Tasen erreferentzia-tasa, beraz, % 4,25etik % 4,5era bitartekoa da. Aurreikuspenen arabera, 2025ean beste bi murrizketa egingo ditu, % 3,9ra iritsi arte ( % 3,75etik % 4ra bitarteko tartearen baliokidea).
Gasteizko suhiltzaile talde batek itxialdia hasi du suhiltzaile etxean, ostiralera arte. Hurrengo astean, astelehenetik aurrera, bost eguneko greba egingo dute. Langileen eta instalazioen egiturazko arazoak konpontzeko eskatu diote udalari. Suhiltzaileek gogoratu dute urtebete baino gehiago daramatela neurriak hartzeko eskatzen, dituzten «arazo larriak» konpontzeko. Zenbait bilera egin dituzte udaleko ordezkariekin, baina aurrerapenak «oso txikiak» izan dira. Negoziatzeko eskatu diote erakundeari. Aurrerapenik lortzen ez badute, mobilizazioekin jarraituko dute. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak duela urtebete onartu zuen sua prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamendu zerbitzuetarako legea. Gaur egin dute agerraldi batean, zehaztu dute Gasteizko Udala oraindik ez dela lege horretara egokitu. Suhiltzaile gehiago eskatu dizkiote, gaur egungo premiei erantzuteko. Azaldu dutenez, «zerbitzuak duela urte batzuetatik duen antolaketa eta egitura arazo larria konponduko litzateke horrela». Haien esanetan, legearen arabera hamabost suhiltzailek lan egin behar dute txanda bakoitzean, baina azken asteetan hamalau eta hamahiru aritu dira lanean. Gasteizko suhiltzaile etxea zaharkitua dagoela uste dute. Duela 50 urte eraiki zuten. «Konponketa txikiak beharrean, eraldaketa handi bat behar du». Aurreko Segurtasun zinegotziak, Iñigo Gurtubaik, esan zien udaleko arkitektoak joango zirela suhiltzaile etxea handitzeari buruz hitz egiteko, baina suhiltzaileek esan dute ez arkitektoak ez direla bertaratu. «Zain gaude oraindik».
Gaur egungo gazteen belaunaldiak ez zuen zuzenean bizi izan gatazka armatua, baina, era berean, haren «ondorioak bizitzera behartu dute». Hala adierazi du gazte talde batek gaur, Sare Herritarrarekin batera egindako agerraldian. Horiek helburutzat jarri dute eurena izatea gatazkaren ondorioak pairatuko dituen azken belaunaldia, eta adierazi dute xede hori lortzeko konponbide bat eman behar zaiola euskal presoen auziari ere; hala, bat egin dute urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestazioarekin: «Gure belaunaldiak izan behar du ondorio hauek pairatu beharko dituen azken belaunaldia». «Gure artean bada espetxean jaio denik, bada motxiladun haur izan denik ere. Baita askotariko biolentzien biktima zuzena izatea tokatu zaionik ere», adierazi dute. Horrez gain, baina, gatazkaren ondorioak «bizitzea» egokitu zaion belaunaldi gisa definitu dute eurena. «Jaiotzez tokatu zaigu gure egunerokoan errealitate hori ikusi eta bizitzea. Bizi ez genuen errealitate baten ondorioak bizitzea tokatu zaigu». Izan ere, agerraldian azaldu dute ahoz aho eta antzezlanen, literaturaren, filmen eta telesailen bidez jaso dutela gertatutakoaren berri, eta, era berean, euskal preso, iheslari edo deportatuak dituzten auzo, herri eta hirietan ere hazi eta hezi direla. Hori kontuan hartuta, nabarmendu dute gazteek «konpromiso handiz» heltzen diotela «aurreko belaunaldiek sorturiko korapiloa» askatzeko betebeharrari. Betebehar hori aurrera eramateko, «konponbide prozesu integral bat» eskatu dute, gatazkaren ondorioak gehiago ez luzatzeko: «Behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatuz, ‘behin betiko etxera’ oihukatuz».
