Egunero 200 kanpo-kontsulta geratzen dira agertzen ez den eta abisatzen ez duen paziente baten zain. Egunero kontsulten % 3 hutsik geratzen dira, pazienteek ez dutelako aurretik jakinarazten ez direla bertaratuko, eta horrek galarazi egiten du beste batek hartzea horiek hutsik utzitako hitzordua.
Horregatik, “denborak eta neurriak” bilatzeko deia egin du. Bestalde, esan du euskal enpresariek ez diotela “uko egiten” lau eguneko lanaldiari, baina “orain ez da haien kezka”.
Gatibu musika taldeak bere agurra iragarri eta biharamunean, omenaldi polita egin dio Athleticek, Leganesen zelaian. Besteak beste, euria goian behean ari zuela, urrezko hiru puntu eskuratu baitituzte zuri-gorriek. Erasoan inspirazio handirik azaldu ez arren, jarrera, lana eta ahalegina hartu dituzte oinarri, eta, azkenean, merezita poltsikoratu dituzte hiru puntuak. Jokoan nagusi izan bada ere, Ernesto Valverderen taldea antzu samar ibili da gol aukeretan, baina bigarren zatiaren erditik aurrera jaso du uzta. Lehenbizi, Vivianen eta zortearen bidez iritsi da 0-1ekoa, eta ondoren Iñaki Williamsek ebatzi du lehia, denboraldiko lehen gola eginez. Azkenerako, gozatuz eta gozaraziz amaitu du partida Athleticek. Euritan dantzan, alegia. Hasierako hamaikakoan dezenteko iraultza egin du entrenatzaileak. Espero zen hainbat jokalari aldatuko zituela freskotasuna lortu nahian, eta sei aurpegi berri zelairatu ditu: Gorosabel, Nuñez, Djalo, Unai Gomez, Berenguer eta Vesga. Lehen hirurak, udan egindako fitxaketak. Aldaketa asko izan arren, Athleticek ongi eutsi die orain arteko izaerari eta jokoari, eta hasieratik bertatik hartu du bere gain baloia. Ruiz de Galarreta gidari, zuri-gorriek ederki mugitu dute baloia ezker-eskuin, erasoko jokalariak mugimenduan ibili dira etengabe, baina sakontasuna falta izan dute min egiteko. Nico Williams eta Berenguer ahalegindu dira hegaletatik jokaldiak osatzen, baina inspiraziorik eza sumatu zaie azken metroetan. Bada, egoera horietara ohituta dago Leganes, eta atzean sartuta egonagatik, itxaroten asmatu du. Hala, 22. minutuan gola egiteko aukera bikoitza izan dute madrildarrek. Kontraeraso bat muturreraino eramanda, De la Fuentek jaurtiketa bat egin du eta Hallerrek beste bat, baina biek Agirrezabalarekin egin dute topo. Distiratsu aritu da atezaina. Aukera bikoitz horrek ez du aldatu lehiaren gidoia, eta lehengoan jarraitu du Athleticek. Ongi iritsi da zelaiaren hiru laurdenetara, baina ezina sumatu zaie handik aurrera. Hain zuzen, 40. minutuan egin du lehen zatiko jaurtiketa bakarra, baina Djaloren ahaleginak atezainaren eskuetan amaitu du. Jokoan gehiago izan arren, emaitzan ezin izan dute aginterik islatu zuri-gorriek. Aldaketak, inoizko goizen Bigarren zatiari begira, atsedenaldian bertan astindu du aulkia entrenatzaileak, Guruzeta zelairatu baitu Nico Williamsen ordez. Hasieratik sumatu da Leganesek urrats bat egin duela aurrera, eta tarte batez sufritzea egokitu zaio Bilboko taldeari. Horregatik, Valverdek beste astindu bat eman dio zuhaitzari berandu baino lehen. Ez da ohikoa aldaketak hain goiz egitea, baina 56. minutuan beste hiru jokalari zelairatu ditu: Sancet, Iñaki Williams eta Prados. Orduantxe, Leganesek zutoinera bidali du baloia, baina Athleticen jokoak behetik gora egin du handik aurrera. Ander Herrera zelairatzeak ere