Errusiako eta AEBetako ordezkaritzak Ukrainako auziaren inguruan negoziatzen hasi dira gaur Saudi Arabiako hiriburuan, Riaden. Bi aldeetako iturriek adierazi dutenez, gaurko bileraren helburua da bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzea, negoziazio horretarako oinarriak ezartzea, eta Donald Trump AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa Riaden bertan egitekoak diren bilera prestatzea. AEBek Errusiari ezarritako zigor ekonomikoez ere mintzatu dira. Etxe Zuriaren eta Kremlinen arteko elkarlanerako «oinarriak jartzeko» balio izan du bilkurak, AEBetako Estatu Idazkaritzak kaleratutako ohar baten arabera. Eta elkarlan horri esker Ukrainako gerra amaitu nahi dute. «Zaila» izango dela iruditzen bazaio ere, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak uste du Ukrainako gatazkaren amaiera «funtsezkoa» izan daitekeela bi herrialdeen arteko harreman ekonomikoei berrekiteko, baita beste gai geopolitiko batzuetan elkarrekin lan egiteko ere. Bilkuraren ostean egindako adierazpenetan, esan du «bidaia luze bateko lehen urratsa» izan dela gaurkoa. Bilkuraren ostean, prentsaurreko bat eman du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ere: «Bi herrialdeen arteko harremanak oztopatzen dituzten zailtasunak amaitzea da helburua», azaldu du gaurko batzarraren inguruan. Eta ziurtatu du bi aldeek adostu dutela Ukrainari buruzko negoziazioak «ahalik eta azkarren» hastea. Rubiorekin batera, Mike Waltz Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkularia eta Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkaria izan dira AEBen ordezkariak; Lavrov eta Iuri Uxakov Putinen aholkularia, berriz, Errusiarenak. Ukraina izan dute hizpide, hau da, Europa barneko herrialde bat, baina mahaiaren bueltan ez da eseri ez Ukrainako ordezkaririk, ez eta Europakorik ere. Horren harira, Rubiok gogorarazi du gatazka bat amaitzeko orduan akordioarekin ados egon behar dutela gatazka horretan sartuta dauden alde guztiek. Ukrainaren kasuan, Kieventzat «onargarria» den akordio bat adostu beharko dutela azaldu du AEBetako Estatu idazkariak; eta gehitu du Europa ere negoziazio mahaian eseriko dela, «noizbait». Baina ohartarazi du alde guztiek zenbait arlotan amore eman beharko dutela akordio batera heltzeko. «Bi herrialdeen arteko harremanak oztopatzen dituzten zailtasunak amaitzea da helburua» SERGEI LAVROV Errusiako Atzerri ministroa Gaur AEBetako eta Errusiako ordezkariek egin duten bilkurarako kontuan hartu ez dutenez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo esan zuen ez duela onartuko negoziazio horien ondorio den akordiorik. Europako buruzagiak, bestalde, Parisen bildu ziren atzo, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak deituta, eta ez ziren ados jarri Ukrainarentzako laguntza militarra adosteko orduan. Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Italiako, Poloniako, Espainiako, Herbehereetako eta Danimarkako gobernuburuek, EB Europako Batasuneko buruzagiek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Mark Ruttek parte hartu zuten batzar horretan. Eta biharko gisa horretako beste bilera batera deitu du gaur Macronek; baina atzo egindako bilkuran egon ez ziren herrialdeek hartuko dute parte biharkoan. Macronek berak Zelenskirekin hitz egin zuen bilera horren ondoren, eta goizaldean sare sozialetan idatzitako mezu batean nabarmendu du europarrek, estatubatuarrek eta ukrainarrek elkarrekin lan egin behar dutela. «Hori da gakoa». Azpimarratu du Europako estatuek gastu militar handiagoa egin beharko luketela, eta Ukrainarako «bake justu eta iraunkor bat» lortu nahi bada Errusiari «erasoa» etetea dagokiola, eta horrekin batera «Ukrainarentzako segurtasun berme sendoak» itundu behar direla. «Bestela, arrisku bat dago: menia Minskeko Akordioak bezala bukatzea». 