«Zelan egin berba herri bati/ non gosariko janak bonba usaina duen egunero/ gosaritarako bonbak ez diren ezer baldin bada batere/ […]» Leire Vargas bertsolariak idatzitako poemak jarri die, hain zuzen ere, gaur 178 herritan egin diren elkarretaratzeei berba. Zientoka lagun bildu dira Euskal Herriaren luze eta zabalean, Gernika-Palestina plataformak deituta, Gazako genozidioaren amaiera eskatzeko. Iaz Donostian egin zuten lehen mobilizazio nazionalaren urteurrenaren kari deitu du elkarretaratze horietara. «[…] Herri bati/ non heriotza arnasaldi artean den gertatzen,/ hala esan dit Mohammed El-Kurdek,/ nik heriotzaz ez baitakit ezer […]». Izan ere, Israelek 43.000 palestinar baino gehiago hil ditu iazko urriaren 7an sarraskia hasi zuenetik, eta salatu dute, halaber, Gazako azpiegituren %70 suntsitu dituela Israelgo armadak. Gernika-Palestina plataformak deituta, Bilbon egindako elkarretaratzea. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU Leire Vargas bertsolari, idazle eta itzultzaile durangarra da. Euskal Herritik erreparatzen dio Gazan gertatzen ari denari: «[…] Nik ez dakit ezer/ hemen nire gela aratzean nire aulki erosoan/ hemen Gernikaren herrian/ […] zergatik da hain erraza entzungor egitea?/ genozidio bat/ milaka kilometrora ere entzun beharko litzateke./ Nik ez dakit ezer». Palestinan gertatzen ari dena banalizatzen ari direnei ere bidali die mezua Vargasek: «Baina gogoan dut andre ileurdin bat Parisko manifestazio jendetsuan/ zelan etorri zitzaidan esku arteko kartelak zer ote zioen galdetzen/ Palestinako genozidioa euskaraz idatzita egonagatik nahiko/ unibertsala ez balitz lez/ zer eta esateko/ ez da genozidioa/ ez da genozidioa zioen/ ez ozeanoaz bestaldeko politikari batek/ […] baizik eta une hartan nire parean emakume ileurdin batek/ […]. Mahasen al-Khatiben irudia, gaur, Bilbon. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU Izan ere, genozidioa egin egiten ari da Israel, Vargasen hitzetan: «[…] eta zelan ez dela genozidioa/ zelan ezetz errefuxiatu-guneak ari direnean bonbardatzen/ euren gorputzaz gain dena kendu dioten/ euren gorputza baino/ ez duten pertsonak direnean jo-puntua/ eta gorputza ere ari zaienean ahitzen gosea, polioa eta hepatitisa./ euren gorputza Gazako lurraren fruitua delako gorputz oro gorpu izan arte ez dutelako lurperatuko Palestina/ eta zelan ez da hori izango/ genozidioa/ […]». Mendebaldeko herrialdeen erantzukizunen ingurukoak ere jaso ditu bertsolariak testuan, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen funtzioa kolokan jarri du: «[…] mendebaldea ekialdeaz bazkatzen beste behin/ […] Estatu Batuek betatu badezakete nazioarteko justiziak epaitua/ zer da Nazio Batuen Erakundea/ zer Nazioarteko Zigor Auzitegia/ onartzen bada nazioarteko legea/ (bere horretan luze eman genezakeena kritikatzen/ […]». Eta honela amaitu du:«[…] ikasiko al dugu?/ Zergatik ez dugu honezkero/ ikasi? Beti da beranduegi/ eta horrexegatik/ hau da unea.». Ondoren, minutu bateko isilunea egin dute, Mahasen al-Khatib irudigilea —Gernika-Palestina elkarteko kolaboratzaile— eta Israelgo armadak hil dituen gainerako 43.000 palestinarrak oroitzeko. Elkarretaratzeak eguerdian Eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte sindikatuek eta hezkuntza komunitateko kideek, Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Tuteran zein Donostian, eta sindikatu ia guztiek egin dute bat: ELA, LAB, EAEko eta Nafarroako CCOO eta UGT, ESK, CGT, LKN, Steilas, Solidari, Nafarroako EHNE, Etxale eta Hiru sindikatuek. Iruñeko mobilizazioa, eguerdian. IDOIA ZABALETA / FOKU «Palestinak gure elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi». Horregatik, bereziki, gatazkari konponbidea emateko bide diplomatikoak ireki behar direla azpimarratu dute: «Berehalako su etena eta kolonizazioaren zein okupazioaren amaiera lortzeko bide diplomatikoak ireki behar dira, baita eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko ere». Israelekiko konplizitate oro amaitzea ere eskatu dute. «Langile klaseari eskatzen diogu presio neurri guztiak aktibatzen jarrai dezagun, Israelek Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak errespeta ditzan eta eskualdean bakea eta egonkortasuna lortu daitezen». Erakundeei ere bidali diete mezua: «Apartheidaren, gizartearen aurkako krimenen eta herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren konplize izateari utz diezaiotela eskatzen diegu».
