Donald Trumpen aurkako atentatuaren harira, Joe Biden AEBetako presidenteak batasunerako deia egin du azken orduetan. Herrialdeko politikaren «tenperatura» jaisteko ere eskatu du Etxe Zuriko maizterrak. Eta ematen du Trump ados dagoela horrekin, zeren ostegunean Alderdi Errepublikanoaren kongresuaren amaieran ematekoa den diskurtsoa aldatu du, Washington Examiner egunkariari emandako elkarrizketa batean nabarmendu duenez. «Herrialdea batzeko aukera daukat». [articles:2128040] Beraz, tonua apaltzeko asmoa du azaroaren 5ean egitekoak diren AEBetako presidentetzarako hauteskundeetarako errepublikanoen hautagaiak, 2017 eta 2021 artean herrialdeko presidente izandakoak. «Hau [erasoa] gertatu izan ez balitz, diskurtsoa zoragarria izango zen, inoizko izugarrienetako bat. Egiazki, emango dudan diskurtsoa guztiz diferentea izango da». Gaur hasi da kongresua, Milwaukeen, eta ostegunean bukatuko da; bertan, Trumpen hautagaitza berrestekoak dira alderdiak herrialdeko 50 estatuetan dituen 2.400 ordezkariak. Trumpek bozak irabazten baldin baditu presidenteordea nor izango den iragarriko dute, bide batez. Hain justu, gaur iragarri dute James David Vance Ohioko senataria izango dela AEBetako presidenteordea, Trumpek hauteskundeak irabazten baditu. Presidentegai errepublikanoa da hauteskundeak irabazteko faboritoa, inkesten arabera; areago Biden presidente eta presidentegai demokratak azken asteetan egin dituen hanka sartzeen ondorioz. Atzo gauean —goizaldea Euskal Herrian—, ordea, irmo mintzatu zen audientziarik handieneko tartean herritarrei mintzatzeko telebistaz emandako diskurtsoan. «Hautetsontzietan konpon ditzagun gure artekoak. Horrela egiten dugu: hautetsontzietan, ez balekin. Herritarrek dute Amerika [AEBak] aldatzeko ahalmena, ez hiltzaile bat izan daitekeen batek». Balak aipatu zituen Bidenek, eta Trumpek, larunbatean Pennsylvania estatuko herri batean ematen ari zen mitinean tiroz zauritua izan ondoren, Truth Social bere sare sozialean nabarmendu zuen «ez sinesteko modukoa» zela gertatutakoa. Mitinaren eremutik kanpo zegoen teilatu batetik tiro egin zioten. Baina kontuan hartu behar da AEBek, azken erroldaren arabera, 333 milioi biztanle dituztela eta, zenbait ikerketak diotenez, 393 milioi arma daudela, armadako kideenak alde batera utzita. AEBak dira, hain zuzen, armak edukitzeko eta erabiltzeko orduan murrizketa gutxien ezartzen duten herrialdeetako bat; konstituzioaren bigarren zuzenketak —1791koa da— horretarako aukera ematen die herritarrei. Karguak kendu Trumpek hainbat epaiketa ditu zabalik presidente zenean, aurretik zein ostean legez kontra jokatzea leporatzen baitiote. Horietako bat 2021ean Etxe Zuritik dokumentu klasifikatuak bere Floridako etxera eramateagatik. Epaileak argudiatu duenez, fiskala izendatzeko orduan hanka sartze bat egon zen. Hori dela eta, Trumpi karguak kendu eta kasua ixtea erabaki du. Karguak