Joe Biden ez da berriro izango AEB Amerikako Estatu Batuetako presidente. Demokratak sare sozialetan argitaratu duen gutun baten bidez eman du albistea, bozetarako lau hilabete eskas falta direnean. Azken orduetan 38 ordezkarik eta lau senatari demokratak eskatu diote publikoki presidentetzarako lehia uzteko, iritzita lekukoa belaunaldi gazteari emateko «garaia» dela. Herenegun, kanpainari heltzeko «prest eta irrikan» zegoela esan zuen, baina iritziz aldatu du gaur. pic.twitter.com/RMIRvlSOYw — Joe Biden (@JoeBiden) July 21, 2024 Bidenek 81 urte ditu, eta azken hilabeteetan asko izan dira haren hautagaitza zalantzan jarri dutenak, nagusiki osasun kontuak aipatuta. Mugarri izan zen pasa den hilean Donald Trump errepublikanoaren aurka telebistan izan zuen eztabaida batean emandako irudi eskasa, eta ordutik bere asmoei uko egiteko jasan duen presioa erabakigarria izan da azkenean. Dena den, argi utzi du egungo agintaldia amaituko duela eta, beraz, presidente izango dela 2025. urteko urtarrilera arte. Hauteskundeak azaroan egingo dituzte. «Nire bizitzako ohorerik handiena izan da presidente izatea. Eta, bai, berriz ere aurkezteko asmoa nuen arren, uste dut nire alderdiarentzat eta herrialdearentzat onena dela ni erretiratzea eta datozen hilabeteetan presidente gisa ditudan betebeharretan kontzentratzea». Presidentetzarako lehia utzita, bidea erraztuko dio Kamala Harris egun presidenteorde denari. Emakume beltza den AEBetako lehen presidentegaia izango litzateke. Bidenek ez du aipatu bere agurreko idatzian; bai, ordea, sare sozialetan zabaldu duen bigarren mezuan. «Babes osoa eskaini nahi diot Kamalari gure alderdiaren hautagai izan dadin. Demokratok: batu eta Trump garaitzeko ordua da. Egin dezagun», idatzi du. Aste honetan azalpen gehiago emango dituela iragarri du. Trumpek bere sare sozialen egin dituen adierazpenak, Truthen: «Joe Biden ustela ez zen gauza presidente gai izateko, ezta zerbitzu hori emateko. Ez da inoiz izan! Presidente izatera heldu da gezurrei eta albiste faltsuei esker. Begira zer egin dion gure herrialdeari: milioika lagun ari dira gure mugak zeharkatzen kontrolik gabe, horietako asko kartzeletatik edo zoroetxeetatik datozenak, baita terroristak ere. Asko sufrituko dugu legegintzaldi honen ondorioz, baina egindako kaltea azkar konponduko dugu». Gutuna Gutunean, Biden harro agertu da «azken hiru urte eta erdian egindako aurrerapenengatik». Aipatu ditu ekonomia, «munduko indartsuena»; botiken prezioen beherakada eta osasun arretaren hobekuntza; armen kontrolerako legea eta AEBetako Auzitegi Gorenaren buru lehen aldiz emakume afroamerikar bat izatea. Guzti horrek, ordea, ez ditu konbentzitu ez bere alderdikideak, ezta bere herrikideak ere. Demokratek sekulako presioa egin dute Biden bozetara berriz aurkeztu ez zedin, besteak beste, Trump garailetzat jotzen duten inkestek bultzatuta. Presidentearen asmoak gaitzetsi dituzte diru emaileek, analistek, hedabideek, senatariek, kongresistek eta Alderdi Demokratako izen garrantzitsuek, hala nola Ordezkarien Ganberako presidente izandako Nancy Pelosik eta Barack Obama presidente ohiak. Dena den, ezustean heldu da Bidenen gutuna, eta ikusteko dago zein ondorio izango dituen. Demokraten Batzar Nazionala Chicagon izango da abuztuaren 19tik 22ra, baina alderdiak esana du abuztuko lehen asterako izendatu nahi duela presidentegaia, izan Biden edo izan beste bat. Harrisena da izen logikoena. «Beti pentsatu izan dudana pentsatzen jarraitzen dut: ez dago Estatu Batuak egiteko gai ez den ezer, beti ere bat eginda egiten badugu. Estatu Batuak garela gogoratu behar dugu», idatzi du Bidenek gutunaren amaieran. Dimisioa, gorazarrea eta Harrisi babesa Albistea jakin denetik, zenbaitek Bidenen dimisioa ere eskatu dute, tartean, Mike Johnson Ordezkarien Ganberako presidenteak eta J.D. Vance presidenteordu izateko errepublikanoen hautagaiak. «Ez bada hautagai izateko gai, ez da presidente izateko kapaz», idatzi dute biek. Demokraten zenbait buruzagik, berriz, Bidenen erabakia txalotu eta haren ibilbidea goraipatu dute, adibidez, Obamak. Kamala Harrisen hautagaitza ere babestu dute batzuek jada; esaterako, Bill eta Hillary Clintonek.
