Sua piztu da Hernio mendian
Sute bat piztu da gaur arratsaldean Hernio mendian (Gipuzkoa, 1.078 metro). Etxerik ez da sua piztu den inguru horretan, eta sua mendean hartzeko lanean jarraitzen dute suhiltzaileek. Oraingoz, ez da inor zauritu. Arratsaldeko zazpiak aldera zabaldu da berria, sua piztu dela Hernioko goiko magalean. Bi fokutan eta ia aldi berean piztu da sua, Koldo Arzalluz Errezilgo alkateak Euskadi Irratiari adierazi dionez. Zelatundik gora zeuden hasierako bi foku horiek, elkarrengandik 200 bat metrora. Sutea oraintxe Ernion, Zelatunetik gora, Paradoretik ikusita #sua #sutea #Ernio #Zelatun pic.twitter.com/nuBJQCfWsR — Gotzon (@GotzonAr) February 20, 2025 Haize ufaden eraginez zabaldu dira azkar garrak. Errezil eta Bidania-Goiatzeko lurretara ematen duen maldan piztu da sua, eta iluntzerako tamaina handia hartua zuen. Azpeititik ere argi ikusi dira garrak. Baina sua piztutako inguruan ez da etxerik, eta orain arte, behintzat, ez dute inor etxetik atera behar izan, eta ez da zauriturik. Gaua sartu da sua zabaldu eta berehala, eta larrialdi zerbitzuak eta suhiltzaileak bertara heldu direnerako erabat ilundutako zegoen. Horrek ez ditu errazten itzaltzeko lanak, eta 23:00etan horretan jarraitzen zuten oraindik. Hiruzpalau parketatik dozena pare bat suhiltzaile bidali dituzte lekura, gauerako. Sasia eta mendia da inguru horretan, eta horrek hartu du su, larrialdi zerbitzuek zabaldutako bideoetan ikusten denez. Malkarra da eremu hori, eta lanerako baldintza kaskarrak dituzte; ilunpean, gainera. Ernio baso sutea #iiff Fuego Forestal monte Ernio pic.twitter.com/iAtFWu9GRV — Bomberos Euskadi (@BomberosEuskadi) February 20, 2025 Errezilgo alkateak azaldu du sutetik gertu ez dagoela etxerik, eta datozen orduetan haizeak indarra galduko duela espero dutela, horrek sutea kontrolatzen lagunduko duelakoan.