kendu izana ospatu eta haren aurkako «beste epaiketa guztiak» ixteko eskatzeko baliatu du presidente ohiak Truth Social sare soziala. Are gehiago, karguak aurrekoan jasotako tiroarekin lotu eta haren aurkako «eraso politiko oro» amaitzea eskatu du. Indarkeria normalizatzearen kontra mintzatu zen Biden: «Gure usteak oso sendoak izanagatik, ezin dugu indarkeria erabili, inoiz. AEBetan ezin dugu jarraitu bide hori ibiltzen. Indarkeriarik ez du tokirik AEBetan; salbuespenik gabe. Kito». Eta zerrendatu egin zituen herrialdeko jardun politikoarekin zerikusia izan duten eta «onartezinak» iruditzen zaizkion indarkeria kasu batzuk: Kapitolioaren aurkako erasoa —Trumpek justifikatutakoa—; Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente (demokrata) zenaren senarrari egindakoa; edo, besteak beste, Gretchen Whitmer Michigan estatuko gobernadorea (demokrata) bahitzeko saiakera. 13 Zenbat atentatu egin dituzten AEBetako presidente edo presidente ohien kontra. 1835ean Andrew Jackson AEBetako presidentea hil zutenetik, hura eta larunbatean Donald Trumpen kontra egindakoa aintzat hartuta, hamahiru atentatu egin dituzte herrialdeko presidente zirenen edo presidente izandakoen kontra. Alderdi Errepublikanoak Kongresuan dituen zenbait diputatuk eta senatarik, baina, Biden bera egin dute erasoaren erantzule. Vance senatariak X sare sozialean idatzi duenez, mitineko erasoa ez zen izan «gertakari bakan bat». «Bidenen kanpainaren premisa nagusia da Donald Trump presidentea faxista autoritario bat dela, eta kosta ahala kosta atxilotua izan behar duela. Erretorika horrek eragin zuen hilketa saiakera». Tim Scott senataria harago joan da, sare sozial berean: «Argi esan dezagun: ezker muturrak eta Trumpi faxista edo zerbait okerragoa deitzen dioten hedabide korporatiboek bultzatutako hilketa saiakera bat da hau». Bidenek esan izan du Trump demokraziarentzako mehatxu bat dela, besteak beste, ez duelako onartzen 2020ko hauteskundeetako porrota; baita darabilen hizkera xenofobo eta autoritarioagatik ere. Politico hedabideak kaleratu duenez, AEBetako presidenteak Alderdi Demokrataren diru emaileekin hitz egin zuen telefonoz lehengo astean, eta esan zien Trump «jopuntuan» jartzeko ordua dela. «Joe Bidenek eman ditu aginduak», idatzi du X-n Mike Collinsek, errepublikanoen Ordezkarien Ganberako diputatu batek. Bien bitartean, FBIk erasoa ikertzen jarraitzen du. Oraingoz, jakinarazi du Trumpi ustez tiro egin zion pertsonak, Thomas Mathiew Crooksek (20 urte), bere kabuz egin zuela erasoa, bere aitak erositako fusil batekin. Erasoa egin eta segundo eskas batzuetara hil zuten AEBetako zerbitzu sekretuek —presidente ohien zerbitzura ere badaude—. Plazaratu dituzten datuen arabera, Alderdi Errepublikanoko kide gisa erregistratua zegoen Crooks, baina duela hiru urte hamabost euroko dohaintza bat egin zion Alderdi Demokrataren inguruko talde bati.