Marco Pantani zen Italiako Giroa eta Frantziako Tourra denboraldi berean irabazi zituen azken txirrindularia. 1998. urtean izan zen, Tadej Pogacar (UAE) jaio zen urtean. Esloveniarrak balentria hori errepikatu du aurten, eta nola gainera: sei etapa irabazi zituen Giroan, eta beste sei lortu ditu Tourrean. Ia iraingarria izan da erakutsi duen nagusitasuna. Gaur ere bera nagusitu da Nizako erlojupekoan, azken etapan, lehen aldiz Parisen amaitu ez den edizioan. Pogacarren anbizioak ez du mugarik, eta lehiatzen duen bakoitzean erakusten du hori. Hiru Tour, Giroa, Tirreno-Adriatikoa, Liege-Bastogne-Liege, Lonbardiako Giroa, Strade-Bianche… jada 84 garaipen lortu ditu bere ibilbide profesionalean, eta lanak amaitu berritan egindako adierazpenetan argi utzi du zein den bere hurrengo helburua: munduko txapelketa. Azken bi itzuli handietan erakutsi duen mailan segitzen badu, ea nork uka diezaiokeen ortzadarraren elastikoa. Pogacar Nizako helmugara iristen, gaur. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE «Dena bikain atera da. Lehen aldiz, hiru asteko itzuli batean konfiantzaz beteta ibili naiz egun guztietan», aitortu du. Baita azkenengoan ere: Monako eta Niza lotu dituen erlojupekoan minutu bat baino gehiagoko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Jonas Vingegaardi (Jumbo). Igoeran aldea lortu du, baina baita beheranzkoan eta lauan ere. Txirrindulari perfektua dirudi Pogacarrek. Lortutakoari balioa eman dio UAEkoak: «Giroa irabazte hutsarekin bikaina izango zen denboraldia, baina Tourra beste maila bateko kontua da. Biak irabazita, esan dezaket aurreko denboraldien gainetik dagoela aurtengoa». Aurkariek ere handi egin dute Pogacar, izugarria izan baita podiuma osatu duten Vingegaardek eta Remco Evenepoelek (Soudal) emandako maila. Inork ez dio ezer oparitu esloveniarrari. Vingegaard Le Lioranen gailendu zitzaion, eta Evenepoel lehen erlojupekoan. Hala ere, sei eta bederatzi minutura utzi ditu sailkapen nagusian. Zenbait izen Nabarmentzekoa da Mikel Landaren (Soudal) Tourra ere. Taldeburu rola Evenepoeli utzita, presiorik gabe aritu da arabarra eta aspaldiko mailarik onenean aritu da. Horren erakusgarri izan da gaurko erlojupekoa, Landak Tourrean sekula egin duen onena. Zazpigarren amaitu du etapa, eta bosgarren sailkapen nagusian. Txalotzekoa. Beste zenbait izen propio ere izan ditu 111. Frantziako Tourrak. Biniam Girmay (Intermarche) erregulartasunaren elastiko berdea irabazi duen lehen eritrearra bilakatu da. Hiru etapa irabazita, aitortu du bere herrialdean zoratzen dabiltzala. Richard Carapaz (Education First) bi aldiz igo da Nizako podiumera: Tourreko txirrindulari lehiakorrenaren saria jaso du, eta mendiko puntuen sailkapenean ere nagusi izan da. Sailkapen nagusiko helburuei uko eginda, gozatu egin du Ekuadorgoak. Evenepoel, Carapaz, Girmay eta Pogacar, Nizako podiumean. SEBASTIEN NOGIER / EFE Mark Cavendish (Astana) Tourraren historian garaipen gehien dituen txirrindularia bilakatu da aurtengo edizioan: 35. aldiz besoak altxa eta Eddy Merckxen marka haustea lortu du. Romain Bardetek (DSM) sekulako txalo zaparrada jaso du Tourrean egin dituen azken metroetan; azken urteetako frantziarrik onenetako bat izan da, eta etapa bat irabazita esan dio agur bere lasterketa kutunari. Evenepoel izan da gazterik onena, eta Pogacarren UAE talderik onena.
