Gipuzkoako Aldundiak Uber gisako zerbitzuei atea irekitzea aztertuko du Donostiako taxi faltak jarraitzen badu. Donostialdeko taxi gidariei Donostian lan egitea ahalbidetuko dien araudia epe laburrean sartuko dela indarrean aurreratu du Foru Aldundiko bozeramaileak.
Talde memorialistek proposamen bateratu bat plazaratu dute «talde parapolizialek eta Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Herrian egindako giza eskubideen urraketa larriei buruzko memoria leku» bihurtzeko Donostiako La Cumbre jauregia. Proiektu horren bultzatzaile dira Egiari Zor, Aranzadi, Argituz, Mikel Zabalza herri ekinaldia, Berridatzi elkartea eta Josean Lasa eta Joxi Zabalaren senideak. «Ikerketarako eta biktimen aitortzarako eta erreparaziorako gunea izango litzateke; baina, batez ere, dibulgaziorako gunea», jaso dute proiektuaren txostenean. Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legeak jasotzen du Espainiako Gobernuak Donostiako Udalari emango diola La Cumbre jauregia, eta talde memorialistek bertan «ahalik eta proiekturik inklusiboena» egiteko proposamena ezagutarazi dute gaur iluntzean, xehetasun handiz landua. Estatu indarkeriaren biktimen tipologiarako proiektua da, azaldu du Pilar Garaialde Memoria Osoa elkarteko kideak. «Ekarpen bat» egin diete, modu horretan, «behin betiko proiektua diseinatzeko ardura duten erakundeei», erantsi duenez; hau da, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari. Haiek ezagutzen dute jada proiektua, 2023ko maiatzean aurkeztu baitzieten. «Estatuaren biktimok gure etxea behar dugu, leku goxo bat non errespetatuak izango garen, bizilagunekin ditugun harreman onei eutsiz, beste biktimak bai baitaude» AXUN LASA Estatu terrorismoaren biktima Proposamen horren «funtsezko oinarria» zera da: «Lasa eta Zabalaren bahiketak, torturak eta hilketak izandako eragin sozial eta politikoa» Espainiako Estatuak erabilitako motibazio politikoko indarkeriaren «paradigma gisa». Joxean Lasaren arreba Axun Lasak adierazi du baduela «esperantza» erakundeek aintzat hartuko dutela proiektua. «Estatuaren biktimok gure etxea behar dugu, leku goxo bat non errespetatuak izango garen, bizilagunekin ditugun harreman onei eutsiz, beste biktimak bai baitaude». Publikoaren artean egon da, adibidez, ETAren biktima Maixabel Lasa. Erantsi du «zeinen goxo» hartu zituen Donostiako alkate Eneko Goiak ere proiektua azaldu ziotenean. Joxi Zabalaren lehengusu Igone Azpirozek, berriz, eskatu du «proiektua bere horretan» onartzeko erakundeek, Donostiako jauregi hori «beste zerbait bilakatu gabe». Axun Lasa eta Maixabel Lasa elkar besarkatzen, gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jada igorri dio Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari eraikin hori memoria demokratikorako gune bihurtzeko beren proposamenaren zirriborroa. Hartan, besteak beste, Lasa eta Zabala auzia gogoratzeko espazio bat sortzea jaso dute. La Cumbre jauregia 1944an eskuratu zuen Espainiak, frankismo betean, eta, 1983an, Barne Ministerioari eman zioten. Eskualdaketa egin eta lau hilabetera, Guardia Zibilak eraikin horretako sotoan bahiturik eduki zituen Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabala, eta bertan torturatu zituzten. Enrique Rodriguez Galindo komandantearen agindupean aritu ziren, Julen Elgorriaga gobernadore zibilaren onespenarekin, Espainiako justiziak ebatzi zuenez. Ondoren, biktimak Alacantera (Herrialde Katalanak) eraman zituzten, eta han hil zituzten, tirokatuz. Hilotzak 1985eko urtarrilaren 20an aurkitu zituzten, Busot udalerriaren (Alacant) inguruko hobi batean, baina 1995eko martxora arte ez zituzten identifikatu. La Cumbreren nondik norakoak esplikatu ditu bideo konferentziaz Jose Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko epaile ohiak. Kontzientzia sortu La Cumbrerako proposatutako proiektuaren ibilbidearen helburu nagusia «memoriarako, aitortzarako, emoziorako, bizikidetzarako, hezkuntzarako eta gogoetarako gune bat» sortzea da, Mikel Zabalza herri ekinaldiko kide Joxe Ramon Zapirainek esplikatu duenez. 