Ekainean hasiko da martxan linea hori. Udan, 13 ibilbide eskainiko ditu egunero noranzko bakoitzean, eta 9 neguan. Txartelek 15 euroko prezioa izango dute.
SegurCaixa Adeslasek hartutako erabakiarekin bat egin du DKVk eta ez du Espainiako Gobernuak martxan jarritako bigarren deialdian parte hartuko, lehena hutsik amaitu ostean.
Espainiako Kopan lehian ari diren hiru euskal taldeek, Athleticek, Osasunak eta Realak, badakite noren aurka jokatuko duten hurrengo kanporaketan, final-zortzirenetakoan. Derbia egongo da, zozketak elkarren pare jarri baititu zuri-gorriak eta gorritxoak. Zozketak, halaber, mesede egin dio Bizkaiko taldeari, etxean jokatuko baitu kanporaketako partida bakarra, San Mamesen, hilaren 16an, 19:30ean. Realak ere zortea izan du zozketan. Rayo Vallecanoren aurka jokatuko du. Ez dago kexatzeko moduan, aurkari apalagoak baitzeuden, baina baita indartsuagoak ere. Hori gutxi ez, eta abantaila izango du, bere zaleen babesean ariko baita, Anoetan, hilaren 16an, 19:30ean. Athleticek eta Osasunak bosgarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka Kopan; lehen aldiz, neurketa bakarrera. Estatistikak zuri-gorrien aldekoak dira, hirutan sailkatu baitira: 1955-1956ko, 1960-1961eko eta 2008-2009ko denboraldietan. Hala ere, parez pare aritu ziren azkeneko aldian, duela bi urteko finalerdietan, gorritxoek egin zuten aurrera. Orduko hartan Sadarren jokatu zuten joaneko norgehiagoka, eta Osasunak 1-0 irabazi zuen, Ez Abdek sartutako golari esker. Itzulikoan, San Mamesen, Iñaki Williamsek kanporaketa berdindu zuen lehen zatian. Ez zen gol gehiagorik izan arauzko denboran, eta luzapena jokatu behar izan zuten. Eta orduan, 116. minutuan, Pablo Ibañezek gol erabakigarria sartu zuen area kanpotik. Gol horri esker sailkatu zen Jagoba Arrasatek entrenatutako taldea finalerako. Hala, talde gorritxoak Kopako finala jokatu zuen hemezortzi urteren ostean. Real Madrilen aurka galdu zuten gero, Sevillako Cartuja estadioan (Espainia): 2-1. Espainiako Ligan, duela gutxi jokatu dute bi taldeek elkarren aurka: iazko azkeneko partida izan zen, abenduaren 21ean, Sadarren. Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak irabazi zuen derbia: 1-2. Etxekoek oso ondo ekin zioten lehiari, Lucas Torrok sartu baitzuen lehen gola, 25. minutuan. Pozak, ordea, gutxi iraun zien, sei minutu geroago Gorka Guruzetak banakoa sartu baitzuen. 74. minutuan, berriz, Athleticen garaipenaren gola sartu zuen Alex Berenguer Osasunako jokalari izandakoak. Arantza atera nahi du Realak eta Rayo Vallecanok, berriz, hirugarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka Kopan. Berdinduta daude bi taldeak: 1965-1966ko denboraldian, txuri-urdinek egin zuten aurrera, Vallecasen bana berdindu eta Atotxan 2-0 irabazita. 2009-2010eko denboraldian, ordea, Rayo Vallecanok Reala kanporatu zuen, Anoetan 0-2 nagusituta. Madrilgo taldeak ere irabazi egin du bi taldeek elkarren kontra jokatutako azken neurketan. Denboraldi honetako ligako aurrenekoa izan zen, Anoetan. 1-2 nagusitu zen Iñigo Perezek entrenatutako taldea. Jorge de Frutosek eta Sergio Camellok sartu zituzten partidako lehen bi golak, bigarren zatian, eta Martin Zubimendik etxekoen bakarra, neurketaren hondarrean. Realak joera txarra eten nahi du, eta, bide batez, arantza atera. Horixe egin nahi du Takefusa Kubok. «Ea ahal dugun gure zaleen aurrean irabazi eta kanporaketa gainditu. Etxean, eta partida bakarrera, zaleak hauspotu behar ditugu, Rayo Vallecano kanporatzeko».
