Zetak taldeak bitan beteko du Illunbe irailean, eta hirugarren…
«Nafarroa Arenako Mitoaroa amaituta zer, Pello?». Larunbateko Iruñeko kontzertuko azken akordea eman eta berehala aurkeztu zuten hurrengo erronka Zetak taldeko kideek. Iruñeko bi emanaldietan leporaino bete zuen aretoa Pello Reparazek gidatutako taldeak, eta, larunbatean, bideo bidez eta Aaztiyen diskoaren mundu sinbolikoa osatzen duten izakietako baten ahotsean iragarri zuten irailaren 6an Donostiako Illunben ikuskizuna eskaintzeko asmoa. Baina hori ere labur geratu zaio. Ordu gutxian saldu dituzte lehen emanaldi horretako sarrera guztiak. Bigarren data bat ere iragarri dute orduan: irailaren 5ean, eta baita, gero, hirugarren bat ere: irailaren 7koa. Saio horietarako sarreren salmenta ere ziztuan joan da, eta 14:30etik aurrera, jada, azken emanaldi horretarako ticketak baino ez daude eskuragarri. Sarrerak Mitosarrerak.eus webgunean eskuratu daitezke. [articles:2135652] «Ezin sinetsita gaude jaso dugun erantzunarekin». Mitoaroa-n izan ziren ikusleek gaur 08:00etan izan dute sarrerak aurresalmentan erosteko aukera, eta 10:00etan hasi dute salmenta orokorra. Handik ordubete eskasera, data berria iragarri dute, erosketa ilara birtualak hainbat ordukoak direla ikusita. «Badakigu asko eta asko arazoak izaten ari zaretela webgunearekin, eta benetan sentitzen ditugu eragozpenak». «Eskaera kopurua astakeria bat da; ez dugu sekula halakorik ikusi» PELLO REPARAZ Musikaria Baina bigarren hori ere labur geratu zaie. Kontzertu horren sarrera gehienak ere ziztuan saldu dira. Ia-ia amaituta egon dira 13:00etan, eta sarrerak eskuratzeko webgunean hirugarren kontzertu baterako sarrerak erosteko aukera ere zabaldu dute orduan. Irailaren 7an da hirugarren saio hori, Illunben bertan. Hortik ordu eta erdira jakinarazi dute ostiraleko kontzertuko sarrera guztiak amaitu direla, eta igandeko saioko pistako sarrera guztiak ere salduak izan dituzte ordurako. Harmailetako sarrerak baino ez dira geratzen, beraz, irailaren 7rako. Barkamena eta eskerrak «Barkatu, barkatu, barkatu eta barkatu mila aldiz». Eguerdian hitz horiekin hasten den bideo bat zabaldu du Pello Reparazek taldearen Instagram kontuan, eta emanaldien eta sarreren erosketari buruzko nondik norakoen berri ere eman du. «Eskaera kopurua astakeria bat da; ez dugu sekula halakorik ikusi», aitortu du. Webgunea erortzeko arriskua ikusita, itxaron ilara motelago bat jarri behar izan dute martxan, eta hortik itxaronaldiak. Harrera jendetsu hori alde batetik «polita» dela onartuta ere, «etsigarria» ere badela onartu du musikariak. «Ez gara multinazional batekin ari; ticketera independente batekin ari gara», azaldu du Reparazek. «Gurea bezalako lantalde batentzat oso-oso-oso zaila da halako mobida bat kudeatzea». «Lasai ‘fomo’-arekin, ze ez da kontzertu esklusibo bat; lanean ari gara denok geure lekua izateko» PELLO REPARAZ Musikaria Eskerrak ere eman dizkie zaleei, eta lasaitasunerako deia egin du. «Lasai fomo-arekin, ze ez da kontzertu esklusibo bat; lanean ari gara denok geure lekua izateko». Donostian egingo duen ikuskizuna Mitoaroa-n ikusitakoaren antzekoa izango dela iragarri du musikariaren lantaldeak. Euskal Herri osoko inauteriak biltzeko asmoa dutela da nobedadea. Zehaztu dutenez, Lapurdiko kutilun, Abanto-Zierbenako hartza, Zuberoako zamaltzain, Altsasuko maskaritak, Lantzeko Mielotxin eta Ziripot, Lizarrako palokia izango dira oholtzan, besteak beste. View this post on Instagram A post shared by ZETAK (@zetak_org)