San Mamesen jokatzen diren derbietan nagusi izaten jarraitzen du Athleticek. Ernesto Valverderen taldea Reala baino askoz hobeto zelairatu da, lehen ordu erdian ezinean aritu dira txuri-urdinak, eta orduan heldu da Sanceten gola. Bisitariek ezin izan dute markagailua irauli gero. Sailkapen nagusian bost puntuko tartea dago, orain, bien artean. Hamaikakoetan ezusteko gutxi izan da. Athleticen Alvaro Djalo izan da berrikuntza nagusian, eta Realean Brais Mendez aulkian geratu izana ezusteko bakarra. Bi entrenatzaileek zekiten partida garrantzitsua zela, eta jokalariek ere hala erakutsi dute zelaian: intentsitate handia izan du lehiak. Aurreneko minutuetan bere armak erakutsi ditu Athleticek: baloia berreskuratzeko presio bikaina eta joko zuzena. Zelai erdia ez du ia pasa ere egin Realak. Eta saria merezita heldu zaio etxeko taldeari. Nico Williamsek egin du jokaldia hegaletik, kostata, baina eraman du baloia, erdiraketa loratua bidali du bigarren zutoinera, eta han, buruz, Javi Lopezi nagusitu zaio Sancet. Lehen zatiko azken minutuetan hobera egin du Realak, arriskua sortzen hasi da Kubo, baina gola egiteko abagune argirik ez du izan. Aukera gutxi Bigarren zatian bide beretik segi du norgehiagokak. Reala hobeto aritu da, baloiaren jabetza gehiago izan du eta nahi zuen erritmo jarri dio partidari. Gol aukera argia, ordea, bakarra izan du Alguacilen taldeak, Sucicek ezker hegaletik egindako erdiraketa batean. Gutxigatik ez da heldu Zubimendi. Athleticek ere izan du errenta handitzeko parada, baina Sanceten jokaldi zoragarri bat ezin izan du behar bezala amaitu Pradosek. Azken minutura arte egin dute borroka bi taldeek, baina saria, azkenean, etxekoentzat izan da.
Haize ufada izugarriek astindu dute Euskal Herria azken orduetan. Alerta laranja ezarrita dago, eta kalteak izan dira ia herrialde guztietan. Lapurdin, esaterako, haizeak eragindako gertakari baten ondorioz, argindarrik gabe geratu dira hainbat herri, tartean, Donibane Lohizune, Azkaine, Ziburu, Hendaia, Urruña eta Biriatu. Eguerditik aurrera konpondu du arazoa Enedis enpresak. Hegoaldean, berriz, AP-8 errepidea Irungo noranzkoan itxita egon da 8:30etatik 15:00ak arte, Deba parean (Gipuzkoa), zuhaitz bat erori delako. Tren zerbitzua ere sei orduz eten dute Orio eta Usurbil artean. Araban, Herrerako gaina itxita dago zuhaitzak erortzeko arriskuagatik. Zuhaitz bat erorita, Lasarte-Orian. ANDONI CANELLADA / FOKU Kostaldean erregistratu dira haize ufada indartsuenak: 133 kilometroko ordukokoak Zarautzen (Gipuzkoa), eta 124koak Bermeon (Bizkaia). Haizea nabaritu da Lezon (115 km/h), Zizurkilen (104 km/h), Urduñan (102 km/h), Asparrenan (96 km/h) eta Donostian (92 km/h) ere. Zenbait tokitan gertatu dira ezbeharrak. Andoainen (Gipuzkoa) N-1 errepideko errei bat itxi dute beste zuhaitz bat erori delako, baina irekita dago jada. Herri horretan bertan, haizeak frontoiaren teilatua bota du. Zorionez, ez da zauritutik izan. Elizondon (Nafarroa) ere zuhaitz handi bat erori da haurrentzako parke batean. Cristina Enea parkea haizeagatik itxita, gaur, Donostian. JUAN HERRERO / EFE Segurtasun Sailak 354 intzidentzia baino gehiagoren berri eman du, gehienak Gipuzkoan, 250. Nafarroan 45 gutxienez izan dira. Eguraldiak eragina izan du aireportuetan ere, eta zenbait hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte Loiun eta Hondarribian. Bilboko suhiltzaileek ere, besteak beste, 30 irtenaldi baino gehiago egin dituzte azken orduetan haizeagatik. Nafarroan ufada indartsuenak iparraldean eta Pirineo inguruan izan dira, 100 kilometro orduko artekoak. Haizeak, printzipioz, indartsu jarraituko du bihar arte. Hegoaldekoa izaki, baso suteak izateko arrriskua ere handia dela jakinarazi du Euskalmetek.
