Hezkuntzako sukaldari eta garbitzaileen greba gaur, 2025eko urtarrilaren 30ean, jarraipen datuak. Sindikatuen arabera, % 70ek egin dute bat deialdiarekin.
PSE-EEren Bizkaiko idazkari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Mikel Torresek iragarri du bere burua aurkeztuko duela berriro Bizkaiko sozialisten buru izateko. Bere alderdiaren Bizkaiko Batzorde Eragilearen bileran egin du iragarpena: «Berriro aurkeztuko naiz. Bizkaiko sozialista gisa, ohorea eta pribilegioa izango litzateke ostera ere burkide guztien konfiantza izatea. Ibilbide honetan proiektu ilusionagarria eratzen joan gara, eta oso emaitza onak izan ditu». Torresen iritziz, oraindik «gauza asko daude egiteko», eta erantsi du espero duela berriro ere Bizkaiko sozialisten babesa lortzea «elkarrekin lan egiten jarraitzeko». Hamar urte baino gehiago eman ditu Torresek ardura horretan, 2014tik baita PSE-EEren Bizkaiko idazkaria. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua ere bada, eta urte askoan Portugaleteko alkatea ere izan zen (Bizkaia). Bizkaiko sozialistek martxoaren 22an egingo dute X. Biltzarra, Bilboko Euskalduna jauregian, eta han aukeratuko dute idazkari nagusia. Hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 5etik 10era izango da. Epe hori igarota beste inor aurkeztuko ez balitz Idazkaritza Nagusirako, Torres automatikoki berretsiko lukete ardura horretan. Aurreikusita dago biltzarrean 200 bat ordezkarik parte hartuko dutela.
Tenkatzen ari zen Athleticen eta Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldearen arteko harremana, eta, igandean, Leganesen aurkako partidan, are gehiago tenkatu zen. Klubak komunikatu bat atera zuen astelehenean, partida horretan taldea animatzen saiatu ziren Herri Harmailako hainbat kidek jasotako «hersturak eta mehatxuak» salatuz, eta zera gainera zuen: «Animatzen dutenak hertsatzen dituenak ez du tokirik San Mamesen». Klubak dei egin zien «Herri Harmaila osatzen duten beste taldeei eta pertsonei» Viktoria Plzen aurkako partidan taldea animatzeko, «animazio grebari» aurre egiteko eta «taldea defendatzeko». Halaber, jakinarazi zuen bi pertsonari debekatu egin diela San Mamesera sartzea, izan ere, Herri Harmailako beste kide batzuk hertsi zituzten taldea animatzen ari zirelako. Iñaki Williamsek eta Unai Simonek partidaren ostean egindako adierazpenak ere babestu zituen klubak. Simonek, besteak beste, zera esan zuen: «Jendea ez animatzera bultzatzen duten horiek hobe dute etxean geratu». Iñigo Cabacas Herri Harmailak ukatu egin du greban daudela: «Ez dugu sekula hitz hori erabili, eta ez dugu esan jendeak animatu behar ez duenik. Ez dugu inor mehatxatu horregatik», adierazi du Pello Magunagoikoetxeak, Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldeko bozeramaileetako batek. Argi utzi du zer eskatzen dioten klubari: «Ertzaintzaren aldetik jasotzen dugun jazarpena eta isunak ikusita, animazioaren dinamizazio lan horretan ari direnek babesa izatea eskatzen dugu, eta klubaren aldetik konfiantza izatea gure lan horretan jarraitzeko. Ez digute erantzun, eta suari egur gehiago bota besterik ez dute egin; jendea gure aurka jarri. Baina gu hitz egiteko prest gaude». BERRIAk Athleticengana ere jo du, eta taldeak adierazi dio asteleheneko oharrean esandakoa berresten duela. «Dei egiten diegu Herri Harmaila osatzen duten beste taldeei eta pertsonei Viktoria Plzen aurkako partidan taldea animatzeko» ATHLETIC Herri Harmaila San Mames Orroa dinamikari esker sortutako animazio harmaila da. Horren bidez lortu zen ezohiko batzar batean bazkide konpromisarioek Herri Harmailaren sorrera onartzea. 