2014ko akordio haien ondorioz, eten egin zen Kieven eta Moskuren artean Donbassen hasitako gatazka; ez zen bukatu, ordea. Inbasioa heldu zen zortzi urte geroago, eta 2023ko irailean NATOko kide bihurtzeko eskaera formala egin zuen Ukrainak. Errusiak ez du halakorik nahi —AEBek ere ez—; marra gorri bat da harentzat. Izan ere, Putinen iritziz, NATO ekialderantz hedatzea da Ukrainako gatazka eragin zuten arrazoietako bat. Eta Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek argi utzi du hori berriro gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Aldiz, ez du baztertzen Ukraina EB Europako Batasuneko kide bihurtzea. «Edozein herrialderen eskubide burujabea da. Integratze ekonomikorako prozesuez ari gara hitz egiten, eta ezein herrialdek ezin dio beste bati esan zer egin behar duen», esan du Peskovek. Ukraina EBn sartzeko negoziazioak hastea adostu zuen Europar Kontseiluak 2023ko abenduan. 2022tik aurrenekoz Errusiak 2022ko otsailaren 24an hasi zuen Ukrainako inbasioa. Astelehenean, hortaz, hiru urte beteko dira ordutik. Eta, hain zuzen, Errusiak eta AEBek hiru urte pasa zeramatzaten goi mailako bilerarik egin gabe, 2022ko urtarrilean Lavrov eta Antony Blinken AEBetako Estatu idazkari ohia Genevan (Suitza) bildu zirenetik. Errusiako 100.000 soldadu inguru Ukrainako mugatik gertu hedatuta zeuden jada, eta hilabete bat geroago heldu zen inbasioa. Orduz geroztik, bi herrialdeetako diplomaziaburuek bilera informal bakarra egin dute. 2023ko martxoan izan zen, G20 taldekoek New Delhin (India) egindako bilkura batean. Hilabete bat lehenago, arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin zuen itun bakarra eten zuen Errusiak —START Berria—, eta Blinkenek eskatu zion Lavrovi akordiora itzul zedila. Kellogg eta Von der Leyen, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE Eta gaur Riaden egon da Kirill Dmitriev, alderdi ekonomikoa aurkezteaz arduratu den Errusiako ordezkaritzako kidea, nahiz eta ez den eseri argazkietan atera den mahaian. Bilera hasi aurretik Errusiako berri agentziei esan dienez, Moskuk harreman komertzialak berreskuratu nahi ditu AEBekin, zigor ekonomikoen ondorioz galduta baitzeuden. «Errusiak eta AEBek aurrerapausoak eman behar dituzte proiektu bateratuetan». Dmitrieven esanetan, horren eraginez «arrakastatsuagoak» izango lirateke AEBetako ekonomia eta Errusiakoa. Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea Keith Kellogg Etxe Zuriaren Ukrainako gerrarako ordezkariarekin bildu da gaur Bruselan, eta adierazi dio talde komunitarioak AEBekin batera aritu nahi duela elkarlanean Ukrainako auzian, «bake justu eta iraunkor bat» lortzeko. Aintzat hartu behar da, ordea, larunbatean Municheko Segurtasun Konferentzian Kelloggek berak esan zuela Europak ez duela zuzenean parte hartu behar Errusiaren eta AEBen arteko negoziazioetan. «Errealistak» izatera deitu zuen. Hau da, AEBak esaten ari dira Ukrainaren mugak ez direla 2014ko berak izango, nahiz eta Von der Leyenek adierazi duen gaur edozein irtenbidek Ukrainaren lurralde batasuna errespetatu behar duela. errusiak aurrera egin du donetsk eskualdean Errusiako armada aurrera egiten ari da Donetsk eskualdean, Ukraina ekialdean. Gaur Yampolivka herria hartu duela jakinarazi du Errusiako Defentsa Ministerioak bere Telegram kanalean. Gehitu du Ukrainako sei brigadari egin dietela aurre, eta 205 soldadu baino gehiago hil dituztela. Hala, Errusiako tropak 30 kilometrora daude Donetsk iparraldeko Sloviansk hiri estrategikotik. Errusiak 2022an anexionatu zuen Donetsk, baina Kievek kontrolatzen ditu zenbait gune.