Abel Barriolak iragarri zion BERRIAri Lau eta Erdiko finalaren atarian: bete-beteko partida espero zuela. Eta ederki asmatu du Leitzako pilotari ohiak. Izan ere, final estua, ona eta zirraragarria jokatu dute Unai Lasok eta Peio Etxeberriak, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Pilotazaleek urteetan gogoratuko dutena, ezbairik gabe. Lehenago ere bien artekoa zen txapelketako partidarik gogorrena; hain zuzen, final-laurdenetako ligaxkan jokatu zutena, Iruñeko Labriten. Bada, hura baino gogorragoa izan da finala, ordu eta laurdeneko lanean 350 pilotakadatik gora jo baitituzte bi protagonistek. Hasiera zaila izan du Lasok, 0-5ekoari buelta ematea kosta baitzaio ederki. Ordea, lanaren eta sufrimenduaren poderioz, txapelerako bidea egin du pixkanaka, eta estreinakoz jantzi du lau eta erdiko txapela. Kastatik arrakastarako bidea egin du Baikoko pilotariak. Finalari hasiera elektrikoa eman dio Peio Etxeberriak. Ikaragarria, hitz batean, inork ez baitu halako joko mailarik erakutsi txapelketa osoan zehar. Erasokor kantxaratu da, eta dantzan ibilarazi du Laso, ezker eskuin. Musika joaz eroso sentitu da Etxeberria. Lasok, bere aldetik, ez du une bakar batean ere lortu agintzera pasatzerik eta finalaren dinamika aldatzerik. Etxeberriaren meritua izan da hori. Bistakoa zen ezin zitekeela luzaroan hala jokatzen jarraitu, eta 0-5ean eten du bolada Lasok, aurkariaren opari bati esker. Sakea eta pilota lagun, pixkanaka finalean sartzen joan da Laso, eta markagailuan arrimatzen: 6-2, 7-3 eta 8-6. Tarte horretan biek egin dizkiote opari batzuk elkarri, baina Etxeberriak gehiago. Tantoa bukatzerako garaian ez du asmatu sarritan. Halere, jokatu duten erritmoa aintzat hartuta, normala izan da joera hori. Peio Etxeberria pilota jotzen, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU Partidan sartuta egon arren, finala berdintzea ez zaio samurra egin Lasori, tanto bakar batera jarri eta berdintzeko garaian huts egin baitu bizpahiru aldiz. Finaleko tantorik onena izan da 8-10ekoa, besteak beste. Minutu pasatxoan 34 pilotakada jo dituzte bi finalistek, eta azkenean Etxeberriak ederki amaitu du tantoa. Horri esker, hurrengo biak ere Aspekoak egin ditu, eta lau tantoko aldearekin iritsi da lehen atsedenaldi luzera: 8-12. Ordura arteko irakurketa izan da gehiago izan dela Etxeberria, baina haren lanari aitzakiaren bat jartzekotan, sakeak hobeto egitea falta izan zaio. Andoni Gaskue aholku emaileak ere horixe gogorarazi dio behin baino gehiagotan. Atsedenetik bueltan hobeto kantxaratu da Laso, mesede egin dio aldageletara egindako bueltak. Errazena izan zitekeen etsitzea eta lanari uztea, baina ez. Burugogorkeriari esker, sufritzen, lanean eta lehian jarraitu du Baikoko pilotariak, eta azkenean lortu du saria: 14na berdindu du finala. Hura izan da partidako lehen berdinketa. Hortik aurrera beste neurketa bat jokatzen hasi dira bi finalistak, zortzi tantora bitartekoa. Tanto bakoitzak izan du bere garrantzia, eta denetik egin dute Lasok eta Etxeberriak: egin eta galdu. Tanto ederrak jokatu dituzte, baina kontrakoak ere bai. 15na, 16na eta 17na egon da finala. Bigarren atsedenaldi luzera, hori bai, aurretik iritsi da Laso: 18 eta 17. Peioren bi akats larri Finala une erabakigarrian sartuta, edozein detailek du