2025ko urtarrilerako eta otsailerako launa greba egun deitu dituzte EAEko ikastetxe publikoetan, haurreskoletan eta garbitzaile eta sukaldarien artean.
Bolada bikainean dabiltzan bi talde izan dira aurrez aurre Anoetan, eta nabaritu da. Neurketa ikusgarria jokatu dute Realak eta Las Palmasek, markagailuak berdina erakusten ez duen arren (0-0). Aukera bikainak izan dituzte bi taldeek, azken minutuetan etxekoek gehiago estutu duten arren. Ohiko hamaikakoa zelairatu du Imanol Alguacilek, eta lehen hamar minutuetan estutu du Realak. Pare bat aukera ere izan dituzte txuri-urdinek, baina ez Las Palmasek jarraian izan dituen bezain argiak. Heroiaren kapa jantzi du Remirok bitan, Mataren eta Moleiroren parean. Oiartzabalek ere abagune paregabe bat izan du, baina zutoinera bidali du area erditik bakar bakarrik egin duen jaurtiketa. Hutsean heldu da partida atsedenaldira, sinestezina zirudien arren. Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Realeko jokalari ohi batek, Sandro Ramirezek, Oiartzabalenaren pareko aukera bat izan du, baina zutoinean jo du hark ere. Erritmoa zirraragarria izan da. Lehen minutuetan bisitariak hobeto, baina Olasagastiren eta Barrenetxearen aldaketekin joera irauli du Realak. Horrela, azken ordu erdian gogotik saiatu dira etxeko jokalariak, baina baloiak ez zuen sartu nahi gaur. Sailkapen nagusian zazpigarren da Reala, 25 punturekin.
Lehen zatia Athleticentzat, eta bigarrena Alavesentzat. 1-1. Horrela laburbildu daiteke gaurko partida. Zuri-gorriek sei garaipen zeramatzaten jarraian, eta olatuan igota egin dituzte lehen 45 minutuak. Hurrengo erdian, ordea, indarrak ahitu zaizkie, hobea izan da etxeko taldea, eta gola ere egin du. Berdinketa Mendizorrotzan. Chacho Coudeten aroko bigarren partida izan da gaurkoa ligan, bigarren derbia, eta bigarren berdinketa. Ez da neurketa ikusgarria izan, baina bai intentsitate handikoa. Bederatzigarren minutuan jokaldi ederra haritu du Athleticek, Iñaki Williamsek pase bikaina egin dio Unai Gomezi, eta bermeotarrak ederki amaitu du jokaldia. Eroso zeuden bizkaitarrak, baloia aurrekaldean berreskuratzen eta arriskua sortzen. Coudet bere estiloa ezarri nahian dabil, eta agerikoa da oaindik fintzeko duela sistema berria. Bigarren zatian joko zuzenagoa egin dute etxekoek, eta nabaritu da aldaketa. Athletic ez da eroso egon. 66. minutuan Guridik errematatu du area ertzetik, zenbait hankaren artean pasa da baloia, atepera itzuli den Unai Simonek ez du harrapatu baloia, eta aldaratzea baliatu du Jordanek gola egiteko. Amaierara arte baloia kontrolatu ezinda ibii dira bi taldeak; lehia asko eta joko gutxi. Polemikarako tartea ere izan da: luzapenean gola egin du Vivianek, baina balio gabe utzi du epaileak. Sailkapen nagusian, behin behinean, Athletic laugarren da 33 punturekin, eta Alaves hamaseigarren hamasei punturekin.
N-1 errepidean, Tolosa parean (Gipuzkoa), auto bat errepidetik irten da gaur arratsaldean, irauli egin da eta bertan hil da gidaria. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuak heltzerako hilda zegoen gizona. Istripua 17:00 inguruan gertatu da, eta auto pilaketak eragin ditu N-1ean. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.
Trilanticek Talgon duen partaidetzaren erosketa uzteko mehatxua egin du Sidenorrek. Sidenorreko iturriek azaldu dute Talgon sartzea ez dela “hil edo bizikoa”. “Egungo akziodunek ez bagaituzte Talgon nahi, baztertu egingo gara denborarik eta energiarik alferrik ez galtzeko”, adierazi dute.