«Espetxean sartu ninduten, baina ez dute sekula lortu nire bizitzeko grina apaltzea». Horiek izan dira Leonard Peltier ekintzaile indigenak kartzelatik atera ondoren egin dituen aurreneko adierazpenak, sareetan zabaldutako komunikatu baten bidez. Peltierrek 80 urte ditu, eta 1975etik egon da espetxean; hau da, 50 urte pasatu ditu preso. AEBetako presidente ohi Joe Bidenek agintaldiko (2021-2025) azken egunean erabaki zuen ekintzaile indigenari zigorra arintzea; bizi guztiko kartzela zigorra betetzen ari zen, baina, gaurtik aurrera, etxean bete ahalko du. «Azkenean banoa etxera. Gogo handia daukat nire lagunak, senideak eta komunitateko kideak berriro ere ikusteko. Gaur egun handia da», gaineratu du oharrean. FBI Ikerketa Bulego Federaleko bi agente hiltzea leporatuta sartu zuten kartzelan Peltier. 1970eko hamarkadan areagotu egin ziren AEBetako Gobernuaren eta Amerikako Indiarren Mugimenduaren arteko liskarrak, indigenek exijitzen baitzuten beren lurrak gobernatzeko eskubidea izatea. Tentsioz betetako egoera horretan piztutako liskar batean, 1975eko ekainaren 26an, FBIko bi agente hil zituzten tiroka; eta Peltierri egotzi zioten hilketa horietan parte hartzea. Halere, bost hamarkada hauetan ekintzaile indigenak errepikatu du errugabea dela; are, orduko AEBetako fiskal nagusi James H. Reinoldsek barkamena eskatu izan dio, aitortuz haren aurkako epaiketa ez zela «justua» izan. Bestalde, ekintzaile indigena bat ere hil zen 1975eko tiroketa hartan. Bidenen erabakia Dena den, Bidenek ez zuen horregatik erabaki hari zigorra arintzea. Presidente ohiak horren berri eman zuen egunean kaleratutako ohar batean argudiatu zuenez, ekintzaile indigena gaixorik dagoelako hartu zuen erabakia. AEBetako hedabideen arabera, Peltierrek diabetesa eta hipertentsioa dauzka, eta COVID-19aren gaitzak are gehiago ahuldu du haren osasuna. Eta jakinarazi zuen erabakia hartu baino lehen elkarrizketak izan zituela Nazio Indigenetako zenbait ordezkariekin, Bakearen Nobel saridun batzuekin eta hainbat abokaturekin eta giza eskubideen aldeko erakunderekin. Hori bai, AEBetako presidente ohiak hau gaineratu zuen oharrean: «Neurri honi esker, Peltierrek etxean igaro ahalko ditu geratzen zaizkion egunak, baina horrek ez du esan nahi hark egindako krimenak barkatuta daudenik». Horrekin lotuta, FBIko Agenteen Batzordeko buru Natalie Barak kargu hartu zion Bideni, egun horretan argitaratutako komunikatu baten bidez: «[Peltierrek] ez du inoiz egindako ekintzen inguruko damurik erakutsi; Bidenen erabakia koldarra da, eta traizio egiten die 1975ean hildako bi agenteen senideei». Kontrara, Amerikako Indiarren Kongresu Nazionalak «historikotzat» jo zuen egun hura, iritzita Peltierren kasua ekintzaile indigenek AEBetan pairatzen dituzten «bidegabekeria sistematikoen» erakusgarri zela. Bide beretik, Peltier espetxetik atera izana txalotu du AI Amnesty Internationalen AEBetako zuzendari Paul O’Brienek: «Leonard Peltier aske uztea egin beharreko zerbait zen, aintzat hartuta haren aurkako epaiketaren fidagarritasunari buruzko zalantzak, kartzelan pasa dituen 50 urteak, eta haren osasun egoera eta adina».