Italiako lehen ministro Giorgia Melonik ez du eten migratzaileak Albaniara bidaltzeko bere plana. Erromako auzitegi batek bertan behera utzi zuen iragan ostiralean Italiako eskuin muturreko buruzagiak agindutakoa, eta Albaniara bidalitako migratzaileak larunbatean itzuli ziren Italiara. Melonik, baina, beste urrats bat egin berri du: «herrialde seguruen» zerrenda dekretuz bihurtu du lege. Zerrenda «lehen mailako arau» bihurtuta, Erromako epaitegiak ebatzitakoa ekidin dezakeela uste du gobernuak. Ostiralean kaleratutako epai horren arabera, Albaniara bidalitako hamasei migranteen jaioterriak ez dira «seguruak» —Bangladesh eta Egipto—; eta, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpen baten arabera, «herrialde seguru batetik» iristen diren migratzaileak soilik eraman ahal dituzte Albaniara. Gauzak horrela, Melonik «herrialde seguruen» zerrenda 22 herrialdera handitzea bermatu nahi du. Izan ere, orain arte ez zuen lege mailarik. Katramila, hala ere, ez da Meloniren dekretuzko legearekin amaitu. Italiako Parlamentuak 60 egun ditu legeari oniritzia eman edo ez onartzeko. Meloniren Fratelli d’Italia alderdiak 118 eserleku ditu Diputatuen Ganberan; hortaz, gehiengoa izateko beharrezkoak diren 201 diputatuen aldeko botoa lortu beharko du beste zenbait alderdien oniritzia bereganatuz.
Azaroaren 25etik goiti, Ipar Euskal Herriko tentsio guneko hirietako bizitegi pribatuei aplikatuko zaie alokairu mugatzea. 24 herritan sartuko da indarrean, beraz; Lapurdikoak denak: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Baiona, Basusarri, Bidarte, Biriatu, Bokale, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Hiriburu, Jatsu, Larresoro, Lehuntze, Miarritze, Milafranga, Mugerre, Urketa, Urruña, Uztaritze eta Ziburu. «Denek bizitegi bat erdiesteko baitezpadako neurria» dela adierazi du Jean Rene Etxagaraik, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak eta biek gaur prentsa aitzinean egin nahi izan dute neurriaren dekretua izenpetzeko saioa. Alokairu pribatuen mugatzeko neurria Frantziako Estatuak onartu duen esperimentazio bat da, duela lau urte plantan eman zena Parisen, eta geroztik Bordelen, Lyonen eta Montpellierren indarrean dena. Jabe pribatu batek bere etxebizitza bat alokatzen duelarik —apartamentua edo etxea—, horra arte jada ezin zuen nahi bezala emendatu alokairu saria alokatzailez aldatzen delarik edo kontratu berria egiten duelarik. Neurri berri horrek oraindik gehiegizkoak diren alokairu emendatzeak mugatzea luke helburu, Etxegaraik esplikatu duenez: «Horri esker, maizegi gehiegizkoak diren alokairu emendatzeak hein batean atxikitzen ahalko ditugu». Helburua delarik Ipar Euskal Herriko biztanleen «erosahalmena mantentzea», Etxegarairen erranetan. Ipar Euskal Herriko herritarren batez besteko errebenioak Frantzia mailakoak baino apalagoak dira, eta, alta, alokairuak Tolosa (Okzitania), Naoned (Bretainia) edota Lille (Nord) hirietakoen bertsuak dira. «Familia batzuetan, errebenioen %40 joaten dira alokairua ordaintzeko». Merkatuaren araberako muga Alokairuen mugatzeko esperimentazio horrek alokairu prezioaren hiru maila ematen ditu. Erreferentziazko