Aurkaririk gabe dabil Arraun Lagunak. Eta, gainera, kaleen zozketan ere zortea alde badute, Juan Mari Etxabek prestatutako neskek baino azkarrago arraun egitea ia ezinezko balentria da aurkarientzat. Euskotren Ligan zortzi estropadetatik zortzi irabazi dituzte donostiarrek, gaur, Boiron (Galizia). Atzo, Ribeiran (Galizia), estuagoa izan zen lehia, baina egun bateko kontua izan zela argi utzi du gaur Lugañenek. Lehen minututik aurrea hartu, eta ziabogara heltzerako zortzi segundokoa zen errenta. Maniobra eskasa eman du Andrea Astudillo patroi lanetan zuen ontziak, baina bazuen lasai ibiltzeko adinako tartea. Bigarren luzearen hasieran eutsi dio abantailari, eta minutuek aurrera egin ahala, zabaldu ere egin du. Alde zuten korrontea. 11:00.92 izan da denbora helmugan. Bigarren posturako lehiak, bai, izan du emozioa. Amaierarako 300 metro falta zirela pare parean ziren Tolosaldea eta Donostiarra, baina azken txanpan azkarragoa izan da Donostiakoen Bantxa. Arraun Lagunakek baino 12.98 segundo gehiago behar izan dituzte lanak bukatzeko; Tolosakoek 13.74 segundo gehiago. 18 segundora helmugaratu da Orio. Lehen txandan aise nagusitu da Hondarribia, baina ohorezko txandakoengandik urrun ibili da. Hibaika izan da seigarren, eta Galiziako bi traineruak, Tiran eta Caboo, zazpigarren eta zortzigarren. Sailkapen nagusian 64 puntu ditu Arraun Lagunakek, eta 48rekin berdinduta daude Tolosaldea eta Orio. Donostiarrak 45 ditu.
Euskal Herriko uretan edo Galiziakoetan dela, Arraun Lagunak-ek ez dauka parekorik. Juan Mari Etxaberen taldeak beste bandera bat eskuratu du gaur, eta dagoeneko zazpi ditu aurtengo Euskotren ligako palmaresean. Inoiz baino zailago izan du garaipena Lugañene ontziak, eta momentu kritikoa izan du bigarren luzean. Tolosaldea saiatu da donostiarren hegemonia amaitzen, eta, estualdian jarri duen arren, liderrak ez dio aukerarik eman. Sei segundoren aldean egin dute estropada, eta hirugarren Orio izan da, zortzira. Laugarrena berriz, Donostiarra, lehen txandako garailearen denbora nabarmen hobetuz. Estreinakoz aritu dira TKAEko ontziak Ribeiran (Galizia), estropada eremu mitikoa izaten dena galiziarrentzat. Arousako itsasadarra zailtasun handiko eremua izan ohi da, baina gaur ez da haizerik altxatu, eta behe lainoa besterik ez da izan oztopo. Korrontea ere bizia zen, baina kaleen artean oso desberdintasun gutxi zeuden, eta eta eremu bikaina izan da traineru guztiek euren onena emateko. Arraun Lagunak-ek ez ditu ezusteak nahi, eta ohorezko txandan hasieratik sartu du branka, normalean egiten duen moduan. Zaila da hain bizkor estropadan aurrea hartzea, baina Donostiako ontziak gaitasun nahiko du hasiera-hasieratik estropada menderatzeko. Orio, Tolosaldea eta Donostiarraren artean, berriz, ez da alderik egon lehen luzean. Hiru ontziak Arraun Lagunak-en atzetik aritu dira, hiru segundora denak. Baina normalean lau edo bost segundoren aldeak ateratzen ditu Lugañenek lehen luzean, eta gaur ontzi bakarreko aldea lortu du beste traineruekiko. Orio ziztu bizian atera da ziabogatik, eta Tolosaldeak ere nabarmen bizkortu du erritmoa. Arraun Lagunak-ek ez ditu aurkariak inoiz hain gertu ikusi denboraldi honetan, eta momentu kritikoa bizi izan duela ere esan daiteke. Laiene Izagirrek, Tolosaldeako patroiak, estrategia aldatu du, liderrarengana gerturatzeko asmoz, eta tekla egokia sakatu duela erakutsi du. Norabide aldaketa egin du, lehen kalerantz, eta angelu hori baliatu du olatu gainean joateko. Poparean liderra baino azkarrago joan da, eta pare-parean jarri dira bi ontziak luzearen zati handi batean. Aurten ez da horrelako lehiarik ikusi; izan ere, Oriok eta Donostiarrak ere ez dute amore eman, eta ez dira lehiatik atera. Baina, lehen