Podemosek 27 neurri sartu ditu proposamenean, xede izanik “errenta baxuei eta ekoizpen-sare ahulenari mesede egitea, zerga-bilketaren galera iraultzea, gehien duenak gehiago ordain dezan bideratzea, eta etxebizitza alokairu-merkatura ateratzea bultzatzea”, besteak beste.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak adierazi duenez, akordioa “albiste bikaina da enpresarentzat, langileentzat, Zumaiarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskadiko industria eta ekonomiarentzat”.
Garai ezberdinetan bizi arren eta ozeanoaren alde banatan egon arren, Anton Txekhov, Raymond Carver, Alice Munro eta Ignacio Aldekoa idazleen joerek eta bizimoduek paralelismo asko dituzte. Gaur egin dute alderaketa Iker Sancho, Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberria itzultzaileek, Beñat Sarasola idazlearen laguntzaz. Arabako ipuin literarioaren nazioarteko jaialdian aritu dira, Itzultzaileak, ipuingintzatzaren lurraldean mugalari: Txekhov, Carver eta Munro euskaraz (eta euskaratik harago) mahai inguruan, EHUren Arabako Campusean. Txekhov da guztietan zaharrena, XIX. mendeko bigarren erdikoa. «Lerro errealistaren abiapuntua da», Sarasolaren ustez, hurrengo belaunaldien «erreferente nagusia». Lerro horretan daude aurrena Carver eta, ondoren, Munro Nobel sariduna, jada XX. mendean. Biei heldu zitzaien Txekhoven eragina, eta besteak beste idazteko estiloan, pertsonaietan, traman eta umorean erreberentzia egin ziotela kontatu dute mahaiaren inguruan bildutako lau adituek. Txekhovek bazuen sei urratseko errezeta bat idazteko. Aurrenekoa zen gehiegikeria politikorik, ekonomikorik eta sozialik gabe idaztea, eta berba oldeak ere ekiditea; bigarrena, objektibotasuna; hirugarrena, errealismoa pertsonaien eta objektuen deskribapenetan; laugarrena, ahalik eta laburren idaztea; bosgarrena, esaldi eginak, atsotitzak, esamoldeak eta klixeak ekidin egin behar direla; eta seigarrena eta azkena, bihotza epel izan behar dela. Hau da, «erantzukizuna sentitu idazten duzun denbora guztian. Ez galdu tentsioa idazketan. Eta etengabe izan distrakzioa gogoan». Carverrek bere egin zuen aholkua, eta idazkera minimalistaren alde egin zuen: esaldi, paragrafo eta kontakizun laburrak, apaingarririk gabe. Pertsonaiei ere ez zaizkie aparteko istorioak jazotzen, eta ezohiko zerbait gertatzen zaienean traba egiten die. «Pertsonaia tristeak dira. Baina beti dute, modurik harrigarrienean, argi zirrinta bat. Bukaeran beti dago argia. Norbaitek argia pizten du beti, leiho bat irekitzen du… Badago Txekhovek zioen bihotz epel hori», kontatu du Canok. «Badakizu zer gertatuko den, baina berdin du. Normalean argiztatzen ez dena argiztatzea lortzen du Carverrek» HARKAITZ CANO Carverren itzultzailea Munroren protagonistak ere lurtarrak dira, eta eguneroko ekintzetan dihardute: gaixotasun degeneratibo bat duen eria, minbizia duen pertsona bat, Alzheimerra duen bat, etxe atarian kotxearekin harrapatuta semea hil duen guraso bat, tratu txarrak jasan dituen emakume bat… «Horregatik, askotan esan izan da ezer pasatzen ez den ipuinak direla bereak, Txekhovenak bezalakoak. Baina gertatzen dira ekintzak. Kontua da Munrok ez duela hor jartzen arreta, aitzakia baitira benetan nabarmendu nahi duen hori behartzeko. Pertsonen arteko botere harremanak, kontrola, emakumeak…», azaldu du Etxeberriak. Canok gaineratu du Carverri ere sarri leporatu izan zaiola bere lanetan ez dela ekintzarik gertatzen. «Zer gertatzen da ezer gertatzen ez denean? Txakur batek zaunka egiten du, hoditeria batetik lau tanta erortzen dira, egoera ekonomiko traketsean dagoen norbaitek gela bat alokatu nahi du diru apur bat irabazteko… Ez du arazorik nahi, dirua bakarrik, baina dirua eta arazoak lotuta daude». Ekintza falta ez da txarra, Canoren ustez, Carverren ipuinetan tentsioa dagoelako. «Hori lortzea oso zaila da». Gainera, oso lan piktorikoak direla esan du: «Lehendabiziko paragrafoan, gutxi gorabehera, badakizu zer gertatuko den. Baina berdin du. Ipuinak aurrera egin ahala zoaz deskubritzen zirrikitu berriak. Carverrek