Reala salbatzeko garaiz heldu da Brais
Sufrituta gehiago gozatzen omen da. Realak kostata irabazi dio Espanyoli Anoetan (2-1), partidako une askotan lehia kontrolpean izan duen arren. Sheraldo Beckerrek 40. segunduan egin du bat eta hutsekoa, baina txuri-urdinek ez dute neurketa itxi, eta gogotik lan egitea egokitu zaie. Garaipenari esker 31 puntu ditu Realak, eta zazpigarren da sailkapen nagusian. Ezin da esan txuri-urdinak denboraldi txarra egiten ari denik. Bizirik segitzen dute Espainiako Kopan eta Europa Ligan, eta ligan zazpigarren postuan dira ligan. Baina Imanol Alguacilen taldeari kosta egiten zaio erregularra izatea, baita neurketa borobilak egitea ere. Horren adibide izan da gaurkoa, lehen minututik maldan behera jarri zaion arren. Zubimendik berreskuratu du baloia, Sucicek erdiratu du, Espanyoleko atzelari batek irrist egin du, eta, lehenengoan, baloia sareetara bidali du Beckerrek. Zaleei esertzeko astia ere ez die eman Surinamgoak. Golak hauspotuta, baloiaren jabe egin da Reala eta erasora jo du. Horietako batean, berriz ere Sucicek, lehen zatiko onenak, Maradonaren pareko jokaldia egin du: bakar-bakarrik sartu da arearen bihotzeraino, baina bere erremateari erantzun ikusgarria eman dio Joan Garciak. Denboraldiko jokaldietako bat izan behar zuena denboraldiko geldiketetako bat bilakatu da. Braisen kalitatea Ezusteko askorik gabe amaitu da lehen zatia; etxekoek egoera kontrolpean zutela zirudien. Bigarrena hasi berritan ordea, Aguerdek penaltia egin dio Puadori, eta Espanyoleko kapitainak berak egin du gola. Remirok garbi zituen eskularruak oraindik, baina markagailuak banakoa erakusten zuen. Realaren minutu eskasenak izan dira, eta Alguacilek aldaketak egin ditu: zelairatu ditu Oiartzabal, Barrenetxea, Olasagasti, Kubo eta Brais Mendez, erasorako artilleria. Haien bidez hasi da taldea berriz ere arriskua sortzen, eta 84. minutuan heldu da saria: Aguerdek jokaldia egin du, baloia erdiratu du, Olasagastik geratu du baloia, eta Mendezek zoragarri amaitu du jokaldia Garciaren parean. Ez da galiziarraren denboraldi onena izaten ari, baina duen kalitatea eztabaidaezina da. Eta gaur horrekin aski izan da Realari hiru puntu emateko.