1960tik 1983ra arteko aldi historikoa hartuko luke, «aurreko eta ondorengo urteei ere erreferentzia eginez». Hortik abiatuta, helburu zehatz batzuk planteatzen dira: esaterako, diktadura frankistan eta trantsizioan «estatuak, estatuko segurtasun indarrek eta talde parapolizialek egindako krimenei buruzko kontzientzia sortzea», memoria historikoaren eta oraintsuko memoriaren bidez, Bertha Gaztelumendi EHUko ikerlari eta zinemagileak helarazi duenez. Txostenak jasotzen du beste xede batzuk direla, besteak beste, aldi historiko horretan «gertatutako giza eskubideen urraketa guztien egia ezagutaraztea»; diktaduren «basakeria eta errepresioa» erakustea; «giza eskubideak eta bakearen kultura bultzatzea belaunaldi berrien artean, gorroto delituak prebenitzeko; eta bisitaria interpelatzea, indarkeriaren aurrean gogoeta eta jarrera aldaketa sustatzeko». Horiek horrela, proiektuaren egileek haren edukiak zehaztu dituzte; esaterako, erakusketa iraunkorrak osatzeko proposamenak. Lehena frankismoaren eta trantsizioaren memoriari buruzkoa litzateke; Gaztelumendik azaldu du Europako Kontseiluak adierazi zuela Espainiako Estatuan «sistematikoki gertatu zirela desagertze behartuak, exekuzio estrajudizialak, atxiloketa arbitrarioak, kontzentrazio esparruetako politikak, lan behartuak, torturak, bortxaketak eta jaioberrien bahiketa masiboa». Hori guztia islatzeko litzateke erakusketa iraunkor nagusia, eta eduki tematikoen artean leudeke, besteak beste, fusilamenduak, desagertuak, talde parapolizialek —tartean GAL, BVE eta Triple A— eta estatuak eragindako heriotzak, tortura, bahiketak eta haurren lapurreta. Gainera, beste erakusketa iraunkor bat ere proposatzen du proiektuak: «Giza eskubideekiko konpromisoaren eta aniztasunarekiko errespetuaren garrantziari buruzkoa». Horrez gain, aldi baterako erakusketak egiteko erabiliko litzateke etxearen beste areto bat, giza eskubideekin lotutako gai espezifikoak lantzeko. Era berean, dibulgazio eta pedagogia zerbitzuak ere aintzat hartzen dituzte memoria gunerako, baita biktimentzako arta psikosoziala ere. Biktimen «etxea» Talde memorialistek uste dute «La Cumbreren esanahia sakonki aldatzeko prozesua» ezin dela mugatu jauregiaren eraikinera, eta inguruko eremua ere «eraldatu» egin behar dela. Proiektuaren txosten zabalak dio aintzat hartu behar dela «zer imajinario kolektibo» dagoen La Cumbreri buruz. «Gotorleku irisgaitza, bunkerizatua, harresiz, alanbre hesiz eta kameraz inguratua… Irudi hori eraldatu egin behar da». Axun Lasak «erabateko buelta» emateko beharraz hitz egin du, leku hori «estatuaren biktimon etxe bihurtu dadin», gaur egun «amesgaiztoa» baita, Azpirozek garbi asko plazaratu duenez.
Aurten ez da zerga erreformarik izango azkenean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek iragarri dute fiskalitateari lotutako aldaketak ez direla urte amaierarako helduko, proposamenak aurkezteko konpromisoari eusten badiote ere. 2020. urtetik dago zintzilik erreforma, baina COVID-19aren pandemiak, inflazio handiak eta hauteskunde zikloak bost urtez luzatu dute prozesua. Edonola ere, erreforma baino gehiago, zerga sistemaren «moldaketa» bat izango dela iradoki dute erakundeek, oraingo sistemak oro har funtzionatzen duela argudiatu baitute. Horren seinale, 2025ean aurten baino 1.400 milioi gehiago lortzea espero dutela. Hasteko, datuak. Zerga bilketa uste baino apalagoa izango dela onartu dute Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek. Gaur