4.000 zale inguruk osatzen dute. Gehienak norbanakoak dira, baina beste batzuk kolektibo edo taldetan bilduta daude. Jendetsuenetakoak Iñigo Cabacas Herri Harmaila, Euskal Lions eta Piratak taldeak dira. Hain zuzen, Ertzaintzak Iñigo Cabacas hil ondoren sortu zen Iñigo Cabacas Herri Harmaila, hainbat zale talde biltzen zituen koordinakunde gisa. Denborarekin, eta Herri Harmailaren sorrera onartu zenean, talde bakoitzak bere dinamika zuela ikusi zuten. Horregatik, bakoitzak bere bidea egitea erabaki zuten. Iñigo Cabacas Herri Harmaila talde propio bat bezala hasi zen funtzionatzen, koordinakunde izaera alde batera utzita. «Ordutik animazio ekintza eta dinamika gehienak guk bultzatu ditugu». Magunagoikoetxeak azaldu du Ertzaintzak hasieratik jazarri ziela. «Beraien kontrol edo ideologiatik kanpo dagoen edozein taldek jasan du hori. [Ertzaintza] hasieratik egon zen Herri Harmaila sortzearen kontra, eta klubari jakinarazi zioten». Aitor Elizegiren agintaldian egin zen bozketa hori. «Harekin eta haren zuzendaritzarekin ere eztabaidak zeuden, eta Ertzaintzaren jazarpena hor zegoen. Baina klubak ez zuen haien diskurtso guztia aintzat hartzen, eta bitartekari lana egiten zuten». Uriarterekin «okerrera» Baina Jon Uriarteren zuzendaritza etorri zenean, hori aldatu egin zela uste du. «Oinarrian dago ez dutela gogoko izan herri harmaila bat egotea. Funtsa harmailaren izaera herrikoi horretan dago. Herri harmaila baten balioa ez da soilik animatzea, aldarrikapen sozial eta politikorako leku bat ere bada: antifaxista, arrazakeriaren aurkakoa, feminista… Zuzendaritza honek, ordea, animatu besterik egiten ez duen harmaila bat nahi du, politikoki eta sozialki desaktibatuta dagoena. Presidenteak berak hala esan du bazkide konpromisarioen batzarretan galderak egin dizkiogunean». Magunagoikoetxeak azaldu du iragan denboraldian bederatzi isun jaso zituztela, eta, epaitegietara jo ostean, denak bertan behera geratu zirela. «Isun horiek ziren, besteak beste, Palestinaren, Amnistiaren eta Pablo Gonzalezen askapenaren aldeko banderak ateratzegatik. Baina baita hainbat kantu abesteagatik ere». «Zuzendaritza honek animatu besterik egiten ez duen harmaila bat nahi du, politikoki eta sozialki desaktibatuta dagoena» PELLO MAGUNAGOIKOETXEA Iñigo Cabacas Herri Harmailako bozeramailea Aurreko denboraldian harremana «nahiko ona» izan zen, baina okerrera egin du: «Gurekin hartu-emanak zituzten pertsonak aldatu zituzten, eta egotzi ziguten Espainiako Kopako finalean atera genuen tifoan bengalak eta petardoak aurkitu zituztela. Baina esan genien guk ez genuela zerikusirik horrekin. [Tifoa] Cartujan jarri zenean, gure jendea, klubeko langileak eta Polizia ibili ziren dena kontrolatzen. Inork ez zuen ezer ikusi, eta gero egin zuten miaketa batean agertu omen ziren. Hor Poliziak aukera ikusi zuen gure eta klubaren arteko harremanak tenkatzeko». Real Madrilen aurkako norgehiagokan gehiago korapilatu zen egoera. «Hirugarrenez jarraian ertzainak San Mamesera sartu ziren. San Mamesen segurtasunaz arduratzen zen enpresak denbora