Bolada onean zetorren Athletic, txarrean Bartzelona. Baina gauzak zer diren: eroso aritu da Kataluniako taldea, eta ezinean, berriz, Bizkaikoa. Espainiako Superkopako finalerdiak jokatu dituzte, Jiddan, eta 0-2 irabazi dio Bartzelonak Athletici. Hirugarren Superkopako garaikurra nahi zuten lehoiek, baina finala usaintzera ere ez dira iritsi, bukaeran estutu arren, hasi eta buka nagusitu direlako Hansi Flickek zuzendutako jokalariak. Erritmo bizia eta intentsitate handia dira Athleticen dohainetako bi, eta hala hasi da neurketa, baina ez talde zuri-gorriaren alde. Bartzelonak izan du jokoaren gidaritza lehen minutuetan, baloia alde batetik bestera ondo mugituta, eta Athletici asko kostatu zaio neurketan sartzea. Laugarren minuturako pare bat abisu emanak zituen Kataluniako taldeak; hamazazpigarren minutuan eman du, berriz, lehen kolpea. Ezker hegaletik egindako jokaldi baten ostean, Baldek pasea atzera bidali dio Gaviri, eta hark bakar-bakarrik egin du errematea, markagailuan 0-1ekoa jartzeko. Maldan gora jarri zaio kanporaketa talde zuri-gorriari. Markagailua kontra, eta zelaian ere aurkaria nagusi. Ohi bezala, presioa goian egin du Athleticek, baina lehen ordu erdian Bartzelonak asmatu du estualditik irten eta jokaldiak harilkatzen. Gero, Bartzelona itzali ahala, Athletic esnatu da, eta saiatu da aurkaria xaxatu eta haren ate ingurura arriskuarekin iristen. Zertzelada batzuen ondoren, lehen zatiko azken minutuan izan du aukera garbiena: Yuriren erdiraketa ate aurrean errematatu du Iñaki Williamsek, baina Szczesnyk geldiketa on batekin erantzun dio. Hasiera batean Iñaki Peña zen Bartzelonaren atean jokatzekoa, baina entrenatzaileak zigortu egin du aktibatze saiora berandu iristeagatik. Bide beretik Lehenengoaren bidetik, nagusi hasi du Bartzelonak bigarren zatia ere, joko bizkorrarekin Athletic ezustean harrapatu nahian. Hala, gutxira eman du bigarren kolpea. 52. minutuan Lamine Yamalek area ertzean baloia hartu, buelta erdia eman, eta Unai Simonen aurrean baloia sareetara bota du, dotore. Lesiotik distiratsu itzuli da Bartzelonako izarra. Bi minutura, kanporaketa erabakita uztekotan egon da Lewandowski, baina gora jaurti du baloia. Ez dute gol gehiagoren beharrik izan, hala ere, finalera sailkatzeko. Erraz aritu da Bartzelona. Lehen begi-kolpean, bazirudien esfortzu handirik egin gabe aritu dela Athletic azpiratzen. Jokalari apartak ditu Kataluniako taldeak, kalitate handikoak, eta zelaian elkar ulertzen dutenean, zaila da halako talde bati aurre egitea. Gainera, Athleticen hainbat jokalari garrantzitsu falta ziren, tartean, Sancet eta Nico Williams. Min hartuta, azken ordura arte duda zen jokatzeko moduan izango ote ziren. Aulkian ere ez da egon Sancet: bigarren zatian zelairatu da, berriz, Nico Wiliams. Hain zuzen, taldea suspertu nahian, aldaketa hirukoitza egin du Ernesto Valverdek: Vesga, De Marcos eta Williams gazteena zelairatu ditu. Ez da gehiegi berpiztu taldea; hala ere, estutu du azken minutuetan. Horren erakusle, partida amaieran baliogabetutako bi golak. 82. minutuan, gola sartu du De Marcosek, baina jokoz kanpo zegoen. 89. minutuan, berriz, Frenkie de Jongek baloia galdu, Iñaki Williamsek jaso, eta atezainaren aurrean ez du huts egin. VAR sistema bidez, ordea, epaileak baliogabetu egin du, baloia Williamsena heldu aurretik Djalok ukitu duelako, eta beraz, jokoz kanpo zegoelako. Saudi Arabian jokatu da kanporaketa, diruaren hotsak hara eman zuelako txapelketa. Athleticekoek izan dute, hala ere, zale batzuen bultzada. Igandean izango du finala Bartzelonak, bihar jokatuko den Real Madrilen eta Mallorcaren arteko finalerdietako irabazlearen aurka.