Alavesek iragarri du beste jokalari bat ere fitxatuko duela denboraldi honetarako. Asier Villalibre aurrelaria da, duela bi denboraldi Gasteizeko taldean utzita egon zena, eta Espainiako Lehen Mailara igotzeko gola sartu zuena Levanteren aurka. Athleticeko jokalari ohiak lau denboraldirako sinatu du Alavesekin, eta datozen orduetan batuko da talde zuri-urdinera, Luis Garcia entrenatzailearen esanetara ahal bezain laster egoteko. Villalibrek Athleticen jokatu du azkeneko denboraldian. Gernikarrak zortzi gol sartu ditu hogeita lau partidatan, horietako sei Espainiako Kopan. Hain zuzen, horietatik bi Alavesi sartu zizkion, Kopako final zortzirenetan. Hala ere, ez du aukera handirik izan, eta aukeren artean zegoen aurtengo denboraldian Athletic uztea berriro. Asier Villalibre bueltan DA#OngiEtorriBúfalo #LoQueNosUne #GoazenGlorioso ⚪️🔵 pic.twitter.com/MYYbBkwtV4 — Deportivo Alavés (@Alaves_eus) July 15, 2024 Denboraldi erdiz utzita egon zen Villalibre Alavesen 2022-2023ko denboraldian, baina zaleek estimu handia diote gernikarrari. Horrela erakutsi zuten Athleticek eta Alavesek Mendizorrotzan jokatu zuten azken derbian. Villalibre aulkitik sartu zenean txalo zaparrada bat jo zioten zaleek, eta partida amaitutakoan haren izena oihukatu zuten. Izan ere, utzita egon zen urtean igoerako gola sartu zuen penaltiz Levanteren zelaian. Geroztik, Alaves behin baino gehiagotan saiatu da aurrelari bizkaitarra berriro ere Gasteizera bidean jartzen. Athleticen oharraren arabera, diru kopuru finko bat, helburuen araberako beste bat eta etorkizuneko salmenten ehuneko bat biltzen ditu bi kluben arteko akordioak. Hala ere, ez batak ez besteak ez ditu datu ofizialak argitaratu. Athleticen ere nekez ahaztuko dute Villalibre; izan ere, 2021eko Espainiako Superkopako finalean, Bartzelonaren aurka luzapena behartu zuen gola sartu zuen, eta haren golak funtsezkoak izan dira joan den denboraldian Espainiako Kopa irabazteko. ℹ️ Asier Villalibre, @Alaves_eus-era transferituta. Aurrelariak, Kopako eta Superkopako txapeldunak, bere Athletic Clubeko bere aroa amaitu du 127 partida jokatu eta 21 gol sartu ondoren. 🍀 Eskerrik asko denagatik, Asier, eta zorte on etorkizunean! #AthleticClub 🦁 — Athletic Club (@athletic_eus) July 15, 2024
Traktore istripu batean bi lagun hil dira gaur eguerdian, Aiherran, Nafarroa Beherean. Zabaltzeko bideko barruti batean, inausketa lanetan ari zen Martin Minjou 63 urteko laboraria, eta harekin zen 12 urteko mutil bat, haren bizilaguna, France Bleu irratiaren arabera. Laborariaren emazteak larrialdi zerbitzuak deitu ditu 13:23an, senarra baserrira itzultzen ez zela ikusita. Lan egiten ari ziren lekura iritsi direnean, iraulita ikusi dute traktorea, eta zelaian zeuden nekazaria eta mutikoa, baina ezin izan dute ezer egin haiek salbatzeko. Ez dute argitu zer gertatu den, baina malda handiko pentze batean ari ziren, eta lurra bustita zegoen goizeko euriaren ondorioz. Istripua izan den lekura bildu da Arño Gastanbide Aiherrako auzapeza. «Gertaera oso tragikoa izan da herriarentzat», azaldu du. Hil berri den laboraria hautetsi izandakoa da Aiherran. LABen zenbaketaren arabera, gaurko istripua zenbatu gabe, 32 langile hil dira aurten lanean ari zirela. Zerrenda horretan azaltzen dira Euskal Herrian hildakoak, baina baita handik kanpo hildako garraiolariak eta arrantzaleak ere.
Gipuzkoako erreforma fiskalari buruzko txostena onartu dute EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk. Hiru aldeko akordio horri esker, errenta guztien tributazioa aztertu ahal izango da, batez ere errenta txikienetan tributazio txikiagoa lortzeko eta gainerakoetan progresibitatea indartzeko.
Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileak greban dira jada, abuztuaren 4ra arte. Gaur, uztailak 15, hasi dute langileen egiturazko arazoak konpontzeko hiru asteko greba, ELA eta LAB sindikatuek deituta.