zeraman zelaiko sarbideetan harmailako jendea identifikatzen. Jendea kexatzen hasi zen, eta segurtasunekoek ertzainei deitu zieten. Oso modu txarrean sartu ziren. Egun horretan, gainera, jaso genuen tratuaz zerbait esan beharrean, Uriartek soilik salatu zuen pertsona batek berari mehatxu egin ziola partida amaitu eta gero». Athleticek oharra atera zuen: «Ez diogu gertatutakoa Herri Harmailari egotzi nahi, bertako kide gehienak kirol legearen, elkartasunaren eta errespetuaren eredu baitira. Eta aldi berean indarkeriaren aurka dugun konpromisoa berretsi nahi dugu». Hurrengo partidan, Vila-realen aurkako partidan, taldea animatzeari utzi zioten. «Animazioaren dinamizazio hori alde batera utzi dugu». Bada, zer geratu zen igandean?: «Pertsona batek erabaki zuen mikrofonoa hartu eta abesten hastea. Gure taldearen inguruko pertsona bat harengana joan zen hitz egitera, eta esan zion ea horrekin arazoa konpontzen laguntzen zuen. Baina ez zion mehatxu egin, eta ez zion esan animatu behar ez zenik. Biek aspalditik ezagutzen dute elkar».
Langileen ordezkariek azaldu dutenez, alderdien “babes aktiboa” eskatuko dute, “Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Gobernuan enpresaren jarraipenerako eta plantillari eusteko beharrezkoa den laguntza instituzionala” lor dezaten.
Arau gutxiago eta betetzeko errazagoak izatea. Burokrazia gutxitzea da, labur batean esanda, Bruselak Europako Batasunaren lehiakortasun arazoei aurre egiteko proposatzen duen neurri nagusia. Era berean, Europako Batasunean biltzen den aurrezkia, 1,4 bilioi euro urtero, bertan inbertitzeko erraztasunak ere eman nahi ditu Europako Batzordeak. Urte hasiera pneumoniak jota igaro ondoren, bere bigarren agintaldiari benetako hasiera eman dio gaur Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak. Stephane Sejourne Ongizaterako eta Industria Estrategirako lehendakariordearen laguntzarekin, Von der Leyenek hurrengo urteetarako helburu nagusiari heldu dio: EBk azken urteetan galdutako lehiakortasuna berreskuratzeko bide orria aurkeztu du, Lehiakortasunaren Iparrorratza izen ponpoxoarekin. Berak eskatuta Mario Draghik egindako txostena gida gisa hartu du batzordeak bere proposamena osatzeko. Europako Banku Zentraleko presidente izandakoak ziurtatu du EB «agonia luze batean» erortzeko bidean dagoela, eta erreformak egin ezean ezingo duela aurrerantzean AEBekin eta Txinarekin lehiatu. Konponbide gisa, produktibitatea hobetzeko, ekonomia digitalizatzeko eta deskarbonizatzeko eta defentsa gaitasuna izateko urtero 800.000 milioi euro inbertitzeko proposatu zuen Draghik. Bruselaren planak ez du halako kopururik ematen, azken finean hurrengo urteetan egingo dituen proposamenak biltzen dituen aterki bat delako. Hiru helburu dituen aterki bat. Honako hauek: 1 Lehiakortasuna berreskuratzea Von der Leyenek onartu du EBko ekonomikoa «estatikoegia» dela eta ez dela nahiko enpresa berritzaile azaltzen. Arazoa ez dago ideietan —patente kopuruan paretsu dabil AEBekin eta Txinarekin—, baizik eta ideia horien herenak baizik ez direla gero enpresa bihurtzen. Hori konpontze aldera, start-up-en sorrera errazteko bi estrategia jarriko ditu indarrean, eta haiengana kapitala iristea bultzatuko du. EBko merkatu bakarra 27 estatukideen arau propioekin funtzionatu duenez, beste erregimen bat sortu nahi du, 28.a, nahi duenak «EB osorako balioko duen arau sinple eta bakar bat» eskura izan dezan. Gainera, adimen artifizialean inbertsio handiak egin nahi ditu EBk, bai gigafaktoriak eraikitzeko, bai AA garatzeko eta hura enpresetan aplikatzeko, eta sektore batzuetan indarra jarriko du: material aurreratuak, bioteknologia, teknologia kuantikoa, robotika eta espazioa. 