Bilera Industria Ministerioak sustatu du, eta bertan BSH taldeak Alemanian dituen ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza batek parte hartuko dute; azken horrek batzordearen interesak ordezkatuko ditu.
Nafarroako Pilota Federazioan presidente aldaketa egon da: Andrea Lusarretak hartu du Javier Conderen lekukoa —Condek bost urte eman ditu kargu horretan— . Federazioaren historiako lehen emakumezko presidentea da. Lusarreta izan da, hain zuzen, 2025-2028 aldirako aurkeztu zen hautagai bakarra; beraz, ez da ezustekorik izan. Gaur hartu du kargua, Labrit frontoian. 28 urte ditu Nafarroako Pilota Federazioko presidente berriak, Labianokoa da, eta 2021etik, Zizur Nagusiko Udaleko Kirol koordinatzailea. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua, lotura estua du aspalditik pilotarekin. Atarrabian hasi zen esku pilotan, eta gomazko paletan aritu da gero Oberena, Pilotajauku eta Gure Pilota klubetan. Nafarroako gomazko paleta trinkoko hautatzaile gisa ere aritu da, eta 2020an Nafarroako Pilota Federazioko Emakume eta Pilota Batzordeko bozeramaile izendatu zuten.
Herritarrek kalera jo dute azken hilketa matxista salatzeko. Ostiralean, 84 urteko emakume bat hil zuten Barakaldon (Bizkaia), eta haren semea atxilotu zuten, hiltzailea zelakoan. 2025eko lehen hilketa matxista eta orobat emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpide guztiak gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte Barakaldon bertan eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta. Barakaldon, Bide Onera plazan egin dute elkarretaratzea. Justizia jauregiaren aurrean, bi pankarta zabaldu dituzte, Erasorik ez erantzunik gabe eta Indarkeria matxistak milaka aurpegi esaldiekin, eta herritarrak haien atzean paratu dira, «Erasorik ez», «Autodefentsa feminista» eta antzeko oihuak egiten zituzten bitartean. Zirta Barakaldoko feminista gazteen taldeak ere beste pankarta bat zabaldu du, Maite zaituenak ez zaitu erailtzen leloarekin. Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun diputatua, Trinidad L. Vicente Berdintasun zuzendaria, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea eta Barakaldoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zenbait zinegotzi ere egon dira protestaldian. «Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude», azaldu du Barakaldoko mugimendu feministak, protestaldiaren amaieran irakurritako agirian. «Indarkeria matxistak ez du etenik, eta mugimendu feministan kalera irteten jarraitu besterik ezin dugu egin». Gogorarazi dute 2025eko lehen hilketa matxista izan dela Barakaldokoa, baina 2024an beste sei izan zirela. Arazo soziala Barakaldoko mugimendu feministaren aburuz, indarkeria matxista «egiturazko arazoa» da, eta emakumeek pairatzen dituzten «desberdintasun eta diskriminazioen ondorio zuzena» da. «Ez da arazo indibiduala, ezta pribatua ere», zehaztu dute; «arazo soziala da, eta modu kolektiboan erantzuteko erantzukizuna dugu». Feministek nabarmendu dute indarkeria matxistak «mila aurpegi» dituela, eta gizonek bikotekideen edo bikotekide ohien kontra eragindako bortxaz gain badaudela beste indarkeria matxista batzuk, «ikusezinagoak» baina besteak bezain larriak: «Indarkeria matxista senitartekoek ere eragin dezakete; horrek askoz zailago egiten die hura pairatzen duten emakumeei indarkeria hori identifikatzea eta horretaz jabetzea». Bereziki larria begitantzen zaie adineko emakumeen kasua, haien «kalteberatasuna eta mendekotasuna» dela eta. Azaldu dutenez, askok «urteak eta urteak» ematen dituzte abusuak eta tratu txarrak pairatzen, salatzeko aukerarik izan gabe. Feministen iritziz, Barakaldon izandako hilketak agerian utzi ditu biktimei arreta emateko sistemaren gabeziak: «Non daude prebentzio, babes, laguntza edo koordinazio eraginkorreko baliabide eta neurriak?», galdetu dute, eta eskatu protokolo, neurri eta baliabide guztiak «sakon eta zorrotz» aztertzeko, benetan eraginkorrak izan daitezen eta ez «marketin instituzionalaren parte». Erakunde eta administrazio publikoei interpelazioa egiteaz gain, «kaleko presio sozialaren eta salaketa publikoaren garrantzia» ere nabarmendu dute feministek, eta euren «erantzukizuna eta konpromisoa» berretsi dituzte, indarkeria matxista kalean salatzen jarraitu eta «bizitza duin eta indarkeriarik gabekoak» exijitzeko. Elkarretaratzea hasi aurretik, Argitan Barakaldoko aholku etxeko kide Mireia Saizek adierazpenak egin ditu. Hilketa gaitzesteaz gain, gogorarazi du familia esparruan adineko emakumeen kontra egindakoa dela «indarkeria matxistaren molderik ikusezinenetako bat», eta arazo hori azaleratzeko beharra nabarmendu du. Halaber, erakunde eta administrazio publikoei «autokritika» egin eta euren jardunbidea zorrotz aztertzeko eskatu die: «Argi dago gaur egun indarrean dauden protokoloek ez dutela funtzionatzen, eta horrek babesik gabe uzten ditu emakumeak». Bilbon, Arriaga antzokiaren aurrean egin dute elkarretaratzea; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan; Donostian, Bulebarrean; eta Iruñean, berriz, Udaletxe plazan.
Jean-Marie Le Pen FN Fronte Nazionala Frantziako eskuin muturreko alderdiaren liderra eta sortzailea izandakoa hil da. 96 urte zituen. Jada egun batzuk zeramatzan osasun etxe batean. Haren senideek jakinarazi dute hil dela, ohar baten bidez. Politikari ultraeskuindarrak zeresan handiko ibilbidea izan du, hein handi batean jendaurrean egindako adierazpen arrazista eta antisemitengatik. Are, hainbatetan leporatu zioten gizadiaren aurkako krimenak ukatzea eta Holokaustoaren apologia egitea. Duela 50 urte pasa sortu zuen alderdia, 1972an, eta, besteak beste, Frantziako Asanblea Nazionalean diputatua izan zen (1959-1962 eta 1986-1988), baita Europako Parlamentuko parlamentaria ere (1984-2003 eta 2004-2019). Le Penenen adierazpenek zeresana eman ohi zuten. Holokaustoa hizpide hartuta, adibidez, adierazi zuen Bigarren Mundu Gerrako «xehetasun bat» baino ez zela izan. Gainera, sasoi hartan Vichyko gobernu kolaborazionistak izandako jarrera defendatu zuen. Hainbatetan zigortu zuten gizadiaren aurkako krimenak ukatzeagatik. Horrekin lotuta, 2014an iradoki zuen ebola izurritearen hedapena irtenbide bat izan zitekeela «munduko arazo demografikoari» aurre egiteko. Marine Le Pen alaba bezalaxe, hura ere epaitzen ari ziren, Europako Parlamentuak emandako funtsak desbideratzea egotzita. Marine Le Pen da, hain zuzen, RN Batasun Nazionala alderdi ultraren liderra ——Fronte Nazionala zen 2018ra arte—. Osasun arrazoiak zirela medio, Le Pen aitak baimena zuen prozesu judizial horretan epaileen aurrean ez agertzeko. Jean-Marie eta Marine Le Pen aita-alabak, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT / EFE Alderdi ultraeskuindarraren buru izan zen 39 urtez, 1972tik 2011ra. Urte hartan, haren alabak hartu zuen alderdiaren presidentetza, eta segida eman zion aitaren ibilbide politikoari. 