Bidegurutzearen metafora ahitzear da euskararen geroari buruzko gogoetetan. Behin eta berriz erabiltzen da. Iñaki Iurrebaso ikertzailearen doktore tesiak, alde horretatik, zeresan handia eman du. Datu demolinguistikoak oinarri, egiaztatu du euskararen erabilera, erdarek guztiz inguratutako munduan, sarri esan izan ohi dena baino handiagoa dela, horren atzean dagoen «bizinahia» nabarmendu du, baina, aurrera egite aldera, euskararen aldeko «beste olatu bat» sortzearen garrantzia ere agerian utzi du. Gaur, berritu egin du abisua. «Gainerakoan, gorriak ikusiko ditugu». Euskaltzaindiak eta Sabino Arana fundazioak antolatutako jardunaldi batean mintzatu da, Bilbon. Euskarak bizi duen atakaren gaineko galdera berritu dute haiek ere goiburuan: Aurrera ala atzera goaz? Segidan, Iurrebasoren argibideak hizpide, hainbat solasaldi izan dira. Horietako batean Miren Azkarate, Jon Sarasua eta Jokin Azkue solastatu dira. Euskaltzain osoa da Azkarate, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen 2001-2009 tartean. Azkue, berriz, HABEko zuzendaria da. Eta Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakaslea da, eta euskararen gaineko lan askoren egilea. Euskararen Gogoetagunea koordinatzen ere ari da; Euskaltzaindiak euskararen geroaz gogoetatzeko abiarazitako foroa da. Soziolinguistika Klusterreko ikertzaile Belen Urangak gidatu du solasaldia. Azkuek urteotan guztiotan egindako lanaren garrantzia nabarmendu du. Egun orain dela hiru hamarraldi baino 300.000 euskaldun gehiago daudela esan du. Hiztunen gaitasunari aparteko artaz erreparatu dio Iurrebasok bere tesian, egungo euskaldun askok duten gaitasun apalak erabileran dituen ondorioetan, eta, hain justu ere, Azkuek onartu du artaz aztertu behar direla egungo hiztunen soslaiaren ezaugarri berezituak. «Orain dela 30 urteko euskaldunak ez dira oraingoak», adierazi du: «Gure irabazia etorri da euskararik ez daukatenak euskarara ekarriz. Horrek baditu bere galerak, koste batzuk». «Gure irabazia etorri da euskararik ez daukatenak euskarara ekarriz. Horrek baditu bere galerak, koste batzuk» JOKIN AZKUE HABEko zuzendaria Iurrebasorekin bat dator Azkarate. «Gaitasunean daukagu ahulgune garrantzitsuena». Guraso askok D ereduaren alde eginda euskararekiko eduki duten atxikimendua goraipatu du, eta esan du hor egin diren aurrerabideak guztiz nabarmengarriak direla, baina usu ez zaiola behar bezala erreparatu hiztunen gaitasunari. «Ahaztu egiten zitzaigun, bigarren zer batean uzten genuen, adin tartean behera egin ahala erdal elebidunek gora egiten zutela». Iurrebasok irudikatutako «olatu» horretan aurrera egiteko bideak ikusten ditu Azkaratek. «Ditugun argi gorriak piztuta izanda ere, niretzat esperantza bat da ikustea hainbat tokitan lanean ari direla diagnostiko egokienak egiteko, eta %95ean bat datoz egin diren azterketak. Ez da gutxi jakitea erronkak non dauden». «Ditugun argi gorriak piztuta izanda ere, niretzat esperantza bat da ikustea hainbat tokitan lanean ari direla diagnostiko egokienak egiteko, eta %95ean bat datoz egiten diren azterketak» MIREN AZKARATE Euskaltzain osoa Aurrera egiteko bideak zein izan daitezkeen zehazten hasia da Euskararen Gogoetagunea, eta argitaratuak ditu lehen orientabide batzuk. Egindako proposamenaren muina zein den gogora ekarri du gaur Sarasuak: «Hizkuntza politikaren ardatz sistema berri bat. Ez dator ezer kentzera, dator orain arteko ildoei eutsi eta ardatz sistema berri bat gaineratzera». Gogoetarako bide horretan, gaurko saioa ireki duen ikertzailearen lanaren ekarpena goraipatu du. «Iurrebasorena opari handi bat da gure komunitatearentzat. Hau tesi bat baino