alokairu prezio bat metro karratuko. Gehienezko muga ematen duen prezio emendatua, eta halaber, gutieneko prezio bat edo prezio apaldua. Neurriaren ondorioz, jabe batek gehienez %20 emenda dezake erreferentziazko prezioa. Muga hori du ematen prezio emendatuak. Prezio apaldua jabeari ezartzea «gomendatzen» zaion prezioa dela erran du Julien Charles Paueko (Biarno) prefetak. %30eko apaltzea aplikatzen ahal zaio erreferentziazko alokairuari prezio apaldu hori ukaiteko. «Ez dira hautu arbitrarioak edo teknokratikoak. Etxebizitzaren egiazko merkatuaren araberako prezioak dira» JULIEN CHARLES Pirinio Atlantikoetako prefeta 2022tik estatuak onartua duen Tokiko Alokairu Pribatuen Behatokiak eman datuetan oinarritzen da erreferentziazko prezioa. Audap hirigintza agentziak du behatoki hori kudeatzen Ipar Euskal Herrian. Erreferentziazko prezio hori finkatzeko irizpide batzuk bereizi dituzte: tentsio handiko gunean zein eremutan den etxebizitza, apartamentua edo etxea denetz, zenbat gela dituen, altzariz hornitua den edo ez, eta noiz eraikia izan den. «Alokairu prezioak metro koadroko balioan emanak dira, gainerako kargu edo gastuak kontatu gabe», zehaztu du prefetak. Muga gisa ekarriak diren erreferentziako prezioak ez dira behatokiak asmatuak, Charles prefetak aitortu duenez. Besteak beste, etxebizitzen negozioko profesionalekin mintzatuz ikusi dira: «Ez dira hautu arbitrarioak edo teknokratikoak. Etxebizitzaren egiazko merkatuaren araberako prezioak dira». Alokairu mugatze hori indarrean jarriko da azaroaren 25etik goiti eginen diren parke pribatuko alokatze kontratuentzat —hortik goiti berritzen diren alokatze kontratuak barne—. «Alokatzen duenak hori erabiltzen ahalko du proposatua zaion alokatze prezioa neurriaren araberakoa denetz segur izateko», erran du Charlesek. Sekula jabearekin ez bada ados jartzen, departamendu mailako bitartekaritza batzordearengana jotzen ahalko du. «Horrek ararteko lana eginen du alokairu ona adosteko bi parteen artean». Arartekoaren bitartekaritza aski ez balitz, alokatzen duenak Euskal Hirigune Elkargoko Etxebizitzen Zuzendaritzara jo lezake. Hark, arazoa aztertu ondoren, prefetari galdegin diezaioke zigor administratibo bat agintzea. «Jabe bat behartu dezaket behar den alokairua jartzera, eta beharrez, isun bat jar diezaioket», adierazi du prefetak. Isuna 5.000 eurorainokoa izan daiteke jabe batentzat edo 15.000 eurokoa pertsona moral batentzat. Jabearekin ezin akomeatuz ibiliko den alokatzaileak auzitara ere jo dezake. Ohargarri da gutik baizik ez dutela egiten neurria indarrean den hirietan, alta epai aurrekariak sor ditzakeelarik jabeak behartzeko. Alokatzen duenak hiru hilabeteko epean egin behar ditu helegite urrats horiek guztiak jabeari prezio muga betearazi nahi badio. Alokatzaileen bizkar Jabeek neurria errespetatzeko zaintza lan hori alokatzaile bakoitzaren gain izanen da, nagusiki. Estatuko zerbitzuek eta Euskal Elkargokoek neurria indarrean dela jakinarazteko eginahala egin nahi dute, hilabete batez. Elkargoak hiru agente baditu bizitegi turistikoentzat 2023tik daukan konpentsazio neurria jabeek betetzen dutenetz zaintzeko, baina