Reala ere Kopako final zortzirenetan izango da
Osasuna, Athletic eta Reala Espainiako Kopako final-zortzirenetan izango dira. Txuri-urdinek beste bi euskal taldeek baino gutxixeago sufritu dute kanporaketa gainditzeko, baina gogotik lan egin behar izan dute Ponferradan (Espainia). Neurketa parekatua izan da Ponferradinaren aurka jokatu dutena, baina ate aurrean kalitate gehiago duela erakutsi du Lehen Mailako taldeak. Ohiko hamaikakoan aldaketa batzuk egin ditu Imanol Alguacilek, baina talde lehiakorra zelairatu du. Deialditik kanpo ziren Zubimendi eta Aguerd, eta Pachecok eta Turrientesek bete dituzte haien hutsunean. Gainontzean, Marrero, Olasagasti eta Oskarsson izan dira berrikuntza nagusiak. Realak ez du lehen zati ona egin. Izan ditu gol aukerak —argienak Olasagastiren bat eta Oiartzabalen pare bat—, baina baita Ponferradinak ere. Espainiako Federazioaren lehen mailako taldeak arriskua sortu du kontraerasoan eta geldikako jokaldietan. Atsedenaldira berdinduta heldu dira. Alguacili ez zaio gustatu lehen zatian ikusitakoa, eta bigarren zatia hasterako egin ditu lehen bi aldaketak: Kubo eta Sucic zelairatu ditu Olasagastiren eta Oskarssonen ordez. Realak etengabe bilatu du japoniarra eskuin hegalean, eta hark sortu ditu jokaldi arriskutsu mordoa. Bi kolpe Lehen gola, ordea, ezkerraldetik heldu da. Zelai erdian baloia berreskuratu du Oiartzabalek, Sergio Gomezi eman dio, haren erdiraketa arriskutsua gaizki urrundu du defentsak, eta behar zen lekuan zegoen Realeko kapitaina baloia sareetara bidaltzeko. Zazpigarren gola du aurtengo denboraldian. 54. minutua zen. Ordu laurden geroago ere protagonista izan da Oiartzabal. Sucicek beste baloi bat berreskuratu du, kapitainari pasa dio, eta hark pase zoragarria bidali dio Brais Mendezi. Galiziarrak ez du huts egin atezainaren aurrean. Hogei minutu falta ziren norgehiagoka amaitzeko, baina erabakita zegoen kanporaketa. Ponferradinak estutu du eta egin ditu gol bat gutxienez sartzeko adina meritu. Marrerok, ordea, azken minutu horietan izan du disdira apur bat egiteko parada. Ezustekorik ez El Toralinen, eta hiru lehiaketatan bizirik segitzen du Realak.