1937ko uztailaren 16an sortu zen Felix Beristain margolari kostunbrista. Txikitandik erakutsi zituen dohain apartak, lehendabizi marrazketarako, eta ondoren margoketarako. 17 urte zituela egin zuen bere aurreneko erakusketa, Eibarren (Bizkaia), Valentin Zubiaurre margolari eta lagun minaren aholkuari jarraikiz. Urte berean, beste bi erakusketa ere egin zituen, bata Ondarroan eta bestea Bilbon. Haren dohainak ikusita, beka bat eman zion Ondarroako udalak, San Fernando Arte Ederren Errege Akademiara joan zedin ikastera, baina, diru funtsa eskas zuela eta, berehala egin zuen atzera udalak. Ikasketa baztertu, eta lanera itzuli zen Beristain. Ez zuen, halere, margolanak erakusteko proposamenik falta izan. Tolosan (Gipuzkoa) eta Euskal Herriko beste hainbat herritan erakusketak egin ondoren, Beristain nazioartekotu egin zen. Frantzian, esaterako, hiri ugaritara iritsi ziren haren margolanak, besteak beste Bordelera, Pauera, Akizera eta Okzitaniako Tolosara; Alemanian ere egin zituen erakusketak. Errealismo gogorra Bere lehen etapan kostunbrismoari heldu zion bete-betean. Kostrunbrismo tristea da harena: tonu ilunak eta errealismo gogorra erakusten ditu. Horren adibide da, esate baterako, haren hainbat horma irudietako bat, Ondarroako arrantzaleen kofradiakoa: Marinel andreari omenaldia (1968). Horma irudi horren ondotik, hamar urteko etenaldia egin zuen Beristainek, eta enkarguz besterik ez zuen margotu, 1974an Bilboko Arte Galerian erakusketa bat jarri zuen arte. Horko katalogoaren hitzaurrean, halaxe mintzatu zen Juan Antonio Zubikarai, Beristainen lanez: «Muralgileak etengabe egiten duen lanari esker, hainbat material erabil ditzake. Horrez gain, espazioaren ikuskera berri bat ematen dio, eta askatasun handiagoa ematen dio. Gaiak betikoak dira, lan eszenak lehenetsiz, orain giro lasai eta solidoan bilduta. Argiak eta koloreak paleta luzea dute, urdinen eta grisen gamara ohitua». Beristain azken euskal kostunbristatzat jotzen da, baina beste estilorik ere landu zuen: esate baterako, abstrakzioa, hiperrealismoa eta postkubismoa. Azken estilo horrek, hain zuzen, aukera berriak zabaldu zizkion arrantzaleen jantziak eta ingurunea lantzeko. Ondarroako paisaia landu zuen bereziki, baina bestelakorik ere margotu zuen, betiere bidaiei lotuta. Tartean dira Gaztelan, Londresen, Venezian, Portugalen eta Marokon margotutako lanak. Danubiotik gora egindako itsas bidaia batean Moldaviako lurrak ere deskubritu zituen, baita errumaniar jendeen plastikotasuna ere. 1981ean Jujuyra (Argentina) joan zen bizitzera, eta Arturo Acebal Idigoras pintoreak berrogei urte lehenago egindako ibilbidea egin zuen; han inoiz ez bezala landu zuen paisaia generoa. Bere azken 30 urteak Arabako Sarrian eman zituen, Zuia herrian.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023ko eta 2024ko ebaluazio diagnostikoen berri eman du, eta nabarmendu du datuek hobera egin dutela zientziarako gaitasunean, eta azken urteetako joerari eutsi diotela gainerakoetan. Horri lotuta, «emaitzak hobetzeko estrategia integrala» aurkeztu dute prentsaren aurrean. «Joera positiboa da, baina ezin gara erlaxatu», adierazi du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. 2023ko azterketa LHko 4. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleei egin zitzaien, eta iazkoa LHko 6. mailako eta DBHko 4. mailakoei. Horietan, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko hizkuntza komunikaziorako gaitasunak ebaluatzen dituzte, baita matematikarako eta zientzietarako gaitasunak ere. Emaitzen arabera, lehen hezkuntzako ebaluazioetan batez besteko puntuazioak egonkor mantendu dira, aurrez egindako azterketekin alderatuz gero. Halere, 2024ko datuei dagokienez, nabarmendu dute zientziarako gaitasunak sei puntu egin duela gora LHko 6. mailako ikasleen artean. Kontrara, lau puntu egin du behera gaztelaniazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunak. Hain zuzen, Josu Solabarrieta ISEI Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundeko zuzendariak adierazi du hura dela «hobekuntza arloetako» bat. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, berriz, 2023ko datuen beherakada nabarmenak erakutsi zituzten zientzia eta gaztelania gaitasunetan. Halere, 2024ko emaitzek ez dute halakorik adierazten, eta 2022ko ebaluazioko emaitzen parekoak dira; hain zuzen, haiekin alderatuta, bost puntuko gorakada bat dago gaztelanian. Euskara gaitasunean, berriz, hiru puntuko beherakada. Errendimendu mailari erreparatuz gero, hiru talde bereizten ditu azterketak: hasierako maila, erdi maila eta aurreratua. Solabarrietak adierazi duenez, Europako Batasunak jarritako helburua da 2030erako lehen mailan dauden ikasleen kopurua %15era murriztea, eta adierazi du urratsak egiten ari direla norabide horretan. LHko 6. mailako ikasleen artean, ehunekoa handiagoa da alor guztietan, baina nabarmen egin du behera zientzian: %33tik %21era. Gainera, landutako bost alorren artean, hasierako mailan duen ikasleen ehunekorik handiena euskarazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunean ageri da: ia hirutik bat (%31). DBHko 4. mailako ikasleen artean, hasierako mailan dauden ikasleen ehunekoa txikiagoa da oro har, baina gaztelaniazko gaitasuna da %15eko mugan dagoen bakarra. Eta LHko kasuan bezala, euskarazko komunikazio gaitasunean dago ehunekorik handiena DBHko maila horretan, eta gora egin dute 2022ko azterketatik: lau ikasletik bat. Solabarrietak azaldu duenez, emaitzek lotura estua dute baldintza sozioekonomiko eta kulturalekin. Hau da, gero eta maila sozioekonomiko handiagoa izan, orduan eta garapen handiagoa. Alde hori presente dago emaitzak jatorriaren arabera aztertuz gero ere; batez ere, euskarari dagokionez. Era berean, nesken eta mutilen datuei ere erreparatu diete. Haien arabera, aldaketarako joera batzuk antzeman dira azken ebaluazioetan, eta, DBHko 4. mailako ikasleen artean, murriztu egin da nesken eta mutilen arteko aldea. Halere, neskek emaitza hobeak eskuratzen dituzte matematiketan ez beste alor guztietan. «Anbizioz» Emaitza horiei zein aniztasunak, bilakaera demografikoak eta teknologia berrien garapenak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan duten eraginei erreparatuz, Jaurlaritza errealitate berri batera egokitzeko urratsak egiten ari da, Pedrosaren esanetan. Hala, adierazi du euskal hezkuntza sistema «eraldaketa prozesu batean» dagoela, eta hartan «anbizioz eta autoexijentziaz» jokatuko duela Jaurlaritzak. Jada lanean ari dira arlo horretan. Lucia Torrealdai Hezkuntza Politiketako sailburuordeak eman du martxan dituzten zenbait proiekturen berri. Besteak beste, honako hauek aipatu ditu: EHUrekin elkarlanean garatzen ari diren ikaskuntza sozioemozionalean sakontzeko» programa; adimen handiko ikasleak goiz antzematekoa, eta Haur Hezkuntzan ikaskuntza zailtasunak dituzten ikasleen identifikatzekoa. Ikasle zaurgarrienei begira, berriz, nabarmendu du Eraldatzen programa 67 ikastetxe publikotan dagoela martxan, «bizikidetza hobetzeko eta gaitasunen ikaskuntzan oinarritutako hezkuntza inklusiboa sustatzeko» helburuekin. Era berean, hezkuntza hobetzeko adituen foroari ere erreferentzia egin diote Hezkuntza Saileko ordezkariek. Hain zuzen, haren arduren artean dago ebaluazio diagnostikoen emaitzen azterketa, eta haietan oinarritutako hobekuntza estrategiak diseinatzen laguntzea. Hain zuzen, azaldu dute hezkuntza programak ebaluatzeko eredu bat definitzen ari dela foroa, «hezkuntza sistema hobetzeko erabaki zehatzagoak» hartzeko xedearekin.