lagundu du zeregin horretan. Beste abiadura batean mugitu du baloia erasoan, eta hegaletatik erdiraketak egitea izan du helburu. Bada, korner batean Vivianek langara bidali du baloia, eta hurrengo jokaldian gola sartzea lortu du atzelariak berak. Haren jaurtiketa batek Jorge Saenzen gorputzean jo ondoren, baloiak sareetarako bidea hartu du. Hori gutxi ez, eta hortik hamar minutura 0-2koa egin du Iñaki Williamsek, Gorosabelen erdiraketa ederki baliatu ondoren. Ordura arte ez bezala, erasoan zorrotz aritu dira zuri-gorriak, eta horrek modua eman die partida amaiera lasaia izateko. Sailkapenean hamar puntu izanik, goiko postuetan egonkortu da Athletic. Atsedena hartzeko betarik gabe, Celtak San Mames bisitatuko du etzi (16:15). ALAVESEK SENDO JARRAITU NAHI DU ETXEAN Alavesek ligako bi neurketa jokatu ditu denboraldi honetan Mendizorrotzan, eta bertan lau puntu batu ditu. 0-0 berdindu zuen Betisen kontra, eta 2-0 gailendu zitzaion Las Palmasi. Bada, Luis Garcia Plazak zuzentzen duen taldeak bide onetik segitu nahi du bihar etxean, Sevilla mendean hartuta (21:00, La Liga). Espainiako taldea denboraldi hasiera kaskarra egiten ari zen, baina aurreko asteburuan lehen garaipena lortu zuen Getaferen kontra. Garcia Plazaren ustez, garrantzitsua da biharko neurketa. «Bost jardunalditan 10 puntu lortzea oso kopuru ona litzateke. Itxura sendoa eman nahi dugu etxean». Toni Martinez eta Ander Gebara hasierako hamaikakora itzul daitezke .
Gilbert Achcar (Dakar, 1951) Nazioarteko Harremanetako irakaslea da Londresko Unibertsitatean. Senegalen jaio zen, eta Libanon hazi, eta Hezbollahren eta Israelen arteko gatazka izan du ikergai. Ekialde Hurbileko gatazken inguruan idatzi du; besteak beste, The 33-Day War: Israel’s War on Hezbollah in Lebanon and its Consequences, 2007an (33 eguneko gerra: Israelek Libanon Hezbohllaren aurka egindako gerra eta haren ondorioak). Haren ustez, Israelek Hezbollahko kideen aurka azken egunetan egindako erasoak «azken abisu bat» dira, eta Palestinako gatazka eskualdera hedatzeko arriskua dagoela ohartarazi du. Non ditu sustraiak Hezbollahren eta Israelen arteko gatazkak? Sortu zenetik, Hezbollah Israelekin nolabaiteko gerra batean murgilduta egon da. Israelek 1982an Libano inbaditu ostean sortu zen Hezbollah; 1985ean, hain zuzen. Israelgo okupazioaren aurkako borroka hori izan da Hezbollahren identitatearen ezaugarri nagusia; beren buruari erresistentzia islamikoa esaten diote. 2000. urtean Israelgo armada Libanotik joan zen arte, garrantzi handia izan zuten borroketan. Gero, armak ez uztea erabaki zuten, arriskuak hor jarraitzen duela iritzi diolako. Eta gaur egungo gatazkak? Joan den urriaren 8an hasi zen, Hamasek Israelen aurka eraso egin eta biharamunean. Israel iparraldea bonbardatzen hasi ziren. Eraso horien helburua Israelgo armadaren arreta desbideratzea izan da; betiere gerra bete-betean hasi gabe. Hezbollahk Gazarekiko elkartasun ekintza bezala ulertzen ditu erasoak. Are gehiago, behin baino gehiagotan esan dute bonbardaketak etengo dituztela Gazarako menia bat sinatzen dutenean. Israelek, ordea, Gazako eta Libanoko fronteak bereizten ditu. Nor da Hezbollahko kideen gailu teknologikoen eztanden erantzulea? Oso argi dago: Israel izan da. Haren zerbitzu sekretuak espezializaturik daude halako erasoetan. Diotenez, Hezbollahko