2 Deskarbonizazioa Von der Leyenek argi utzi nahi izan du arazoak arazo EBk ez diela uko egingo bere ekonomia deskarbonizatzeko helburuei. Horrela, 2030erako gas kutsagarrien emisio garbia 1990ekoa baino %55 txikiagoa izatea eta 2050erako zerora jaisteko xedeari eutsiko dio, «harrian zizelkatuta daudelako». Adierazi du epe horiek betetzea ona dela bai planetarentzat eta bai enpresentzat, inbertsioak egiteko testuinguru bat ematen dielako. Baina onartu du trantsizio energetikoak arazoak ere sortzen dituela, eta horietako bat dela energiaren prezioa «oraindik oso handia dela». Aste gutxi barru Industria Garbiaren Araua aurkeztuko du Bruselak, lehiakortasunean oinarritutako deskarbonizazio estrategia. Prezioak jaisteko neurriak eta trantsizioan dauden industrientzat baimenak bizkor emateko beste plan bat ere aurkeztuko ditu. EBko industriaren gaur egungo euskarriek —altzairua, autogintza eta kimika industria— beren plan propioak izango dituzte. Hain zuzen ere, bihar bilduko da Von der Leyen auto industriako ordezkariekin, eta ez dute baztertzen orduan iragartzea bertan behera geratuko direla CO2 emisio muga berriak aurten betetzen ez dituzten autogileentzat. 3 Menpekotasunak txikitzea Von der Leyenek gogorarazi du EB lehena dela beste batzuekin merkataritza itunak egiten —76 herrialderekin ditu gaur egun— eta horretan jarraituko dute, «hori baita menpekotasunak txikitzeko modurik onena». Beste akordio mota berri bat proposatuko du orain, «lehengaien, energia garbiaren, erregai jasangarrien eta teknologia garbiaren hornidura bermatzeko». Baina, aldi berean, protekzionistatzat jo daitekeen neurri bat ere proposatuko du: sektore eta teknologia kritikoetan EBko produktuei lehentasuna ematea lehiaketa publikoetan. Hori da, hain zuzen ere, EBko industria eolikoak eskatzen duena, ez gertatzeko fotovoltaikoari gertatutakoa —praktikoki Txinaren menpe geratu da—. Lehiakortasunerako tresnak AEBetatik datorren haizea baliatuta, EBn ere araudiak sinplifikatzeko eskatzen ari dira azkenaldian enpresa handiak. Presio horrek fruitua eman du: Europako Batzordearen asmoa da tramite burokratikoak %25 arintzea enpresa handientzat, eta %35 gutxienez txikientzat. Datorren hilean aurkeztuko du proposamena. Inbertsioak egiteko kapital publikoa izango da, baina Bruselaren asmoa da kapital pribatua ere erakartzea; Von der Leyenen arabera, egon badagoelako. «Ez zaigu kapitala falta. Urtean 1,4 bilioi euroren aurrezkia pilatzen da EBn, baina finantza merkatu eraginkor bat behar da aurrezki horren zati bat inbertsioetara bideratzeko». EB osorako balio duten aurrezki eta inbertsio produktu berriak aurkeztuko ditu Batzordeak. Merkatu bakarrari jartzen zaizkien barne trabak kentzeko estrategia bat izango da. Gaur egun EBk funts asko ditu, eta Von der Leyenek aitortu du enpresentzat zaila dela jakitea nora joan behar duten beren inbertsiorako laguntza eskatzeko. Horregatik, funts horietako batzuk Lehiakortasun Funtsa izenekoarekin ordezkatuko dituzte.