aldiz garaipena arriskuan ikusi duenean, Arraun Lagunak-ek motorra estutu du, eta ez dio utzi Tolosaldeari aurrea hartzen. Azken txanpa ikusgarria egin dute Juan Mari Etxaberen arraunlariek, eta hegan sartu dira helmugan. Tolosaldea sei segundora sartu da, Orio zortzira, eta Donostiarra hamabira. Ezusterik ez lehen txandan Lehen txandan, Hondarribiak txanda irabazteko asmo sendoarekin ekin dio estropadari beste behin. Ama Guadalupekoak egin du hasierarik azkarrena, eta alde dezentea atera die aurkariei lehen metroetan. Beste aldean, Tiran egon da. Galiziarrak alde handiko galera izan du denbora gutxian beste traineruekiko, eta beste estropadetan baino lehenago erori dira gaur. Beste lehia Caboren eta Hibaikaren artean egon da. Sailkapenean bi punturen aldea besterik ez zuten haien artean, eta parez pare aritu dira lehen luzean. Ziabogan hiru segundo ateratzen zizkion Hondarribiak Cabori, eta Hibaika seira zebilen. Itzuliko luzean Hondarribiak istriborrera egin du bere kale barrutik, eta olatu gainean egin du luzeko zati handi bat. Brankaz hiru segundo eskaseko aldea atera dio Cabori, baina poparean erakustaldia emanez amaitu dute, eta helmugan hamalau segundo atera dizkio Galiziako ontziari. Bigarren postuko lehian estutu egin du Hibaikak, baina ezin izan du murriztu hiru segundoren aldea. Azkenean, bi segundoren aldearekin sartu dira helmugara. Tiran urrun aritu da, eta minutu erdia pasata sartu da helmugara.
Ibaian ez ezik, itsasoan ere irabazteko gai dela erakutsi du Zierbenak. Bilboko erlojupekoa irabazi ondoren, denboraldiko bigarren estropada irabazi du Zierbenak, Galiziako uretan. Ondo ematen zaie Galipoei eremu galiziarra; izan ere, hiru estropada irabazi zituzten han aurreko denboraldian, eta gaur laugarren aldiz irabazi dute bi urtean. Urdaibaik, garaipena ez ezik, bigarren postua ere galdu du. Donostiarrak estropada bikaina egin du bigarren txandan, eta bigarren denbora onena egin du. Bihar berriro ohorezko txandan arituko dira, Boiron (11:15, ETB1). Eremu kuttuna du Zierbenak Galizia. Dani Perez entrenatzaile moañarrak ongi ezagutzen ditu hango urak, eta gaitasun berezia eman dio bere taldeari bertan garaipenak lortzeko. Ez da lehen aldia Urdaibairi koska egitea lortzen dutena, baina gaurkoan bi punturen aldea murriztea lortu dute; orain arte bien artean zeuden zazpietatik bostera pasatu dira. Txandako ezustea, berriz, Hondarribiak eman du. Apustu itzela egin du Mikel Orbañanosek ia eskifaia guztia aldatuta, baina aspaldiko emaitzarik txarrena lortu dute, hamargarren postuan geratuta. Beste txandakidea, Orio, orain arte erakutsi duen sendotasun berarekin aritu da, eta hirugarren izan da, 23 segundora. Gaur ez da Urdaibairen eguna izan. Txanda hasieratik segundo bat atzerago aritu da, eta Zierbena eta Orio izan ditu aurretik lehen luzean. Lehen ziabogan denbora bera markatu dute Galipoek eta Mirotzek, eta segundo eskas atzerago zebilen Bou Bizkaia. Hondarribia, berriz, hasieratik aritu da atzean, belaunaldi berri baten aldeko apustua eginda. Bigarren luzerako hamabost segundoren aldea zuen Ama Guadalupekoak estropada buruarekin. Hirugarren luzerako lehia sutsua zen bi oilarren artean. Gehienez segundo bat edo bi ateratzen zizkion Zierbenak Urdaibairi, eta Oriok oraindik eutsi egiten zuen bost segundora. Hala ere, oraindik bigarren txandan Donostiarrak egindako denbora zuten aurkari oilarrek, eta erreferentziek tarte oso txikiak jartzen zituzten lehen hiru ontzien artean. Zierbena estropada buruan mantendu da, eta Urdaibairi bi segundoren aldean gerturatzen besterik ez dio utzi amaierarako. Azken luzean dena zegoen erabakitzeko. Garaipena Zierbenaren eta Urdaibairen artean, eta ikusteko zegoen Donostiarrak zer postutan