kideren batek susmoa zuen zerbait gaizki zegoela tresna horiekin, eta, horrek hankaz gora jarri ahal zuenez plana, eztandak aurreratzea erabaki zuen Israelek. Izan ere, tresna horien eztanda askoz eraginkorragoa izango litzateke Israelek gerra bete-betean hasteko orduan lehertuko balitu. Uste duzu gerra bat piztu daitekeela Ekialde Hurbilean, beste herrialdeen parte hartzearekin? Israelek Hezbollahren aurkako gerra bete-betean hasten badu, Iranek erantzun egin beharko du. Izan ere, Hezbollahk argi adierazten du Iranen indar militarren parte dela. Iranek ez balu ezer egingo, sinesgarritasun oro galduko luke. Eta Iran gerran sartzea da Israelentzako benetako arrisku bakarra. Iranek iragan apirilean erakutsi zuen gai dela Israelen aurka misilak eta droneak jaurtitzeko. Hezbollahk 150.000 misil inguru dituela esaten da; baina Iranek askoz gehiago ditu. Biek Israel bonbardatzen badute, AEBen laguntza beharko du. Zer rol du Hezbollahk Libanon? Estatu barruan dagoen estatu bat da Hezbollah, nolabaiteko estatu paralelo bat. Estatu baten ezaugarri guztiak ditu: armada, Polizia, komunikazio iturriak, ekonomia propioa —Iranek finantzatua, noski— eta zerbitzu publikoak; osasuna, besteak beste. Xiiten estatua da Libano barruan. Hego Libanon eta hego Beiruten hainbat gune kontrolpean dituzte; xiita gehien duten guneak. Zein da Hezbollahren ideologia nagusia? Hezbollahren ideologiak bi ezaugarri nagusi ditu. Alde batetik, fundamentalismo islamikoa du oinarri. Irango Errepublika Islamikoaren ideiei jarraitzen diete kideek, eta Khomeini dute gidari [iraultza islamikoaren buru izan zen 1979an]. Kontrolatzen dituzten eskualdeek Iranen duten antzeko sistema bat dute. «Estatu barruan dagoen estatu bat da Hezbollah, nolabaiteko estatu paralelo bat» Bestetik, haien identitatearen —eta irandarren— alde garrantzitsu bat Israelekiko oposizioa da. Iranen kasuan ez bezala, Hezbollahrentzat da zerbait ideologikoa soilik: hortik harago doa. Okupazioa eta bonbardaketak direla eta, oso presente dago Israel Libanoko herritarrengan. Israelek esan du gerra «fase berri batean» sartu dela. Zer esan nahi du? Presioa areagotzen ari dira, soldaduak iparraldera mugitzen ari dira. Gazan gerra intentsiboaren fasea amaitu dutelako egin dute hori. Hala ere, ez dute Hezbollahren aurkako gerra bat hasiko AEBen oniritzirik gabe. Hezbollahren aurkako gerra batean hura eskualdera zabaltzeko arriskua duenez, AEBen laguntza behar du Israelek. Gaur-gaurkoz, [AEBetako presidente Joe] Bidenen administrazioa Libanon gerra bat hastearen aurka agertu da. Zer espero dezakegu datozen hilabeteetan? AEBetako hauteskundeen emaitzen araberakoa izango da. [Israelgo lehen ministro Benjamin] Netanyahu bozei oso adi dago. Donald Trumpek irabaztea nahi du, noski. Netanyahuk ez zuen onartu Bidenek proposatutako su etena, eta, horrela, opari bat egin dio Trumpi. Trumpek irabaziko duela uste badu, ez du eraso handirik egingo hura Etxe Zurira heldu arte; gero, Trumpek kargu hartutakoan, haren babesarekin egingo du eraso. Kamala Harrisek irabaziko duela uste badu, berriz, baliteke gerra aurreratzea Bidenen presentziaz baliatuta. Bi hilabetez egongo da Biden Etxe Zurian hauteskundeen ostean, eta tarte horretan ahul egongo da presidentea. Biden Israelen aldekoegia da haien aurkako neurririk hartzeko.