Maccabi Tel Avivi Israelgo saskibaloi taldeak Baskoniaren aurka jokatzekoa da otsailaren 7an, Gasteizen. Euroligako partida hori bertan behera uzteko eskatu dute, ordea, dozenaka eragile eta kirolarik. Gaur, ohar bidez zein ekitaldi batean, Palestinaren aldeko elkartasuna adierazi dute, eta Israelgo «erregimen koloniala» salatu. 195 lagun baino gehiagoren sinadurak bildu dituztela nabarmendu dute. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Montserrat Brotons Araskiko jokalaria, Naia Zubiaga Lointek Gernikako jokalaria, Mikel Aranburu Realeko jokalari ohia eta Alex Txikon alpinista. Adierazi dutenez, Tel Aviveko taldeak Israelgo armadaren kanpainetan «rol garrantzitsua» du, hura zurituz. Gainera, otsailaren 7an jokatuko den partida bezalako ekimenek Israeli nazioartean «normaltasun irudia» helarazteko balio diola gaitzetsi dute. Hori dela eta, manifestazio nazionalera deitu dute partida egunerako, Gasteizen. Israelen aurpegi garbiketari ez: Maccabi kanpora lelopean egingo dute manifestazioa. Palestinarekin Elkartasuna plataformak sustatu du ekimena; eta haren iritziz, Maccabi Tel Aviven aurkako partida bertan behar uztea bezalako ekimenek «erregimen israeldarra presionatu dezakete genozidioa gelditzeko». Ez da lehen aldia Baskoniaren eta Maccabi Tel Aviven arteko partida batek harrabotsa eragiten duela. Iaz, adibidez, otsailaren 1ean jokatu zuten norgehiagoka. Hango hartan ere egin zuten manifestazioa Gasteizen, eta Baskoniako hainbat zalek Palestinaren aldeko aldarriak egin zituzten Buesa Arenan.
Urtarrileko pentsioan ez ezik, aurrerakoetan ere %2,8ko igoera izango dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek. Espainiako Kongresuak atzera bota zuen neurri hori zekarren dekretua joan den astean, baina ezezkoa nagusitzea eragin zuen taldeak —JxC Junts per Catalunyak— aldeko botoa emango du orain, Madrilgo gobernuarekin akordioa lortu ondoren. Kongresuan ezezkoa jasotzeak min handia egin zion Espainiako Gobernuari, haren ahultasuna agerian geratu baitzen berriro, eta auzitan jarri baitzen legealdian aurrera jarraitzeko gaitasuna. Gauzak horrela, JxCrekin negoziatzeari ekin zion, haren botoak ezinbestekoak ditu eta. Izan ere, PPk eta Voxek ia sistematikoki ematen diote ezezkoa gobernuaren edozein proposameni. Negoziazio horrek gaur eman ditu fruituak, eta ministroen kontseiluaren ordutegia aldatzea ekarri dute. Amaieran azaldu da Pedro Sanchez gobernuburua, eta jakinarazi du 29 neurri batzen dituen dekretu bat onartu dutela, «aurrekoaren neurri ia guztiak» jasotzen dituena. Horien artean daude pentsioak eguneratzea, garraiorako deskontuak, argindarraren bonu soziala, etxegabetzeak zailtzeko neurriak eta Valentziako uholdeen biktimei laguntzak ematea. Dekretuaren aldeko botoaren truke, Sanchezek jakinarazi du PSOEk ez diola trabarik jarriko JxCk Kongresuan aurkeztu nahi duen konfiantza moziorako eskaerari. Baina gauza bat da tramitea abiatzea, eta beste bat Sanchezek bere kargua diputatuen esku utziko lukeen bozketa bat egitea. Izan ere, presidenteak argitu du mozio hori eztabaidatzea ala ez erabaki behar duela; «eta aurreratu nahi dizuet gobernuak ez duela haren beharrik ikusten». PPren eta Voxen gezurrak