bildu den Finantzen Euskal Kontseiluan, kalkulatu dute 18.301 milioi euro bilduko dituztela ogasunek urte amaieran, aurreikusi baino ia 700 milioi gutxiago (-%3,7). Ia zortzi urtez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek aise gainditu dituzte bilketaren iragarpen zuhurrak —2020an salbu, COVID-19a dela eta—, baina 2016az geroztik lehen aldiz, iragarritakoaren azpitik geratuko da bilketa. iFrameResize({ log: true },’#zergaBilduUrria’); 1967. urtea baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei dirua itzuli beharrak egin du ustekabeko zuloa ogasunen kutxan: ia 800 milioi eurokoa izan baita denera. Handiegi utzi du horrek iazko urrian egindako 19.000 milioi euroko bilketaren iragarpena. Edonola ere, agintariek adierazi dute horrek ez duela murrizketarik ekarriko, azken urteetan pilatutako soberakinekin eta datorren urtean zergen bidez jasoko den diru gehigarriarekin zuloa estaltzeko gai izango direlako. Esaterako, Arabako Aldundiak azpimarratu du udalek ez dutela dirua itzuli beharko. Gipuzkoak eta Bizkaiak, berriz, ez dute argitu nola konpentsatuko duten bilketaren jaitsiera, baina nabarmendu dute erakundeen finantzaketa «arrisku partekatuan» oinarritzen dela, eta, beraz, erakunde guztiei eragingo diela iragarpena bete ez izanak. Bat egin du mezu horrekin Esther Apraiz Eudeleko presidenteak ere, baina ohartarazi du udalek «erronka handiak» dituztela, eta horiei aurre egiteko baliabideak bermatzeko eskatu du. «Foru aldundiek kaudimena erakutsi dute, gai izan baitira beren kontuak eguneratzeko pentsiodun horiei dirua itzuli behar izan badiete ere», nabarmendu du Noel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak bere estreinako agerraldian. Mehatxuak mehatxu, ogasunen oparotasun aroa ez baita amaitu. Izan ere, mutualistei dirua itzulita ere zerga bilketak beste marka bat ezarriko du beste urte batez. Ondo bidean, aurten iaz baino 100 milioi euro gehiago bilduko direla aurreratu dute (+%0,5), enpleguak txukun eutsi diolako ekonomiaren motelaldiari eta enpresek 2022an izan zituzten emaitzak hobetu egin zituztelako iaz. Horrela, errenta zerga %2,4 jaitsiko dela kalkulatu dute, eta sozietate zerga, berriz, %7,6 handituko dela. BEZaren bidez bildutakoa ia parekoa izango da (-%0,2), eta zerga berezien bidez jasotakoa, ostera, %7,6 handiagoa. Diru gehiago Mutualisten ordainketen pisua gainetik kenduta, zerga bilketa are gehiago handitzea espero dute datorren urtean ere. Zehazki, BGP barne produktu gordinaren %4,3ko hazkundeari lotuta igoko da bilketa ere. Modu homogeneoan, gainera: %7,7 handituko baita Araban eta Bizkaian, eta %7,9 Gipuzkoan. Dirutan, 19.717,6 milioi euro dira guztira, aurten baino 1.417 milioi euro gehiago. Inoiz baino diru gehiago da hori. Bilketaren suspertzea errenta zergaren bitartez izango da, hain justu ere, aurten baino 731 milioi gehiago biltzea espero baita. Kontsumoak ere gora egitea aurreikusten da, eta BEZ zergaren bitartez 547 milioi euro gehiago bilduko direla kalkulatu dute. Jaurlaritzarentzat izango dira bildutako hamar eurotik zazpi: 13.200 milioi euro. Bizkaiak jarriko du erdia baino zertxobait gehiago: 6.649 milioi (%50,37); Gipuzkoak, 4.434 milioi (%33,59), eta Arabak, 2.117 milioi (%16,04). Kutxa partekatu horretan jarri beharreko kopurua baino gutxiago bilduko dutenez, Egokitzapeneko Funtsetik ehun milioi jasoko ditu Arabak, eta 77 milioi Gipuzkoak. Horiek horrela, erakunde guztiek baliabide nahikoa izango dute 2025eko aurrekontuak ontzeko. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurreko astean iragarri zuen inoizko aurrekonturik handienak izango direla. Gobernuak hilaren 29ko gobernu bileran onartuko du bere proposamena, Eusko Legebiltzarrean gehiengo jeltzaleen eta sozialisten gehiengo osoarekin onartu aurretik. Zailtasunak Legebiltzarrean bezala, Bizkaiko Batzar Nagusietan ere gehiengoa dute EAJk eta PSEk; ez, ordea, Araban eta Gipuzkoan. Hirugarren baten babesa behar dute aurrekontuak onartzeko, eta, beraz, baita zerga erreforma onartzeko ere. Araban datorren astean hasiko dituzte aurrekontuen inguruko negoziazioak, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ez du baztertu biak batera egitea. Mendozak adierazi du bere gobernuak akordioetarako borondatea baduela, eta proposamen guztiak entzuteko prest dagoela. Ez du zailtasuna ezkutatu, halere. Negoziazioak «modu diskretuan» egingo dituztela adierazi du, beste gai batzuk ere mahai gainean dituztelako. Hiru aldundiek nabarmendu dute, dena den, zerga erreformaren proposamenak urte amaieran aurkeztuko badituzte ere haien eragina 2026ko bilketan nabarituko dela, testuek datorren urtearen hasieran jasoko baitute batzar nagusien onespena.
Behin eta berriz gauza bera errepikatu dute defentsako abokatuek: informazio zerbitzuen oharrek ez dute balio froga elementu gisa. Euskal mugimendu militanteko bost gazte epaitu dituzte Baionako Auzitegian, zenbait andeatze eta bortizkeria ekintza leporatuta. Prozedura akatsak agerian ezarri dituzte abokatuek, eta hainbat elementu baliogabetzeko eskatu dute. Froga elementuen ahultasuna azpimarratuta, puntuz puntu eraitsi dute gazteen kontrako akusazioa, eta errugabe jotzeko eskatu diote epaileari. Urtarrilaren 14an emanen du erabakia epaitegiak. Martxoan atxilotu zituzten bost gazteak —beste bat ere atxilotu zuten, seigarrena, baina kargurik gabe libre gelditu zen—. Hiru egitatek osatzen zuten akusazioa. Lehena 2022ko uztailaren 14an Donibane Lohizunen (Lapurdi) izandako manifestazioa. U-14 kolektiboak manifestazioa antolatu zuen, eta burua estalia zuten zenbait pertsonak pinturaz betetako arrautzak bota zituzten zenbait higiezin agentziaren kontra. Bigarrena 2023ko martxoaren 23an erretreten erreformaren kontra Baionan egin zen manifestazioari dagokio. Gertatu ziren istiluetan parte hartu eta segurtasun agente bat baino gehiago zauritzea leporatzen diete. Hirugarrena, 2023ko uztailaren 12an Hendaiako tren turistikoaren kontra margoketa bat egin, eta gidaria lurrera erorarazi eta zauritu izana da —auzipetuetako bat akusazio horretatik kanpo utzi dute—. Prozeduran agertzen diren elementu gehienak Frantziako Krimen Antolatuaren Gaineko Informazio, Inteligentzia eta Analisi Estrategikoko Zerbitzuaren (Sirasco) oharretan oinarritzen direla azpimarratu du Ilazki Ortego defentsa abokatuak. Frantziako Konstituzio Kontseiluaren jurisprudentzia batean oinarrituta defendatu du ohar horiek ezin direla polizia guzientzat eskuragarri izan, eta ez dela legezkoa horiek dosierra osatzeko erabili izana. Erabiltzekotan, Frantziako Estatu Kontseiluari galdea egin beharko lioketela argudiatu du. Hendaiako gaztetxearen inguruan Sirascok egindako zainketak dira nagusiki. Horrez gain, Ortegok adierazi du ohar horiek ez direla oso-osorik ageri. «Ez digu eztabaida kontrajarri bat izateko aukerarik ematen». Azkenik, atxiloketa egin eta etxea miatzeko fiskaltzaren agindua falta zela ere salatu du; ez da prozeduran ageri. «Nola dakigu egon zela, eta ez zela Poliziaren eskariz egin?». Horiek guziengatik, Poliziaren aktak baliogabetzeko eskatu dio epaileari. Epaiarekin batera emanen du erabakia epaimahaiak. Akatsak eta irudimena Ortegorekin batera, Yolanda Molina eta Basile Bodard abokatuak aritu dira defentsa lanetan. Bakoitzak egitate bat hartu du, eta goitik behera eraitsi dute prozedura osoa. Baionako manifestazioaz Bodard aritu da. Dosierraren arabera, bost auzipetuak identifikatu zituzten manifestazio hasieran. Horrekin, burua estalita istiluetan parte hartu zuen taldearekin