Elordik eta Zabaletak seigarren puntua lortu dute
Egoerak baldintzatuta, Binakako Txapelketako seigarren garaipena lortu dute Elordik eta Zabaletak. Altuna III.aren eta Arangurenen aurka indarrak neurtzekoak ziren gaur Gasteizko Ogeta pilotalekuan, baina ez bata ez bestea ez zegoen jokatzeko moduan, eta Zabala-Bikuña bikotea izan da haien lekua hartu duena. Gauzak horrela, 22-12 irabazi dute faboritoek. 50 minutu eskas iraun ditu partidak. Zabala eta Bikuña gogotsu hasi dira, oldarkor, baina tantoek aurrera egin ahala itzali egin dira. Agerikoa izan da esperientzia falta. Bereziki ondo hasi da Zabala (5-6), baina Elordik sakearekin asmatu duenean berehala handitu du tartea (12-6). Zazpi tanto egin ditu gisa horretan Mallabikoak. Horren ostean, gorrien akats batzuk tarteko, gerturatu dira markagailuan urdinak (15-11). Azkenean, ordea, logika izan da nagusi, eta seigarren puntua poltsikoratu dute Elordik eta Zabaletak. [articles:2135938]