Javier Echenique hil da, BBVAren kontseilari ordezkari ohia eta Telefonicaren presidenteordea. 74 urte zituen, eta gaur egun ACSren Administrazio Kontseiluko kide ere bazen.
Zenbait aldiz hirugarren eta bigarren izan ostean, jantzi du azkenik Alaia Martinek merezitako txapela. Saio osoan zehar oso goitik kantatuz, une bakoitzak eskatzen zuena egin du hasieratik bukaerara oiartzuarrak: zirikatzaile eta jostari bertsoaldiak horretarako bidea irekitzen zuenero, entzuleengan irri bihurriak marraztuz, eta diskurtso sakonagoak maisuki harilkatzen, entzule berberak kitzikatuz, are hunkituz. «Nik nahi dudana egin behar dut, berorrek hala egin beza», «kartzela bat dirudi gure pentagramak». Buruz burukoa aurrera zihoan heinean gaur bai, gaur txapela jantziko zuela sinestera iritsi dela esango nuke. Aspaldiko auskalo zenbat finaletan buruz burukoan kantatu eta azken bi txapelak jantzitako Beñat Gaztelumendik egindako finalari ez dago aitzakiarik jartzerik. Akatsik gabeko saioa, ohi bezala, kilate askotako betelanak eta arrazoiak, dena egin du ondo. Buruz buruko ganbarakoan bere zigilua utzi du, beste behin ere, Euskal Herriarekiko atxikimenduaren beherakadaren gaiaren harira. Bigarren bertso ikaragarria ondu du lan horretan, berak zer-nolako Euskal Herria amesten duen zirriborratuz. Inork egin gabeko ibilbidea egin du Gipuzkoakoan eta utzitako arrastoa hor dago. Oihana Iguarani puntu erdi falta izan zaio buruz burukora sailkatzeko. Hirugarren postu «krudela», bainarik gabeko saioa ondu ostean. Irudiak sortuz sinesgarritasun handia eman die bere bertsoei, eta bakarkako lan zirraragarri bat oparitu badigu ere, ez da nahikoa izan azken txanpara iristeko. Gipuzkoak buruz buruko bat ez ezik txapel bat zor dio Iguarani, eta iritsiko da zor hori kitatzeko eguna. Ane Labakak ariketa guztiei atera die zukua, eta ganbarakoan bertsoaldi bikaina ondu du, erditze gelako indarkeriaren harira. Deigarria izan da ganbarako gai ustez ireki samarretan zenbait kasutan bertsolariek aukeratutako heldulekuak errepikatu izana, erditze gelako indarkeria obstetrikoa eta soziolinguistika azterketen ingurukoa, kasu. Labakarengana itzuliz, entzuleengana iritsi eta hunkidura sortzeko sekulako gaitasuna dauka lasartearrak, eta gaur ere eman du beretik. Txapelketa honetan gora egin du bere itzalak, baina esango nuke oraindik ez duela sabaia jo. Gaueko argazkietako bat, zalantzarik gabe, Patxi Goikolea eta Aner Peritzen arteko besarkada izan da, irudiaren sinbolismoak hamaika ertz baitauzka. Kantaera melodikoa eta bertsokera zuzena, mezu zorrotz eta garbiak neurri eta errimara errendituak, milaka lagunen aurrean ausart eta bere buruarengan sekulako konfiantzarekin. Uneren batean arratsaldeko sorpresa izango ote zen sinestera ere iritsi gara. Zeresan handia emango du datozen urteotan, pixkanaka baina atzera bueltarik gabe eraldatzen ari den bertsolaritza munduan. Nerea Elustondori kosta egin zaio final batean gora begiratzeko ezinbestekoa den erregulartasuna mantentzea. Ariketa batzuetan ez du zorterik izan, eta barruan gordetzen duen kriseilua igurtzi ezinda bezala sumatu dugu tarteka. Jostari ekin dio saioari Andoni Rekondok neurri «libreko» lehen ariketa berritzaile bezain arriskutsuan. Peritzekin batera ariketa txinpartatsua, bilobak zaintzeko orduan iritzi ezberdinak dituzten bi jubilatuen azaletik, eta jatetxeetan beti protestan aritzen denaren azaletik itzel, Iguaranekin. Bertsozaleak biziki eskertu du bere freskura. Eneritz Artetxek hasieratik hartu dio neurria Illunberi, halako plaza batean berria den arren. Bere estiloari leial, erasokor aritu da saio osoan zehar, entzuten eta erantzuten, eta txapelketa bikaina osatuta harro egoteko moduan da, bere bertso ibilbidean koxka bat edo gehiago igota hilabete gutxitan. Eskerrik asko denei, eta bejondeizuela!