bukatuko zuen. Azken luzean, ordea, Dani Perezen arraunlariek erasoa jo dute, eta, erritmo aldaketa bizi batekin, atzean utzi dute Urdaibai. Bost segundotik hamar segundora handitu dute aldea helmugan. Orio 23 segundora sartu da, eta bihar ohorezko txandan arituko da. Hondarribia 53 segundora heldu da, hamargarren denbora markatu du. Peio Lopez Zierbenako arraunlaria «poz pozik» agertu da kameren aurrean. Harrobiko arraunlariak adierazi du hasieratik «oso ondo» joan dela ontzia, eta garaipenaren bila joan direla. «Galiziako hainbat arraunlari ditugu taldean, eta jende asko etorri zaigu herritik. Hemen etxean bezala sentitzen gara. Estutu egin behar izan dugu azkenean, eta oso pozik gaude bigarren bandera lortu dugulako». Donostiarra, bigarren Ohorezko txandan Zierbenak ustekabea eman badu, oraindik ere handiagoa izan da Donostiarrarena bigarren txandan. Igor Makazagaren arraunlariek arantza kentzea lortu dute, eta berriro ohorezko txandan aritzeko eskubidea irabazi dute. Hori ez ezik, bigarren postua lortuta, zakua puntuz beteta daukate, sailkapenean Hondarribiarengana gerturatzeko. Txanda horretan ere Ondarroak distira egin du. Iñaki Errastiren arraunlariak izan dira Donostiarraren erritmo bizira gehien hurbildu direnak, eta bosgarren denborarik onena markatu dute. Hauek ere pozik, zortzi puntu eskuratu eta zazpigarren postura igo baitira. Bigarren txandan ere, Cabo eta Getaria aritu dira nor baino nor gehiago. Bi ontziek lehen bi luze kaxkar egin dituzte, baina konpontzea lortu dute azken bi luzeetan denborak hobetzeko. Donostiarra oso urrun izan dute momentu oro, eta Ondarroak ere ihes egin die lehen luzetik. Hala ere, lehen txandako Kaikuren aurretik amaitu dute, baina ez dute lortu Isuntzaren denbora hobetzea. Getariaren eta Isuntzaren denboren artean hogei milisegundo besterik ez dira geratu, eta Cabo, aldiz, urrutiago, lau segundora. Lehen txandan ere bi traineru gailendu dira nabarmen: Isuntza eta Kaiku. Bi traineru bizkaitarrak nabarmen azkarrago aritu dira, eta bien arteko lehia bihurtu dute lehen txanda. Osertz Aldairenak, ordea, Kaikuren akats bat baliatu dute ziabogaren ondoren aurrea hartzeko. Azken luzera arte parean aritu dira, baina Isuntzak traineru baten aldea ateratzea lortu du amaierarako. Ondoren, San Pedro iritsi da, Kaiku baino hamahiru segundo geroago. Azkenik, Bueu, San pedro baino 26 segundo atzerago.
Garaipenik gehienak erasoaren bidetik lortzen ditu Tadej Pogacarrek (UAE). Ausartu eta oldartu: horra hor esloveniarraren leitmotiva. Ordea, bestelako tankeran nagusitu da Tourreko hogeigarren etapan. Lasterketako azken etapa menditsua izan da, eta liderrak ez zuen irabazteko intentziorik. Begi onez zekusan ihesaldia behingoz helmugaraino iristea. Hori horrela, lekuko ahalguztidun bezala agertu da, kontenplaziozko jarrera hartuta. Ordea, ia behartuta irabazi du azkenean Couillole mendatearen gailurrean. Soudal taldearen lanak zapuztu egin du ihesaldiaren itxaropena, eta Pogacar Jonas Vingegaardekin (Visma) batera iritsi da azken metroetara. Bada, UAEkoak ez du gupidarik izan. Ondo egin du: txapeldunen artean ezin da oparirik egin. Soudal taldearen ekinak helburu bat zeukan: Remco Evenepoelen erasoa prestatzea. Maillot horiak jada jabea dauka, baina sailkapeneko bigarren postua oraindik airean zegoen, eta Evenepoelek estu hartu nahi zuen Vingegaard. Couillolen bitan egin dio eraso, baina ezin izan du daniarra atzean utzi. Hori gutxi ez, eta ezin izan dio bi onenen gurpilari jarraitu. Helmugan laugarren izan da Evenepoel, 53 segundo galduta. Aurretik izan du Richard Carapaz (Education First). Ekuadortarra sasoi betean iritsi da Tourraren amaierara, eta gaur ere ikusgarri aritu da ihesean. Lehia bizia