Sexu erasoak gutxietsi eta ikusezin bilakatzea leporatu dio mugimendu…
Baionako besten biharamunean, herriko kontseilura sartu dira Ipar Euskal Herriko mugimendu feministako kideak, bestetan gertatzen diren erasoen gaineko «kontzientzia hartze kolektibo baten premia larriaz» ohartarazteko. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak bestei buruz egindako balorazioa gaitzetsi dute, eta «sexu erasoak gutxietsi eta ikusezin bilakatzea» leporatu diote Baionako Herriko Etxeari. «Erakundeek bortizkeria aintzat hartzea galdegiten dugu, eta horri aurre egiteko ekintza zehatzak aitzinera eramatea». Atzo egin zuten besten balorazioa erakundeetako ordezkariek Baionako Suprefeturan, eta Etxegaraik erran zuen giro «onean» iragan direla. Ez zuten bost egunez izan diren sexu erasoen kopururik jakinarazi, baina Jerome Bourrier Baionako prokuradorea «satisfos» agertu zen aurtengo bestetan ez delako salaketarik izan sexu erasoengatik edota bortxaketengatik, «seinalatzeak bakarrik». Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, haatik, hamahiru sexu eraso zenbatu ditu, eta elkarretaratzea egin zuen igandean. Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak bere egin du zenbaki hori, eta bortxaketaren kulturaren parte bilakatu izana egotzi die erakundeei, gisa horretako bestak kudeaketa egokirik gabe antolatu eta bermatzen dituelako. [EKINTZA] Iparraldeko talde feministak hitza hartu nahi izan dute Baionako Kontseiluan. Baionako besten bilana “ez dela ona” salatu dute. Ateak hetsi dituzte bilkura segitzeko gisan. pic.twitter.com/1jvyA3JqCw — Euskal Irratiak (@euskalirratiak) July 17, 2024 2023ko azaroan mahai inguru bat egin zuten, eta hainbat elkartek oroitarazi zioten herriko etxeari bestetarako protokolo argi eta egoki baten beharra zegoela. «Iazko bestetan eskumuturrekoen salmentari esker soilik 140.000 euroren irabaziak izan baziren ere, egun indarrean den prebentzio politika ez da aski», adierazi dute feministek. «Badakigu zer behar den; protokoloak existitzen dira eta erabiliak dira: PAFen protokoloa, Babesgunea, Patxa plazaren funtzionamendua, GABen safe tokia eta 2032 kolektiboaren ekimenak. Premiazkoa da horiek errespetatzea». Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Angela dispositiboa jarri du martxan erasoei buru egin eta prebentzio lana egiteko. Horren inguruan egin duten komunikazioa «gehiegizkoa» izan dela iritzi diote, «jakinik dispositibo hori ez dela tokiko errealitateari egokitua». Herriko etxeak mugimendu feminista instrumentalizatu duela erran dute. «Bide hori bertan behera utzi behar du, eta, behingoz, neurri zehatzak hartzen hasi. Arazoa egiturazkoa da. Kontzientzia hartze kolektibo baterako deia egiten diogu». Gizarteari antolatzeko deia egin diote: «Lotu gure dinamikara, elkarrekintza da gure indarra. Era kolektibo batean babestu behar dugu elkar, aske eta seguru ibili ahal izateko». Horrez gain, besten bilana egiteko herriko etxeak irailerako deitua duen herriko kontseiluan hitza hartu ahal izatea eskatu diote Etxegarairi: «Hautetsi jaun-andreok, elkarrizketarako gonbidapenari uko egiten badiozue, ziur egon edozer gertatzen dela ere gure ahotsak eta aldarrikapenak entzunen dituzuela iraila arte eta irailetik goiti», abisatu dute.