Gipuzkoako txapelak buru berria du, beste lau urterako. Alaia Martinek irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, aurreko bi aldietan garaile irtendako Beñat Gaztelumendiri buruz burukoan nagusituta. 6.000 entzule inguruk bete dute gaur Illunbeko plaza, eta olatu eta txalo zaparrada artean lehertu da buruz burukoan. Almeneko bertso-eskolaren 50. urteurrena izan du ardatz aurtengo txapelketak, eta lehen haurren bertso eskola hartako ikasle izan zen Arantzazu Loidik jantzi dio txapela Martini. «Irakasle guztiei gure aitormena / eta joan zirenei ere aipamena / noraino iritsi den hasi zenutena», kantatu du Loidik. Haren ondoren kantatu du txapeldunak agurra: «Bihurtu ditzagun lagunak bizitzaren tenplu / badakitenak zer, noiz, nola eta non galdetu / entzuten gaituztenak nahiz ta pixkat logaletu / ta etxe bihurtzen dutenak edozein ezleku / mendeko hitza bihurtu den hontan ‘mendeku’ / disolba dezagun eskuina ta auzoa ezkertu / egon gaitezen lagunekin hauskor ta inperfektu / elkarrengandik gertu eta elkarrentzat gertu». 25 urtez azpiko onenaren saria, berriz, Almenen irakasle aritutako Patxi Goikoleak eman dio Aner Peritzi. Lehen txapelketa izan du Peritzek, eta bosgarren lekuan amaitu du bidea. Hara bere azken agurra: «… / nik maite ditut jabeei kentzen zaizkien etxebizitzak / nik maite ditut trabesti txarrak, eta bollera huts krintxak / … / tresna eraginkor gisa balio dezala bertsolaritzak / lekua eman nahi diogun horri jar dezazkiogun hitzak». Gaurko finalean, berrikuntza bat izan da lehen ariketan: ofizioka, aukeran izan dute neurria. Dena den, zortziko handian aritu dira guztiak. Martinek eta Artetxek lortu dute entzuleak berotzen hastea, BEZa ordaindu ala ez eztabaidan. Hiztegian eta tonuan asmatu du Martinek: «Hemen jendeak sobre batean beltz mugitzen du zakarra / ez dut izan nahi mundu osoan dagoen tuntun bakarra». Ondo erantzun dio Artetxek, «unean merke ordaintzen dena garesti irteten dela». Zortziko txikian izan dira ateraldi politak. Lokal berean entseatzen duten bi antzerki taldetako kideak izan dira Martin eta Gaztelumendi. Bigarrenak, lokalera heltzean, dena zikin topatzen du. «Hollywoodetik ote zaude etorria / nahi al dezu jartzea alfonbra gorria», zirika hasi, eta erantzun kate ederra osatu dute. Martin: «Hollywooden txar-txarra da etika kodea / hobe ipiniz gero alfonbra morea». Gaztelumendi: «Alfonbra morearen aldarri ozenak / ez gaituzu asko zaintzen gero gatozenak». Gabonetako saskiaren bueltan, Elustondo eta Peritz. Urdaiazpiko, ardo eta beste aipatu ondoren, «kexatzeko dituzu zure arrazoiak / nahi badezu zuretzat dira polboroiak», bota dio legazpiarrak. Erantzuna ere lehor, zarauztarrak: «Ondo, sartuko ditut ahoan erdian / ta eztula egingo dizut aurpegian». Hamarreko txikian, espetxe batean kontzertu bat jo behar eta, zentsuraren inguruan