berebiziko garrantzia, eta Peio Etxeberriak luzaroan gogoratuko dituen bi akats larri egin ditu bata bestearen jarraian. Izan ere, kasik eginda zeuzkan tantoetan kale egin du, bietan boleaz. Normalean ondoen maneiatzen duen jokoan kale egin du nafarrak, eta 20-17 ez ezik, 21-17 ere aurreratu da Laso. Aspekoak ez du azken hitza esan, eta 21-18 eta 21-19 hurbildu da, baina Lasori ez dio eragin gehiegi urduritasunak. Kastari eutsiz, erasokor jokatu du azken momentuan, eta bolea bikain batekin eman dio amaiera finalari. Hain zuzen, final ondoreneko prentsaurrekoan penaz agertu da Etxeberria. «Gustura nago jokatutako finalarekin, iaz ez bezala, aurten lehiakorra izatea lortu baitut. Ez dago konparatzerik ere. Dena den, txapela janzteko aukera on bat galdu dudala iruditzen zait. Une erabakigarrietan kale egin dut, eta buruari bueltak emango dizkiot egun batzuetan. Halere, Lasoren meritua izan da partidan sartuta mantentzea. Aurrera begira lanean jarraituko dut, ez dago besterik». Bizkaia pilotalekua, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU Unai Laso, bere aldetik, pozarren agertu da. Negar malkoak ere sumatu zaizkio pozaren eraginez. «Izugarria da sentitzen dudan poza. Lanaren eta sufrimenduaren poderioz irabazi dut, eta horrek gustu hobea uzten du gorputzean. Hasieran ikaragarri jokatu du berak, baina banekien lanean jarraitu behar nuela, nire momentua iritsiko zelako. Saria jaso dut bukaeran, eta izugarria da txapeldun izatea halako lesio larri bat gainditu eta gero. Txapel honek zentzua ematen dio orain arteko lanari». Peio Etxeberria. «Merezita irabazi du Unaik. Opari batzuk egin ditut baina bere meritua izan da partidan sartuta egotea. Une garrantzitsuetan huts egin dut».
Bi enpresa berri arduratuko dira astelehen honetatik aurrera Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuaz. Zerbitzua orain arte eskaintzen zuen Kataluniako La Pau ordezkatuko dute Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak eta Ambulancias Gipuzkoak.
Manifestazioa egin du gaur EH Bilduk Bilboko kaleetan, oraingoan Nazioa gara goiburupean, eta amaierako ekitaldi politikoan, nazio auzia izan du hizpide koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik. Haren esanetan, estatus politikoaren inguruko eztabaida zabalik dago Euskal Herriko lurralde guztietan, eta konpromisoa hartu du EH Bilduk nazio auzia «agenda politikoaren erdian» jartzeko eta datorren urtean «urratsak» egiteko alor horretan. «Estatusari buruzko eztabaidaren abiapuntua da aitortzea Euskal Herria nazioa dela eta errespetatu behar dela», esan du Otegik. «Hortik aurrera egingo dugu bidea». Haren iritziz, beharrezkoa da naziogintzaren arloan «jauzi bat» egitea, eta erantsi du EH Bildu horretan ahaleginduko dela datozen hilabeteetan. Otegiren esanetan, munduan badaude «izaera unibertsala» duten borrokak, eta feminismoa, sozialismoa eta herrien aitortza aipatu ditu, besteak beste: «Ezker subiranistaren ekarpena da borroka horiek guztiak geure egitea, eta euskal begirada txertatzea, euskal nazioaren neurrira ekartzea. Ziur nago badagoela auzi unibertsal horiei aurre egiteko euskal molde bat». Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea ez ezik, «ospatzea» ere bazen manifestazioaren zioa, Otegik esan duenez: «Azken urte honetan urratsak egin ditugu, eta horiek ospatzeko moduan gaude». Iruñean alkate abertzale bat egotea, eta euskal presoei ezarritako zigorren zenbaketaren auzian «salbuespenezko neurri bat desaktibatu» izana aipatu ditu, besteak beste: «Presoen senideen zama arintzea lortzen dugun bakoitzean, gure poza are handiagoa da». Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan lortutako akordioa ere hizpide izan du Otegik: «Aurrerantzean, denek egunero ikusiko dute Maravillas Lambertoren begiak [haren izena izango du oroimen zentroak] Euskal Herri antifaxistaren begiak direla». Autonomia kalea, beterik 17:30ean abiatu da manifestazioa Casillatik. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak paratu dira; Nazioa gara goiburua idatzita zeukan pankarta zabaldu dutenean, txaloka hartu dituzte alboetan zeuden manifestariek. Atzean, ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek osatutako nazioarteko ordezkaritza zihoan, eta, ostean, jende multzo handi bat, ikurrinekin, Nafarroako ikurrekin eta Palestinako banderekin. Manifestazioa abiatu denean, Independentzia oihukatzeari ekin diote manifestariek. Horixe izan da gehien errepikatu den leloa. Jo eta ke, irabazi arte; Euskal presoak etxera; Palestina askatu eta beste oihu batzuk ere egin dituzte manifestazioak iraun duen bitartean. Tarte batean, Ikusi mendizaleak abestia ere kantatu dute manifestariek. Manifestazioaren buruak Autonomia kalean barrena aurrera egin ahala, espaloietan zeudenak batu dira manifestaziora. Zabalburu plazara iritsi baino apur bat lehenago, geldialdia egin dute, eta orduan ikusi da Autonomia kale osoa jendez beterik zegoela. Kale hori betetzea zen, hain zuzen ere, antolatzaileek beren buruari jotako erronka. Irrintzi ozen batekin eta Argentinako euskal komunitateko kide batzuek bidalitako mezuaren grabazioarekin hasi da ekitaldi politikoa. Eta bukaera ezohikoa izan da: Otegik esan du Euskal Herriko historian abesti batzuk «ia ereserki» bilakatu direla, eta Kortaturen Sarri, Sarri kantuaren lehen ahapaldia bota du: «Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan…». Berehala, kantuari segida eman diote manifestariek, eta bozgorailuetatik Kortaturen abestia entzun denean, dantzan hasi da Autonomia kale osoa, EH Bilduko Mahai Polikoaren kide batzuk barne.
Handia egiteko zorian izan da gaur Alaves: bi hamarkada geroago, gertu izan du garaipena Atletico Madrilen zelaian. Ordubete baino gehiagoan markagailuan aurretik egon da. Neurketa hasi orduko sartu du gola, eta tinko heldu dio sariari. Azkenean, baina, eskuetatik egin dio ihes, esku baten ondorioz: lehia bukatzeko ordu laurdena falta zela, epaileak penalti eztabaidagarria adierazi die arabarrei, eta banakoa egin du Atleticok. «Zaharrak berri», pentsatuko zuten, antzeko beste zenbait egoera bizi izan baitute azken partidetan. Kasketak kasketa, berdinketa emaitza ona zen. Alabaina, nekeak eta frustrazioak eraginda, punturik gabe gelditu da azkenean Luis Garcia Plazak gidaturiko taldea. Sorlothek eman dio azken kolpea, luzapenera iristeko bost minuturen faltan. Gainbehera betean daude gasteiztarrak. Hamar puntu mamitsu bildu zituzten lehen sei partidetan, baina, geroztik, beste hiru baino ez dituzte zakuratu. Galdu eta galdu dabiltza. Gaur irudi duina eman dute txapelketako