Kroazia, Italia, Alemania, Frantzia eta, azkenik, Ingalaterra. Eurokopako selekzio handienak banan-bana menderatuta irabazi du Espainiak Eurokopa. Gainera, jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu. Finalean 2-1 hartu du mendean Ingalaterra, eta bi euskal herritarrek sartu dituzte golak. Nico Williamsek egin du lehena, eta Mikel Oiartzabalek egin du garaipenarena. Finaletan ohikoa izaten den bezala, joko gutxi erakutsi dute bi taldeek lehen zatian. Ingalaterrak ez du inolako arriskurik hartu nahi izan, eta pase luzeen bidez ahalegindu da aurrera egiten. Bestela, geldikako jokaldiak probesten ahalegindu da, eta gertu izan du gola lehen zatia amaitzear zela. Luke Shawren erdiraketak atzelari baten soinean jo du, eta Phil Fodeni iritsi zaio baloia, area barruan. Ez du nahi bezala errematatu, ordea, eta arazo handiegirik gabe gelditu du baloia Unai Simonek. Espainia, aldiz, baloia atzetik jokatzen saiatu da, baina zailtasun ugari izan ditu lan horretan. Southgatek kate motzean lotu nahi izan du Rodri, espainiarren euskarria, eta horrek lana zaildu dio Luis de la Fuenteren taldeari. Gainera, min hartu du Rodrik, eta atsedenaldian aldatu behar izan dute. Zubimendi sartu da haren ordez. Zelai erdiko jokoan zeuzkaten trabak tarteko, hegaleko jokaldi batean iritsi da espainiarren lehen gola. Hegaletatik egin du min gehien Espainiak txapelketa osoan zehar. Lamine Yamal eta Nico Williams oso jokalari jaioak dira buruz buruko jokaldietan, eta haiek izan dira Espainiako selekzioaren jokalari arriskutsuenak finalera bidean. Lehen zatian bikain zaindu ditu Ingalaterrak. Shawk eta Kyle Walkerrek ez diete metro erdia ere utzi, eta sendo aritu dira buruz-buruko lehia horietan. Hala ere, bigarren zatia hasi eta berehala aldatu da hori. Yamalen bakarrik utzi du Williams barnekaldi baten ostean, eta nafarrak, ezkerrez, sareetara bidali du baloia. 1-0, 47. minutuan. Golak min handia egin dio Ingalaterrari, eta Espainiak aurrerapausoa eman du ondorengo minutuetan, bigarren golaren bila. Aukera argiak izan dituzte Williamsek zein Moratak, baina ez batak, ez besteak, ez dute asmatu. Ingalaterra bikain aritu da defentsan lehen zatian, baina bigarren zatiaren lehen ordu laurdenean ezin izan dute Yamalen erauntsiarekin. Katalunian jaiotako hegalekoak 17 urte bete ditu asteon, eta partidako jokalari arriskutsuena izan da. Bere partidari ginga jartzeko aukera ere izan du, baina haren erremateari bikain erantzun dio Jordan Pickford atezainak. Espainiak nahi zuen tokian zeukan partida. Baina halako batean berdindu egin du partida Ingalaterrak, 70. minutuan. Ezer gutxi egiten ari zen Southgaten taldea, baina Palmer zelairatu du, eta bi minutu beranduago gol ederra egin du Chealseko jokalariak. Trantsizio azkar batean Palmerri iritsi zaio baloia aldaratze baten ostean, eta area kanpotik erremate ezinhobea egin du. Gola eta balio bera duen jokaldia Espainiak ez bezala, Ingalaterrak hainbat metro egin ditu atzera gola sartu ostean. Indarrak orekatuta zeuden, eta lehia bizia izan dute bi taldeek zelai erdian. Espainia, hala ere, gehiago saiatu da, eta azkenean saria ere lortu du. Yamalek izan du lehen aukera, baina gola eragotzi du Pickfordek. Baina, 87. minutuan, Oiartzabalek ez du barkatu. Cucurellaren erdiraketa bikaina izan da, zehatza eta indar handikoa. Realeko kapitainak lurrera bota du bere burua errematea egin ahal izateko, eta Pickfordek ezin izan du ezer egin. Finala haiena zen. Hala ere, golak izan duen garrantzia bera izan du Dani Olmok egindakoak. Declan Ricen erremate bat Unai Simonek atera du, eta aldaratzea Marc Guehik errematatu du, buruz. Sareetara zihoan, baina Olmok atepetik atera du, azken unean. Gol bat sartu izan balu bezala ospatu dute kataluniarrak eta taldekideek. Hala amaitu da partida. Espainiak Eurokopa irabazi du hamabi urteren ostean, eta Ingalaterrak, aldiz, bigarren aldiz jarraian galdu du finala.