izan du Enric Masekin (Movistar), eta azken bi kilometroetan Pogacar eta Vingegaardi jarraitzen saiatu da. Asko iraun du, baina etapak ihes egin dio azkenean. Ez da, aitzitik, esku hutsik gelditu: mendiko sailkapeneko garaipena ziurtatu du. Couillolez gain, beste hiru mendate igo dituzte gaur: Braus, Turini eta Colmiane. Paris-Nizaren eremuan sartu da gaur Tourra. Hasiera txinpartatsua izan du etapak, eta tropela zatikatu egin da Brauseko igoeran. Une batez, hamar txirrindulari besterik ez zeuden faboritoen multzoan. Tontorretik gertu tartea ireki dute Masek, Wilco Keldermanek (Visma) eta Bruno Armirailek (Decathlon), eta txirrindulari gehiago batu zaizkie Turinin: besteak beste, Carapaz, Romain Bardet (DSM), Marc Soler (UAE) eta Tobias Johannessen (Uno-X). UAE taldearen onespena izan dute bidea egiteko; alabaina, Soudalek hegoak ebaki dizkie. Lanari ekin diote Evenepoelen ezkutariek, eta aldeak behera egin du pixkanaka. Colmianen mokoka hasi dira iheslariak, baina oilategia aztoratu besterik ez dute egin. Askatasunik ez Landak Lasterketa burukoek hiru minuturekin ekin diote azken igoerari. Masek beste martxa bat sartu du, eta Carapazek ihardetsi dio bakarrik. Hortik aurrera, buruz buruko ikusgarria eduki dute biek. Ekuadortarrak erritmo aldaketa bortitzak egin ditu, baina ezin izan du Mas menderatu. Aurkaria, ordea, ez zuten ondoan, atzean baizik. Abiada bizian zetozen faboritoak, Soudal taldeak gidatuta. Mikel Landak errelebo gogorra eman du; askatasuna edukita etapa irabazteko aukera izan zezakeen, baina Evenepoelen zerbitzura egon behar izan du. Flandriarraren saiakerei aise erantzun die Vingegaardek, eta erasoa jo du gero. Pogacar gurpilean hartuta, helmugarantz abiatu da. Carapaz eta Mas atzean utzi, eta esprintean lehiatu dute garaipena. Pogacar hanka batekin nagusitu da. Bosgarren etapa garaipena lortu du gaur esloveniarrak, eta, ondo bidean, hirugarren Tourra irabaziko du bihar, Nizan. Lasterketa ez da ohiko txangoarekin bukatuko, 33 kilometroko erlojupeko gorabeheratsu batekin baizik. Podiuma guztiz erabakita dago: Pogacar, Vingegaard eta Evenepoel igoko dira bertara, hurrenkera horretan. Ezusterik ezean, bosgarren bukatuko du Landak, Joao Almeidaren (UAE) atzetik. SAILKAPENAK HOGEIGARREN ETAPA 1. Tadej Pogacar (UAE) 4.04.22 2. Jonas Vingegaard (Visma) 7ra 3. Richard Carapaz (Education First) 23ra 4.Remco Evenepoel (Soudal) 53ra 5. Enric Mas (Movistar) 1.07ra 6. Joao Almeida (UAE) 1.28ra 7. Matteo Jorgenson (Visma) 1.33ra 8. Mikel Landa (Soudal) 1.41ra 9. Adam Yates (UAE) 1.43ra 10. Romain Bardet (DSM) 1.52ra NAGUSIA 1. Tadej Pogacar (UAE) 82.53.32 2. Jonas Vingegaard (Visma) 5.14ra 3. Remco Evenepoel (Soudal) 8.04ra 4. Joao Almeida (UAE) 16.45ra 5. Mikel Landa (Soudal) 17.25ra 6. Adam Yates (UAE) 21.11ra 7. Carlos Rodriguez (Ineos) 21.12ra 8. Matteo Jorgenson (Visma) 24.26ra 9. Derek Gee (Israel) 24.50ra 10. Giulio Ciccone (Lidl) 25.48ra
Zertzeladaz zertzelada, artelana osatu du Tadej Pogacarrek (UAE). Lasterketa bakoitza mihise zuri bat da, eta esloveniarrak horiz margotu du Tourra. Trazu finak egin zituen Galibierren, erlojupekoan eta Pla d’Adeten; mendiko azken bi etapetan, berriz, pintzela alde batera utzi, eta brotxa hartu du. Garaipen historikoa lortu zuen Plateau de Beillen, eta gaur ere arrastoa utzi du, Enbrunen hasi eta Isola 2000 mendatean finitu den etapan. Aurrez, maila bereziko Vars eta Bonnette igo dituzte. Tourreko saiorik gogorrenetako bat zen, eta irabazteko apeta zuen Pogacarrek, jada hiru garaipen izan arren zakuan. Bada, berea egin du atzera ere. Begia non, garaipena han. Giroa eta Tourra aintzat hartuta, aurten itzuli handietako berrogei etapa jokatu dira orain arte, eta Pogacarrek irabazi