zelairik zailenetako batean. Saria merezi zuen Alavesen defentsako lan koordinatu eta engaiatuak. Ordea, joera ezkorrean egonik, zorigaitza ate joka du beti. Epailearen erabaki zorrotz bat aski izan da arabarren harresia txiki-txiki eginda uzteko. Diego Simeoneren aldaketek ere zerikusi handia izan dute; 700. neurketa zuzendu du gaur Atleticoren aulkian, eta bete-betean asmatu du Giuliano semea, Sorloth eta De Paul zelairatuta. Alavesek bekoki alaiarekin hasi du neurketa, eta aurkaria ezustean harrapatu du. Hainbeste, ezen Atleticok oparia egin baitio 6. minutuan: Carlos Vicenteren erdiraketa besoarekin moztu du Galanek, nabarmen. Arabarrek etekina atera diote 11 metroko jaurtiketari. Jon Guridi ez da espezialista, baina patxada handiz gainditu du Oblak, penaltiak astero jaurtiko balitu bezala. Hortik gutxira, kontraeraso arriskutsua antolatu du Alavesek, baina ezerezean gelditu da, Vicentek erabaki txarra hartu baitu. Aurrerantz jarraitu du, itsu, taldekideei erreparatu ordez. Hortik aurrera, gasteiztarrek oso urrun ikusi dute kontrarioaren area. Beren zelaian gotortu dira, eta ordena lehenetsita, arazo handiak sortu dizkiote Simeonek zuzendutako taldeari. Emaitzaz harago, txukun aritu da Alaves: ondo kokatu da zelaian, eta jokaldiak bizitasun handiz defendatu ditu. Hori horrela, baloia batetik bestera mugitzeak ez dio askorako balio izan Atleticori. 19. minutuan, baina, horman pitzadura izan dute arabarrek, eta garesti ordaintzear izan dira. Bigun ibili dira area barruko jokaldi nahasi batean, eta Linori langara joan zaio jaurtiketa, Siverak aurpegiarekin desbideratu ondoren. Pikotxa eta mailua Alavesen atezainak beste zenbait geldiketa garrantzitsu egin ditu. Lehen zatian, apenas kezkatu duten Llorentek urrunetik egindako saiakerek. Ordea, egoera aldatu egin da atsedenetik bueltan, Giuliano eta Sorloth zelairatu ondotik. Argentinarrak pikotxa hartu du, eta behin eta berriz saiatu da arriskua sortzen. Jokalari itsaskor eta txinpartatsua da, atzelariak une oro deseroso sentiarazten dituzten horietakoa. Eta 68. minutuan, estu hartu du Sivera, trantsizioan bizi atera eta indartsu jaurti ondoren. Atezainak hankarekin gelditu behar izan du baloia. Hortik gutxira iritsi da Alaves ernegatu eta abaildu duen jokaldia. Abqarrek baloia besoarekin ukitu du, Sorlothekin talka egin eta airean oreka galdu ondoren. Penaltia adierazi du epaileak, eta gola sartu Griezmannek. Siverak jaurtiketaren norabidea asmatu du, baina ez da gelditzeko gauza izan. Sorlothen zartakoa, berriz, ez du usaindu ere egin. Norvegiarrak mailua atera du patrikatik, eta azken iltzea sartu dio partidari, De Paulen pase zehatza jaso ostean. Alavesek ez du suspertzerik izan; datorren astean beharko du, etxean, Leganesen aurka. ATLETICO MADRIL-ALAVES Atletico Madril. Oblak; Azpilikueta, Witsel, Lenglet, Galan (Sorloth, 46. min); Llorente (G. Simeone, 46. min), Pablo Barrios, Koke (R. Roquelme, 70. min.), Samu Lino (R. de Paul, 64. min); Angel Correa eta Griezmann. Alaves. Sivera; Sanchez (Stoichkov, 88. min), Muriño, Abquar, Tenaglia; Ander Guevara, Blanco, Guridi (Diarra, 72. min); Vicente, Martin (Conechny, 85. min.), Kike Garcia (Martinez, 73. min). Golak. 0-1. Jon Guridik (7. min). 1-1, Griezmannek (76. min). 2-1. Alexander Sorlothek (86. min).