lortzen du argiztatzea normalean argiztatzen ez diren lekuak. Ez diot arreta jarriko elkarrizketari, zakurraren zaunkari jarriko diot». «Askotan esan izan da ezer pasatzen ez den ipuinak direla bereak. Kontua da Munrok ez duela hor jartzen arreta» ISABEL ETXEBERRIA Munroren itzultzailea Hiru idazleen ipuinak giro ilunekoak dira, egoerak lazgarriak dira, pertsonaiak ez dira heroikoak… Baina umorerako tartea ere badute. «Txekhov eta umorea oso lotuta daude», baieztatu du Sanchok. Idazle errusiarraren lehen lan batzuk komediak dira, eta geroago idatzitakoetan ere erabili zituen baliabide komikoak. «Egoerak, askotan, absurdoak dira, erridikuluak. Agian ez da umore bat barre algaraka hastekoa, baina ikusten zaio umore bat». Canoren arabera hori da umorerik zailena, finena. «Carverrek ere erabiltzen zuen umorea. Txiste estiloko esaldiak nahasten ditu». Munro «umorez betetako idazle bat» da Etxeberriaren ustez, nahiz eta ez duen etiketa hori. «Idazleak konplizitate bat ezartzen du irakurlearekin, eta biek behatzen dute gurasokeriazko begirada batekin pertsonaiak zertan ari diren. Erreakzionatzen ari dira gertatzen zaienaren aurrean, eta erreakzio horiek batzuetan umoretsuak dira. Baina pertsonaia barruan dago, eta ez da konturatzen. Munrok irakurlearen eta idazlearen arteko konplizitate handia lortzen du pieza zehatz batzuk emanez, eta badirudi elkarri esaten diotela ‘begira zertan ari diren horiek’. Oso trebea da horretan». «Txekhov eta umorea oso lotuta daude. Agian ez da umore bat barre algaraka hastekoa, baina ikusten zaio umore bat» IKER SANCHO Txekhoven itzultzailea Ignacio Aldekoa idazle gasteiztarraren jaiotzaren mendeurrena bete da. Sanchok esan duenez, paralelismo ugari daude Txekhoven eta Aldekoaren lanen artean. «Asko topatu ditut»: biek istorio laburrak eta zuzenak zituzten gogoko, eta egin zituzten bidaiek eragina izan zuten sorkuntza prozesuan. Gainera, biak hil ziren 44 urte eta erdirekin. «Inork sinesten du kasualitateetan?».
Iragan astean jakinarazi zuten Iruñeko Udalean akordioa lortu zutela EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, haur eskoletan euskarazko ehun postu gehiago izateko. Postu horiek, baina, gaztelera ere eskaintzen duten eskola mistoetan jarriko dira, eta LABek uste du hori ez dela konponbide egokia. «Horrela ez», esan du irmo. Kaleratutako prentsa oharrean dioenez, LABek ontzat jo du Iruñeko familia gehiagok aukera izatea euren seme-alabak euskaraz matrikulatzeko 0-3 zikloan. Alta, ez du egokitzat jotzen eskola mistoetan eskaintzea gehitutako postu horiek, haur eskolen komunitateak «aho batez» babesten baitu hizkuntza bakarreko eskola eredua. «Alderdi guztiek ongi asko dakite hori, langileen batzordearen eta udal haur eskoletako hamabi zuzendaritzen bitartez jakin dutelako». LABen arabera, hizkuntza bakarreko ereduak «antolaketa pedagogiko hobea ahalbidetzen du». Aukera ematen die eskolei haurrak adin tarte txikien arabera biltzeko eta haien beharretara hobeto egokitzeko. Halaber, murgiltze osoa ezinbestekotzat jo dute hizkuntza bat eskuratzeko orduan. Euskararen kaltetan Euskarari dagokionez, murgiltze linguistikoa «funtsezkoa da» ikaskuntza bermatzeko. Sindikatuak ohartarazi duenez, esperientziak erakusten du eredu mistoetan azkenean gaztelania nagusitzen dela eguneroko bizitzan. «Horrek zaildu egiten du euskara eskuratzea», arrazoitu dute. Gaineratu dute eredu horrek barne tentsioak sor ditzakeela lantaldeetan. Eskoletako zuzendaritzek alderdiei adierazi diete hizkuntza bakarreko zentroen kudeaketa «eraginkorragoa» dela, LABek zehaztu duenez. «Eskola mistoetan zailagoa da antolatzea». Bi aldiz ireki eta itxi behar da eskola, eta bi hizkuntzetako taldeak ezin dituzte toki komunak partekatu. Horregatik, LABek talde sinatzaileei eskatu die jaramon egin diezaietela haur eskolen komunitatearen eskaerei. «Guk ezagutzen dugu ondoen eskoletako egunerokoa». Era berean, zenbait taldek defenditzen dituzten jarrera politikoak albo batera uzteko eskatu diete. «Haien ekintzen oinarrian euskarafobiarik itsuena dago».