Egunen batean amaitu egingo dira Tadej Pogacarren (UAE) balentriak deskribatzeko hitzak, baina txirrindulari horrek egindakoak urte askoan gogoratuko dituzte txirrindularitza zaleek. Gaur beste erakustaldi bat eman du Frantziako Tourrean, eta sailkapen nagusian zuen aldea handitu egin du esloveniarrak. Bakarrik helmugaratu da Beille goi ordokian, sailkapen nagusian dituen aurkari zuzen guztiak atzean utziz. Helmugatik bost kilometrora utzi du atzean Jonas Vingegaardi (Visma), eta 1:08ko aldea atera dio. Renco Evenepoeli (Quick-Step) izan da hirugarren, eta 2:51ra helmugaratu da. Mikel Landa (Soudal) izan da laugarren, 3:54ra, eta Almeida (UAE) 4:43ra. Astebete geratzen da Tourra amaitzeko, baina gaurkoa ikusita argi dago, okerrik ezean, ez dagoela une honetan Pogacarri maillot horia kendu diezaiokeen inor. Sasoi handia beharko du hori egin nahi duenak, eta moralki oso indartsua izan beharko du. Eta, hala ere, kosta egiten da sinestea badela Pogacar baino gehiago izango den txirrindulari bat. Asteazkenean maillota galdu zezakeela zirudien arren, Pogacarrek erakutsi du, fisikoki indartsua izatea gain, burua ere ez duela amore emateko. Sailkapen nagusian 3,09ra du Vingegaarad, eta 5,19ra, Evenepoel. Lehen mailako lau mendate zituen gaurko etapak, eta azkenekoan erabaki da, agian, baita Tourra ere. Jorgensonek egin du eraso hamar kilometro eta erdira faltan. Vingegaardek tira egin du buruan jarraitu duten txirrindularien taldean, Pogacar ahulduko zelako esperantzarekin, baina esloveniarrak eutsi egin dio, eta ez hori bakarrik, indarrak gorde ditu gero erantzuteko. Bost kilometro faltan jo du erasoa Pogacarrek, etapa irabazteko. Atzean utzi du Vingegaard, eta aho zabalik utzi ditu zaleak helmugara arteko tarte horretan. Hirugarren etapa garaipena du Podagarrek gaurkoa aurten. Atzo ere nagusitu egin zen Pirinioetako lehen etapan. Guztira hamalau etapa irabazi ditu esloveniarrak Pirinioetan. Bihar atseden eguna izango da.
Zamai ostatuaren jabe izateaz gain, Baiona Ttipiko merkatari eta ofizialeak biltzen dituen elkarteko lehendakaria da Sebastien Ager (Garaibi-Urdiñarbe, Zuberoa, 1986). 2032 kolektiboko kidea ere bada. Iazko Baionako besten denboran, Patrice Lanies eraila izan zen. Hain zuzen, horren ondotik sortu zen 2032 kolektiboa, peña, ostalari, gazte asanblada, talde feminista eta biztanle elkarte batzuen artean. Hemendik eta 2032ra bitarte Baionako besten eztitzeko xedearekin. Orain arte nola iragan dira bestak? Ez duzu prefosta oroendako, baina guk ez dizugu deus ikusi, deus ere entzun. Asteazkenetik ikusten dugu jende gutiago dela, eta jendea hobeki ari dela higitzen eta egoten ere. Ostiralarekin eguerditik landa ikusi dugu jendea heldu zela, eta 18:00 orenetik landa plaza leherra beterik. Ontsa igaran da astea, baina hola leher-leherra delarik, prefosta, beti beldurrarekin zerbait gertatzen ahal baita. Kolektiboak plantatu duen tresnetarik bat komunikazio