Aurten 39 urte bete dira Mikel Zabalza hil zutenetik. 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Ion Arretxe, Idoia Aierbe, Aitor Zabalza eta Manuel Bizkairekin batera. 20 egun geroago, Bidasoa ibaian agertu zen Zabalzaren gorpua, tortura zantzuekin. Gaur, haren sendiak eta hurkoek omenaldia egin diote Donostiako Altza auzoan, Mikelen Txokoa izena hartu duen tokian, non haren oroimenezko murala dagoen. Bertsoekin, kantuekin eta lore eskaintza batekin omendu dute. Datorren larunbatean, azaroaren 30ean, Donostiako Udalak plaka bat jarriko du Intxaurrondon Zabalzaren omenez, eta Idoia Zabalza arrebak esan du «pauso garrantzitsua» dela memoria gordetzeko, eta Euskal Herriaren historia «zabaltzeko eta kontatzeko». Mikel Zabalza Herri Ekimena taldekoek ere urrats gisa jo dute instituzioek Zabalza biktima gisa aitortu izana, baina Donostiako Udalari eskatu diote pauso bat harago jotzeko, eta «eragile aktiboa» izan dadila bide judizialean aurrera egiteko. «Euskal instituzioen aitortza dugu orain, baina beste osagai bat falta dugu: erantzukizun politikoa dutenek gezurrean kateatuta segitzen dute». Salatu dutenez, Espainiako Gobernuak eta PSOEk ez dute egia aitortu, ezta barkamenik eskatu ere. Kontrara, «tortura eta torturatzaileak babestu eta goraipatu» dituztela salatu dute, eta urriaren 12an Guardia Zibilak Gasteizen egindako desfilea adibide gisa jarri. Datorren urtean beteko dira 40 urte Zabalza hil zutenetik, eta Altzako lagunek Orbaizetako (Nafarroa) lagunekin batera urteurrenerako hainbat ekimen prestatuko dituztela aurreratu dute. Urte osoko egitaraua egin asmo dute Zabalza gogoratzeko.
Boschek 5.500 langile kaleratuko ditu, gehienak Alemanian, eta ez du espero Espainiako Estatuan “eragina” izatea. Konpainiaren arabera, ibilgailu elektrikoen eskaria txikiak eta Txinaren lehiakortasunak Europako automobilgintzaren sektorearen krisia handitu dutelako hartu dute neurria.
Pantxoa Bimboire izanen da Ipar Buru Batzarreko presidente berria. 74 urte ditu, eta Ipar Euskal Herriko ekonomia munduko pertsona ezaguna da. Enpresaburua da txokolategintzan, eta Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberan kargua du Andre Garreta lehendakariaren aholkulari gisara; Lantegiak nagusi elkarteko bulegoko kide da. Politika arloan ere inplikatu izan da: Abertzaleen Batasunako kide izan zen, eta EH Baiko kide ere bai 2022 arte. Peio Etxeleku IBBko buru izendatu ondotik hartu zuen jeltzaleen karta. Ipar Euskal Herriaren egituratze ekonomiko eta instituzionalaren alde aritu izan da. 2012an, estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzearen alde agertu zen MIG, eta BERRIAk elkarrizketa egin zion Bimboireri. «Eskaera hori ez da gehiago abertzaleen arazo soil bat, Euskal Herriko jendeen arazo bat da, eta geroz eta jende gehiago dira inplikatzen. Agertzen da Euskal Herriak bere etorkizuna definitu nahi duela, eta eskaera hori erabat legitimoa da», adierazi zuen orduan. Enbata aldizkari politikoan ere aritu izan da iritzi emaile urteetan. Haren testuetan irakur daiteke haren ikuspegi politikoa hainbat gairen inguruan. 2018an, «macronista» gisa definitu zuen bere burua, eta ontzat eman zituen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak agintaldi hasieran egin zituen hainbat erreforma. Gerora, desadostasuna erakutsi izan du hainbat arlotan hartutako erabakiekin, eta kezka agertu izan du Frantziako Estatuko zerbitzu publikoen egoerari buruz; baina «administrazio pisutsuegiari» egotzi izan dio erantzukizuna. 