gehiago da. Gauza asko dago hor». Zenbait «aurreiritzi» apurtu dituelako, batez ere. Gogora ekarri duenez, bolada luze batean, «bueltaka», hainbat tokitan, «mezu arriskutsu bat» ibili da: «Egundoko ahalegina egin dugu, eta jendeak ez du euskara erabiltzen». Hori aldatzera etorri da Iurrebasoren begirada. «Eta ulertu nahi duenarentzat, zenbait politika iradokitzen ere ari da». Sarasuak adierazi du epe laburrean ez dela helduko egiturazko aldaketa nabarmenik. «Ez daukagu estatu propio bat, lurralde zatikatu bat daukagu, demolinguistika zaila daukagu, eta zailagoa izango dugu». Horiei guztiei gehitu behar zaie gizartea gero eta «likidoagoa» izatea, eta teknologia berrien bilakaera hizkuntza minorizatuen kontrakoa izatea usu. Traba horien guztien gainetik aurrera egite aldera, euskararen biziberritzearen inguruan gertatzen ari denaren gaineko diagnostikoa argia dela uste du berak ere. Horra: «Euskararen eragiletzatik, nik uste dut diagnostikoaren laburpena dela erreakzio bat behar dugula». «Iurrebasorena opari handi bat da gure komunitatearentzat. Hau tesi bat baino gehiago da» JON SARASUA Euskararen Gogoetaguneko koordinatzailea Eta Sarasuak argi du Iurrebasoren lanak «pistak» ematen dituela hor urratsak egiteko. Era berean, gogoratu du alderdi abertzaleen arteko akordio bat lortzeko bide bat abiarazteak berebiziko garrantzia duela. Olatua nola harrotu «Olatu berri bat pentsatu behar dugula esan du Iñakik», heldu dio Azkaratek Iurrebasoren erronkari: proposamenekin. Esan du eskolara begira zer hobetua badela. «D eredua birpentsatu behar da? Bai, batez ere, komunikazio gaitasunetan», onartu du, eta erantsi propio eskoletan jardungo duten profesionalen trebakuntzara begira ere zer hobetua badela. Hedabideetara ikusten du beste urrats bat Azkaratek. «EITB sekulako iraultza izan zen». Baina oso bestelakoa zen mundua EITBren lehen urteetan: erdarazko telebista kateak ere, esaterako, bakanak ziren orduan. ETBren sorrerak ekarri zuen aldaketaren pareko urratsik ez du ikusten egun. «Baina ahalegintxoak egin beharko dira, plataformetan eta». Eta lan munduan ere eragin beharra ikusten du. Iurrebasoren lezioak hizpide, gaitasunean hobera egin behar dela onartuta, Azkuek euskaltegietan egin daitezkeen aurrerabideak nabarmendu ditu. Egungo ikasleen soslaiari erreparatu dio. «Multzo potoloena daukagu B2 eta C1 mailetan». Maila «jasoak» dira biak ere. Baina beste eremu batzuetara ere heldu behar dela gogoratu du Azkuek, eta hor eragin egin behar dela. «Indartzen ari den multzo bat da A1 maila, maila baxuena. Horiek dira euskarara hurbiltzen ari direnak». Migratzaileak dira hor asko. Justu maila horren doakotasunean bidea egin du aurten Jaurlaritzak, eta ondorioa izan duela jakinarazi du: %20 inguru igo dira matrikulazioak. Arnasguneetan erabilera izaten ari den ahultzeari ere beren-beregi erreparatu dio Iurrebasok bere tesian, lehen lerrora ekarri du eremu horietan gertatzen ari denarekiko kezka, eta Azkuek ere onartu du horra begirako neurriak hartu beharko direla. «Arnasguneen kasuan ere neurri dezente hartu beharko ditugu zerikusia izango dutenak harrera protokoloekin eta helduen euskalduntzearekin». Migratzaileei begirakoak izan beharko dute neurri horietako askok. «Urtez urte etor daitezke 30.000 pertsona; horiek euskarara hurbiltzeko erronka handia daukagu hurrengo urteetan». Politika berriak ez ezik, hiztun komunitatea trinkotzeko bideak ere behar direla erantsi du Sarasuak. «Komunitate estrategiak ere behar ditugu», nabarmendu du. «Birformulatu behar da euskararen aldeko mugimendua». Martxan hainbat bide badirela adierazi du. «Ea gai garen ordenatzeko».