Euskal Herri osoko hainbat eragiletako kideek babesa adierazi diete Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideei, eta apirilaren 6an Baionan eginen den manifestazio nazionalean parte hartzera deitu. Apirilaren 11n Baionako Auzitegian deklaratzera deituak dira EHEko bi ekintzaileak, Euskararen Nazioarteko Egunean egin zuten ekintzagatik: epaitegiko teilatura igo, eta Justizia euskararentzat leloa idatzi zuten. Frantziako Poliziak atxilotu zituen ondoren. Desobedientzia ekintza beren gain hartu dute EHEko kideek, eta erran dute euskararentzat eta euskaldunentzat «benetako justizia» behar dela, azken urteetako «oldarraldia» ikusirik. [articles:2134431] Euskalgintzako eragile nagusietako, zenbait herri mugimendutako eta sindikatuetako ordezkariak bildu dituzte Baionan, Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunekin batera. Han zeuden, besteak beste, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria eta Kike Amonarriz soziolinguista. «Hemen bildu gara euskararentzat eta euskaldunontzat justizia eskatzeko; hemen bildu gara esateko ez dugula atzerapausorik onartuko eta, are gehiago, prest gaudela elkar hartuta aurrera egiteko», adierazi du Gurrutxagak. Abenduaren 3an egin zuten ekintza gogorarazi du. «Salatu genuen Frantziako eta Espainiako konstituzioen barnean euskaldunontzat ez dagoela justiziarik; hain justu, gure eskubideak behin eta berriz zapalduz, euskaraz bizitzea ukatzen digutela. Era berean, EHEkoek argi dugun baieztapena jarri genuen berriro ere mahai gainean: egoera hau iraultzeko ezinbesteko dugula independentzia, Euskararen Errepublika». «Legalitate hori urratu behar dugu, desobedientzia ekintzak egin: ez dugu makurtu behar euskararen zapalkuntzara. Jarrera intsumisoa erakutsi behar dugu» GORKA TORRE EHEko kidea Torreren hitzetan, «argi» dago ez dagoela justiziarik euskararentzat. «Justizia izanen balitz, lehentasunezko hizkuntza izanen zen Euskal Herrian; gaur egun ez da hala. Hori injustizia hutsa da». Azpimarratu du beharrezkoa dela gaur egungo legeak «bidegabeak» direla erakustea. «Horregatik egiten ditugu ekintza horiek: erakusteko indarrean dagoen legediarekin euskarak ez duela etorkizunik». Gisa bereko ekintza gehiago egiteko borondatea agertu du. «Legalitate hori urratu behar dugu, desobedientzia ekintzak egin: ez dugu makurtu behar euskararen zapalkuntzara. Jarrera intsumisoa erakutsi behar dugu». Apirilaren 11rako deitu dituzte Baionako Auzitegira, aitzinetik errudun direla aitortzeko prozedura batean. Baionako prokuradoreak zigor bat proposatuko die, eta, onartzen badute, epaileak baieztatuko du ondoren. Onartu ezean, epaiketa formala egiteko beste deialdi bat izanen dute. «Euskara lehen lerrora ekarri behar dugu, eta ezinbesteko tresna bilakatu zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde lanean dihardugunontzat» INTZA GURRUTXAGA EHEko kidea Preseski aitzineko igandean, apirilaren 6an, manifestazio nazionala eginen dute. «Baionako kaleak hartzera deitzen dugu, bi auzipetuei elkartasuna adierazteko, eta euskararentzat eta euskaldunontzat benetako justizia eskatzeko». Euskal Herri osoan euskara ofiziala izatea, hezkuntza euskalduna izatea, euskaraz epaituak izateko eskubidea bermatzea eta euskalgintzarako diru laguntza publiko gehiago izatea galdeginen dute. «Finean, euskaraz eroso eta aske bizitzeko eskubidearen» alde eginen dute. Ardurak hartzeko unea EHEko kideen iritziz, garai «erabakigarria» da egungoa. Oroitarazi dutenez, orain dela hilabete gutxi Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi zuen euskara larrialdian dagoela. «Indar ugari ditugu kontrara. Hasteko, oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko bortitz bat, urteetako borrokari esker lortutako eskubideetan atzerapausoak eragin nahi dituena. Baina hori guzia oldarraldi orokorrago baten barnean gertatzen ari da: jarrera faxisten eta eskuin muturrekoen gorakada». Horrekin lotu dute lehengo astean Tolosako (Gipuzkoa) tren geltokian EHEko kide batek jasandako eraso euskarafoboa. «Alarmak jo ditugu, eta, orain, egoera bideratzeko neurriko erantzunak behar dira», Gurrutxagaren hitzetan. «Norbanakook ez ezik, instituzioek ere eman behar dituzte. Euskara lehen lerrora ekarri behar dugu, eta ezinbesteko tresna bilakatu zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde lanean dihardugunontzat».