ez da argi alokairuen mugatze neurriarekin gauza bera eginen duen. Gehiago dena, legeak jabeei bidea uzten die alokairua erreferentziazko mugatik gora jartzeko «prezio gehigarriak» erabiliz. Etxebizitzak lituzkeen ezaugarri berezi batzuk direla kausa emenda dezake prezioa jabeak. Prefetak baieztatu du hori: «Jabe batek erran dezake terraza oso ederra duelako, edo nik dakita zer, emendatzea justifikatua dela. Legeak hori ahalbidetzen dio, bai». Baldintza da alokatze kontratuan zehaztua izatea, eta epaile batek azter dezake justifikatua denetz. Mugatze esperimentazioa 2026ko abendura arte eginen da. Orduan, Frantziako Etxebizitzen Ministerioak erabakiko du neurriarekin segitu edo ez, prefetak dioenez, «beharbada, legean modu iraunkorragoan sartzeko». Orain arte neurria indarrean duten hiri handietan «alokairuak emekiago emendatzen» direla ohartu direla adierazi du prefetak. «Tentsiopeko eremua hedatuz doa; prezioen emendatze auzia Kanbo eta Hazparneraino ari da joaten» JEAN RENE ETXEGARAI Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria Ipar Euskal Herrian tentsio handikotzat hartuak diren 24 herrietan baizik ez da beteko mugatzea; alta, Etxegaraik berak aitortu du «tentsio handiko eremua hedatuz» doala; prezioen emendatzearen «auzia Kanbo eta Hazparneraino ari da joaten». Euskal Elkargoaren Internet atarian nornahik simulazioa egiten ahal du alokatzen duen etxebizitzari jarria zaion muga ezagutzeko. Parke pribatuko alokairu prezioek gora segitu dute 2023an Ipar Euskal Herriko parke pribatuko alokairuko etxebizitzen prezioek gora jarraitzen dute. Bizitegiaren ezaugarrien eta, bereziki, dagoen gunearen arabera, prezioak emendatu dira batez beste iazkoekin konparatuz, nahiz oro har emendatzearen gelditze bat nabaritzen den. iFrameResize({ log: true },’#alokairuakIEH’); Tokiko Alokairu Pribatuen Behatokiak bere urteko txostena plazaratu du gaur, alokairuen mugatzeko esperimentazio neurria izenpetzeko prefetak eta Euskal Elkargo buruak egin agerraldiaren karietara. 103 herri hartzen ditu kontuan datu bilketak; Ipar Euskal Herrian, hauek: kasik Lapurdi guztia; Nafarroa Beherean, Donapaleuko eta Donibane Garaziko inguruak; eta Zuberoan, Maule-Lextarre-Sohüta inguruak eta Hego Landak. Prezio heinen araberako lau eremu seinalatzen ditu: karioenak Baionako hirigunean eta Donibane Lohizunekoan dira; doi bat merkeago Urruña, Ziburu, Azkaine, Basusarri bezalako herriak; doi bat merkeago Senpere, Uztaritze eta Kanbo bezalakoak; eta azkenik, gainerako Lapurdi barnealdea, eta Nafarroa Behereko eta Zuberoako aipatutakoak. Prezioek gora jarraitzen dute. Datu «adierazgarriak» direla erran du aurkezpenean Euskal Elkargoko eta beraz Audap hirigintza agentziako lehendakari Jean Rene Etxegaraik; eta «batzuk, kezkagarriak». Emendatzea irudikatzeko, asko zabaldua den pisu neurriari lotu batez besteko datua eman du. Iaz, Ipar Euskal Herrian 67 metro karratuko apartamentu (T3) bateko batez besteko alokairua 691 eurokoa izan da. Aitzineko urtearekin alderatuta, 24 euroko emendatzea kalkulatu du behatokiak. Metro koadroaren batez bestekoa 10,1 eurotik 10,4 eurora iragan da, urte