arloko koordinazioa izan da. Hori nola gauzatu da? Funtzionatu al du? Erabili dizugu lehen gauean. Baina beharko da lan handi bat egin… Guk eseatu dugu egitea, eta heldu gara: ostatuen, jatetxeen eta penen atzematea, harreman horren egitea. Lan eijer bat, baina bekatu da, tresna hori ez baita erabiltzen. Azkenean ez duzu aplikazio bat erran zen bezala, baina Internet lotura bat da. Eseatu dizugu. Asteazkenean martxatu dizu. Nik ostegun gauean erabili dizut: banizun bi neska trenputxarturik. Baina zaila duzu, zeren eta behar duzu sarea ukan, eta jaso behar dutenek ez badute konexio ona… Behar ere orain Herriko Etxeko informatikariek urtea baditezu tresnaren hobetzeko. Musikari dagokionez, ostegunean, 19:00 arte ezin zen bozgorailuetatik transmititu, zuzeneko musikari lekua uzteko. Nola iragan da? Plaza ttipi hori baitut aitzinean musikariak ekuratzen ahal dituzu, orduan guk hamabost bat ukan ditizugu. Baina, gauza duzu ene auzoek, Pannecau karrikan, Tonneliers karrikan… haiek ez ditezu batere ukan. Ez banda bat ere ez. Hori dizugu bekaturik handiena. Horretan lanean beharko dizugu ari, lanean beharko ditezu ari. Bestela, bai: diferentzia handi bat ikusi dugu: jendea anplekiago, guretako hemen puru. Herriko Etxetik erran izan dute jende guttiago izanen zela aurten, ber denboran Iruñeko bestak baitira. Hori orain arte hala izan da edo ilusio bat besterik ez da? Erraten dizugu jende gutiago bazela… Igaran urtearekin, e! Igaran urtean ez dizugu sekula hainbeste jende ikusi. Duela bi urte bezala da, ene ustez. Baina aurten jendea aiseago kurritzen zuzun, eta ni segur nauzu San Izpirituko zubia libre izateak lagundu duela; justu ondoan gaituzu, eta jendea hortik ilkitzen delarik honarat sartzen zuzun arrunt. Berez, jende guttiago izatea zuen eskakizunetako bat dea? Jende gutiago eta zubia libre: prefosta, jendea ahal bada egoten trankil ostatuan, mintzatzen, kantatzen, dantzatzen… Guk hola dizugu nahi lanean ari. Nik nehondik ere ez nikezu nahi beste urte bat igaran urtea bezalakoa. Gizon bat hil ala bizi dago eta 11 sexu eraso salaturik… Nola interpretatzen dituzu gertakari horiek? Igaran urtean jakin genizun bi oren igaran zirela muturrekoa bildu eta ospitalerat heltzeko, eta pentsatu genizun zerbait ontsa joaten ez zela… Aurten gizon horrek ere bildu dizu. Ahal ditizugu nahi duzun hainbeste polizia ezarri, ez gaituzu denen ondoan izaten ahal. Hainbeste jenderekin, bortxaz, atean badukezu ertzo elibat. Zonbait ere hartako jinik dituzu, ikusi dizugu… Guk non behar dugu onak izan? Momentu horietan behar dizugu hor izan, agitzen delarik eta zale. Ez oran bat, bi oren ezarri… Hartako ditizugu erreferenteak ezarri karrika denetan; zerbait grabe holako igaraten baldin bazen, informazio zaleago joan dadin. LOTSABAKO Egitea gehien gustatzen zaizun edaria? Kafesnea. Edatea gehien gustatzen zaizun edaria? Ardo zuria, baina idorra. Bestetako gaurik zailena kudeatzeko? Larunbata.