Renfeko bi segurtasun langileri eraso egin diete Bilbon, Abandoko geltokian. Erasoa asteartean gertatu zen, Abandoko tren geltokian. CCOO sindikatuak salatu duenez, segurtasun-langileek kargu hartu zieten ordaindu gabe trenera sartzen saiatu ziren bi gazteri, eta horiek kolpeekin erantzun zieten.
Espero bezala, Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroak ez du bere kudeaketari buruzko konfiantza mozioa gainditu gaur Portugalgo Asanblean, eta, horrenbestez, ezustekorik ezean, hauteskundeetara deituko du Marcelo Rebelo de Sousa herrialdeko presidenteak; estatuburuak, azkenean, erabaki hori hartzen badu, azken bost urteotan Portugalen aurreratutako hirugarren bozak lirateke hurrengoak. Ganberaren gehiengo soila biltzea nahikoa zuen Montenegrok mozioa gainditzeko, baina, iragarri bezala, PS Alderdi Sozialistak (78 aulki) eta Chega (50) eskuin muturrekoak, besteak beste, haren kontra bozkatu dute, eta botoen erdiak baino gehiago lortu dituzte —230 aulki ditu ganbera horrek—. Montenegrok iazko martxoaren 21ean hartu zuen kargua, eta AD Aliantza Demokratikoa koalizio kontserbadoreak gutxiengoan gobernatu du 78 diputaturekin; aurrerantzean behin-behinean jardungo du. Bere familiaren negozioei egotzitako irregulartasunek aurrean eraman dute Montenegro. Azkeneko hilabetean bi zentsura mozio gainditu ditu, eta errepikatu du konbentzituta dagoela ez duela deliturik egin, ez daukala dimititzeko arrazoirik, eta gertatutakoa «argitzeko» prest dagoela. Azalpen horiek guztiek, baina, ez dute oposizioa asetu. Ez dute ikerketarik abiarazi kasua argitzeko —zenbait hedabidek eman dute Montenegroren jardueren berri azkeneko asteotan—, baina Fiskaltzak jakinarazi du, jada, negozio horiekin loturiko Montenegroren kontrako «salaketa anonimo bat» aztertzen ari dela; Portugalgo Asanbleako batzorde bat ere auzia ikertzen hastekoa da. TVI telebista kateak azken astean egindako inkesta baten arabera, herritarren %55k uste dute Montenegrok ez duela zilegitasunik karguan jarraitzeko; eta %59aren iritziz, ez ditu behar beste azalpen eman. Joan den astean, Montenegrok bigarren aldiz zentsura mozio bat gainditu zuenean, Rebelo de Sousak hauteskunde posible batzuetarako datak ere aipatu zituen; maiatzaren 11ren eta 18aren artean Pedro Nuno Santos PSren idazkari nagusiaren ustez, konfiantza mozio batera deitu zuen Montenegrok aurreko ostegunean, ez zelako dimititzera ausartzen. Chegako lider Andre Venturarentzat, lehen ministroak bere senideen negozioez emandako azalpenak ez dira nahikoa hari sinesteko. Montenegrori leporatzen diote, finean, lehen ministro karguak eskatzen duen esklusibotasuna urratu duela, lehen ministro izanda ere aholkularitza enpresa baten jabe izaten jarraitu duelako. 2022an, zenbait urtez politikagintzatik aldenduta egon ondoren lehen lerrora itzuli zenean, enpresa horren akzioak bere emaztearen izenean jarri zituen. Ordea, egintza nulutzat jotzen da hori, senar-emazteen artean egin zutelako salerosketa, eta irabazpidezko ondasunen erregimenean daudelako. Horrekin lotuta, pasa den astean beren semeen izenean jarri zituzten akzio horiek. Eta, hain zuzen, joan den astean, Montenegrok bigarren aldiz zentsura mozio bat gainditu zuenean, Rebelo de Sousak balizko hauteskunde batzuetarako datak ere aipatu zituen; maiatzaren 11ren eta 18aren artean. Presidenteak erakutsi izan du krisi garaietan ez diola muzin egin bozkak aurreratzeari. Hori egin zuen 2021 amaieran, asanbleak atzera bota zuenean gobernuaren aurrekontu proposamena; baita iaz ere, Antonio Costa (PS) lehen ministroak dimisioa eman zuenenean (2015-2023) ikerketapean zegoelako.