Euskararen eta iberieraren arteko harremanari buruzko ikerketa bat ondu du Joan Ferrer i Jane epigrafistak eta Bartzelonako Unibetsitateko Littera taldeko kideak, eta X sare sozialean eman du haren berri. Bi hizkuntza horien arteko lotura badela frogatu nahi izan du ikerketaren bidez. Ogei (20): una possible marca lèxica de capacitat ibèrica expressada en àmfores, sobre un dolium de Ruscino (Perpinyà) izena du lanak (Ogei (20): anforatan adierazitako neurri iberiarraren marka lexikal posible bat Ruscinoko (Perpinya) dolium batean), eta, 2022an idatzi bazuen ere, orain gutxi eman du argitara. Ikerlariak iberieraren eta euskararen arteko paralelismoak aztertu ditu bi hizkuntzen zenbaki sistemak alderatuta, eta, BERRIAri azaldu dionez, bere ondorio nagusia da iberierak eta euskarak «sustrai» bera izan dezaketela, hau da, ama hizkuntza berean izan dezaketela jatorria. Ja ha sortit el treball del 2022 (#DoliaexHispania) sobre el dolium de Ruscino amb el text ibèric ogei, que indica la capacitat en àmfores, cosa que es pot validar gràcies a les marques llatines i confirma la relació amb el numeral basc (h)ogei (20). https://t.co/XOTtCj85qj 1/10 pic.twitter.com/RHvbxv3YJP — Joan Ferrer i Jané (@joanferrerijane) February 16, 2025 Iberiera K.a. I. mende inguruan desagertu zen, baina epigrafia iberiarraren bidez dokumentatua dago. Euskarak, berriz, bizirik iraun du gaur arte, eta hizkuntzalari batzuen hipotesia da iberierarekin lotura izan zezakeela. Eduardo Orduña filologoak 2004. urtean egin zuen iberierazko eta euskarazko zenbaki sistemaren arteko antzekotasunei buruzko lehen proposamena, eta lan horretan sakonduta ondu du ikerlana orain Ferrerek. Eta biek ala biek ondorioztatu dute badela «ahaidetasuna» bi hizkuntzen artean. Ferrerek dioenez, iberieraren eta euskararen arteko harremana lexikoan ez ezik gramatikan eta idazkeran ere antzeman daiteke. Ikerlariak iberiar hizkuntzaren zenbakizko sistema ikertu du bere lanean. Horretarako, Ruscino hirian (Perpinya, Herrialde Katalanak) 1988an egindako indusketetan aurkitutako dolium edo buztinezko ontzi bateko inskripzioa aztertu du. III. mendearen amaierakoa edo II. mendearen hasierakoa da grafitoa, eta bertan, beste zenbaki batzuen artean, ogei hitza ageri da; ikerlariaren ustez, hitz hori dolium-en edukiera edo kantitatea adierazteko erabiltzen zen. Ontzien edukiera batez beste 26 litro inguruko amphorae quadrantales unitatekoa zela kontuan hartuta, orgei/ogei hitzak 20 amphorae esan nahi duela uste du egileak. «Ogei zenbaki iberiarraren balioa euskarazko hogeiren antzekoa da, eta zenbaki konposatuak osatzeko erabiltzen da: orgeirur (23), orgeikelaur (24), orgeiabar (30)», azaldu dio BERRIAri. Indusketa horretan eta beste batzuetan edukiera txikiagoko dolium-ak topatu dituzte, eta hori baliagarria izan da ziurtatzeko Perpinyan topatutakoa 20 amphorae-koa dela. Edukiera neurtzeko sistema oso baten parte da ogei hitza, ikerlariak azpimarratu duenez. Izan ere, irur (hiru), laur (lau), sei (sei), sorse (zortzi) eta abar (amar) zenbakiak ere aurkitu zituzten ontzien grafitoetan. Ikerlari katalanak gogoratu du ontzietan ez ezik iberiar txanponetan ere topatu dituztela euskararekin harremana duten hitz batzuk. Esaterako, Untikeskeneko txanpon etxean ekoitzi ziren txanponetan (K.a. II. mende