ditu horien laurdenak. UAE taldeko buruzagia erakustaldia egitera derrigortuta egon da gaur, ihesaldia alde handiarekin iritsi baita Isola 2000ra. Eskalatzaile onak zeuden aurrean, hala nola Matteo Jorgenson (Visma), Simon Yates (Jayco) eta Richard Carapaz (Education First). Jorgenson berehala nabarmendu da, eta tropelarekin hiru minutuko aldea zuela sartu da azken hamar kilometroetan. Beranduegi zen faborito guztientzat, Pogacarrentzat izan ezik. Azken mendatea ondo baino hobeto ezagutzen du, bertan jo eta ke aritu baita Tourraren aurretik. Distantzia eta denbora bikain kalkulatu ditu, fisika eragiketa bat balitz bezala. Gaitasun fisikoa zen kontuan izan beharreko aldagai nagusia, eta Pogacarrek berebiziko maila erakutsi du berriz ere. Bi kilometro sobera izan ditu Jorgenson harrapatu eta atzean uzteko. Alpeetan hezur-haragizko agertu da azken bi urteetan; aurten, ordea, goia jo du hango mendi garaietan. Jorgensoni 21 segundo atera dizkio helmugan, eta Simon Yatesi 40. Sailkapen nagusiko aurkariak, berriz, tokitan utzi ditu: 1.42ra iritsi dira Remco Evenepoel (Soudal) eta Jonas Vingegaard (Visma), bosgarren eta seigarren postuan, hurrenez hurren. Hazi beharrean, Vingegaard akitu egin da lasterketako azken astean. Daniarrak Bonnetten eraso egingo zuela espero zuten askok, aurretik bi taldekide baitzituen: Jorgenson eta Wilco Kelderman. Haatik, ez du imintziorik ere egin; ez Bonnetten gora, ezta Pogacar azken mendatean oldartu denean ere. UAE taldea boteretsu agertu da tropelean, batik bat Nils Politten eskutik, eta, erritmoa aldatuta, oso erraz alde egin du Pogacarrek. Aurrez bideratuta zuen Tourreko garaipena, eta gaur ziurtatu egin du: 5.03ra dauka Vingegaard, eta 7.01era Evenepoel. Carapaz da mendiko lider Esloveniarrak maillot bat galdu du gaur, Carapazek aurrea hartu baitio mendiko sailkapenean. Nagusiko borrokatik at ere egin daiteke distira, ekuadortarra ondo erakusten ari denez: horiz jantzi zen egun batez, etapa bat irabazi zuen herenegun, eta mendiko maillota jantzi du gaur, Bonnetten eskuraturiko puntu sorta ederrari esker. 101 puntu ditu, Pogacarrek baino hamalau gehiago. Gaur euskal herritarrik ez da egon ihes eginda; onenen multzoan, ordea, Mikel Landa (Soudal) ongi aritu da berriz ere: zortzigarren sartu da helmugan, eta sendotu egin du nagusiko bosgarren postua. Laugarren Joao Almeida (UAE) dago, eta arabarrari 27 segundo baino ez dizkio ateratzen. Aurrea hartzen saia daiteke bihar, Niza eta Couillole artean jokatuko den etapa motz eta menditsuan. SAILKAPENAK HEMERETZIGARREN ETAPA 1. Tadej Pogacar (UAE) 4.04.03 2. Matteo Jorgenson (Visma) 21era 3. Simon Yates (Jayco) 40ra 4. Richard Carapaz (EducatIon First) 1.11ra 5. Remco Evenepoel (Soudal) 1.42ra 6. Jonas Vingegaard (Visma) 1.42ra 7. Joao Almeida (UAE) 2.00ra 8. Mikel Landa (Soudal) 2.00ra 9. Wilco Kelderman (Visma) 2.52ra 10. Derek Gee (Israel) 3.27ra 11. Adam Yates (UAE) 3.27ra NAGUSIA 1. Tadej Pogacar (UAE) 78.49.20 2. Jonas Vingegaard (Visma) 5.03ra 3. Remco Evenepoel (Soudal) 7.01ra 4. Joao Almeida (UAE) 15.07ra 5. Mikel Landa (Soudal) 15.34ra 6. Carlos Rodriguez (Ineos) 17.36ra 7. Adam Yates (UAE) 19.18ra 8. Derek Gee (Israel) 21.52ra 9. Matteo Jorgenson (Visma) 22.43ra 10. Giulio Ciccone (Lidl) 22.46ra 11. Santiago Buitrago (Bahrain) 22.56ra
Gizonezko bat hil da gaur goizean Sukarrietako Abiñako hondartzan (Bizkaia). Ertzaintzak jakinarazi duenez, dei bat jaso dute. Osasun langileak hara joan dira, eta, gizona suspertzen saiatu badira ere, ezin izan dute salbatu. Arratsaldean, berriz, zabaldu da gizon bat hil dela Miarritzen, Hondartza Handian. 70 urte inguruko gizon bat zela jakinarazi dute larrialdi zerbitzuek, eta bainua hartzen ari zela hil dela.