«Oldarraldiak ez du etenik». Hitz horiekin hasi dute gaur, Donostian, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak deituta egin duten elkarretaratzeko adierazpena. Alderdi Ederren elkartu dira, Donostiako udaletxe parean. Eta, hain justu ere, erakunde horrek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra asteon plazaratutako ebazpena kritikatu nahi izan dute protesta eginez; izan ere, epai horren bidez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du 2022ko lan deialdi batean Donostiako Udalak ezarritako gutxieneko euskara eskakizuna udaltzain jardun ahal izateko. Aurrez ere tankera horretako epai ugari egon direla gogoratuta, gaur protestan batu direnek salatu dute «azken hitza» epaitegiek dutela gaur egun hizkuntza politikan, eta larritzat jo dute hori. «Epairik epai, doktrina bat eratzen ari dira», salatu dute elkarretaratzean. «Gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna». Donostian salatu duten epai hori aurreko baten berrespena da. Donostiako Administrazioekiko Auzien 3. Aretoak esana zuen ez dela egokia euskara eskakizun bat egiaztatzeko eskatzea han udaltzain aritzeko, eta orain horixe berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Deialdian, zehazki, ezarri zuten euskarazko B2 maila izan behar dela udaltzain izateko. Elkarretaratzean euskalgintzako ordezkariekin batera izan dira ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak eta udaleko hainbat ordezkari, EH Bildu eta EAJ alderdietakoak. Agerian utzi nahi izan dute sententzia ez dela egokia. «Udaltzain bakar batek euskaraz ez jakiteak arriskuan jar ditzake zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea. Enplegu publikoaren helburua da zerbitzu publiko egokia ematea, herritarrek behar duten arreta diskriminaziorik gabe eskaintzea». Eta oinarri hori aintzakotzat hartuta egin dute galdera: «Nola egingo du hori euskararik ez dakien udaltzain batek parean herritar euskaldun bat egokitzean?». Halakorik gerta ez dadin euskarari «dagokion zentralitatea» eman behar zaiola gogoratu dute, eta, horrekin lotuta, dei egin diete hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden eragile sozial eta politiko guztiei. «Euskararen gaia lehen lerrora ekarri behar da». Esan dute aldaketa atzeratu ezinezkoa dela. «Ezinbestekoa da urrats ausartak egitea hizkuntza politiketan behar dugun jauzia egin ahal izateko». Helegitearen alde Elkarretaratzearen bitartez, Donostiako Udalari «sostengua eta babesa» adierazi diote, epai «injustu» horren aurka bidea egin eta kontrako helegitea aurkez dezan. Bide batez, eskatu diote «azken bururaino» eramateko euskararen normalizazioaren aldeko prozesua.
Proiektuak Araban hainbat parke fotovoltaiko eraikitzea aurreikusten du, baina horien ebakuazioa Bizkaian zehar egin beharko da, 100 kilometro inguru zeharkatuz, Bilboko portura iritsi arte.
Programa aitzindaria da Europan, baserriko lana eta enpresa uztartzeko. ‘Baserritar Misto Profesionala’ izeneko ekimenak 40.000 euroko konpentsazioa emango die baserritarrei bi ordainketatan, eta 30.000 euroko ordainketa bakarra enpresei.
