hor egoteagatik, eta nik hainbeste maite dudan kirola, piraguismoa, jarraitzeagatik». Orain, atseden hartu, eta kayak krossa prestatzeari ekingo dio. Aurreikuspenak betez, Jesicca Fox australiarrak zintzilikatu du urrea (96.08); Klaudia Zwolinska poloniarrak eskuratu du zilarra (97.53), eta Kimberley Woods britaniarrak brontzea. (98.94) Bada datu azpimarragarri bat, Tokion urrea eskuratu zuen Ricarda Funkek, Chourrautek bezala, ez du ate bat gainditu. Kasu honetan hogeigarrena izan da, eta azken aurrekoa izan da finalean. Finalera ozta-ozta Ibilbide osoa izan da korapilatsua, atzo ere ez baitzen fin ibili Chourraut. Berak aitortu zuen bi jaitsieretan ez zela onenean aritu, eta artista puntu bat ateratzea falta izan zitzaiola. Hamahirugarren sailkatu zen, 96.33ko denborarekin, Foxengandik 4 segundora. Gaurkoan ere zirkuitu zaila egokitu zaie piraguistei, eta oraingoan ere trabatuta ibili dira asko, batez ere hamalaugarren atetik aurrera. Chourraut hamaikagarren sailkatu da finalerdietan, eta hamabi sailkatzen ziren. 106.21eko denbora egin du. Kasu honetan ere bigarren atea gainditzeko arazoak izan ditu, eta erdialdean ondo nabigatu duen arren, amaieran berriro ere kontrakarrean aritu da. Erdialde horretan egin du Chourrautek lanik onena. Baina atzetik zetozen hiru piraguistak huts egitea behar zuen finalean egoteko. Hala izan da. Finalerdien amaieran Chourrauten entrenatzaileak berak, Xabier Etxanizek, onartu du zirkuituaren konplexutasuna. «Baina Maialen lehiatzera eta jolastera irtengo da, beti egiten duen moduan. Final batean edozer gauza gerta daiteke». Ahalegindu da, baina ez da posible izan.
Gaurkoan ere konpetizio eguna da zenbait euskal herritarrentzat Parisen. Bart jokatu ziren surfeko lehen kanporaketak, judoan lehiaketatik kanpo geratu da Ariane Toro, eta waterpoloan irabazi egin du Alberto Munarrizek. Arratsaldean laugarren domina olinpikoa lortu nahi du Maialen Chourrautek, eta jokoan ariko dira futboleko eta eskubaloiko emakumezkoak ere. Surfa Larunbat gauak albiste onak eta ez horren onak utzi ditu Olinpiar Jokoetan dabiltzan euskal surflarientzat. Nadia Erostarbe eta Joan Duru euren txandako onenak izan dira, eta zuzenean lortu dute hirugarrenerako sailkatzea. Janire Gonzalez Etxabarrik eta Andy Crierek, ordea, bigarren aukera baliatu beharko dute txapelketan segitzeko. Teahupo’oko (Tahiti) olatu ospetsuan ari dira lehiatzen, Polinesia Frantsesean, eta horregatik aritu dira horren ordu arraroetan. Erostarbe zarauztarrak aurreikuspenak bete, eta aise gainditu ditu aurkariak. Bere bi olatuen artean 13.83 puntu lortu ditu. Zeelanda Berriko Saffi Vettek, berriz, 7.50, eta Txinako Yang Siqik 5.40. Duru baionarrak, berriz, larri-larri lortu du lehen postua. 13.84 puntu eskuratu ditu, eta 13.36 Jack Robinson australiarrak. Astearte gauean lehiatuko dira berriro bi euskaldunak. Hirugarren txandatik aurrera buruz burukoak izango dira kanporaketa guztiak, 25-40 minutu artekoak itsasoaren baldintzen arabera. Gonzalez Etxabarrik aurkari gogorra izan du parean lehen txandan: etxean lehiatzen ari den Vahine Fierro, urrezko domina lortzeko faboritoetako bat. Hirugarren amaitu du zumaiarrak, eta bigarren aukeran saiatu beharko du berriro. Antzekoa gertatu zaio Andy Criereri: munduko txapeldun den John John Florencen aurka aritu da, eta hirugarren amaitu du txandan. Judoa Judoan, gaur ekin dio lehiari Ariane Toro nafarrak, baina nahi baino azkarrago amaitu du bere ibilbidea. Goizean jokatu du Mongoliako Lkhagvasurenen aurka final hamaseirenetan, baina immobilizazioagatik galdu du 52 kiloz azpiko mailan. Waterpoloa Waterpoloan, lehen garaipena erdietsi du Alberto Munarrizen Espainiak. 9-5 irabazi diote Australiari. Eslalom piraguismoa Euskal kirolari nabarmenduenetako bat, Maialen Chourraut, gaur alehiatuko da. K1 eslalomeko sailkapen proba gainditu zuen atzo, finalaurrekoa ere bai gaur goizean, baina finalean berehala egin dio alde laugarren domina olinpikoa lortzeko aukerak. Jaitsiera erabakigarrian 52 segundoko zigorra jaso du ate bat igaro ez duelako, eta beste bat jo duelako. Datorren asteburutik aurrera beste aukera bat izango du domina lortzeko, kayak krossean. Eskubaloia eta futbola 19:00etan ariko dira gainontzeko euskal ordezkariak. Eskubaloian, Maitane Etxeberriak eta Lysa Tchaptchetek Angolaren aurka jokatuko dute, eta futbolean Nigeriaren aurka Lucia Garciak, Oihane Hernandezen, Elene Letek eta Irene Paredesek. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.