aritu dira Martin eta Labaka. Irudiekin jolasean hasi da oiartzuarra: «Zuri-beltzean daude marrak hauek, gamak / kartzela bat dirudi gure pentagramak». Goitik beherako bertsoa osatu, lasartearrak: «Jarriko dizkiegu belarriak ketan / arrakala handi bat sortzeko paretan /… / ea nor kabitzen den gure bafleetan». Tren geltoki batean, euskara dela-eta segurtasun langileek emandako tratuaz kantatu dute Peritzek eta Iguaranek, lagun gisa. Noka osatu dute elkarrizketa osoa. «Euskaraz nahi dinagu hala zor delako / trena joan egingo dun hau konpontzerako», ohartarazi dio Peritzek. Errematea, Iguaranek: «Alemanez bagenbiltz ez hunan igualtsu / begira ze botere, gainetik ze ahaltsu / segurtasun honentzat gu gaitun mehatxu». Bakarkako lanak Lehen atala amaitzeko, bi gairekin aritu dira bakarka bertsolariak. Halaxe esan du lehenak: «Kazetaria zara, eta gaur lehen aldiz jarri zaizu oilo-ipurdia elkarrizketa batean». Erditzean jasandako biolentziaz jardun du Labakak: «Kazetari lez grabagailuak bilduko erdimina / nik ere berdin bizi izana ta hitzak jarri ezina». Palestinako egoerari kantatu dio Rekondok, torturari Martinek, eta etorkinen egoerari, Elustondok. «Esan didate ‘zeinahi tokitan izaten gera etorkin / … / kokatu ezinda ibiltzen gera nola zebrak Serengetin’ / … / nahiz denok garen ezkerrekoak, hain ireki eta hain fin / logelatxo bat partekatzen du beste famili batekin». Ikerlari rolean jardun dute bigarren gaiarekin kantatu dutenek: «Aurkeztu duzun ikerketak zeresan handia eman du». Soziolinguistika mundutik jo dute Gaztelumendik eta Artetxek, euskararen egoera mintzagai hartuta. Peritzek, ostera, bertsogintza eta plazan gizonek duten lekua izan ditu aipagai: «Gizonek ez dietela bestei lekurik egiten / orain harritu zarete baina lehendik zenekiten». Iguaranek ere, Labakaren antzera, erditze-geletako tratua izan du mintzagai. Buruz burukoan, zortziko handirako, umeekin partxisean jarri dituzte Martin eta Gaztelumendi, eta jokoa eta jolasa nahasiz, txapelketako testuingurura ekarri dute gaia. «Laztana guztia ez da ego, mimo ta igurtzi / irabaztera ohituta zaude ta behingoz besteoi utzi», kantatu dio Martinek Gaztelumendiri. Ondo segi dio jokoari Gaztelumendik: «Ez zaiteztela mesedez hasi, Beñat galtzeko eske / nik irabazten ezin det utzi zuek gailendu zaitezte». Bakarka aritzeko, berriz, herritarrek «Euskal Herriarekiko gero eta atxikimendu txikiagoa» dutela, horixe izan dute gaia. Baikor amaitu nahi izan dute biek. Halaxe bukatu du Martinek: «Nora iritsi nahi dugun nola joan ezkutuka / izan baikor ta eragin, eragin ahaldunduta / dena dago egiteke ezer ez dago galduta». Gaztelumendik, berriz: «Euskal Herri bat nahi nuke zikindua, lokaztua / orain ertzean daudenei jartzen diena gustua / umetatik sormenean ta kulturan arnastua / ertzak maite dituena ta euskaran ardaztua».