Zenbait leherketa izan dira Libanoko hainbat hiritan gaur arratsaldean. Atzo, aldi berean eztanda egin zuten Libanoko Hezbollah talde xiitako milaka kideren pertsona-bilagailuek. Zenbait hedabidek baieztatu dutenez, gaur ere komunikazio gailuek eztanda egin dute, batez ere, walkie-talkieek. Halere, bestelako gailuak ere lehertu direla jakinarazi du Al-Jazeera hedabideak, tartean, eguzki panelak edota mugikorrak; guztiak, aparatu bateriadunak. Gutxienez, hamalau lagun hil dira gaurko erasoan, Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, eta 450 zauritu baino gehiago. Atzoko erasoetan hildako baten hiletan gertatu da eztanda horietako bat. Hori erakusten du sare sozialetan zabaldutako bideo batek. Erresuma Batuko Reuters agentziaren arabera, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuek prestatu zuten atzoko erasoa. Gutxienez hamabi lagun hil zituzten atzoko leherketek —horietako bi adin txikikoak—, eta ia 3.000 lagun zauritu. Reurtersek argitaratu duenez, Mossadek lehergailuak jarri zituen Hezbollahk duela hainbat hilabete inportaturiko 3.000 bilagailu baino gehiagoren barnean. Informazio hori Libanoko segurtasun arloko goi kargudun batek eta beste iturri batek eman diotela jakinarazi du Reutersek. Bestalde, The New York Times egunkariak ere Israel jo du erasoen egiletzat, AEBetako iturri ofizial bat aipatuta iturri gisa. Era berean, xehetasun gehiago eman dituzte AEBetako beste bi hedabidek: Axiosek eta Al-Monitorrek. Biek ala biek baieztatu dute erasoa «pentsatu baino lehenago» egin dutela. Izan ere, Israelgo eta AEBetako iturriek jakinarazi dietenez, Tel Aviv kezkatuta zegoen Hezbollahk planaren berri ote zuen; beraz, lehenago leherrarazi zituzten. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Hezbollahren aurkako «ekintza militar» bat gauzatu beharraz mintzatu zen astelehenean, eta atzo gertatu ziren eztandak. Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, are gehiago gaiztotu da talde xiitaren eta Tel Aviven arteko harremana. Hezbollahk atzo gauean zabaldutako mezu batean ohartarazi zuen erasoek erantzuna izango dutela. Gainera, gaur gehitu du «Gaza babesteko operazioekin» aurrera jarraituko duela. Taldeko lider Hassan Nasrallah bihar arratsaldean da hitz egitekoa azken gertakarien inguruan. Talde xiitaren erantzun posiblea dela eta, Israelek soldadu gehiago bideratu ditu gaur iparraldeko mugara. Haaretz Israelgo egunkariak jakinarazi duenez, Israelgo armadak 98. dibisioa bidali du hara; aurrez Gazako zerrendan aritu da. «Ez gaitu Hezbollahk beldurtzen, baizik eta Israelen kriminalitateak; izan Gazan, edo izan Libanon. Gobernua kexa bat prestatzen ari da NBEko Segurtasun Kontseiluari aurkezteko» ZIAD MAKARI Libanoko Informazio ministroa Libanoko Gobernuak ere Tel Aviv egin du leherketen erantzule. Ziad Makari Libanoko Informazio ministroak adierazpen hauek egin ditu: «Ez gaitu Hezbollahk beldurtzen, baizik eta Israelen kriminalitateak; izan Gazan, edo izan Libanon. Gobernua kexa bat prestatzen ari da NBEko Segurtasun Kontseiluari aurkezteko». Bitartean, Israelek ez du bere gain hartu erasoa. Herrialdeko armadak bere Telegram kanalean gaur goizean zabaldutakoaren