inguruan), ban (bat), erder (erdi) eta serkir (seiko) hitzak aurkitu zituzten. Ferreren ustez, horrek are pisu handiagoa ematen dio bi hizkuntzen arteko loturaren hipotesiari. Ikerlariak azpimarratu du iberieraren eta euskararen arteko harremana ez dela «kasualitatea»; kontrara, ahaidetutako hizkuntzak dira, eta ama hizkuntza beretik datoz. Horrenbestez, uste du ikerketak aukera ematen duela bi hizkuntzen arteko antzekotasun gehiago aurkitzeko: «Pentsatzekoa da zenbakietan ez ezik beste hitz askotan ere izango dituztela antzekotasunak». 1. @joanferrerijane ikertzaile estimagarria da. Berriki erakutsi du bere maila Turuñueloko abezea aurkitzean. Dudarik gabe, bere saioa aintzat hartu beharrekoa da — Blanca Urgell (@b_urgell) February 17, 2025 Hotzago azaldu da Blanca Urgell Euskal Filologiako doktorea Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, X sarean bertan idatzitako hari batean. Ferrer i Janeren ekarpen akademikoaren maila aitortuta ere —«Ikertzaile estimagarria da. Berriki erakutsi du bere maila Turuñueloko abezea aurkitzean»—, Urgellek ez du uste egindako aurkikuntza nahikoa denik ahaidetasunaren hipotesia ontzat jotzeko. Azaldu duenez, antzinako euskararen eta iberieraren «fonemen inbentarioa» paretsua da, «antzekoa eta mugatua», eta, horrenbestez, «aski erraza» da euskal zenbakien berdinak edo antzekoak diren testu zatiak aurkitzea. «Erraza izatea ez da nahitaez ona honelakoetan: zenbakiak aurkitu nahi badituzu, zenbakiak aurkituko dituzu». Haren hitzetan, ahaideak direnik baieztatu ahal izateko hots aldaketa arauak aurkitzea litzateke espero beharreko «gutxieneko kontua».
«Mila amarruko gizona, Musa, konta zadazu/ munduan ibili zena luzaro lekuz leku/ Troiako hiri santua zuenean urratu./ Gizon askoren hiriak ezagutu zituen/ haien ohiturak ikasi, bai eta bihotzean/ asko neke ere sufritu pontoaren gainean/ lehian zebilela bere bizitza salbatzeko/ eta lagunak etxera onik eramateko». Hala dio Homeroren Odisea greziar epopeiaren hasierak. Hainbat hizkuntzatara itzuli da, eta Matias Mujikak jatorrizko bertsiotik euskaratu du orain. Gaur aurkeztu du itzulpen lana, Donostiako Udal Liburutegian. [articles:2133037] Mendebaldeko literaturaren lehen zutabetzat jotzen dira Homero eta haren Odisea eta Iliada poema epikoak. Aedoek —Grezian epopeiak deklamatzen zituztenek— ahoz aho transmititu zuten Odisea, eta urteak aurrera joan ahala, idatziz jaso zen. Grezieraz idatzi zen lehendabizi, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute gerora. Abenturazko istorio bat kontatzen da Odisea-n, Ulisesen etxerako bidaia; alegia, Greziako mitologian aipatzen den Troiako gerratik Itakarako bidea. Iliada-ren jarraipena dela ere esan izan da. Izan ere, Troiako gerran jazotakoak jasotzen dira hartan. Hala, itzuleraren terminoari heldu dio Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko editoreak liburua aurkezteko: «Lan bat hizkuntza batetik bestera ekartzea ere bidaia moduko bat da, bidaia asko aldi berean. Eta, hara non, hizkuntzak ekartzeari itzulpen esaten diogun. Ulises eta itzulpengintza ezpal berekoak edo bidaideak balira bezala». [articles:2133482] Homeroren lan originaletik abiatuta eta neurtitzetan egin den euskarazko lehen itzulpena ondu du Mujikak. Baina ez da Odisea euskarara itzuli den lehen aldia. Hala Gorrotxategi editoreak nola Mujika itzultzaileak gogorarazi nahi izan dute Odisea-k badituela bi aurrekari euskaraz. 