bakarrean. «Prezio horrek Frantziako hirigune handi edo metropoli batzuen heinean jartzen gaitu», erran du umorez Etxegaraik. Emendatze horiek biztanle gehien metatzen diren eta tira gehien duten hirietan gertatzen dira. Naoned baino karioago Urtero bezala, Frantziako beste hirigune batzuekin alderatu du behatokiak Baionako hirigunea. T1 apartamentuetan, Baionako hirigunea Naoned (Bretainia) edo Grenoble (Isere departamendua) baino garestiago da. T2 izarikoetan, Tolosa (Okzitana), Roazhon (Bretainia) eta Estrasburgo (Alsazia) baino karioago. T3 neurrikoetan ere halatsu. Beste zenbait datu azpimarratu ditu Elkargoko buruak: Ipar Euskal Herriko biztanleen %28 bizi dira parke pribatuko etxe horietan. Etxebizitza horien %30 2005etik hona eraikiak izan dira.
La Pau enpresak Araban eta Bizkaian eskaintzen duen osasun garraio zerbitzua lizitatuko du Eusko Jaurlaritzak. Gaur egun programatutako eta larrialdietako anbulantzien zerbitzuan Bizkaian eta Araban dauden arazoak azaroaren 30erako konponduta izatea espero du Osasun Sailak.
Gaur, urriaren 21ean albiste izango dira: EITB Dataren arabera, Hego Euskal Herriko BPGaren laurden bat sortzen du industriak, Israelek Gazaren aurkako erasoaldia gogortu du asteburuan, eta migratzaileak Albaniako atxikitze zentroetara eramatea ahalbidetuko dion lege dekretua onartuko du Italiak.
Giro ederrean ospatu dute Zangozan (Nafarroa) Nafarroa Oinezen egun handia. Antolatzaileek egin duten balorazioan, nabarmendu dute azken egunetan izandako euriteek lanak zaildu dizkietela, baina azkenean egoera onean zeudela aparkalekuak, eremuak eta zirkuitua, eta gorabeherarik gabea izan dela jaia. «Giro bikaina izan dugu arlo guztietan», adierazi dute. Goizean, irekiera ekitaldiarekin eman diote hasiera festari. Nagore Oria Zangozako Ikastolako zuzendaria eta Carlos Arzelus Ikastolako lehendakaria izan dira argi zuziak piztearen arduradunak. Lau piztu dituzte, Nafarroa Oinezen aurtengo helburu bakoitzeko bat: kalitatezko hezkuntza euskalduna, auzolana, jasangarritasun energetikoa eta baliabideak. Nafarroa Oinezen hasiera ekitaldia. IÑIGO URIZ / FOKU Arzelusek hitza hartu du jarraian, eta helburu horietako bi izan ditu hizpide, «ikastolen izaeran garrantzitsu bilakatu diren bi»: auzolana eta jasangarritasun energetikoa. «Auzolana gure balioen isla da. Eskuak, bihotzak eta borondateak elkarbanatutako helburu baten alde batzea da: euskara loratuko den eta belaunaldi berriak beren hizkuntza, kultura eta tradizioetan errotuta haziko diren etorkizuna bermatzea da», esan du. [articles:2132215] Ana Ollok ere hitz egin du, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak. Nafarroa Oinezen aurtengo aldia landa eremu batean egin izana txalotu du, duela 7 urtetatik eremu ez-euskaldunean dagoen toki batean. «Ezin dugu ahaztu ikastolek funtsezko rola izan dutela lurraldea euskararen bidez egituratzeko, hizkuntza hezkuntza proiektuaren ardatzean jarriz. Iraganean, euskaraz ikastea ezinezkoa zenean, Nafarroako herri askotan, hor egon ziren ikastolak», esan du. Omenaldia eta lekukoa Lekuko aldaketa ekitaldian, berriz, Zangozako Ikastola sortu zuten lagunak omendu