2022ko Frantziako Asanblearako hauteskundeetan EH Baiko hautagaientzat eman zuen botoa —EAJk ere bazituen hautagaiak—, baina kritiko agertu zen programa politikoarekin; bereziki «[Frantziako] gobernuaren neurri kapitalista eta neoliberalei zinezko alternatiba» proposatzen zien atalarekin. Orduan adierazi zuen Europako gainerako herrialdeei konparatuta Frantzian aberastasunen birbanaketa «handia» zela, eta baieztatu Frantzia politikoki «zentro-eskuinaren eta zentro-ezkerraren artean» kokatzen zela. Hala ere, onartu zuen 2017 eta 2022 bitarteko Macronen agintaldian «aberatsak aberatsago» bilakatu zirela, eta «langile batzuk pobretzen» ari zirela; hori zuzendu behar zela erran zuen, norbanakoen eta enpresen gaineko zergetan mailakatze gehiago behar zirela iradokita. Bimboireren hitzetan, EH Baikoak bere garaian ez ziren lanean aritu «enplegu eta aberastasuna sortzeko ildoan». Herrikoaren sorrera gogoan, galdera ere egin zuen: «Abertzaleak ez badira zori ekonomikoaz jabetzen, nola nahi lukete autonomia handiagoa?». EH Baiko hauteskundeetako hautagaietan enpresabururik ez izatea ere «kaltegarritzat» jo zuen. EH Bai «ezker muturra» Orain IBBko buru izanen denaren iritziz, «ezker muturreko posizioak» defendatu zituen EH Baik asanblearako 2022ko boz horietan, eta dudan eman zuen horrek Ipar Euskal Herriko gehiengo batengana heltzeko balio lezakeenik. Adibide gisa eman zituen gutxieneko lansaria 1.700 eurora emendatzeko proposamena —hilabete batzuk lehenago %5 eta %10eko emendatzea iradoki zuen beste artikulu batean, konpentsatzeko enpresen «kargu sozialak» apaldu behar zirela erranez—. Eta lan astea 32 ordura apaltzeko eskaera ere gaitzetsi zuen, eta adierazi bi neurri horiek ondorio ekonomiko okerrak izanen lituzketela. Programak lantzeko orduan «Ipar Euskal Herriaren eraikuntza ekonomiko eta sozialean engaiatutako enpresaburu batzuekin solastatu» beharko litzatekeela iradoki zuen, estrategia «bateratzaileago» bat izan behar dela erranez. Iazko maiatzean idatzi zuen azken aldiz Enbata-n, Azkainen (Lapurdi) iragan zen Aberri Egunaren harira. Ez zitzaion aski «bateratua» iruditu. Azpimarratu zuen aspalditik defendatzen zuela ezker abertzalearen eta EAJren arteko «paktu bat». Orain, hura izanen da EAJko Ipar Euskal Herriko arduradun nagusia. Beste lurraldeak EAJren lurralde zuzendaritza guztiak berriturik izango dira bihar. Atzo, Maria Eugenia Arrizabalagak hartu zuen, Gipuzkoan, Joseba Egibar lider historikoaren lekukoa. Ipar Buru Batzarrean ere gauzatu da Peio Etxelekuren erreleboa, eta afiliatuek Pantxoa Bimboire izendatu dute IBBko lehendakari. Beste hiru lurraldeetan, bihar egingo dituzte Herrialde Batzarrak, ABB, BBB eta NBBko presidenteekin batera, haiekin ariko diren burukideak izendatzeko, Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Dagoeneko, jakinekoa da nortzuk hartuko dituzten ABB, BBB eta NBBren lemak: Jone Berriozabalek, Iñigo Ansolak eta Unai Hualdek. Azken horrek Nafarroako EAJ gidatzen jarraituko du, barne prozesuan beste hautagairik egon ez denez; Hualde 2015etik da NBBko buru. Berriozabal eta Ansola, ordea, estreinakoz ariko dira presidente gisa, hurrenez hurren Itxaso Atutxari eta Jose Antonio Susori erreleboa hartuta. Biak izan dira zuzendaritza jeltzaleen hautagai ofizialak, eta biak gailendu zaizkie beste hautagai batzuei. Araban, Gorka Urtaran, Gasteizko alkate ohia, lehiakide gogorra izan da Berriozabal Berdintasuneko foru diputatuarentzat. Ansola nagusitasunez gailendu zaio David Salinas-Armendarizi. Iñigo ansola Iñigo Ansola EAJren barne arduretan ibilbide luzea du Iñigo