1985ean bizkaierara ekarri zuen Aita Onaindia apaizak, eta 2007an gazteentzat egokitutako prosazko bertsioa moldatu zuen Juan Cruz Igerabidek, Erein argitaletxearentzat. «Lan horien bidez hasi zen Odisea gurera etortzen, eta Matias Mujikaren itzulpenarekin, itzuli egin da. Luzerako, espero dut», gaineratu du editoreak. Errimatu gabeko neurtitzak Bizpahiru urteko lanaren emaitza da Mujikak aurkeztutako euskarazko itzulpena. Lan korapilatsua izan dela aitortu du autoreak, baina korapilo horiei jarritako soluzioak ere aipatu ditu. Bereziki, egiturari dagokionez. «Itzulpen tradizio handia dauka Odisea-k. Mila aldiz, mila hizkuntzatara eta mila modutara itzuli dute gaur arte. Batzuetan prosan, besteetan neurtitzetan. Errimarekin edo errimarik gabe. Testua erabat errespetatuz edo sinpletuz… Itzultzaile bakoitza bere modura ibilia da. Eta horrelako lan bat egiteko, itzultzailea berak hartu beharreko erabaki sail baten aurrean aurkitzen da». Prosa baztertu eta itzulpena neurtitzetan egitea izan da Mujikak hartutako lehen erabakia. «Odisea ez da nobelatxo bat, baizik eta poema epiko bat. Horrelako obren formak dakartzan estiloak osagai funtsezkoak dira. Eta hori kenduz gero, Odisea benetan desitxuratua gelditzen da». Horri dagokionez, itzultzaileak nabarmendu du ez duela zalantzarik egin: «Asmoa baldin bada irakurleari helaraztea obraren esentzia estilistikoa zein den, nahitaezkoa da euskaraz ere originalaren antzeko artefaktu erritmiko bat sortzea». «Horrelako obren formak dakartzan estiloak osagai funtsezkoak dira. Eta hori kenduz gero, ‘Odisea’ benetan desitxuratua gelditzen da» MATIAS MUJIKA Itzultzailea Gainera, nahita erabili du autoreak neurtitz terminoa, eta ez bertso hitza. «Bertsoak estrofaren kutsua ekartzen digu burura euskaldunoi, eta nahasgarria da, Odisea-k ez baitauka estrofarik. Bertso, lerro eta neurri bakarreko poema bat da, hasi eta bukatu bitartean 12.000 hexametro bata bestearen ondotik jarriak; beti neurri berean eta inolako mozturarik gabe». Mujikaren esanetan, egitura hori ere «funtsezkoa» da obraren estiloan, irakurlea «liluratu» egiten baitu. «Bestela, hori gabe arriskua dago testua aspergarria iruditzeko. Bertsoaren metrika horrek errazten du irakurlea poemari entregatzea», gaineratu du. [articles:2133840] Hori erabaki eta gero, zein neurri erabili hautatu behar izan du itzultzaileak. «Hamabost silabako euskal bertso luze tradizionala» aukeratu du Mujikak, «zortzi eta zazpi silabako bi hemistikioz» osatua, eta originala bezala, errimarik gabea. Hori arazoa ere bada, neurri hori hexametroa baino «laburxeagoa» baita, eta euskara grekoa baino «luzexeagoa» ere badelako. Horregatik, euskarazko bertsioak eta bertsio originalak ez daukate lerro kopuru bera. «Ez dut ahaleginik egin horretara egokitzeko. Grekoz zegoena euskarara itzultzeko behar adina lerro erabili ditut. Gehiegizko behardura zela iruditzen zitzaidan. Eta horrek askotan jatorrizko testua gehiegi distortsionatzera eramaten zaitu», aitortu du Mujikak. Aitortza Etxeberriri Finean, jatorrizko bertsioari «traiziorik ez egitea» izan da Mujikaren hautua. Eta azaldu du Joanes Etxeberriren Manual devotionezkoa liburua erabili duela horretarako. «Nik behar nuenerako eredu on bat izan da. Eta makina bat trikimailu edo bidezidor kopiatu dizkiot bertsoa edertzeko eta osatzeko». Bertso egilearekin daukan «zorra» aitortzeko asmoz oroitu da harekin aurkezpen prentsaurrekoan, eta eredutzat hartu duen liburuko bertso bati tokia egin dio Odisea liburua zabaltzen duen aipuan: «Ikhussiric, nola bainaiz iaiatcez escalduna/ gure natioa dela kopla maite duena/ hartaracotz iaquiara diat versuz ecarri/ lasterrago ikhas eta maizago aiphagarri».