Kolokan zegoen Tadej Pogacarren (UAE) agintea Tourrean. Maillot horia laugarren etapatik darama soinean, baina joera aldaketa izan zen asteazkenean, Le Lioranera bidean. Esloveniarra baino indartsuago agertu zen Jonas Vingegaard (Visma), eta Tourra iraultzeko moduan zegoela erakutsi zuen. Bada, zalantzak kolpetik uxatu ditu gaur Pogacarrek, hamalaugarren etapan nagusituta. Pla d’Adet mendatean zegoen helmuga, eta tontorrean 39 segundoren aldea atera dio lasterketako liderrak azken bi urteetako txapeldunari. Hots, Erdialdeko Mendigunean jasotako kolpea itzuli dio gaur Pirinioetan. Sailkapenean 1.57ko abantaila du orain. Alde handia da, baina lasterketa oraindik ez dago erabakita. UAE taldeak ere erakutsi du bere onena. Taktikoki baldar jokatzen duela egotzi diote askok, baina gaur jokaldi ederra egin du Pla d’Adeten: helmugatik zazpi kilometrora zeudela, aurrera bidali du Adam Yates, geroago Pogacarren alde lan egiteko. Halaxe gertatu da. Pogacarrek, eraso bortitza jo, eta arnasa berritu du taldekidearen gurpilean. Hala, fresko iritsi da mendatearen azken zatira. Nahiko etzana zen bukaera, eta Pogacar zitala da gisa horretako aldapetan. Zatirik gogorrenean hurbil izan da Vingegaard, baina galera handi samarra izan du gero. Hirugarren, berriz, Remco Evenepoel (Soudal) izan da, 1.10era. Vingegaardek kendu egin dio nagusiko bigarren postua. Mikel Landa (Soudal) txukun aritu da berriz ere: 11. sartu da helmugan, 1.29ra, eta eutsi egin dio nagusiko seigarren postuari. Lehenago, beste arabar batek egin du distira: Oier Lazkanok (Movistar). Lehen Tourra du, eta bikain dabil; ihesean kementsu eta mendateetan indartsu. 70 kilometro lau zeuden Tourmaletera, eguneko lehen mendatera iritsi aurretik, eta txirrindulari askok egin dute eraso bertan, Lazkanorekin batera. Azkenean, hemezortzi txirrindulari elkartu dira Tourmaleten, eta Lazkanok izan du mendate mitikoa lehen postuan igarotzeko ohorea. Gailurretik gertu David Gauduk (Groupama) piztu du sua, eta Lazkanok jarraipena eman dio frantziarraren oldarraldiari. Arabarra bakarrik gelditu da lasterketa buruan, eta gero, bederatzi txirrindulari elkartu zaizkio jaitsieran, Hourquette d’Ancizanera bidean. Denen artean, Ben Healy (Education First) zen areriorik arriskutsuena. Hala berretsi du Pla d’Adeten. Bakarrik abiatu da helmugarantz, baina lau kilometroren faltan harrapatu dute faboritoek. Behin erasoa jota, duda-mudan ibili da Pogacar. Aldiro atzera begiratzen zuen. Aurrera egin du, halere, eta Tour honetan bigarrenez irabazi. Bihar beste aukera bat izan dezake: Peyresorude, Mente, Aspet, Agnes eta Plateau de Beille kateatuko dituzte. Bradbury garaile Blockhausen Italiako Giroko txirrindulariek ere oso etapa menditsua jokatu dute gaur, Lanciano eta Blockhaus artean. Lasterketako zazpigarren saioa izan da, eta Neve Bradbury (Canyon) australiarrak irabazi du. Garaipena lortzeaz landa, sailkapeneko hirugarren posturaino egin du jauzi. Blockhausen urrutitik egin du eraso, artean 9,4 kilometro gelditzen zirela. Beste faboritoekiko aldea zabaldu, eta bakarrik gurutzatu du helmugako lerroa. Hura baino 44 segundo geroago iritsi dira Lotte Kopecky (SD Worx) eta Elisa Longo Borghini (Lidl), hurrenkera horretan. Italiarrak lasterketako lidergoa sendotu nahi zuen, baina gurpilera itsatsi zaio Kopecky. Hori gutxi ez, eta bigarren izateko esprinta irabazi du flandriarrak. Horiek hala, maglia arrosa defendatu du Longo Borghinik, baina segundo bakarrera du Kopecky. Lehia bizia izango dute bihar, Giroko azken etapan.