Ansolak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1974), baita erakundeetan ere, Bizkaian eta Eusko Jaurlaritzari lotutako administrazioan. Itxaso Atutxak agur esan ondoren, haren erreleboa izateko hautagai egokitzat jo zuen zuzendaritzak, eta, David Salinas-Armendarizek kritikoen babesa izan duen arren, batzoki gutxitan gailendu da. Hau da, Ansolak nagusitasunez irabazi du BBBko presidente izateko lasterketa. EEEko Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria izandakoa da Ansola, eta Mondragon taldeko zuzendaritza lanetan aritua. Ingeniaritza tekniko industrialeko ikasketak egin zituen, baina ez zituen bukatu, eta uraren kudeaketarekin lotutako eginbeharretan egin du ibilbide profesionala, batik bat administrazioan. Bizkaiko Foru Aldundiko Uraren zuzendari izan da egungo EAJko Bizkaiko Lurralde Batzordeko presidentea, baita Ingurumen Azpiegituren foru zuzendaria ere; eta Jaurlaritzaren mendeko Ura agentziako burua ere bai. Ansolak bere neurriko zuzendaritza taldea izango du Bizkai Buru Batzarrean, prentsak jakinarazitako zenbait informazioren arabera. Kritikoen ordezkaritza apenas izango den BBBn, besteak beste Atutxarekin aritutako batzuek jarraitu egingo baitute taldean. Jone berriozabal Jone Berriozabal Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua da Jone Berriozabal (Durango, Bizkaia, 1982), Arabako elkargokide, euskalduna, eta Roman Berriozabal jeltzale historikoaren alaba. Hautagai ofizialista izan da barne prozesuan. Berriozabal lau legegintzalditan izan da Eusko Legebiltzarreko kide. Besteak beste, Hezkuntza arloko bozeramaile gisa aritu da, eta 1979ko Estatutuaren erreformarako sortutako lantaldearen lehendakari gisa. Urkulluren hirugarren legegintzaldian sailburuorde bihurtu zen, baina agintaldia amaitu aurretik Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak hots egin zion bere foru gobernurako. Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako atala zuzendu du. Berriozabalek dekalogo batekin aurkeztu du bere burua barne prozesu honetan. Arabarrek eskubide berberak izatea proposatu du, gasteiztarrak izan edo ez, eta euskara sustatzeko konpromisoa erakutsi du. Maila organikoan, «belaunaldi-erreleboa» aldarrikatu du, baina «beteranoen esperientzia» zainduz eta alderdiaren «presentzia propioa» indartuz, erakundeen ekintzatik harago. Unai Hualde Unai Hualde Unai Hualdek (Altsasu, Nafarroa, 1976) Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta aholkularitza juridikoan aritua da. Oso gaztetan, 1999an, Lizarra-Garaziko akordioen garaian izena eman zuen alderdian, eta udal arloan egin zituen bere lehen urteak. 2003ko legealdian egin zen hautetsi, jeltzaleekin, eta ondorengo bi agintaldietan Nafarroa Bai koalizioarekin. Hain justu, 2007tik 2011ra alkate izan zen. Geroa Bairen parlamentuko zerrendetan sartu zen 2015ean, eta parlamentari hautatu zuten. Une hartan Manu Aierdik EAJren lurraldeko lema utzi behar izan zuen Nafarroako Gobernuko presidenteorde izendatua izan ostean. Hualdek hartu zuen jarduneko funtzio hori, behin-behinean. Ofizialki 2017an hautatu zuten Napar Buru Batzarreko lehendakari izateko, eta zortzi urteotan bere esku egon da EAJren lurraldeko kargu nagusia. 2019ko ekainean, gobernua osatzeko sozialistekin hasitako negoziazioetan, estu hartu zuten Geroa Bai, baina, azkenik, Hualde hautatu zuten parlamentuko lehendakari izateko. Legealdi honetan ere, kargu horretarako aukeratu dute berriz. Lasaia da, eta ez zaizkio falta zorroztasuna eta ironia parlamentuko dialektikan. Mendian ibiltzea eta motorra gidatzea ditu zaletasun.