2011n bertan, Jean-Marie izendatu zuten Fronte Nazionaleko ohorezko presidente. Baina zazpi urte geroago, 2018an, alderdiaren estatutuak aldatu zituzten, eta ohorezko presidente kargua kendu zioten Le Pen aitari, Holokaustoaren inguruan egindako adierazpen polemikoen harira. Horrez gain, alderdiaren izena aldatu zuten, itxura moderatuagoa emate aldera. Lider ultraeskuindarra bost aldiz aurkeztu da Frantziako presidente izateko hautagai. 2002an izan zuen presidentetza gertuen: hauteskundeen lehen itzulian, aurrea hartu zion presidentegai sozialista Lionel Jospini; bigarren itzulian, ordea, Jacques Chirac kontserbadorea alde handiarekin gailendu zen. Politikan murgildu baino lehen, bestalde, Frantziako armadan egon zen, atzerriko legioaren paraxutisten erregimentuan. Besteak beste, parte hartu zuen Aljeriako Independentzia Gerran (1954-1962). Garai horretan atxilo hartutakoak torturatzea leporatu izan diote. Adierazpen polemikoak Politikaren lehen lerroan egon zen urteetan, adierazpen polemikoak egin zituen Jean-Marie Le Penek. Aljeriako Gerrako torturekin lotutako akusazioen harira, hauxe esan zuen 1962ko azaroaren 9an, Combat egunkarian argitaratutako zutabe batean: «Torturatu egin nuen, egin behar zelako». Urte batzuk geroago, diskoetxe bat sortu zuen. Haren bidez, eduki politikoa zuten diskoak ekoitzi eta zabaldu zituen. Besteak beste, Hirugarren Reichari buruzko disko bat sortu zuen, zeinak garai hartako kantuak eta diskurtsoak jasotzen zituen. Tartean, mezu hau aipatzen zen: «Adolf Hitler eta Alderdi Nazionalsozialista boterera heltzeko bidea, masen mugimendu indartsu bat ezaugarri zuena, erabat popularra eta demokratikoa izan zen azken finean». Politikaren lehen lerroa utzi zuen garaian ere, 2010ean, hau esan zuen Parisko CFJ Kazetaritzan Prestatzeko Zentroko ikasleen aurrean: «Nazionalsozialismoan sozialismoa egon zen. Eduki sozialista nabarmena zuen programa horrek, eta Alemaniako gizartea eraldatzea lortu zuen». Bide beretik, behin baino gehiagotan aitortu zuen ez zuela sinisten «arrazen arteko berdintasunean». Adibidez, hau esan zuen 1996. urtean, Frantziako hedabide batean egindako elkarrizketa batean: «Agerikoa da. Historiak erakusten du. Arraza guztiek ez dauzkate gaitasun berak, ezta garapen maila bera ere». Erreakzio katea Frantziako alderdi ultraeskuindarreko sortzailearen heriotzak erreakzio kate bat eragin du han. Gaur egun Batasun Nazionaleko presidente dena, hau da, Jordan Bardella izan da haren inguruan hitz egin duten aurrenekoetako bat: «Jean-Marie Le Penek beti egin du lan Frantziaren alde, beti defendatu ditu herrialdearen identitatea eta subiranotasuna». Antzerako mezua zabaldu du alderdiak, komunikatu baten bidez: «Batasun Nazionalarentzat, beti izango da ekaitz betean borrokan jarraitu duen politikaria, eta hari zor diogu gure alderdiaren bilakaera indartsua». Frantziako beste goi kargudun batzuek ere hitz egin dute hari buruz; kasurako, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta François Bayrou lehen ministro izendatu berriak. Nolanahi ere, biek ala biek nabarmendu dute zer-nolako ibilbide polemikoa izan zuen. «Eskuin muturreko figura historiko bat da, eta rol nabarmena izan zuen herrialde honetako politikan ia 70 urtez. Orain, historiak epaituko du», esan du Macronek. LFI Frantzia Intsumisoko lider Jean-Luc Melenchonek gogorrago hitz egin du: «Errespetatzen ditut haren senideen mina eta dolua, baina horrek ez ditu ezabatzen hark egindakoak. Jean-Marie Le Penen ekintzak barkaezinak dira. Gizonaren aurkako borroka bukatu da, baina gorrotoaren, arrazismoaren, islamofobiaren eta antisemitismoaren aurkako borrokak bere hartan dirau».