Zaintza HerriLab esperientziaren emaitzak aurkeztu dituzte, Urretxuko Urola Garaia Sortzen enpresagunean (Gipuzkoa). Emaitzen arabera, proiektua amaitu duten %75 inguruk beren autonomia maila hobetu dute, eta horietatik %21ek hobekuntza oso nabariak izan dituzte. Zaintza HerriLab hauskorrak direnentzako, mendekotasunen bat dutenentzako eta mugitzeko arazoak dituztenentzako esperientzia bat da, haiei autonomia handitzen eta bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Urola Garaiko hamahiru herrietan egin dute, lehen aldiz, eta hamahiru hilabete iraun du. 66 familiak hasi zuten proiektua, eta 51 familiak amaitu, eta horien %74,5ek arrakasta izan dute. «Hobekuntza ez da bakarrik fisikoa, psikologikoa ere bada», adierazi du Itziar Salaberriak, UGGASA Urola Garaiko Garapenerako Agentziako zuzendari gerenteak. Egitasmoa Urola Garaiko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, UGGASAk, UGLE Urola Garaiko Lanbide Eskolak eta Gogoa Mobility Robots enpresak antolatu dute; inguruko udaletako zerbitzu sozialen, Zumarragako ospitalearen eta Osakidetzako eskualdeko ESI erakunde sanitario integratuaren laguntzarekin. Proiektua 2022an eratu zela azaldu du Jon Luqui Urretxuko alkate eta UGGASAko eta Urola Garaiko Mankomunitateko presidenteak. Prozesuaren hasieran, diagnostikoa egiten diete parte hartzaileari eta haren familiari, eta haien ingurukoak ere aztertzen dira. Diagnostiko hori kuantitatiboa —beren autonomia neurtzen da— eta kualitatiboa izaten da. Ondoren, UGLEk eta Gogoa enpresak gomendio eta konponbideak planteatzen dituzte laguntza teknikoen, neuroerrehabilitazioko tratamenduen eta aisialdiaren inguruan, eta zaintzaileei ere gomendioak ematen dizkie. Prozesua amaitzean, pertsona horien autonomia neurtzen dute. Proiektuko antolatzaileek bi parte hartzaileren testigantzak ere entzun dituzte, eta datu kualitatiboen garrantzia nabarmendu dute. «Iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, esklerosi anizkoitza eta muineko lesioak jasan dituen jendearekin lan egin dugu», azaldu du Carlos Fernandez Gogoa Mobility Robots enpresako zuzendariak. Hainbat patologiatan neuroerrehabilitazio robotikoan egiten dute lan. UGLEk, bestalde, Ortoprotesietako eta Laguntza Produktuetako Goi Mailako zikloa dauka, eta bi alor horiei buruzko informazioa ahalbidetu du proiektuan. «Ortoprotesikako teknikari batek eta fisioterapeuta batek hartu dute parte», adierazi du Xabier Arratibel UGLEko zuzendariak. UGLEk eta Gogoa enpresak Zaintza HerriLab egitasmoan izan duten garrantzia azpimarratu du Luquik, eta proiektuak eskualdean eragin ekonomikoa izan duela adierazi du, batez ere arlo sozialean. Etorkizunerako urratsak Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak hitz egin du herrialdean etorkizunean egin behar diren urratsei buruz: «Atera diren emaitzak positiboak direnez, halako proiektu bat bultzatu behar dugu». Horretarako, erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana beharrezkoak direla adierazi du, eta ateratako emaitza eta ondorioak lurralde osora zabaltzearen alde egin du. «Bigarren faserako proiektuaren efizientzia bilatu behar da diseinu aldetik», adierazi du Salaberriak. Arratibelek, aldiz, teknologia berriak aztertzea eta erabiltzea proposatu du.