Parisko Sena ibaian ehun urte baino gehiagoan izan zen indarrean uretan sartzeko debekua, eta herriko etxeak 1.400 milioi euro gastatu ditu urak arazteko lanetan; bertzeak bertze, iragan maiatzean ur biltegi handi bat ireki zuten euriak eragindako ur soberakina bildu eta ibaiaren bakterio kopuruari neurrian eutsi ahal izateko. Bada, triatloko lehenbiziko proba egin baino bi egun lehenago egitekoak ziren entrenamenduak bertan behera utzi dituzte uraren kalitate eskasagatik. Munduko Triatloiak (nazioarteko federazioak) ohar batean adierazi duenez, federazioak Frantziako hainbat erakunde publikorekin batera erabaki du gaur goizean egitekoak ziren entrenamendu saioak bertan behera uztea —zirkuitoa ezagutzeko saioak ziren—, uraren kalitatea neurtzeko emaitzek erakutsi dutelako ez daudela «behar adinako bermeak ekitaldia egin ahal izateko». Olinpiar Jokoen antolakuntzak ere bileran parte hartu duela zehaztu dute oharrean. Dena den, etzi proba egiteko asmoari eutsi diote. Izan ere, aitzineko egunetako euriteen ondotik, eguraldi iragarpenen arabera egun beroak eta idorrak izanen dira hurrengoak Parisen. «Paris 2024k eta Munduko Triatloiak konfiantza dute uraren kalitatea bere onera itzuliko dela triatloi lehiaketa hasi aitzinetik», adierazi dute Munduko Triatloiko ordezkariek ohar batean. «Uztailean ikusi denez, udako baldintzekin (eguzki argi gehiago, tenperatura altuagoak eta euririk egin gabeko denbora tarte luzeak) Senako uraren kalitatea dezente hobetu da». Hari batetik zintzilik dago, hortaz, proba. E.coli bakterioa eta hark sor ditzakeen infekzioak dira kezka iturri, eta egunero neurtzen dute haren tasa zenbatekoa den uretan. Anne Hidalgo hiriko auzapeza, Marc Guillaume Parisko prefeta eta Tony Estanguet Jokoen antolakuntzako presidentea Sena ibaian sartu ziren joan den hilaren 17an, uraren kalitatea igeriketa probak egiteko bezain ona zela erakusteko. Hala ere, Parisko Urak herenegun argitaratu zituen emaitzen arabera, Hidalgo eta bertze kargudunak bainatu ziren egunean E.coli kopurua igeriketa baimendu ahal izateko baino handiagoa zen —100 mililitroko 900 kolonia unitateren gainetik, Europako Batasunak ezarritako langa—. Nazioarteko hainbat hedabidek argitaratu dutenez, astearterako uraren kalitatea egokia ez bada, proba gibelatu eginen dute antolatzaileek ura bere onera etorri arte, edo, bertzela, Paristik kanpo egitea edo triatloia biatloi bihurtzea ere izan daitezke alternatibak. Hala ere, ofizialki ez dute jakinarazi zer eginen luketen kasu horretan. Alexandre III.a zubian, normal lanean Alexandre III.a zubian hasi eta bukatuko da proba, eta gaur langileak normal ari dira lanean, eremuari azken ukituak ematen. Senaren bi hegiak lotzen dituen zubirik ikusgarrienetakoa da, eta gune olinpiko handi bat eratu dute haren inguruan. Hango prentsa bulegoan ere ez zuten etzirako plan aldaketaren baten inolako berririk: entrenamendu saioa bertan behera utzi dutela, bertzerik ez. Alexandre III.a zubian triatloiko eta igeriketako proba luzerako eraiki duten harmaila, gaur eguerdian. MIKEL RODRIGUEZ