lotzen dituzte. Olivier Calia Baionako komisarioaren lekukotasuna dago hor, besteak beste. Uztailaren 14ko segurtasun dispositiboaren ardura izan zuen, eta auzipetuak «formalki» ezagutu zituela dio. Alta, auzipetuetako bat kazetaria zen garai hartan, eta egun hartan bulegoan zegoela frogatzeko ziurtagiria aurkeztu du. Beste auzipetu bat ikastaldi batean zegoela frogatua dago. Horrek besteen identifikazioa ere zalantzan jartzen duela erran du Bodardek. Halaber, ez dago inolako elementurik burua estalia zutenen taldean parte hartu zutela frogatzeko. Hendaiako tren turistikoaren kasua ere deigarria da. Prozeduraren arabera, Frederic Tranche zauritu zuten margoketa egin zutenek. Baina Tranche ez da trenaren gidaria; Hendaiako Herriko Etxeko auzapezordea baizik. «Ez du inolako bortizkeriarik jasan. Akusazioaren kalifikazioa aldatzeko ere eskatu du, kalte arinak eragin dituen margoketa gisa kontuan hartzeko. «Hendaiako Herriko Etxeak berak erran zuen kalte arina zela; egunean berean ezabatu zuten margoketa». Prozeduran ez dituzte Hendaiako segurtasun kameren irudiak erantsi; Sirascoren oharrean oinarritzen dira. «Ez da froga gisa erabiltzen ahal». Donibane Lohizuneko manifestazioaren ondoren, hainbat arropa eta poltsa aurkitu zituen Frantziako Poliziak, eta horietan auzipetuetako batzuen aztarnak identifikatu zituzten. Hor ere, egitateen kalifikazioa zalantzan jarri du Ortegok: ez zituzten higiezinen berinak hautsi, pinturaz betetako arrautzak bota zituzten; kalte arin modura kontuan hartzeko eskatu du. Aurkitutako aztarnak egitateekin lotu izana ere zalantzan jarri du. «Funtsean ez dugu inolako elementurik jakiteko nork zer egin duen; prozeduran ez da zehaztua bakoitzari zer egozten zaion. Ezin dugu erran auzipetu guziek agentzia guzietara arrautzak bota zituztenik». Sirascoren oharretan oinarritzen dira prozeduran hainbat ondorio ateratzeko. Hori salatu du Ortegok. «Ohar batean diote manifestazioaren bezperan auzipetuetako bat Hendaiako Gaztetxetik atera zela zakar poltsa bat eskuan. Beste egun batean, arrautza pakete batekin gaztetxera sartzen ikusten dira. Hortik irudikatzen dituzte hainbat gauza; baina frogak ezin dira irudimenean oinarritu». Prokuradorea kasik argudio gabe Baionako Fiskaltzako prokuradoreak ez du kasik argudiorik aurkeztu auzipetuen erruduntasuna frogatzeko, eta «ausardiarik gabe» jokatzea leporatu die, isilik egotea erabaki dutelako. «Jarrera iraingarria» izatea leporatu diote abokatuek. Hondarrean, hamabost hilabeteko zigorra eskatu du hiru auzipeturentzat —horietarik bederatzi gibelapenarekin—, batentzat hamabi hilabetekoa —zortzi gibelapenarekin—, eta bosgarrenarentzat hamar hilabeteko gibelapenezko zigorra.
Zerga erreforma ez da 2025era arte onartuko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek azaldu dutenez, edozein kasutan, atzeraeraginezko efektua izango du; beraz, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera kontuan izango da.
Beste koska bat areagotu da NBE Nazio Batuen Erakundeko Idazkari nagusi Antonio Guterresen eta Israelgo agintarien arteko tentsioa; oraingoan, azken egunetan Israelgo armadak Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoen egoitza nagusiaren aurka egindako erasoen harira. Nazioartea eskatzen ari zaio Tel Avivi kasko urdinen —horrela deitzen zaie NBEren misioetako soldaduei— aurka ez egiteko, baina hango agintariek jarraitzen dute ekintza horiek justifikatzen. Israelgo Energia ministro Eli Cohen eta lehen ministro Benjamin Netanyahu izan dira hori egiten azkenak: aurrenak esan du Unifilek ez duela «ezertarako balio»; bigarrenak, Hezbollahk «giza ezkutu» gisa erabiltzen duela. Cohenek uste du NBE israeldarrei laguntzeko gauza ez bada ez lukeela gatazkan esku hartu beharko, eta borroka