Athleticek bolada onari jarraipena eman dio Celtari irabazita
Athletic ez da futbol ikusgarria egiten ari, baina asmatu behar denean asmatzen ari da, eta hori da, azkenean, balio duena. Gaur hirugarren garaipena jarraian lortu du ligan, eta bolada bikainean egingo du debuta, asteon, Europa Ligan. Zuri-gorriek Guruzetaren bi goli eta Djaloren bati esker hartu dute mendean Celta (3-1). Lehenengo gola neurketa hasi bezain pronto heldu da, laugarren minutuan. Guruzetak aurrelari peto-petoen gol horietako bat sartu du: baloia jaberik gabe zebilen arean, eta han sartu du hanka baloia sareetara bidaltzeko. Pasa den denboraldian ez zen alferrik izan taldeko golegilerik onena. Golak, ordea, ez die mesederik egin etxekoei, eta hurrengo minutuetan hobea izan da Galiziako taldea. Horrela heldu zaio saria, Agirrezabala atezainak Iago Aspasi egin dion penalti batean. Celtako kapitainak berak egin du gola. 25. minutua zen. Hamar minutu geroago Aspasen beraren gol bat ere baliogabetu du epaileak. Guruzeta, berriz Athletic ez zen hobea, baina orduantxe agertu da, berriro, Guruzeta. Bikain errematatu du, buruz, Berenguerren erdiraketa bat, eta horri esker etxekoak aurretik heldu dira atsedenaldira. Bigarren zatian ez da gol aukera argi askorik izan, eta Djalok 80. minutuan buruz sartutako golak utzi du erabakita norgehiagoka. Iñaki Williamsen jokaldi eder bat baliatu du zuri-gorrien azken fitxaketak Athleticen elastikoarekin bere lehen gola egiteko. Sailkapen nagusian 13 puntu ditu Ernesto Valverderen taldeak, eta orain denboraldiko erronka ederrenetako bati egin beharko dio aurre: Europa Ligari. Ostegunean Erromako Estadio Olinpikoan jokatuko du Erromaren aurka (21:00).