dituzte, batzarra osatu zuten gizonak eta etxea eta seme-alabak zaintzen geratu ziren emakumeak. Horren ostean, Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak datorren urtean Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastolari pasa dio lekukoa, Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolari. Iñaki Erroz zuzendariak eta Maider Nuin lehendakariak hartu dute. Hiru gune Gaurko, 3,5 kilometroko ibilbidean hiru gune atondu dituzte antolatzaileek: dantzak eta musika izan dituen Piztu gunea; tailerrak eta kontzertuak jaso dituen Mintzatu gunea; eta ikuskizunak eta kontzertu gehiago eskaini dituen Gozatu gunea. Gazte batzuk, gaur, Zangozan. IÑIGO URIZ / FOKU Egitaraua oparoa izan da, eta adin guztietarako ekintzak izan ditu. Kontzertuei dagokienean, oholtzara igo dira, besteak beste, Ibil Bedi, Anari, Leihotikan eta Kaleko Urdangak. Egun guztian ibilbidean zehar ibili dira, gainera, gaiteroak, txarangak, ttunttuneroak eta abar. Ikastolen jaietan ohiko bilakatu den moduan, Erronka probak ere izan du protagonismoa. Zangozako Ikastolak eskerrak eman dizkie bertaratu diren guztiei. «Eguraldia lagun, iragarpena bete egin da eta jaiaz gozatzen lagundu digute egun eguzkitsuak eta tenperatura altuek».
«Sionismoaren konplize, Palestina askatu!». Hori diote bart gauean EAJren eta PSE-EEren zenbait egoitzetan agertu diren pintaketek eta eskuorriek. Bi alderdiei egotzi diete Israelen konplize izatea, eta Palestinaren alde mobilizatzeko egin duten deia «hipokrisia» dela salatu dute. Salaketak Gernika-Palestina plataformak bihar herri guztietan egingo dituen elkarretaratzeen bezperan agertu dira. Haiekin bat egin dute EAJk zein PSE-EEk. «Palestinarekiko elkartasunarekin batera, ezinbestekoa da Israelekin eta sionismoarekin konplizitateak dituzten alderdi politikoak seinalatzea. Horienganako presioa handitzeko garaia da. Ez diezaiegun aurpegia garbitu!», diote eskuorriek. EAJren egoitza bat, gaur goizean. BERRIA Salatzaileek azaldu dute zergatik aurpegiratzen dieten hori. Eusko Jaurlaritzari, zehazki, leporatu diote Israelekin harreman diplomatikoak izatea; «okupatutako lurraldeak lotzeko trenak egiten ari den» CAF enpresako akziodun izatea; eta Ertzaintza Israelen trebatzea eta zaintzarako teknologia hango enpresei erostea. Zerrendatu dituzte Ertzaintzak Israelgo institutu, unibertsitate eta segurtasun enpresekin dituen harremanak. Bizkaiko Foru Aldundiak Shin Bet inteligentzia zerbitzuekin hitzarmen bat sinatu izana ere gaitzetsi dute. Harremanak eten PSE-EEri dagokionez, gogoratu dituzte Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aurtengo maiatzean esandakoak: «Israel herrialde laguna da, eta ahalik eta harreman onena izan nahi dugu harekin». Besteak beste, arbuiatu dute Madrilek iaz Israeletik suziriak inportatzeko sinatu zuen 285 milioi euroko akordioa, eta gogorarazi dute Espainia dela EB Europako Batasunetik Israelera gehien esportatzen duen herrialdeetako bat. «2023ko azaroan, Israelek EBtik inportatu zuenaren %57 Espainiatik izan zen», gehitu dute. Horregatik guztiagatik, EAJri zein PSE-EEri eskatu diete Israelekin dituzten harreman guztiak eteteko.