eremuetatik atera beharko lituzkeela bere tropak; hori idatzi du gaur X sare sozialean. Antzera iritzi dio Netanyahuk. Atzo zabaldutako bideo batean, Guterresi mintzatu zitzaion, eta esan zion «irtenbiderik egokiena» Unifileko tropak herrialdetik ateratzea litzatekeela. Guterresek berehala erantzun zion Israelgo lehen ministroaren eskaerari, komunikatu baten bidez, eta zehaztu zion Unifilek Libanon jarraituko duela. Are, gogorarazi zion NBEko Segurtasun Kontseiluari dagokiola tropak Libanotik ateratzeko erabakia hartzea, eta ez soilik berari. Argudio horixe bera erabili du Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak Guterresen alde egiteko. EBko Atzerri Ministroak Luxenburgon bildu dira gaur, eta, hara iritsi berritan egindako adierazpenetan, Borrellek eskatu dio Tel Avivi utzi diezaiola Guterres kasko urdinei eraso egiteko «aitzakia gisa» erabiltzeari. «Gogorarazi nahi diot mundu guztiari ez dela NBEko Idazkari nagusia misio horren gainean agintzen duena; NBEko Segurtasun Kontseiluari dagokio horri buruzko erabakiak hartzea», gehitu du. Unifil 1978. urtean sortu zuten, eta nazioarteko 10.000 soldaduk osatzen dute. Hiru dira misioak Libanorako zehaztutako helburuak: Israelen eta milizia xiitaren arteko borrokak gainbegiratzea, zibilek laguntza humanitarioa jasotzen dutela bermatzea, eta 2006ko Israelen eta Libanoren arteko gerraren ondorioz desplazatutakoak etxera itzultzeko baldintza egokiak sustatzea. Guterresen eta Borrellen argudioek ez dute Netanyahuren jarrera aldarazi, eta gaur iluntzean berriro adierazi du NBEren soldaduen segurtasuna bermatzeko modu bakarra dela «Israelen eskaerei jaramon egitea, eta arrisku guneetatik behin-behinean joan daitezela». Iragan urriaren 7az geroztik, apurka-apurka gaiztotu egin da Israelgo agintarien eta Guterresen arteko harremana. Hil horretan bertan, NBEko ordezkariei bisa emateari uko egin zion Israelek, eta Guterresen dimisioa eskatu zuten hainbat ministrok, argudiatuta Hamas justifikatzen zuela, Israelek «palestinar guztiei jarritako blokeo kolektiboa» gaitzesteko idatzi zuen mezu batengatik. Urtebeteren ondoren, hil honen hasieran, beste pauso bat eman du Israelgo Gobernuak: joan den urriaren 2an, Guterres persona non grata izendatzea eta hari herrialdera sartzea galaraztea erabaki zuen, Iranek aurreko egunean Israelen aurka egindako erasoaren inguruan egin zituen adierazpenengatik. Idazkari nagusiak gatazka Ekialde Hurbilera zabaltzearen arriskuaz ohartarazi zuen X sare sozialean, baina ez zuen Iranen erasoari buruzko aipamen zuzenik egin. Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek «terroristei laguntzea» leporatu zion Guterresi, baita «gerraren hasiera-hasieratik Israelen aurkako politika bat» abian jartzea ere. Bada, Katzek atzo berriro hitz egin zuen afera horren inguruan, eta esan zuen orduan hartutako erabakiek ez dutela atzera-bueltarik. Erasoak, etenik gabe Guterresek eta Netanyahuk mezu horiek trukatu zituzten egun berean, atzo, NBEko misioak salatu zuen, komunikatu baten bidez, Israelgo bi tankek behera bota zutela bere egoitza nagusiko —Libano hegoaldean dago— atea, eta hainbat soldadu barrura sartu zirela, 45 minutuz. Horrez gain, jakinarazi zuen zenbait tiro entzun zituztela misioaren egoitza nagusitik ehun metrora, eta segidan kea sartu zela eraikinaren barrura. Misioaren arabera, ke horrek zauri arinak eragin zizkien hamabost soldaduri. Atzo iluntzean, Israelgo armadak baieztatu zuen bere tanke bat «hurbildu» egin zela Unifilen egoitza nagusira, baina, haren arabera, Hezbollahk hainbat soldadu zauritu zituen, 25 misil jaurtita, eta asmoa zen zauritutako soldadu horiei babesleku bat bilatzea. Eraso horren inguruan xehetasun gehiago eman ditu Israelgo armadak gaur goizaldean, Telegramen