arabera, atzo eraso egin zieten Hezbollahren «azpiegitura terroristen kokalekuei», Libano hegoaldeko bost gunetan. Baina ez dute aipatu ere egin bilagailuen erasoa. Mezuan gehitu dutenez, Hezbollah erakundearen «mehatxu terroristari aurre egiten eta Israel defendatzen» jarraituko dute. Gatazka hedatzeko arriskua Bart, berripaper honen edizioa itxi zenean, bederatzi ziren erasoan hildakoak. Gaur, jada, hamabi dira. Eztanda gehienak Libano hegoaldean, Bekaa haranean eta Beiruteko Dahiyeh auzunean gertatu ziren; gune horietan du indarrik handiena talde xiitak. Bestalde, Sirian ere badaude zaurituak, baina ez dute daturik eman. Firas Abias Libanoko Osasun ministroak azaldutakoaren arabera, ospitalean artatutako gehienek zauriak eta erredurak dituzte aurpegian eta eskuetan. Zauri horiengatik anputazio «asko» egin behar izan dituztela ere jakinarazi du, baita zaurituen artean hirurehun larri daudela ere. Leherketek zauritu zituztenetako bat da Mojtaba Amani, Iranek Beiruten duen enbaxadorea. Herrialde horrek ere Tel Avivi egotzi dio erasoa. Irango Atzerri ministro Nasser Kanaanik «erregimen sionistaren eta haren mertzenarioen arteko operazio konbinatuen jarraipen» gisa definitu du atzokoa. Irango Tasnim berri agentziak jasotako adierazpenetan, Kanaanik gehitu du atzoko «operazio terroristak» argi erakusten duela ezen Israelek, «Palestinako herriaren aurkako gerra krimenak eta genozidioa egiteaz gainera, arrisku larrian jarri dituela eskualdeko eta nazioarteko bakea eta segurtasuna». Turkiako presidente Racep Tayip Erdoganek ere Israel egin du erasoaren erantzule. Eta adierazi du «oso arriskutsua» dela Netanyahuren gobernua gatazka Ekialde Hurbilean zabaltzeko egiten ari den esfortzua. Tel Aviven eta Hezbollahren arteko tirabirez gainera, Iranen eta Israelen arteko harremana are eta gehiago gaiztotu da, iragan uztailaren amaieran Ismail Haniyeh Hamasen adar politikoko burua Teheranen hil zutenetik. Ez dago argi nork egin dituen bilagailuak Hezbollahren aurkako erasoan eztanda egin zuten bilagailuak nork eginak diren ez dute argitu oraindik. Hasieran, Gold Apollo Taiwango enpresaren izena zabaldu da. Hainbat iturri ofizialek hedabideei egindako adierazpenetan aipatu dute enpresa horren izena. Gold Apollok, baina, ukatu egin du atzo lehertu ziren pertsona bilagailu horiek egin izana. Enpresak horrek gaur goizean zabaldutako ohar batek dio akordio bat duela BAC Consulting Hungariako enpresarekin. Gold Apolloren arabera, BAC Consultingek bere produktuak Taiwango enpresaren izenarekin sal ditzake «gune jakin batzuetan». Eta Gold Apollok gehitu duenez, ez du inplikaziorik gailu horien diseinuan, ezta fabrikazioan ere. Taiwango Gobernua ere enpresaren defentsan atera da. Azaldu duenez, Gold Apollok ez du horrelako aparaturik esportatu Libanora azken urteetan. Taiwango fabrikatzaileak seinalatu duen BAC Consultinek ere ukatu egin du aparatuak egin izana. Budapesten egoitza duen enpresako zuzendariak, Cristiana Barsony-Arcidiaconok, AEBetako NBC hedabidearekin hitz egin du. Baieztatu du Gold Apollo enpresarekin lan egiten dutela, baina ez dituela aparatuak fabrikatzen; esan du, soilik «bitartekari» lanak egiten dituela.