Oriol Junquerasek berriz hartuko du ERC Esquerra Republicana de Catalunyako zuzendaritza. Bozen bigarren itzulian zehaztu da alderdiaren buruzagitza: alderdiaren oinarrien %52,2k babestu dute Junquerasen hautagaitza, eta %42,2k bozkatu dute Xavier Godas Ezker Nazional Berria hautagaitzaren buruaren alde. Junqueras 2011tik aurtengo ekainera arte izan da ERCko presidente. Orain, botoen gehiengoa eskuratuta, Militancia Decidim hautagaitzako presidentegaiak berriz ere alderdiaren buruzagitza hartuko du, eta Elisenda Alamany izango da idazkari nagusia. Bozek alderdiaren barneko zatiketa azaleratu dute, baina horren aurrean, ERCko presidente izango dena ez da kezkatuta agertu. Emaitzak ezagutu ostean emandako prentsaurrekoan, nabarmendu du hautagaitzen garaia amaitu dela, eta guztiek «alderdi bakarra» osatzen dutela. Eta militantzia osoarentzat lan egingo duela ziurtatu ostean, azpimarratu du ERCk gai izan behar duela alderdira jende gehiago erakartzeko. Botoen %42,2rekin, Godasek lehen itzulian baino hurbilago izan du Junqueras. Vilassar de Dalteko alkatea izandakoaren (2011-2019) alde egiteko eskatu dute, besteak beste, Pere Aragones Generalitateko presidente ohiak (2021-2024) eta Marta Rovira alderdiaren idazkari nagusi izandakoak (2011-2024). Baina Ezker Nazional Berriko hautagaiak ez du Militancia Decidimekoak bezainbesteko babesik lortu. Halere, Godas lanean jarraitzeko asmoz agertu da emaitzak ezagutu ostean emandako prentsaurrekoan: «Elkarren ondoan egin beharko dugu lan alderdia bateratzeko». Jakinarazi du ez duela asmorik Junquerasen zuzendaritzako parte izateko, eta ziurtatu du aldaketa «saihetsezina» dela: «ERCk ziklo berri bat hasi behar du, herritarrengana berriz hurbiltzeko». 8.032 militantek zeukaten botoa emateko aukera, eta 6.585ek bozkatu dute, hau da, oinarrien %81,98k. Lehen itzulian baino militante gehiagok eman dute botoa gaur; aldi hartan oinarrien %81,35ek eman zuen botoa. Duela bi aste egin zuten lehen itzulia, azaroaren 30ean. Hartan, Godasen hautagaitzak bozen %35 eskuratu zituen, eta Junquerasenak, %48. Hala, inork ez zuenez %50en langa gainditu, boto gehien lortutako bi hautagaitzek bigarren itzulia egin behar izan dute gaur. Bestetik, ERCren buruzagitzarako lehiatik kanpo geratu zen Helena Solaren Su Berria hautagaitza. Sozialisten gaineko jarrera Gaurtik aurrera, zuzendaritza berriak erabaki beharko du alderdiak zer norabide hartuko duen. Argitzeko dago norantz egingo duen ERCk alderdi sozialisten inguruan duen jarrerak. Batetik, ERCren botoei esker izendatu zuten abuztuan Salvador Illa (PSC) Kataluniako presidente. Bestetik, Espainiako Diputatuen Kongresuan alderdiak dituen zazpi diputatuak funtsezkoak dira Pedro Sanchez (PSOE) Espainiako presidentearen gobernuak aurrera egin ahal izateko. Hain justu, Alderdi Sozialista gobernuetan egoteak Katalunia «arriskuan» jartzen duela ohartarazi du gaur Jordi Turull JxC Junts Per Catalunyako idazkari nagusiak. ERCk buruzagitza hautatzeko bozketa egin duen egun berean, JxCk Kontseilu Nazionala egin du. Hartan mintzatu da Turull, eta adierazi du nazio katalanarentzat «suntsitzailea» izan daitekeela sozialistak gobernuan egotea Bartzelonan, Katalunian zein Espainian. Kontseilu berean hitz egin du telematikoki alderdiko presidente Carles Puigdemontek, eta PSOEri abisatu dio prest daudela beren gain hartzeko Sanchezen gobernuarekin harremanak hausteak eragingo lituzkeen «kalte politiko zein pertsonalak».
Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa egin dute milaka lagunek Bilbon. Etxebizitzaren sindikatu sozialistako ordezkari Karla Pisanok salatu du etxebizitzarekin batzuek egiten duten “negozioa” dela arazorik larriena.