kaleratutako bideo baten bidez. Horretan salatu du talde xiitak kasko urdinen egoitzatik gertu jaurti zituela misilak, eta miliziaren «dozenaka arma» aurkitu dituztela eremu horretan. Bestalde, talde xiitak Israelgo Haifa hiriko hegoaldeko auzo bati egin dio eraso bart, droneen bidez, eta gutxienez 67 pertsona zauritu ditu, Israelgo larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Bada, herrialde horretako Atzerri Ministerioak esan du, gaur goizaldean kaleratutako ohar baten bidez, Israelgo lau soldadu hil direla eraso horretan. AEBen tropak, Israelen Israelera misilen aurkako defentsa sistema bat bidaltzekoak dira Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Iranen etorkizuneko «eraso posibleen aurrean defendatzeko», AEBetako Segurtasun Departamentuak atzo iluntzean ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Gainera, hainbat tropa ere bidaliko dituzte hara. «Ekintza honek berretsi egiten du AEBek Israelen defentsarekin daukaten konpromisoa» esan zuen Pentagonoko bozeramaile Pat Ryderrek. Iragan urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, AEBek gutxienez 17.900 milioi dolarreko laguntza militarra eman diote Israeli, Brown Unibertsitateko ikerketa baten arabera. Hain justu, iragarpen horren harira, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik leporatu zion Washingtoni «inoizko arma gehien esportatzea» Israeli, baita bere tropen biziak «arriskuan» jartzea ere, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez. Are, bere jendea eta interesak defendatzeari dagokionez, Iranek «marra gorririk» ez daukala ohartarazi zuen: «Azken egunotan esfortzu handi bat egiten ari gara gerra eskualde osora zabaldu ez dadin». Joan den astetik Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetara bidaiatzen ari da Irango Atzerri ministroa, Israel Gazan eta Libanon egiten ari den erasoaldiak hizpide. Libanon eta Saudi Arabian izan zen joan den astean, Iraken izan zen atzo, eta Yemengo matxino huthien buruzagitzarekin bildu da gaur, Omanen. Gazako eremu humanitarioei eta ospitale bati egin die eraso israelek Nazioarteko arreta Libanon jarrita dagoen arren, Israelgo armadak jarraitzen du etengabe Gazako zerrendari eraso egiten. Bart, kasurako, Gaza erdialdeko al-Nuiserat errefuxiatuentzako kanpalekua bonbardatu du, eta gutxienez hogei palestinar hil eta dozenaka zauritu ditu, Gazako Babes Zibilerako Agentziak jakinarazi duenez. Halaber, gaur goizean Gaza erdialdeko Deir al-Balah hiriko al-Aqsa ospitalea bonbardatu du Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Gutxienez lau pertsona hil ditu, eta 40 zauritu. Bestalde, Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, Gaza iparraldeko Jabaliako errefuxiatuentzako kanpalekuari ere eraso egin diote gaur goizaldean. Zehazki, elikagaiak banatzeko zentro bat jo dute, eta gutxienez hamar palestinar hil dituzte, eta 30 zauritu. Gaur iluntzean, Israelgo hegazkinek berriro bonbardatu dute Jabaliako kanpalekua, eta hango eskola bat bete-betean jo dute: bigarren eraso honetan, gutxienez hiru errefuxiatu palestinar hil eta lau zauritu dituzte. Eraso horien artean, gaur hasi da zerrendan polioaren aurkako txertaketa kanpainaren bigarren fasea. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Gaza erdialdean hasiko dute kanpaina, eta gaurtik asteazkenera iraungo du. Libanoko iparraldeari ere eraso dio Israelek, eta gutxienez 21 lagun hil eta zortzi zauritu ditu. Alderdi horretan, herritar gehienak kristauak dira, eta Israelek orain arte bonbardatu gabea zen.