JxCri buruz ari zela, Sanchezek eskerrak eman dizkie «urruneko posizioetatik» neurriak negoziatu dituztenei, eta gogor kritikatu du «PPren eta Voxen arteko koalizio negatibista». Sanchezen arabera, azken asteetan neurriei buruzko gezurrak esan dituzte eskuineko alderdiek, hala nola, dekretuak elikagaien BEZa eta argindarra garestituko zituela. Era berean, ukatu egin du EAJri Parisko egoitza itzultzea «opari» bat dela: «Ez dugu ezer oparitu; jauregia haren legezko jabeari itzuli diogu, frankismoak lapurtutako hainbat eta hainbat eraikinekin aurretik egin bezala». Bere gobernuaren lana nabarmendu du. «Gutxiengoa izan arren, akordioen gobernua gara, eta bake sozialaren alde egiten dugu. Azkeneraino borrokatzen gara, eta ez dugu amore ematen». Dekretutik kanpo geratu dira, besteak beste, zergei buruzko neurri batzuk, industria elektrointentsiborako laguntzak eta «Kataluniaren eskuduntzak urratzen zituzten neurri batzuk». EAJren ikuspegia EAJren taldeak txalotu egin du joan den astean atzera botatako neurri gehienak jasotzea dekretuan. Taldeko iturriek nabarmendu dutenez, onartutako neurrien artean dago Lagun Aroko pentsio eredu mistoa berriro indarrean jartzea. Hala zehaztu zuten Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioan, eta omnibus dekretuan zehaztu. Omnibus dekretuan ez zen zehaztu etxe alokairuetarako berme sistema publiko bat ezarriko dela. EAJri deigarria egin zaio estatuak bere gain hartzea ordaindu gabe geratzen diren alokairu errenten zorra. Maizterren «okupazio mota hori» kritikatu du, eta ohartarazi du hura amaitzeko lan egingo dutela. Parisko eraikina itzultzeari buruz, EAJk esan du ez zela beharrezkoa hori dekretuan sartzea. Jeltzaleek diote hain justu neurri hori ez zela atzera bota aurreko astean, eta itzultzeko prozesua, hortaz, ez zegoela arriskuan. Akordioa eta dekretua Akordioaren arabera, dekretu berriak 29 neurri jasoko ditu. Horietako asko joan den astean Espainiako Kongresuan atzera botatako omnibus dekretuan zeuden: Pentsioen igoera. Pentsioak %2,8 igoko dira, iragan abenduko Espainiako KPIaren arabera. Nafarroan, batez beste, urtean 597 euro igoko dira, eta EAEn, 651 euro. Garraio publikoa. 2022an ezarritako baldintza bereziek ekainera arte iraungo dute: Renferen hurbileko eta distantzia ertaineko bidaiak doan izango dira, eta %50eko beherapenak izango dira hiri barruko eta hiriarteko autobus zerbitzuetan. Babes neurri sozialak. Erabiltzaile zaurgarriei ur, argindar eta gas kontsumoa mozteko debekua, urte osoan. Bonu soziala dutenei dagokienez, 2022an ezarritako salbuespen egoerari eutsiko zaio. Kaltetuentzako laguntzak. Iazko urriaren 29an Valentzian izandako uholdeetan kaltetutakoei maileguak luzatuko zaizkie. Halaber, 2021eko La Palma uharteko 2021eko sumendi erupzioaren harira, berreraikitzeko neurriak luzatuko dira. Etxebizitza. Egoera zailean diren familien etxe kanporatzeak etengo dira aurten. Gainera, legez kanpoko okupazioen kasuetan, etxe jabeentzako eta maizterrentzako bermeen sistema publiko bat ezarriko da. Inbertsioen ezkutua. Sektore estrategikoetako enpresen gainean beste herrialdeetako enpresek egindako eskaintza publikoen aurka egiteko aukera beste bi urtez luzatuko da.