Lau eta erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkan izango da Aitor Elordi. Konpromiso handiko partida zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta ez du huts egin. Hasi eta buka, aparteko erakustaldia eman du, eta aise irabazi dio Javier Zabalari. Sakea izan du armarik onena. 11 tanto egin ditu era horretan, eta sake errematean, beste sei. Jokoan ere fresko eta konfiantza handiz aritu da, garairik onenetako pilotari haren itxura berretsiz. Ordu erdi aski izan du lanak biribiltzeko, eta pozarren zen lehia amaitu berritan. Amorru oihu batekin ospatu du 22. tantoa. «Presio izugarria neukan. Uda zaila igaro dut, enpresaren planetatik kanpo egon bainaiz. Banekien galduz gero etorkizun zaila izango nuela, eta irabazi izana oso garrantzitsua da niretzat», adierazi du. Joan den urtean buruz buruko txapeldun izan geroztik, bere onenean aritu ezinik ibili da Aspeko aurrelaria. Udan apenas izan duen partida garrantzitsurik jokatzeko aukerarik; hain zuzen, Zabalaren beraren alde egin duelako enpresak. Hortaz, galtzeak berekin zekarren arriskua: «Banekien irabazten ez banuen binakako txapelketatik kanpo geratzeko arrisku handia nuela». Ordea, presioak kalte egin beharrean, pauso bat eman du aurrera bizkaitarrak. Ausart jokatu du, erritmo eta abiadura bizian, eta ez dio inolako aukerarik eman Zabalari. «Irabazteaz gain, oso pozik nago emandako itxuragatik. Berriz ere pilotari onenekin lehiatzea saria da niretzat». Zehazki, hiru aurkari handi edukiko ditu final-laurdenetan: Peio Etxeberria, Jon Ander Peña eta Unai Laso. Zalantzarik gabe, lau eta erdian sakea hobekien egiten duen pilotaria da Elordi, eta horixe bera probestu du lanak errazteko. Ez da beldurrez kantxaratu. Azpitik ibiltzen zen pilota bat baliatuta, dotore joan da sakea egitera, lasterka bizian eta kontzentratuta, eta teknikak ez dio huts egin. Lehenbiziko hiru tantoak sakearen bitartez lortu ditu, eta horrek konfiantza hartzeko balio izan dio. Zabala nahi eta ezin aritu da; errestoak frontisean jartzea lortu duenetan ere tantoa amaitzen asmatu egin du Elordik. Hori bai, hutsak ere nahi baino gehiago egin ditu hasieran, eta horrek mantendu du bizirik errioxarra: 4-2 eta 6-3. Denetarik egin du Elordik ordura arte, egin eta galdu. Hots, orduantxe heldu da irabazlearen joko erauntsia. Sakean ez ezik, sake errematean ere fin aritu da, eta denetariko tantoak egin ditu erasoan. Hamar tanto jarraian lortu ditu: 5-3kotik 15-3kora igaro da. Horma-bikoz eta botez tanto ederrak egin ditu, baina batez ere ezker airearekin asmatu du. Goitik behera ezin hobeki bihurritu du pilota, eta laineza hartuta jokatu du. Tarte horretan birritan geratu du neurketa Zabalak, atseden setera joanaz, baina alferrik. Nahi eta ezin ibili da, erabat defentsan. Lasterka egitea besterik ez zaio egokitu, eta pilotakada bakar batean ere ez da agintzera pasatu. Erakustaldi izugarria eman du Elordik. Sakea, horma-bikoz Nola edo hala, tanto bat behar zuen Zabalak heldulekuren bat izateko, eta 15-4koa lortu du, ederki kostata. Elordiri txapa azpira joan zaion pilotakada bat. Saskitik pilota biziago bat atera du errioxarrak, eta, horri esker, hiru tanto jarraian egin ditu. 15-5ekoa izan da berak egindako lehen tantoa, luze jotako pilotakada bati esker. Txaloz erantzun diote jarraitzaileek, eta are txalo gehiago jo dizkiote hurrengo tantoan. Izan ere, sakean horma-bikoa egin eta jendartean sartu du pilota. Oso gutxitan ikus daitekeen tanto horietako bat eskaini du. Hots, Elordi ez da urduri jarri, eta berriz ere sakea hartu duenean lehengo jokoari heldu dio. Ausart jarraitu du, bizi eta burutsu, eta azken tantoak hurrengo partidetarako konfiantza hartzeko baliatu ditu. Aurkezpen egunean akaso ez zen faboritoen zerrendan sartuko, baina Tolosan erakutsi du lau eta erdiko txapela janzteko hautagai sendoetako bat dela. «Presiorik gabe kantxaratuko naiz final-laurdenetan; gozatzea izango dut helburu. Badakit ongi jokatuz gero edonori irabaz diezaiokedala».